128. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ESTERIBAR

Esteribarko herrietako hilerrien erabileraren, eskubideen eta tasen gaineko ordenantza

Jendaurrean egoteko epeari uztailaren 3an eman zitzaion hasiera, 2006ko 79. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuta, eta hura iraganik inork erreklamaziorik edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betikoz onestea. Behin betiko testua erantsi da, ofizialki argitara dadin.

Esteribarren, 2006ko irailaren 18an._Alkatea, Francisco Javier Borda Garde.

I. KAPITULUA

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 39 -1 f) artikuluekin, Hilotzen gaineko Osasunari buruzko urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuarekin eta Nafarroako Toki Ogasunen gaineko Erregelamenduaren 33-17 artikuluarekin bat, Esteribarko Udalari dagokio herri hauetako hilerrien administrazioa, zuzendaritza eta zaintza: Agorreta, Akerreta, Eskirotz, Errea, Idoi, Ilurdotz, Irure, Ilarratz, Irotz, Gendulain, Olloki, Osteritz, Setoain, Urtasun, Usetxi eta Zuriain, baita ibarreko bertze herri batzuetakoa ere, etorkizunean bat egiten badute, hori guztia bertze agintaritza edo erakunde batzuek esleiturik duten legezko eskumena deusetan ukatu gabe.

2. artikulua. Hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerria zaindu, garbitu eta egokitzea.

b) Lurzatiak eta hilobiak banatzea eta horien kontzesioa egitea.

c) Lurrak okupatzeagatik eta obra lizentziagatik bidezko diren eskubide eta tasak eskuratzea.

d) Eskubideak eta tasak eskuratzea.

e) Hilobien erregistroa eramatea, orri zenbatu nahiz zigilatuak izanen dituen liburu batean.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira ordenantza honen 1. artikuluan aipatu diren herrietako hilerrien antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira herriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

6. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea ahitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

7. artikulua. Hilerrian berean bertze hilobi batera aldatzeko nahiz bertze hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

8. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Panteoietan eta horma-hilobietan ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere bi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere bortz urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

c) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaile batek manatu ezean.

Hala ere, bizitakoan, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkinak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

9. artikulua. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

10. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

11. artikulua. a) Ehorzketa eskubidearen kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak eta hura ordenantza honi jarraikiz emanen du Udalak.

b) Ez da inoiz-inola epemugarik gabeko kontzesiorik emanen.

c) Bi kontzesio mota izanen da, erran nahi baita:

c.1. Dohainekoa, lagun bakarra lurpean 20 urtez ehorzteko, nahiz eta, leku guti izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutienekoa beteta jasoko den handik.

Horrelako hilobietan, gurutze edo frontis bakar bat paratzea baizik ez da onartuko, neurri hauekin: metro 1 garai bider metro erdi zabal eta 8 zentimetro lodi.

c.2. Ordainduzkoa: horma-hilobietarako, 20 urtean, 150 euro aitzinetik ordainduta.

d) Luzapenak. Eskatzen den guztietan emanen da aitzineko lerrokadan azaldu kontzesiorako luzapena, 15 urteko epe bakarrerako.

Aipatu luzapenak, ematen direnean indarra duten prezioei lotuko zaizkie, eta horretan ez da salbuespenik onartuko. Kontzesioa zer egunetan bukatzen den, luzapena bi hilabete aitzin eskatu behar da gehienez ere, eta gutienez ere hamabortz egun lehenago.

12. artikulua. Alkatetzak, eskaeren ordenari jarraikiz, horma-hilobien ehorzketarako kontzesioa emanen du, interesatuek halaxe eskatu ondoan.

Horma-hilobien kontzesiorako prezioa 150 euro da lehen 20 urterako eta prezio bera kontzesioaren luzapenerako 15 urtez.

Jakinarazi ondoko 15 egunean eginen da prezioaren dirusarrera eta ez du inolako ondoriorik izanen ordainketa egiaztatzen ez den bitartean.

13. artikulua. Ehorzteko horma-hilobia eskatzen duenak 30 euroko fidantza utzi beharko du, eta horrekin bere gain hartuko du gehienez ere 2 hilabeteko epean, ehorzketa egiten denetik, horma-hilobiaren ahoa arrontik hertsiko duen hilarria paratzeko erantzukizuna. Epearen barrenean delako hilarria paratu ondotik, fidantza itzuliko zaie interesatuei.

Horrela eginen ez balute, fidantza galduko lukete eta administrazioak, haren kontura, hilarri sotil bat paratuko luke, batere idazkunik gabea, eta nahitaezko estetikaren araberakoa.

14. artikulua. Debeku da horma-hilobietan zulatze lanak edo larriena kentzekoak egitea haien fabrikan, uztaiak, gako-iltzeak, etab. paratze aldera. Aldiz, loreak para daitezke finkoak ez diren elementuez baliaturik.

15. artikulua. Hilerrian, lurren kontzesio guztiak, lurperatzeko eta hilobiak edo hilobi gisako eraikuntzak egiteko baizik ez direla ulertu behar da. Eskuratzaileen eskubideak xede horretara mugatuta daude eta, hortaz, bai lurrak baita haren gainean egiten diren eraikuntzek erregelamendu honek zehazten dituen baldintzak bete behar dituzte alderdi guztietan.

16. artikulua. Lur kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko.

17. artikulua. Kanpoko paretaren ondoko lurzatien kontzesiodunek, hogeita hamar zentimetroko tartea utzi beharko dute hobien eta esparruko murruaren artean. Tarte hori hezurtegi partikularrerako izan daiteke.

18. artikulua. Bi kontzesio hartzaile ukitzen dituzten obretan, horiek men eginen diete mehelinei buruzko ohiko xedapenei.

19. artikulua. Hilobien kokalekua, lurrerauzketa gastuak eta gainerako guztiak ere lanak burutu arteraino, kontzesio hartzailearen kontura izanen dira.

20. artikulua. Obrak gehienez ere bi urtean egin eta burutuko dira kontzesiotik hasita. Epe horretan burutzen ez bada, uko egiten zaiola ulertuko da eta horrek bai ordaindutako dirua bai egindako obra atala galtzea ekarriko du.

Obrak burutu direla jakinarazi beharko zaio udalari, eta horrek, egiaztatut ondoan, erregistroko liburuan idatziko du haren oharra.

21. artikulua. Erregelamendu honen aurreko kontzesioak zeuden horretan eta eman ziren bezalaxe errespetatuko dira.

Hemendik aitzina ematen direnek, ordea, 11. artikuluan aipatu den iraupena izanen dute.

22. artikulua. Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik arlo zibilean aferarik baldin bada.

23. artikulua. Panteoiak eta kaperak eskualdatzen ahal dira inter vivos egintzen bidez, oinordetza bidez, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere; horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen da.

24. artikulua. 1. Eskualdaketa inter-vivos egintzen bidez egin ahal izateko beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izatea kontzesioa eman zenetik. Salbuespenez, Udalak baimena eman dezake eskualdaketarako, hilobia erabili izanagatik ere, behar diren baldintzak paratuz gero.

2. Eskualdaketa egiten bada ondoko ahaidetasun mailetan sartzen ez den pertsona bati:

.......... titularraren ezkontideari.

.......... horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontza-ahaidetasunaren 3. graduraino, eskuratzaile berriak pagatu beharko dio Udalari kontzesioa eman zenean lurraren truke ordaindu zen prezioaren eta subrogazioaren egunean tarifen arabera ordaindu behar denaren arteko aldea, eta eskualdatzaileak, berriz, ez du kontzesioa hartu zuenean Udalari ordaindu ziona baino gehiago jasotzen ahal.

Hala ere, kontzesioak 5 urte baino gutiago balu erregistroko liburuaren arabera, Udalak kontzesioa deusezteko eskubidea izanen du. Halakoetan obra proiektuaren aurrekontuan agertu zen zenbateko osoa ordainduko dio titularrari eta hilobia Kontzejura itzuliko da.

Udalak eskubide hori erabili ezean, aurreko lerroaldean ezarritakoari jarraituko zaio. Eskubide hori erabiltzeko epea hilabetekoa da, modu fede emangarrian eskualdaketaren berri ematen denetik.

25. artikulua. Hilobia erabiltzeko eskubidea norena den noiznahi argitzeko, erregistroko liburuan paratuko da nori dagokion, eta pertsona horretatik hasita kontatuko dira beti artikuluan aipatzen diren ahaidetasun graduak.

Eskubide horien eskualdaketak ere idatzita jarriko dira kontzesioko tituluan.

26. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesatuei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita tarifen sailean honi buruz xedatutakoa aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kargua interesatuei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko zaio.

27. artikulua. Kontzesioak honako hauengatik ere amaitzen ahalko dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Panteoi batek 25 urte baino gehiago egiten badu abandonaturik.

c) Hilobia erabili beharrekoak hiltzeagatik.

II. KAPITULUA

28. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

1._Ehorzketak.

2._Hobitik ateratzeak.

3._Horma-hilobi edo panteoiak.

29. artikulua. Tasa hauetako subjektu pasiboak dira, pertsona fisiko edo juridikoak eta bertze entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat eratzen badute eta ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen badute.

30. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tasen tarifen eranskinean agertzen da.

Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

31. artikulua. Horma-hilobi, hilobi edo panteoi berean bi hilotz edo gehiago batera ehorzteko lizentzietan, 1. epigrafeko tarifak %25 handituko dira gorpuzki bakoitzeko bigarrenetik goiti.

32. artikulua. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik atera eta horma-hilobi batean berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

33. artikulua. 28. artikuluan aurreikusitako 1, 2 eta 3. zenbakietako zerbitzuen tasak behar diren zerbitzuak eman aitzin ordainduko dira, premia larriko kasuetan edo jaiegunetan izan ezik, behar den tasa ordainarazteko.

Zerbitzuen 4. tasak Udalak urtearen barnean adierazten dituen datetan ordainduko dira.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 273.3. artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzu hauetako tasen likidazioek sorrarazten dituzten tributu-zorrak "jakinarazpenik gabekoak" izanen dira.

TASEN ERANSKINA

1. epigrafea._Ehorzketak, lurrean edo panteoian: 188,42 euro

2. epigrafea._Ehorzketak, horma-hilobian: 135,66 euro

3. epigrafea._Gorpuzkiak ehorztea edo ateratzea: 122,56 euro, zerbitzua egiten duen enpresak zuzenean kobratzen duena.

Prezio horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudunak Nafarroarako ezarritako KPIren ariora.

PREZIOEN ERANSKINA

_Panteoiak egiteko lurra: 300 euro/m² lehen 25 urterako.

_Horma-hilobiak: 150 euro lehenbiziko 20 urterako.

_Luzapenak: prezio berak.

_Nitxoen kontzesioa hilabeteko: 4 euro, hilabeteko.

_14. artikuluko fidantza: 90 euro.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indar hartuko du testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan hala agintzen baita.

Iragarkiaren kodea: L0615891