122. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

TUTERA

IRAGARKIA

Alkate udalburuak, legeak emandako ahalmenak erabiliz, honako xedapen hau eman du 2006ko irailaren 25ean:

"Ikusirik Nafarroako Administrazio Auzitegiak abuztuaren 16an eman 2414/06 ebazpena, José Javier Monzón Romék Tuterako Udaleko zinegotzia den aldetik aurkeztutako 05-2652 gora jotzeko errekurtsoa baiesten duena; Lurraren gaineko kontribuzioan 2005eko lehen seihilekoari dagozkion likidazioak onesteari buruz Toki Gobernu Batzarrak 2005eko maiatzaren 6an hartu erabakiaren aurkako errekurtsoa zen hori.

Hona aurrekariak:

1._2003ko urriaren 31ko osoko bilkuran hartu erabakia, Tuterako hirilurraren balorazio txostenaren berrikuspena egiteko tramiteak onesten dituena.

2._Organo berak 2004ko apirilaren 20an hartu erabakia: balorazio txostenaren berrikuspena egiteko, Udalak Batzorde Mistoan izanen dituen ordezkariak izendatzen dira.

3._Organo berak 2004ko azaroaren 29an hartu erabakia: Tuterako hirilurraren katastroko eta erregistroko balorazio txostenaren berrikuspena egiteko proiektua onetsi zen, hasiera batean; jendaurrean egonen zen 15 egun baliodunean, erreklamazioak aurkeztu ahal izateko.

4._Batzorde Mistoak 2004ko abenduaren 22an hartu erabakia (2004ko abenduaren 31ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko iragarkia): berrikuspena egiteko proiektu hori behin betikoz onetsi zen.

5._2004ko abenduaren 29ko osoko bilkuran erabaki zen, balorazio txostenaren berrikuspenaren ondotik lortutako balioak kontuan izanik, 2005ean kontribuzioa ordaintzeko zerga tasak hauek izanen zirela: %0,261 hirilurreko ondasunetarako eta 0,76 landalurreko ondasunetarako.

6._Tokiko Gobernu Batzarrak, 2006ko maiatzaren 6an, Ogasunaren, Kalitatearen eta Baliabide Antolaketaren zinegotzi delegatuak proposaturik, erabaki zuen 2005eko lehen seihilekoko kuotak likidatzea eta borondatezko dirubilketarako epea ezartzea.

Inguruabarrak kontuan hartuz, ikusirik egokia dela, hasiera batean Udalaren helburu ekonomikoak ziurtatzeko kautelazko neurri gisara, 2004ko abenduaren 29ko osoko bilkuran hartu erabaki hori dela-eta kaltegarritasun prozedurara jotzea, hala aurreikusten baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 103. artikuluan.

Horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezartzearen bideragarritasuna aztertzea baztertu gabe, hauek dira prozedura abiarazteko arrazoiak:

_Garbi dago karga tasaren beherapena txostenaren berrikuspenaren ondorioa dela, balioak handitu egin direlako.

_Errekurtsoa aurkeztu duen zinegotziak eta haren taldeak tasen beherapenaren aurka bozkatu zuten, Udalaren organo kolegiatuen aktetan agertzen diren arrazoiengatik.

_2004ko balioak aplikatu beharko balira [Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak dio errekurtso egileak eskubidea duela "Udalak tributuaren likidazio berriak egiteko, zergaren zortzapen unean indarrean zeuden katastro balioak kontuan hartuz; hau da, balorazio fiskalaren txosten hori 2004ko abenduaren 22an onetsi aurreko balioak..."], karga tasa berrien aplikazioak dirusarreren jaitsiera ekarriko luke, jakina, eta hori ez zen osoko bilkuran bildutako Udalbatzaren helburua. Onartu beharra dago erabakia hartu zenean ez zela pentsatu 2004ko balioei aplikatuko zitzaienik, berriei baizik.

_"Rebus sic stantibus" arau edo printzipio juridikoa hautsi egiten da; izan ere, osoko bilkuraren erabakiak, balioak igotzetik abiatzen zenak, igoera hori konpentsatzen zuen zerga tasa jaisteko azken premisa batekin; alegia, azken ekitaldietan aplikatu zen tasa beheratzeko premisarekin. Tasa jaitsi eta balioen igoera onetsia elkartuz ekidin egiten zen presio fiskala gehiegi igotzea.

_NAAren ebazpen hori betetzeak "tasa berriak balio zaharrei" aplikatzea ekar lezake, esapide hori erabiltzea zilegi bada. Eta hori zentzu komunaren eta udal organoaren borondatearen aurkakoa da; udal erabakiaren muina eta helburua urratuko lituzke horrek, eta udal kontuak desorekatuko; izan ere, 2005ean onetsitako udal aurrekontuak aurreko ekitaldietako dirusarreren antzekoak zituen aurreikusita, KPIaren igoerarekin, eta ekitaldi horretarako onetsitako balio eta tasa berriekin.

_Orain ez bada geroago, aurkeztuako errekurtsoak ebatzi baino lehen edo ebatzi eta gero, edo haietan deklaratzen dena gauzatuta edo, besterik gabe, NAAren ebazpen hori aplikatuz, Udalak "tasa batzuk" aplikatu beharko dizkie "balio batzuei". Balioak 2004. urtekoak badira, aipatutako urraketa gertatzen da eta horrek ikaragarri kaltetuko ditu Udalaren interesak.

Horrenbestez, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2414. ebazpena aplikatu beharra [2005eko lehen seihilekoa likidatzea 2004ko balioak hartuz eta 2004ko abenduaren 29ko osoko bilkuran 2005erako onetsitako tasa aplikatuz] oso-oso kaltegarria litzateke Udalarentzat.

Tuterako Udaleko osoko bilkurak du hau ebazteko eskua; eta kaltegarritasun deklarazioa egiteko epea hiru hilabetekoa da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 103.1 artikuluan xedatutakoaren babesean ["1. Interesdunen aldeko egintzak izanda, lege honen 63. artikuluaren arabera deuseztagarri diren egintzak badira, egintzok interes publikorako kaltegarritzat jo ditzakete herri-administrazioek, gero administrazioarekiko auzien jurisdikzioan egintza horien aurka egiteko"], hau ebatzi dut:

1._Udalak 2004ko abenduaren 29an hartu erabakia (lurralde kontribuzioan, hirilurreko ondasunentzat %0,261eko tasa ezarri zenez gero) kaltegarri dela deklaratzeko prozedura abiaraztea.

2._Hamabost egun balioduneko epea ematea, banan-banako jakinarazpena egiten denetik aitzina (interesatuen, errekurtsogilearen edo eskaera bat egin dutenen kasuan) edo, herritarretan ondorio orokorra duenez gero, xedapen zati honen iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aurrera, ukatu gabe iragarki oholean paratzen ahal dela, alegazioak eta bidezko juzgatzen diren agiri eta justifikazioak aurkezteko.

Jakinarazten dut behar diren ondorioak izan eta orok jakin dezan, adieraziz hau tramite egintza bat dela eta honen aurka ezin dela inolako errekurtsorik aurkeztu."

Tuteran, 2006ko irailaren 27an._Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L0615612