122. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 11

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

V I L L A F R A N C A

Deialdia, Villafrancako Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko

Udalak 2006ko abuztuaren 24an egin osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, 2006ko bilkuran aldatu baitzuen, Villafrancako Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdia onetsi zen, oinarri hauek dituena:

OINARRIAK

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Villafrancako (Nafarroa) Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Villafrancako Udaleko lan-kontratudun finko bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarri bezala.

1.4. Lanaldia udal bulegoetako gainerako funtzionarioek duten bera izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokitzen ahalko da; hartara, organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.5. Izendatua gertatzen dena udal bulegoetan ariko da lanean. Bere lan eta eginkizunak deialdiko maila eta kategoriari eta eskaturiko ikasketei dagozkienak izanen dira, eta horien artean ordenagailuak eta pantaila terminalak erabiltzea, testu-lanketak eta kontabilitate programak barne, eta, oro har, berezkoak dituen eginkizunen artetik agintzen zaizkion lan guztiak.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Proba honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko bertze edozein estatutakoa edukitzea eta adinez nagusi izatea.

b) Gutienez, eskola graduatuko edo lehen mailako lanbide heziketako titulua edukitzea, edo horien baliokideren bat.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta administrazio publikoaren zerbitzutik baztertua ez izana zehapen espedientearen bitartez.

2.2. Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak aipatutako baldintza horiek betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honetako oinarrietan ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko ditu, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko du izan hautapenaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 14:00ak baino lehen. Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira.

3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Lehiaketaldian baliarazi nahi diren merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak, edo, horrela egiaztatu ezin den bertzelakorik bada, tituluen, ikastaroetan parte hartu izanaren ziurtagirien eta kontuan hartzea nahi liratekeen gainerakoen kopia kautotuak.

c) Azterketarako eskubideak izateko, Villafrancako Udalaren kontuan 6 euro ordaindu izanaren ziurtagiria.

3.3. Ezintasuna dutenek eskabidean azaldu beharko dute zein den eta, halaber, probak egiteko denboraren zein bitartekoen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ere.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzenketak egiteko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José Miguel Sola Lafraya, Villafrancako Udaleko alkatea.

Mahaiburuaren ordezkoa: Manuel Martínez Eraso, Villafrancako Udaleko lehen alkateordea.

1. mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) teknikaria.

2. mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren Departamentuko teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren Departamentuko teknikaria.

3. mahaikidea: Villafrancako Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Villafrancako Udaleko langileen ordezkari bat.

4. mahaikidea: Raquel García Pérez, Cadreitako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Vicente Busto Aizpún, Villafrancako Udaleko kontu hartzailea.

Idazkaria: hizpidea duela baina botorik gabe: José Miguel Sanz Sánchez, Valtierrako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Juan José Iribarren Laita, Villafrancako Udaleko idazkaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe.

5.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren hasiera eta garapena.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko du Udalak oposizioa zein tokitan, zein egunetan eta zein ordutan hasiko den.

6.2. Lehenengo lehiaketaldia izanen da eta ondotik oposizioaldia hasiko da oinarri hauetan ezarritako moduan.

6.3. Alegatutako merezimenduen balorazioa. epaimahaiak balorazio hau III. eranskinean ageri den baremoaren arabera eginen du. Merezimenduen frogagiriak eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Balorazioa 30 puntukoa izanen da, gehienez. Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi. Izangaiak deialdia argitaratzen den egunean dituen merezimenduak eta espedientean agirien bidez frogatuak daudenak bakarrik hartuko dira kontuan. Baremoko multzo berean sartutako zerbitzuak batera egin badira, ez dira bi aldiz kontatuko. Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.

6.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Udalaren iragarki oholean lehiaketaldian izangaiek lortutako puntuazioak.

6.5. Oposizioa plika itxien sistema erabiliz eginen da eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira.

Epaimahaiak erabakiko du proben iraupena zenbatekoa den, haiek hasi aurretik; ariketa hauek egin beharko dira:

Lehenbiziko ariketa._Idatziz erantzun beharko da II. eranskineko gaiei buruzko galdera laburrez edo test modukoez osaturiko galdetegia. Zuzen erantzundako galdera bakoitzeko 0,50 puntu emanen dira. Gaizki erantzundako galdera bakoitzeko 0,165 puntu kenduko dira. Gehienez ere 20 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko gutxienez 10 puntu beharko dira.

Bigarren ariketa._Bi agiri edo gehiago egin beharko dira, toki entitate bateko administrari laguntzaileek egin ohi dituztenen gisakoak. Ariketa honek, gehienez ere, 25 puntu izanen ditu. Baztertu eginen dira gutxienez 12,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Hirugarren ariketa._Informatikako proba, zeinetan ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko baitira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoez baliatuz. Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira eta bazterturik geldituko dira 12,50 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.6. Ariketa bakoitza zuzendu ondotik, epaimahaiak Udaleko iragarki oholean jarriko du izangaien zerrenda, bakoitzak lortu dituen puntuekin.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek aldean nortasun agiri nazionala eraman beharko dute.

6.8. Hautapen probak egiteko, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak eginen dira eskabidean horren eskaera egiten duten ezinduentzat. Epaimahaiak ezinduei beren egoera froga dezaten eskatzen ahalko die, organo eskudunak emandako ziurtagiria, alegia.

7. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatu eta plikak jendaurrean ireki ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda jarriko du Udaleko iragarki oholean eta, orobat, hurrengo ariketa egiteko eguna, tokia eta ordua zehaztuko ditu.

7.2. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute eta, hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute; bertzenaz, kanporatuak edo baztertuak gertatuko dira, salbu eta zuzenbidean onarturiko bertze moduren batean nortasuna aski frogatzen badute egintza horretan bertan.

7.3. Azkeneko kalifikazioa lortzeko oposizio-lehiaketako puntuazio guztiak batuko dira.

7.4. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean emanen du, Udaleko iragarki oholean, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio Udalari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

7.5. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalean:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria.

b) Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena.

7.6. Aipatu epean eta ongi frogatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, aurreko lerroaldeak aipatzen dituen agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan ukatu gabe.

7.7. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7,4 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua akiturik, eta izangaiek 7.5 oinarrian aipatutako agiriak aurkeztu ondotik, alkateak, ebazpen bidez, proposatutako izangaia Villafrancako Udaleko funtzionario izendatuko du, administrari laguntzaile gisa aritzeko.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Villafrancako Udaleko administrari laguntzaile izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.7 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. araua._Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketengatik etorritako egintza administratiboen kontra, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, aukerakoa, egintza honen organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Villafrancan, 2006ko irailaren 15ean._Alkatea, José Miguel Sola Lafraya.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia, NAN zk.: .........., sorteguna: .........., sorlekua: ............., bizilekua: ..............., karrika: ............, zenbakia: ........., solairua: ....., telefonoa: ......... Zure aitzinera agertzen naiz eta azaltzen dut:

Villafrancako (Nafarroa) Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Ezintasuna dudala eta, beraz, eransten den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik: .....................

Ez dudala ezintasunik.

Horrenbertzez:

Eskabide hau onartu eta, ondorioz, Villafrancako (Nafarroa) Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Villafrancan, 2006ko .............aren ...........(e)an.

II. ERANSKINA

1. gaia._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Printzipio orokorrak.

2. gaia._Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Toki Administrazioari buruzkoa.

3. gaia._Tokiko ordenantzak eta erregelamenduak.

4. gaia._Udaleko gobernu organoak. Alkatea. Osoko bilkura: osaera eta eginkizunak. Zinegotzien hautaketa. Tokiko Gobernu Batzarra eta alkateordeak. Organo osagarriak.

5. gaia_Bilkurak eta udal erabakiak. Aktak. Erabakien argitalpenak, jakinarazpenak, komunikazioak eta ziurtagiriak. Agirien erregistroa.

6. gaia._Udalaren aurrekontuak eta kontuak: kontzeptua, printzipioak, onespena eta tramitazioa. Aurrekontuaren exekuzioa eta likidazioa.

7. gaia._Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

8. gaia._Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, 280/1990 Foru Dekretua, 1990eko urriaren 18koa.

9. gaia._6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

10. gaia._Administrazio prozedura: hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Zehapen prozedura. Administrazio egintzen berrikuspena.

11. gaia._Hirilurren eta landalurren aberastasunaren eta jarduera ekonomikoen erregistroen kudeaketa eta mantentze-lanak.

12. gaia._Biztanleen udal erroldaren kudeaketa.

13. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa. Edukia eta egitura.

14. gaia._339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 2koa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duena.

15. gaia._Informatikako oinarrizko kontzeptuak. Hardware, Software, MS-DOS sistema. Windows. Word testu-lanketa. Excel kalkulu-orria. Access datu-basea. Internet eta posta elektronikoa.

III. ERANSKINA

1._Ikasketa tituluak:

a) Goi eta erdi mailako titulazio akademikoak: 5 puntu. L.H. II.eko titulazioak edo antzekoak: 2 puntu. Atal honetan gehienez ere 5 puntu lortzen ahalko dira.

b) Toki Administrazioan administrari laguntzailearen lanpostuan egindako zerbitzuengatik, 4 puntu urte bakoitzeko, eta administrari-ofizialaren lanpostuan, 8 puntu urte bakoitzeko; administrazioaren barnean aipatu zerbitzuengatik Foru Komunitateko edozein entitatetan, 2 puntu urte bakoitzeko, eta horiek berak bertze edozein erkidego autonomotan egiteagatik, puntu 1 urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu. Egindako urteak osoak ez badira proportzioan kontatuko dira.

c) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:

_100 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 5 puntu, ikastaro bakoitza.

_30 ordutik 99ra bitarteko ikastaro bakoitzeko: 3 puntu, ikastaro bakoitza.

_10 ordutik 29ra bitarteko ikastaro bakoitzeko: 2 puntu/ikastaroa.

_Gehienez ere 10 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinberzeko baldintza den titulua.

Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

Iragarkiaren kodea: L0615358