122. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2284/2006 EBAZPENA, irailaren 22koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, NA-7400 Antzin-Urbiola errepideko saihesbidea (tartea: Olexoako gaina - Arroizko lotunea) egiteko proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du proiektua.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, lege horretan xedatutakoaren arabera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egin behar zaio.

Prozedurari ekiteko, 2005eko uztailaren 19an Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proiektuaren laburpen-memoria aurkeztu zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

4/2005 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoa betez, aurretiazko kontsulten tramitea egin zen, Ingurumen zuzendari nagusiaren 2005eko abuztuaren 5eko idazkiaren bidez. Kontsulta egin zitzaien 25 entitateri eta horietatik 5ek erantzun zuten. Kontsultatuen zerrenda eta eman zituzten erantzunen laburpenak I. eranskinean daude.

2005eko urriaren 3an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak aurretiazko kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zizkion, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Gainera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zizkion:

_Hautaturiko aukera ingurumenaren aldetik justifikatzea, ingurunearen osagai nagusiak kontuan hartuta, hala nola mazeletako landaredia eta sakanaren integritate ekologikoa.

_Proiektua gauzatzeko egin behar diren lur mugimendu handiek ingurumenean sortuko lituzketen ondorioen azterketa eta balorazioa.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazio honen 2. eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta 3. eranskinean Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren ildo nagusiak jaso dira.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana jendaurrean jarri baino lehen osatu egin zen, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak hala eskatuta. Benetako landarediaren planoak gehitu zitzaizkion, 1:5.000 eskalan eginak, eta landareztatze proiektua ere bai (memoria, baldintza-agiria, aurrekontua eta planoak). Trazaren inguruetako iturburuak ez ukitzeko eskaerari erantzunez, obrak hasi aurretik iturburuak balizatzea proposatu zen.

Martxoaren 7ko 36/2006 Foru Aginduaren bidez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak onespen teknikoa eman zion NA-7400 Antzin-Urbiola errepideko saihesbidea (tartea: Olexoako gaina - Arroizko lotunea) egiteko proiektuari, eta jendaurrean jarri zuen, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanarekin batera, hilabeterako. Foru agindu hori 2006ko 38. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 29an.

Jendaurreko aldian Santiago Crespo Ganuza jaunak alegazio bat aurkeztu zuen Olexoako Udalaren izenean. Errepide berriaren ondoan "El Barranco" izeneko bidea bere horretan mantentzea eskatu zuen, nekazaritzako makinak igarotzeko, eta Olexoako udalerrian ehizarako lurpeko bi pasabide egitea. Gainera, finka eta mendietarako pasabideak eta bideak ez ukitzeko eskatu zuen beste atal batean.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak alegazioei erantzunez adierazitakoarekin bat, ezin da onartu "El Barranco" bidea bere horretan mantentzeko proposamena, ingurumenaren kontserbazio arrazoiengatik. Izan ere, errepide ondoko bidea mantentzearren lur erauzketa eta lur mugimendu handiagoak egin behar lirateke. Bestalde, errepide horretako ohiko trafikoa eta nekazaritzako ibilgailuen zirkulazioa bateragarriak dira. Animalientzako pasabideak eskatzen dituen alegazioa ere ezin da aintzat hartu, hesirik gabeko eta trafiko txikiko errepidea dela kontuan harturik. Honelako kasuetan egiaztaturik dago animalia basatiak errepidea bera gurutzatzen dutela; animalien ohiko ibilbideetan kokatu behar dira pasabideak, eta hesirik gabeko errepide batean oso zaila da gurutzagunea non kokatu behar den asmatzea, animalien ibilbideak oso zerrenda zabalak izaten direlako. Beste alde batetik, errepide hau haran estu baten erdiko ardatzetik joanen da eta ibilgailuek animalia basatiak zapaltzeko arriskua areagotu eginen da. Prebentzio neurri egokiak hartu behar dira, arrisku horretaz ohartarazteko seinaleak jarriz.

4/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2006ko maiatzaren 30ean, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari bidali dio, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioari buruzko ebazpen-proposamena egin dadin. Hauek dira espedienteko agiriak: agiri teknikoa, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak urtarrilaren 13ko txostenean eskatutako gehigarriekin, eta jendaurreko azalpenaren emaitza.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren edukia, oro har, araudian ezarritakoarekin bat datorrela, eta zuzenketa neurri batzuk proposatu ditu behin betiko eragina murrizteko. Neurri horiek hartzeaz gain, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioko baldintzak bete behar dira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio prozedura bete dela eta alegazioak aztertu direla kontuan izanik, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuko 3. artikuluko 1.b) idatz-zatiarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. NA-7400 Antzin-Urbiola errepideko saihesbidea (tartea: Olexoako gaina - Arroizko lotunea) egiteko proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea. Proiektua bideragarria da ingurumenaren aldetik. Betiere Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean eta proiektuan jaso diren zuzenketa neurri guztiak hartu behar dira, eta honako baldintza hauek bete:

1._Trazadura ingurumenari egokitzea.

Errepidea Urgesala errekara hurbiltzen den tokietan harri-lubetak eginen dira (errepidean), erreka ez ukitzeko. Betiere oinplanoko trazadura errekatik ahalik gehien urruntzeko ahaleginak eginen dira.

Traza berria bidetik bereizten den zatian, 2+080 eta 2+180 KPen artean, errepideko plataformaren oinarria material pikordun drainatzailea izanen da, "harrobiko legar" antzekoa, errepidearen ezker ertzeko iturburuko ura Urgesala errekaraino iristeko.

2._Donejakue Bideko gurutzagunea.

Errepide berria seinaleztatu eginen da seinale bertikala jarriz: "Oinezkoentzako pasabidea".

Errepidearen eta Donejakue Bidearen arteko gurutzagunearen parean galtzadak konkorrak izanen ditu, gidariek abiadura moteldu dezaten.

3._Lurralde iragazkortasunari eustea.

Errepide berria egiten eta ustiatzen den bitartean neurri egokiak hartuko dira lurraldeak gaur egun duen iragazkortasun mailari eusteko, luzetara eta zeharka, kontuan izanik nekazaritzako makinak igaro behar direla. Behar bezala seinaleztatuko dira obra fasean egiten diren behin-behineko desbideraketa guztiak.

Behar adina pasabide proiektatuko dira lurzati guztietara pertsona eta ibilgailuentzako sarbidea izan dadin. Errepide berriaren eta Donejakue Bidearen arteko elkargunean arreta berezia jarriko da Donejakue Bidearen jarraitutasuna ziurtatzeko (ikus 1. idatz-zatia).

4._Sistema hidrologikoaren babesa.

Traza berriak Urgesala sakanaren goialdea hartuko du 2+300 eta 2+560 KPen artean, eta tarte horretan errekaren emaria aldizkakoa bada ere, luzetarako drainatze egokia diseinatu beharko da, isurketa-ura biltzeaz gain sakaneko sistema ekologikoaren funtzionamendua bermatuko duena.

Errepidearen ezker ertzeko iturburuko ura errepidearen eskuinaldeko Urgesala errekara iritsiko dela bermatu behar da 2+080 KParen parean.

Lurrazaleko eta lurpeko uren ezaugarriak aldatu ez daitezen, eta urak Urgesala errekara lohirik eraman ez dezan, eraikuntza fasean honako neurri hauek ezarriko dira:

_Obrak egin bitartean neurri egokiak hartuko dira urbazterreko landaredia ez ukitzeko, errepide berriko zabalgunean izan ezik. Horretarako behar bezala balizatuko da obra gunea, batez ere errekaren inguruetan.

_Lur mugimenduak hasi bezain laster behin betiko drainatze sistema eginen da, edo, hori ezinezkoa bada, drainatze sistema lagungarria diseinatu eta eginen da, urak sedimenturik eraman ez dezan Urgesala errekara.

_Hesiak, landare bilbeak edo euspen putzuak erabiltzea gomendatzen da, errekaren inguruetan obrek higadura prozesurik eragin ez dezaten. Gainera, higadura eragotzi edo gutxitze aldera, lurra pilatzeko guneak leku egokietan kokatuko dira.

5._Harrobi, mailegu-eremu, hondakindegi eta instalazio lagungarrien kokapena.

Eraikuntza proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean hiru mailegu-eremu proposatu dira (Antzingo 2. poligonoko 209. eta 211. lurzatiak eta Okoko 1. poligonoko 21. lurzatia). Obrak hasi aurretik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurkeztuko zaizkio mailegu-eremu horiek ustiatu eta lehengoratzeko proiektuak.

Proiektatutako mailegu-eremu edo hondakindegiei beste batzuk gehitu ahal izateko, aldez aurretik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena beharko da. Txosten horretan kokalekuen egokitasuna ebaluatuko da eta ingurumena lehengoratzeko neurriak ezarriko dira, eraginak gutxitze eta zuzentze aldera. Gainera, mailegu-eremuetarako, proiektukoak izan nahiz gerokoak, Vianako Printzea Erakundea - Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren adostasun txostena beharko da.

Instalazio lagungarriak sakanetik kanpo kokatuko dira, hau da, 0+000 - 1+200 eta 2+500 - 2+659 KPen artean, ahal dela errepideko zabalgunearen barnean.

6._Faunaren eta landarediaren babesa.

Landaredia naturalaren gaineko eragina gutxitzeko neurri egokiak hartuko dira, obretan lur okupazioa murriztuko dutenak. Horretarako, belar-sastrakak garbitzen hasi aurretik, desjabetutako zerrenda zuinkatu eginen da eta huraxe izanen da gehieneko okupazio eremua bai obretan bai behin-behineko bideetako makinen zirkulazioan. Nolanahi ere, bide berriaren zabalguneko mugak ez gainditzeko ahaleginak eginen dira. Halaber, zuinkatu eginen dira hondakindegiak eta/edo mailegu-eremuak, horien beharra badago, behin-behineko instalazioak eta sarbideak.

Errepide inguruko fauna babesteko eta haren iraupena eta mugikortasuna bermatzeko neurri orokor hauek hartuko dira, behar bezala diseinatu eta eraikuntza proiektuari erantsi ondoren:

_Arekak eta luzetarako drainatze bideak egokitzea. Anfibioek, narrastiek eta ugaztun txikiek areka, kutxeta eta drainatze bideetan harrapatuta geratzeko arriskua dutenez, obra horietan animaliak irten ahal izateko arrapalak edo antzeko gailuak diseinatuko dira.

_Zeharkako drainatze bideak egokitzea animaliak igaro ahal izateko. Zehazki, 1+087 KPan zeharkako drainatze bidea egokitu egin behar da uretako animaliak bertatik igaro ahal izateko. Egokitzapen horrek korrontea lagun edo korrontearen kontra mugitzeko aukera eman behar du. Horretarako, egitura Urgesala erreka bezain sakona eta zabala izanen da. Hodia erreka-ohea baino 15-20 cm beherago egotea gomendatzen da.

_Inguruan animalia basatiak daudela ohartarazten duten arauzko seinaleak jarriko dira.

Denbora mugak. Jarduketaren eremuan ugaltzen diren animalia espezie nagusien umatze garaian (udaberria-uda) ez da urbazterreko zuhaitzak moztu edo sasiak garbitzeko lanik eginen, batez ere sakana estutzen den aldean, 1+200 eta 2+500 KPen artean. Oro har, mozketa eta sastraka-garbiketa guztiak landareen hazkunde garaitik kanpo planifikatuko dira eta ez da gauez lan eginen alde horietan guztietan.

Obraren inguruetan sute arriskua gutxitzeko, uda garaian sua piztea debekatuko da.

7._Higaduraren aurkako babesa, ingurumena lehengoratzea eta paisaiarekiko integrazioa.

Lur erauzketetako ezpondak ahalik etzanenak izanen dira, horren onurak lurraren okupazio handia konpentsatzen ez duen tokietan izan ezik (sakanaren barnealdea, 1+200 eta 2+500 KPen artean). Betiere ezpondaren ertza biribildu eginen da, lur naturalarekin bat egin dezan.

Obrak hasi aurretik landare-lurra kenduko da, gutxienez ere 30 cm-ko geruza. Horrela lortutako lur emankorra pilatuta edukiko da eraikuntza fasean. Lur pilek gehienez 1,5 metroko altuera izanen dute, lurra aireztaturik eta trinkotu gabe egon dadin. Geroko kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren ezaugarriak mantentzea bermatuko duen sistema ezarriko da: aldian-aldian erein, ureztatu eta ongarritu eginen da. Oro har, substratu hori erabiliko da landareztatu beharreko eremuetan.

Berariazko tratamenduak eginen dira Urgesala errekaren bazterrak landareztatzeko errepideko obrek ukitu dituzten lekuetan. Ingeniaritza biologikoko neurriak lehenetsiko dira.

Ingurumena lehengoratzeko eta landareztatzeko proiektuan aukeratu eta aurrekontuan jaso diren espezieen artetik, Pinus nigra eta Quercus faginea erabili beharrean, aukeratutako gainerako espezieak erabili behar dira, eta honako hauek gehitu ahal izanen zaizkie Urgesala errekaren bazterrak landare-berritzeko: Fraxinus angustifolia, Salix triandra, Salix alba eta Salix elaeagnos.

Bidea egiteko jarduketak eta obrek ukitutako aldeetan ingurumena lehengoratzeko jarduketak aldi berean eginen dira. Horretarako, obra plan bat eginen da eta bertan ezarriko da bi jarduketen arteko koordinazioa espazioan eta denboran, euriak lurra higatu ez dezan eta lehengoratze neurriak eraginkorrak izan daitezen.

Proiektuan kontusail bat sortu behar da, zurezko landaretzaren hazkundearen hasieran (landatu ondoko 2-3 urteko epean) mantentze lanak eginen direla bermatzeko. Horrela ziurtatuko da zurezko landareak sustraitu eta hazi eginen direla. Euri gutxi egiten duen sasoian ureztapenak eginen dira, landare hilak ordeztuko dira, zurkaitzak eta landare oinetako babesak berrituko dira eta ongarritze, inausketa eta abarreko lanak eginen dira.

8._Ondare historiko, artistiko eta arkeologikoaren babesa.

Kultur ondarearen kontrolari eta ingurumena zaintzeko programari dagokienez, eraikuntza proiektuari erantsitako Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean ezarri diren jarraibideei eutsiko zaie.

9._Jarraipena eta zaintza.

Ingurumena zaintzeko programan zehatz azalduko da noiz egin behar diren Urgesala errekako uraren kalitatean eragin berezia izanen duten edo ubidea ukituko duten lanak.

Errepidea irekita dagoenean prozedura bat erabiliko da ibilgailuek ugaztun handiak zapaldu ez ditzaten. Horrelako istripuak identifikatu eta sailkatu eginen dira eta babes neurriak ezarriko dira. Behar izanez gero, seinaleztapena hobetu eginen da: abiadura mugatzeko seinaleak jarriko dira, animalia basatiek errepidea gurutzatzen dutela ohartarazten duten seinaleez gain, eta hauek nabarmendu eginen dira kolore deigarrien edo argi-keinuen bidez. Horrelako istripuak gertatzeko arriskua oso handia bada, seinaleez gain animaliak detektatzeko sentsoreak jarriko dira, edo itxitura jarriko da tarte arriskutsuenetan.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalari eta Plangintza eta Laguntza Atalari, Ingurumen Zaintzari, Mendi Zaintzari, Olexoako Udalari eta interesatuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko irailaren 22an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

1. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten izapidearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman duten erantzunen laburpena:

Olexoako Udala X

Etaioko Udala X

Villamayor de Monjardíngo Udala X

Lukingo Udala

Iguzkitzako Udala

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua X

Urbiolako Kontzejua

Vianako Printzea Erakundea

Nekazaritza Garatzeko Zuzendaritza Nagusia X

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa X

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

UGT

LAB

Nafarroako Unibertsitatea X

ELA

UAGN

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

ANEL

CCOO

EHNE

GOROSTI

GURELUR

Ekologistak Martxan

BIOLUR NAFARROA

AIN

Hona hemen erantzunen edukia, ingurumenari dagokionez:

a) Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak eskatu du hautatutako aukera ingurumenaren aldetik justifikatu dadila, ingurunearen osagai nagusiak kontuan hartuta, hala nola mazeletako landaredia eta sakanaren integritate ekologikoa. Jasotako beste erantzun batzuetan bezala, txosten honetan ere adierazten da proiektua gauzatzeko egin behar diren lur mugimendu handiek ingurumenean izanen duten eragina aztertu eta baloratu beharra dagoela.

b) Ebroko Konfederazio Hidrografikoa / Ingurumen Ministerioak ondokoa adierazi du: proiektaturiko 400 mm-ko hodiaren tamaina bikoiztu behar da; eragin hidrogeologikoa gutxitu behar da saihesbidearen proiektuko trazaduran; azpisistema hidrikoari lotutako ekosistema biotikoaren gaineko eragina gutxitu behar da bai ezarpen faseetan, ziklo biologikoetara moldatuz, bai proiektuaren funtzionamendu fasean, zuzenketa neurriak ezarriz. Material metaketek, makineria parkeek, hormigoitze plantek eta abarrekoek proiektu fasean izanen duten eragina gutxitu behar da, alde sentikorrak baztertuz, batez ere errekak eta urbazterrak. Azkenik, esku hartuko duten langileei ingurumenaren babesari buruz eman beharreko prestakuntza osagarria areagotu behar da.

c) Olexoa, Etaio eta Villamayor de Monjardíngo udalak. Errepide berriaren ondoan bide bat egiteko eskatu dute, orain dagoen bidearen ezaugarri eta funtzio berak izanen dituena. Olexoan animalientzako bi pasabide egitea proposatu dute.

d) Landa Garapenerako Zuzendaritza Nagusia. Beharrezkotzat jotzen du inguruko nekazaritza azpiegituren gaineko eragina aztertzea eta azpiegitura horien berrezarpena proiektuan jasotzea, ukitutako eremuko nekazaritza eta abeltzaintza finkek sarbide egokia izan dezaten.

e) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua:

_Oihanak Kudeatzeko Atala. Baso lurren gaineko eragina onargarritzat jo du, eta ez du gomendiorik egin.

_Habitaten Atala. Jarduketaren beharra justifikatzeko eskatu dute, eta bi aukera hauek baloratzeko: "0" aukera, eta Arroiztik saihesbidera doan errepide berriaren amaierako biribilgunea NA-7400 errepidearekin lotzea Urbiola parean. Beharrezkotzat jotzen dute sakaneko landarediaren eta faunaren gaineko eragina kontuan hartzea, bereziki ingurune hezeetako landare eta animalien gainekoa. Azkenik, paisaiaren gaineko eragina azter dadila eskatu dute, eta azterlan horren barnean argazki bidezko simulazioa egin dadila.

f) Nafarroako Unibertsitatea. Urbiola eta Olexoako gaina lotuko dituen errepidea egiten ari dela gogoratu eta errepide berriaren beharra justifikatzeko eskatu dute, lur mugimenduek eta beste eremu baten okupazioak ingurumenean eraginen dituzten kalteak kontuan izanik. Beste alde batetik, proiektaturiko jarduketari Urgesala erreka ez ukitzeko baldintza ezarri zaiola eta, erreka ezinbestez ukituko delakoan baldintza hori argitzeko eskatu dute.

2. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea NA-7400 Antzin-Urbiola errepideko saihesbidearen tarte bat egitea da: Olexoako gainetik Arroizko lotunerainoko tartea.

Aukerak aztertzerakoan baldintza nagusi hauek hartu dira kontuan: Arroizko lotunean hasi behar da, ez da Urgesala erreka ukitu behar, eta mendi mazeletan ahalik eragin txikiena izanen duen trazadura proiektatu behar da oinplanoan eta altxaeran.

C-60 motako errepidea egiteko proiektua hautatu da. Errepide berriak 2.659,39 metroko luzera izanen du. Iruña-Logroño autobiatik Arroizera joateko lotunearen iparraldeko biribilgunetik abiatuko da; hortik hasita lur erauzketa eginen da Akurabea bideak Donejakue Bidearekin bat egiten duen gurutzaguneraino (0+340 KP). Hortik 0+600 KPraino errepidea lubeta batetik joanen da. Urgesala errekarekiko gurutzagunean (1+084 KP) 1.800 mm-ko drainatze hodia eginen da. Toki horretatik aurrera errepide berriak Urgesala sakaneko bideari eutsiko dio 2+540 KPraino. Plataforma zabalduko denez eta trazadura jarraibidean emandako gomendioen arabera moldatu behar denez, lur erauzketak egin behar dira errepidearen ezkerraldeko mendi mazelan, eta errepidearen eskuinaldean lubeta txikia egin behar da. Gehienez ere lur erauzketak 8,5 metro garai izanen dira eta lubeta 2 m garai. Azken zatian errepidea sakaneko bidetik bereiziko da, eta gehienez 6,5 metroko garaiera izanen duen lubeta baten gainetik jarraituko du NA-7400 errepideko lotuneraino (NA-7400 errepideko 3+344 KPko biribilgunea).

Hona hemen errepide berriaren oinarrizko ezaugarriak:

_Gutxieneko erradioa: 200 m.

_Gehieneko malda: %9.

_Adostasun bertikalak:

.Gutxieneko parametro ahurra: 857 (Arroizko biribilgunearekiko lotunea).

.Gutxieneko parametro ganbila: 857 (NA-7400ko biribilgunearekiko lotunea).

_Ereduzko sekzioa:

.Galtzada: 2 errei, bakoitza 3,00 metro zabal gehi gainzabalerak.

.0,50 metroko bazterbideak.

.Lubetetako bermak: 0,5 m.

_Lur erauzketa eta lubetetan 3H/2V-ko ezpondak eginen dira, azken tarteko lubetan izan ezik; tarte horretarako 2H/1V-ko ezponda proiektatu da.

_Lur mugimenduen bolumenak:

.Aterako den landare-lurra: 13.691,584 m³.

.Lur erauzketak: 36.676,717 m³.

.Lubetak: 37.615,512 m³.

.Lur erauzketetan ateratzen diren materialen %50 erabiliko dira lubetak egiteko. Beraz, hondakindegia eta mailegu-eremuak beharko dira.

_Hondakindegia: Lukingo 1. poligonoko 73., 74. eta 75. lurzatiak.

_Mailegu-eremuak: Antzingo 2. poligonoko 209. eta 211. lurzatiak eta Okoko 1. poligonoko 21. lurzatia.

_Zeharkako 5 drainatze hodi proiektatu dira, denak 1.000 mm diametrokoak, bi izan ezik: Urgesala erreka gurutzatuko duena (1+085,698 KP) 1.800 mm-koa izanen da, eta biribilgunekoa (0+055,732) 600 mm-koa izanen da.

Obrak egiteko epea 11 hilabete da.

3. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean ingurune fisikoaren elementuen deskripzio orokorra egiten da, ondokoak aztertuz: klima, airearen kalitatea, inguruko hots maila, aireko kutsatzaileen maila eta usainak, geologia eta geomorfologia, edafologia, hidrologia, landaredia, fauna eta paisaia, natur intereseko guneak, ingurune sozioekonomikoa eta kultur sistema.

Eragin nagusien balorazioa taula batean ageri da. Bertan gurutzatu egin dira ingurumenean eragina izan dezaketen proiektuko ekintzak eta ukituko diren ingurumen elementuak. Emaitzen arabera, lur erauzketek, traza egiteko lurren okupazioak, lur mugimenduek eta makina astunen joan-etorriek sortuko dute ingurumenaren gaineko eragin handiena, eta ura izanen da inguruneko elementu kaltetuena, uraren kalitatea txartu eginen baita; gainera, higadura eta sedimentazio prozesuak aldatu eginen dira eta airearen kalitatea txartu eginen da.

Babes eta zuzenketa neurriak azaltzen dira azterlanaren kapituluetako batean, ukitutako elementuaren arabera sailkatuta. Behar adinako neurriak aurreikusten dira jarduketa ingurumeneko balioen iraupenarekin bateragarria izan dadin. Hala ere, proiektu honi dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioan beste neurri batzuk ezarri dira, ingurumen-baimenari lotuak, nahitaez bete beharreko jarraibide gisa.

Landaretzaren gaineko eraginak gutxitze aldera, ingurumena lehengoratzeko eta landareztatzeko proiektua aurkeztu da. Proiektu horren arabera, 40 cm-ko landare-lur geruza zabalduko da, lurra prestatuko da, ereite hidraulikoa eginen da lur erauzketetan (bi iraganaldi) eta lubetetan (iraganaldi bat), zelaiguneak erein eginen dira eta ezpondetan zuhaitzak landatuko dira.

Azkenik, ingurumena zaintzeko plana nahikoa da. Hona hemen beraren helburu nagusiak: proposaturiko prebentzio eta zuzentze neurriak betetzen direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea, proiektua gauzatzerakoan agertzen ahal diren ezusteko eraginak kontrolatzea, eta sortutako eraginen bilakaera aztertzea.

Iragarkiaren kodea: F0615517