122. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

419/2006 FORU AGINDUA, urriaren 9koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, banda zabaleko Interneti lotzeko Nafarroako Foru Komunitateko herritarrendako dirulaguntzak eta entitate laguntzaileekiko hitzarmena onesten dituena.

Informazioaren gizarteari loturiko funtsezko zerbitzuak eskuratzea da garapen sozioekonomikorako lehenengo helburua, Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren herritarren aukerak eta jarduteko gaitasuna ez murrizteko, beste erkidego batzuetan edo gure Komunitateko eskualdeetan bizi diren herritarren aldean.

Urte batzuetatik hona, estatu eta esparru guztietan, informazioko teknologiak eta telekomunikazioak garapen zinez ikusgarria izaten ari dira.

Aurrerapen teknikoek, kostuen gero eta gehiagoko gutxitzeak eta telekomunikazioetarako oinegitura eta zerbitzuen zabalpenak bide ematen diete gero eta herritar gehiagori beren etxeetan orotariko zerbitzuak har ditzaten, haien bizilekua edozein delarik ere.

Nafarroa bezalako erkidego batean, non herrien sakabanaketak zerbitzu askoren zabalpena garestitu eta zailtzen baitu, teknologia berriak herritarrengana hurbiltzeak eta, bereziki, Internet eskuratzeak hemengo tokirik urrunenetan bizi diren herritarrak parekatzen ahal dituzte kontu askotarako munduko beste edozein tokitan bizi direnekin, non zerbitzuak eskuragarriagoak baitira. Horregatik funtsezkotzat jo da gure Komunitatea garatzeko gauzatzen ari den erabateko aldaketa teknologiak dakarren erronka onartzea, ziztu biziko garapenaren eta informaziorako eta komunikaziorako teknologien erabilera gero eta handiagoaren zuzeneko ondorioa baita.

Informaziorako teknologia horiek osagarriak dira eta lagundu behar dute lurraldea orekatzen, ezberdintasun berririk sortu gabe, denak aurrerapen teknologiaren emaitzen partaide bihurtuz eta informazioaren gizartea eskuratzeko berdintasuna bermatuz.

Helburu horiek lortzeko, erabaki da interneti lotzeko dirulaguntzen deialdi hau antolatzea. Horretarako telekomunikazioetako operadoreen eta abarren lankidetza bilatu da, laguntza horiek kudeatzen laguntzeko. Horretarako, operadore horiek laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile bihurtu dira. Aukera hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 10. artikuluan aipatzen da. Lankidetza hori hitzarmen baten bidez gauzatzen da. Hitzarmen hori deialdi honi erantsia doa eta laguntzen deialdiarekin batera onesten da. Telekomunikazioetako operadoreek eta Nafarroako Gobernuak izenpetu dute hitzarmena eta haren xedea Nafarroako Foru Komunitatean interneti lotzeko laguntzak garatzea da.

Bestaldetik, Gobernuak, 2006ko urriaren 2ko Erabakiaren bidez, dirulaguntza hauek emateko prozedura banan-banan ebaluatzeko araubidean tramitatzeko baimena eman du.

Hori horrela, jakinarazi eta proposatu denarekin bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 7. artikuluak emaniko ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Banda zabaleko Interneti lotzeko Nafarroako Foru Komunitateko herritarrendako dirulaguntzak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira arauak.

2. 360.000,00 euroko gastua onestea, 2006rako aurrekontuko "Banda zabala kontratatzeko laguntzak" izeneko 130002-14200-4809-491103 kontusailetik.

3. Nafarroako Foru Komunitateko herritarrak banda zabaleko Interneti lotu ahal izateko telekomunikazio operadoreek eta Nafarroako Gobernuak dirulaguntzei buruz izenpetu duten hitzarmena onestea, foru agindu honen eranskinean ageri dena.

4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

5. Foru agindu hau Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzura, Kontu-hartzailetza Zentroaren Bulegora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetza delegatura igortzea.

Iruñean, 2006ko urriaren 6an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

BANDA ZABALEKO INTERNETI LOTZEKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HERRITARRENDAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIKO ARAUAK

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Laguntzen ezaugarriak

1. araua._Edukia eta indarraren iraupena.

Arau hauen xedea da banda zabaleko Interneti lotzeko Nafarroako Foru Komunitateko herritarrendako dirulaguntzak banakako ebaluazioko araubidean emateko betebeharrak ezartzea da. Dirulaguntza hauen xedea da herritarrei erraztasunak ematea informazioaren gizartearen zerbitzuak erabiltzeko.

Deialdi honek argitaratzen denetik 2006ko abenduaren 31 bitarte izanen du indarra. Hala ere, kasuan kasuko luzapena eta honi dagokion gastua espresuki onetsiz luzatzen ahalko da hurrengo ekitaldietarako.

2. araua._Entitate laguntzaileak.

Aurreikusi diren laguntzak kudeatu eta herritarrek haiek eskuratu ahal izateko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak lankidetza hitzarmenak gauzatu ditu telekomunikazio operadoreekin. Horiek denak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 10. artikuluari jarraikiz, Administrazioaren entitate laguntzaile gisara arituko dira laguntza hauek emateko, eta aurreikusitako probetxu ekonomikoen onuradun bakarrak herritarrak izanen dira.

Gaituriko telekomunikazio operadore guztiak askatasun osoz dirulaguntza hauen entitate laguntzaile bihurtzen ahalko dira, hala nahi badute eta hitzarmen hau izenpeten badute, deialdi honen bidez argitaratzen duena.

3. araua._Aurrekontua.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiak 360.000,00 euro bitarte emanen ditu deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak, ekitaldi honetan aplikazio hori uki lezaketen aldaketak edo hurrengo ekitaldietarako onets litezkeen luzapenak galarazi gabe.

BIGARREN KAPITULUA

Interneti lotzeko laguntzak

4. araua._Laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Finantzatu beharreko jardera Interneti lotzeko kostua da, ADSL, modem edo irratiaren bidez.

RTB edo aurreko lerroaldean ez beste sistemen bidezko konexioetarako ez da dirulaguntzarik emanen.

Deialdi hau argitaratzen denetik 2006ko abenduaren 31 arte edo aurrekontuetako dirua agortu arte, lehenago gertatuz gero, eginiko konexioak finantzatuko dira. Hori dena, hurrengo ekitaldietarako onets litezkeen luzapenak galarazi gabe.

Zerbitzu osagarriak:

_Operadoreak ISP zerbitzua jarriko du, dohainik, onuradunen esku, posta elektronikoko gutxienez helbide bat bermatzeko, 5 MB gutxieneko edukierarekin kontu bakoitzeko.

_Indarra duen arautegiarekin bat, operadoreak bezeroei telefonoz eta posta elektronikoz laguntzeko zerbitzua eskainiko dute. Telefono zenbaki bat emanen dute erreklamazioetarako eta helbide elektroniko bat, horretara jo ahal izateko.

5. araua._Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko etxe partikular batean banda zabaleko Interneti lotzeko eskabidea aurkezten duten pertsona fisikoek hartzen ahalko dituzte dirulaguntzak, 6. arauan ezartzen diren mugekin.

6. araua._Dirulaguntza.

Dirulaguntza 40 eurokoa izanen da, BEZa barne. Zenbate hori onuradunek eginiko lehen ordainketei kenduko zaie, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa osatu arte, kontzeptu hauengatik:

_Konexioaren sarreraren kuotagatik.

_Paratzeko kuotagatik.

_Modem edo egokigailuaren kostuagatik.

_Hileroko kuotagatik.

Dirulaguntza hau bereizia izanen da eta hitzarmena izenpetzen duten enpresa operadoreen beste eskaintza batzuei gehitzen ahalko zaizkie, adibidez, doako sarreraren kuota eta modemei. Betiere, dirulaguntzaren kopuruak kontzeptu bereizi gisa agertu beharko dute, bai publizitatean, bai fakturetan, testu honekin: "Nafarroako Gobernuaren Laguntzetarako Kanpaina Interneti lotzeko".

Etxeetan gehienez ere dirulaguntza bana emanen da. Onuradunak nahi duen operadorea hautatu ahalko du entitate laguntzaileekiko hitzarmena izenpetzen dutenen artean.

7. araua._Laguntzen prozedura.

Alde batera utzirik operadorearen taldearen barruan zerbitzua edo produktua zein enpresak ematen duen, operadoreak berak fakturatuko dizkio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatzaileei deskontu bidez aplikatzen ari zaizkien dirulaguntza guztiak. Eta horretarako prozedurak bidea emanen du, alde batetik, operadoreen atentzio orokorreko plataforma erabiltzeko, bere barneko abantailak eta guzti, eta, bestetik, laguntzen irizpideen araberako fakturazio berezia aplikatzeko.

1._Zerbitzuak kontratatzeko laguntzak prozedura honen bitartez emanen dira:

Onuradunak operadore bakoitzak ezarririko prozeduren bidez eskatuko du zerbitzua kontratatzea. Ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea lehenbiziko momentu horretatik aurkeztu dela eta tramitatzen hasteko beste agiririk ez da behar.

Dirulaguntzaren eskerak berarekin dakar onuradunak onartzen duela zerbitzua kontratatu duen operadoreak Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinaraz diezazkiola dirulaguntza kudeatzeko behar diren datu pertsonalak: izen-deiturak, NANa, telefono zenbakia, helbidea, herria, posta kodea eta zerbitzua eskatu zeneko data.

Operadoreak zuzemen hauek eginen ditu:

_Eskatzaileak dirulaguntza jasotzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela begiratuko du.

_Instalazioa egin dela egiaztatuko du.

_Bezeroari faktura eginen dio eta bertan adieraziko du, kontzeptu bereizi eta deskontu gisa, dirulaguntzari dagokion zenbatekoa, ondoko testu honekin: "Nafarroako Gobernuaren Laguntzetarako Kanpaina interneti lotzeko". Dirulaguntza gehienez ere lau hilabeteko epean kenduko da, zerbitzuaren sarrera egunetik hasita.

2. Operadoreek hilabete bakoitzean egindako deskontuen fakturak bidali ondoren, Informazioaren Gizarterako zuzendari nagusiak dagozkien dirulaguntzak onetsiko ditu eta operadoreei ordainduko.

3. Edozein unetan, aurrekontuko diruarekin onartzen ahal diren eskabideen gehieneko kopurua onetsi baldin bada, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizarterako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du horren berri emateko eta dirulaguntzetarako kanpaina bukatutzat emanen du. Ebazpen hori jendaurrean paratuko da eta operadoreei jakinaraziko, hortik aurrera dirulaguntza jaso nahi duen edozein pertsonari horren berri eman diezaioten.

4. Hitzarmen honen xede den dirulaguntza hartu ahal izateko, beharrezkoa izanen da Interneteko lotura edukitzea urtebetean bederen, laguntza lortzen denetik kontatzen hasita. Laguntza jaso ondoren eta urtea bete gabe onuradunak zerbitzuan irteera eman nahi baldin badu, dirulaguntzaren zenbatekoa itzuli beharko dio Nafarorako Gobernuari, salbu eta irteera operadorez aldatzeko egin bada, operadore horrek hitzarmena izenpetu badu. Operadoreek gorabehera guztiak jakinaraziko dizkiote Nafarroako Gobernuari.

8. araua._Prestazioen prezioa.

Operadoreak bere prestazioak emanen dizkie onuradunei, merkatuko prezioen araberako tarifari jarraikiz.

9. araua._Laguntzen onuradunen betebeharrak.

1. Zerbitzua eskuratzeko beharrezkoa izanen da erabiltzailearen izena eta norberaren gakoa izatea. Datu horiek besterenezinak dira. Erabiltzailea bera da sarbide-gakoa isilpean izatearen arduraduna.

2. Sarbide-gakoa galdu edo ebasten baldin bada, erabiltzaileak horren berri emanen dio lehenbailehen zerbitzu hornitzaileari, beste edonori baimenik gabe sartzeko bidea ixteko. Ordura arte bere kontura aplikatu behar zaizkion kontsumoen eta erabilpenen erantzulea erabiltzailea bera izanen da.

3. Laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude zerbitzua behar den bezala erabiltzera. Bidegabeko erabileratzat hartzen da sarbide mailak urratzeko saioa, datuak oker erabiltzea, mezuak neurririk gabe bidaltzea, jabetza intelektualaren edo legezko bestelako eskubideen babespeko datuak edo informazioak bikoiztea edo kanporatzea, hala nola legez kontrako beste edozein erabilera.

HIRUGARREN KAPITULUA

Laguntzen araubidea

10. araua._Eskabideak.

Dirulaguntzen eskaerak, deialdi honetan aipatzen direnak, 7.1 arauan zehazturiko prozeduaren arabera izapidatuko dira. Dirulaguntzen onespena edo ukatzea lau hilabeteko epean jakinaraziko dira, aurkeztu zirenetik hasita. Epe hori berariazko ebazpena eman gabe bukatzen baldin bada, eskabidea ukatutzat hartuko da. Ukatze horren aurka gora jotzeko helegitea aurkeztu ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

11. araua._Bateragarritasunak.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako erakunde publiko edo pribatuek ematen duten beste edozein laguntzarekin.

12. araua._Ez-betetzea.

Arau hauetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du, eta, hala tokatzen bada, jasotako dirua itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. Tituluak agintzen duen moduan. Halaber, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, onuradunek lege horretako IV. Tituluan ezarritakoari men egin beharko diote.

13. araua._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko helegitea jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

14. araua._Publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 15. artikuluan xedaturikoarekin bat, deialdi honen arabera ematen diren dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko dira.

Iragarkiaren kodea: F0616059