122. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

65/2006 FORU DEKRETUA, otsailaren 25ekoa, Nafarroako Taxien Kontseiluaren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeko 53. artikuluak Nafarroako Taxien Kontseilua sortu zuen Nafarroako Foru Komunitatean taxi zerbitzuen arloan kontsulta eta aholkuetarako organoa izan dadin. Haren eginkizunak aipatzen ere ditu eta garraio arloan eskumena duen departamentuari atxikitzen dio.

54. artikuluak xedatzen du haren osaera, antolamendua eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dela.

Legezko xedapen hori betetzeko, foru dekretu honen xedea da Nafarroako Taxien Kontseiluaren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzea.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko irailaren 25eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Taxien Kontseiluaren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzea da.

2. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Taxien Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko taxi zerbitzuen arloko kontsulta eta aholkuetarako organoa da.

2. Nafarroako Taxien Kontseilua garraioen arloko eskumena duen departamentuari atxikiko zaio.

II. KAPITULUA

Nafarroako Taxien Kontseiluaren eginkizunak

3. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Taxien Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Taxien sektorearen eta administrazio eskudunen arteko kontsulta organo gisa aritzea.

b) Administrazio eskudunekin lankidetzan aritzea taxi zerbitzuak gero eta hobeak izan daitezen eta gero eta erabiltzaile gehiagok erabil ditzaten lortzeko.

c) Taxiei buruzko uztailaren 6ko Foru Legean aipatzen diren kasuetan nahitaezko txostena ematea, hauetan hain zuzen ere:

c.1) Foru legeko 9. artikuluan aipatzen den taxi lizentzia indize orokor indarduna aldatzeko, udalerri edo baterako zerbitzurako eremu batean.

c.2) Udalerri edo baterako zerbitzurako eremu bakoitzerako foru legeko 16. artikuluan aipatzen den gehieneko baimen kopurua zehazteko arauak onesteko.

c.3) Eserlekuka ordaintzeko taxi zerbitzuak kontratatzeko baimenak eta bidaiarien aldi baterako baimenak emateko, foru lege honetako 37. eta 38. artikuluetan arautu bezala, hurrenez hurren.

c.4) Taxi zerbitzua emateko udalen artean koordinatzeko foru legeko 48. artikuluan aipatzen diren formulak ezartzeko.

c.5) Baterako zerbitzurako eremua aldatzeko, foru legeko 49. artikuluko 3. idatz-zatian eta xedapen gehigarri bakarreko 6. artikuluan xedaturikoarekin bat.

c.6) Iruñerriko taxi zerbitzuaren baterako eremuko taxi zerbitzuaren egoeraz berariazko azterlana egiteko, foru legeko xedapen gehigarri bakarreko 8. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

d) Administrazio eskudunei txosten, proposamen eta iradokizunak aurkezteko Nafarroako Foru Komunitateko taxien sektorea hobetzeko.

e) Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea garatzeko arauen eta indarra duten beste arauen arabera dagokion beste edozein eginkizunetarako.

III. KAPITULUA

Nafarroako Taxien Kontseiluaren osaera

4. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Taxien Kontseiluak kide hauek izanen ditu: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren hiru ordezkari, Nafarroako toki entitateen hiru ordezkari, taxi sektorearen hiru ordezkari eta erabiltzaile eta erabiltzaileen eta mugikortasun urria duten pertsonen hiru ordezkari. Honelaxe:

a) Lehendakaria: garraio arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria.

b) Lehendakariordea: errepide bidezko garraioen arloan eskumena duen zuzendari nagusia.

c) Kideak:

c.1) Errepide bidezko garraioen arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu bateko zuzendaria.

c.2) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

c.3) Iruñerriko Mankomunitatearen bi ordezkari.

c.4) Taxi sektorearen hiru ordezkari; Nafarroan legez osaturik daudenen artetik taxi sektorean ordezkaritza handiena duten hiru lanbide elkarteen ordezkari bana.

Ordezkaritza elkartean afiliaturiko taxi lizentzien titularren eta lizentziarik gabeko baimenen titularren kopuruaren arabera neurtuko da.

c.5) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen bi ordezkari; Nafarroan legez osaturik daudenen artetik ordezkaritza handiena duten kontsumitzaile eta erabiltzaileen bi elkarteen ordezkari bana.

Ordezkaritza kide gehien dituzten elkarteei dagokie.

c.6) Ezintasunak dituzten eta aulki gurpilduna darabilten pertsonak nagusiki ordezkatzen dituen Nafarroako entitatearen ordezkari bat.

Ordezkaritza kide gehien dituen entitateari dagokio.

2. Garraio arloan eskumena daukan departamentuko kontseilariak izendatuko ditu Nafarroako Taxien Kontseiluko kideak eta haien ordezkoak, artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren entitateek proposaturik.

3. Eguneko gaien zerrenda dela-eta beharrezkoa denean, lehendakariak beste entitate batzuk, adituak edo langile teknikoak eramaten ahal ditu Nafarroako Taxien Kontseiluko bilkuretara, aztertu beharreko gaietan aholkua eman dezaten. Horiek, betiere, hizpidea izanen dute, baina ez botorik.

4. Nafarroako Taxien Kontseiluaren osaerak balioa izanen du artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren entitateetariko baten batek bere ordezkaririk ez izendatuagatik ere, baldin eta Kontseiluko kideen bi heren gutxienez baldin badaude.

5. artikulua. Kontseiluko kideen estatutua.

1. Nafarroako Taxien Kontseiluko kideek honako eskubide hauek dituzte:

a) Behar den aldeaz, esleiturik dauzkaten eginkizunak egiteko egoki diren argibideak eskuratzea, bileretako gai zerrenda daukan deialdia barne.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta, bidezko bada, boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere. Agintariak edo Foru Komunitateko Administrazioko langileak diren Nafarroako Taxien Kontseiluko kideak ezin dira botorik eman gabe geldituko bozketetan.

d) Galderak eta eskaerak egitea.

e) Karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

2. Titularrak ez badaude, gaixo badaude edo frogaturiko edozein gorabeherarengatik joaterik ez badaukate, ordezkoek ordeztuko dituzte Nafarroako Taxien Kontseiluan.

6. artikulua. Karguaren iraunaldia, ordezpenak eta kargu-uzteak.

1. Karguaren ondorioz kontseiluan egon behar duten kideek kargu hori duten bitartean egon beharko dute kontseiluan.

2. Karguagatik ez, beste bide batetik Kontseiluan parte hartzen duten kideen kargualdia lau urtekoa izanen da, baina nahi beste kargualdi egon daitezke.

3. Karguagatik ez beste bide batetik Kontseiluan sartu diren kide horietako baten tokia hutsik gelditzen bada, ordezkoa kargua utzi duen kideari zegokion kargualdia bukatu bitarte arituko da kontseiluan.

4. Arrazoi hauengatik utziko dituzte Nafarroako Taxien Kontseiluko kideek beren karguak:

a) Kontseiluan egoteko eskubidea ematen dien kargua uzten dutenean.

b) Izendatu zituen entitateak proposatuta.

c) Jatorrizko kidearen agintaldia bukatzeagatik.

d) Uko egiteagatik.

5. Nafarroako Taxien Kontseiluko kideek nork bere karguan iraunen du haien ordezkoak izendatu arte.

IV. KAPITULUA

Nafarroako Taxien Kontseiluaren antolamendua eta funtzionamendua

7. artikulua. Lehendakaria.

1. Honako hauek dira lehendakariaren eginkizunak:

a) Nafarroako Taxien Kontseiluaren ordezkaritza edukitzea.

b) Ohiko eta ohiz kanpoko bilkuretarako dei egitea eta, kideen proposamenak kontuan hartuz, eguneko gai zerrenda ezartzea.

c) Bilkuretan buru, eztabaidetan hotsemaile aritzea eta hala behar denean eztabaidak etetea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Nafarroako Taxien Kontseiluaren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Nafarroako Taxien Kontseiluaren esku dauden kontuak behar den moduan bideratzeko egoki diren barne araubideko jarraibideak ematea.

g) Nafarroako Taxien Kontseiluak ezagutu behar dituen prozedurak ahalik eta hobekien instruitzeko beharrezkotzat jotzen dituen txosten eta agiriak eskuratzea.

h) Lehendakaria den aldetik dagozkion eginkizunak edo Nafarroako Taxien Kontseiluak bere izanik beste organo bati ez dagozkionak.

2. Lehendakaria ez badago edo gaixo bada, edo lehendakaritza bete gabe baldin badago, lehendakariordea ariko da haren ordez.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Errepide bidezko garraioen arloko eskumena daukan zuzendaritza nagusiko Administrazio Publikoko arlo juridikoko teknikari bat arituko da idazkari lanetan Nafarroako Taxien Kontseiluan. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

2. Garraio arloan eskudun den departamentuko kontseilariak izendatu eta kargutik kenduko ditu Nafarroako Taxien Kontseiluko idazkaria eta haren ordezkoa.

Idazkari postua hutsik dagoenean, edo hura kanpoan edo gaixo dagoenean, ordezkoak ordeztuko du.

3. Nafarroako Taxien Kontseiluko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Organo kolegiatuaren bileretan parte hartzea, hizpidearekin bai baina botorik gabe.

b) Nafarroako Taxien Kontseiluaren bilkuretarako dei egitea, lehendakariak hala aginduta, eta kideei hitzorduak ematea.

c) Nafarroako Taxien Kontseiluko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, ziurtagiriak edo hark ezagutu behar dituen beste idazki guztiak.

d) Arazoak ebazteko prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

e) Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

9. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Nafarroako Taxien Kontseiluak osoko bilkurak eginen ditu. Batzordeak edo lan taldeak sortzen ahalko dira, osoko bilkuran aztertu behar diren gaiak prestatzeko, beren nahasmendu, zailtasun tekniko edo berariazko inguruabarrengatik zehatz-mehatz miatu behar direnean.

Osoko bilkuran zehaztuko da batzorde edo lan taldeen funtzionamendua eta osaera.

2. Lehendakariak, lehendakariordeak eta kideek osatuko dute Nafarroako Taxien Kontseiluaren osoko bilkura.

3. Ohiko osoko bilkura gutxienez ere urtean behin eginen da eta lehendakariak dei egiten duenean edo kide gehienek, lehendakariari egin izkribu baten bidez (non espresuki gai zerrenda adieraziko baita), hala eskatzen dutenean eginen da ohiz kanpoko osoko bilkura.

4. Osoko bilkurararko eta batzorde edo lan taldeetarako deialdiak idatziz eskatuko dira, gutxienez ere hiru egun baliodun lehenago, eta haiekin batera gai zerrenda aurkeztuko da.

5. Osoko bilkura lehenbiziko deialdian modu baliozkoan eratuko da, eta, hortaz, erabakiak hartzen ahalko ditu, lehendakaria eta idazkaria edo, hala behar izanez gero, haien ordezkoak eta gutxienez kideen erdia bertan badaude.

6. Bigarren deialdia lehenengotik ordu erdira eginen da besterik gabe, eta horretan erabakiak hartu ahal izateko beharrezkoa izanen da gutxienez lehendakaria eta idazkaria edo, bidezko bada, haien ordezkoak eta kideen heren bat Kontseiluan egotea.

7. Hala ere, Nafarroako Taxien Kontseiluaren osoko bilkura bilera berezian modu baliozkoan eratu dela ulertuko da deialdirik egin beharrik gabe, kide guztiak bertaratu badira eta aho batez eztabaidatu eta erabakiak hartzea adosten badute.

8. Ezin izanen da gai-zerrendan ez dagoen gairik eztabaidatu edo adostu, Nafarroako Taxien Kontseiluko kide guztiak bertaraturik egonik, gaia gehiengo erlatiboz presazkotzat izendatzen ez baldin bada.

10. artikulua. Osoko bilkurak erabakiak hartzea.

1. Erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengo soilaz hartuko dira.

Berdinketak lehendakariaren botoaren bidez hautsiko dira.

2. Idazkariak Kontseiluaren osoko bilkuretako aktak eginen ditu. Aktak ondoko hauek jaso beharko ditu nahitaez: bildutakoen kopurua, eguneko aztergaien zerrenda, bilkura non eta noiz egin den, eztabaidetako puntu nagusiak, eta hartutako erabakien edukia.

3. Aktan, halaber, hartu den erabakiaren kontrako botoa edo abstentzioa ere jasoko da, Nafarroako Taxien Kontseiluko kideren batek hala eskatzen badu, eta bai haien arrazoia ere, edo aldeko boto baten azalpena ere.

Halaber, edozein kidek zilegi izanen du bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta bertan edo kontseiluburuak jartzen duen epean aurkezten badu bere mintzaldia hertsiki islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo haren kopia erantsiko.

4. Gehiengoaren erabakiarekin bat etorri ez diren kideek zilegi izanen dute boto partikularrak egitea idatziz, berrogeita zortzi orduko epean, eta hala erantsiko zaio onetsitako testuari.

5. Aktak bilkura berean edo hurrengo bilkuran onetsiko dira, eta zilegi izanen da, hala ere, idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe. Horrelako ziurtagirietan egoera horren berri eman beharko da.

Hilabeteko epean igorriko zaie Nafarroako Taxien Kontseiluko kideei bilkura bakoitzeko akta, onesten denetik hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetariko lehena._Arauetarako gaitasuna.

Ahalmena ematen zaio garraio arloan eskudun den departamentuko kontseilariari foru dekretu hau garatzeko behar diren arauak eman ditzan.

Azken xedapenetariko bigarrena._Lege osagarriak.

Foru dekretu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Nafarroako Taxien Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean organo kolegiatuen arloan aurreikusten den arautegian xedatu bezala eginen da.

Azken xedapenetako hirugarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko irailaren 25ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0615538