101. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2006ko uztailaren 31koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko plana" udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta jarduketak ukituko dituen alderdien udalei entzunaldia ematen diena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren prozeduraren ondorioak bete daitezen.

2006ko martxoaren 30ean, José Ignacio Videgain Ibarra jaunak, Artzibarko Udaleko alkateak, Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalen ordezkari gisa, "Nagoreko eta Orotz-Beteluko atzealdeko urtegien inguruneko udalez gaindiko plan sektoriala" tramitatzeko eskatu zuen. Eskabideari honako agiri hauek erantsi zizkion:

_2005eko martxoaren 12an Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalek "Nagoreko eta Orotz-Beteluko atzealdeko dikeen inguruneko udalez gaindiko plan sektoriala" egiteko izenpetu zuten lankidetza hitzarmenaren kopia.

_"Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko udalez gaindiko plan sektoriala" izeneko agiri teknikoa.

I._Proposamenaren xedea eta azalpena.

Dokumentuaren xedea arau esparru berri bat sortzea da Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko, bereziki Nagoreko eta Orotz-Beteluko atzealdeko urtegietatik goiti beteko diren turismo, josteta eta kirol jarduerak. Era berean, Nagoren etxebizitzetarako lurzoruaren azalera handitzea ere jasorik dago proposamenean.

Nafarroako Gobernuak, 1990eko uztailaren 31ko Erabakiaren bidez, Itoizko urtegiko udalez gaindiko proiektu sektoriala behin betikoz onetsi zuen. Plan sektorial horrek aurreikusi zuen, bigarren mailako erabileren artean, josteta eta kirol erabilerak ahalbidetzea urtegiaren ingurunean, eta ezarri halaber horretarako alderdirik aproposena Urrobi ibaiaren ibarrean, Nagoretik goiti dagoen atzealdeko urtegia zela; urtegiaren gainerako bazterretan kokatzea debekatu egin zen.

Horrez gain, Herri Lan zuzendari nagusiak uztailaren 5ean emaniko 661/2002 Ebazpenaren bidez, Nagoren eta Orotz-Betelun atzealdeko dikeak eraikitzeko proiektua erredaktatzeko lanen kontratazio espedientea onetsi zen.

Azaldutako testuinguruan espedientearen sustatzaileek azterketa bat egin zuten proposatzen diren jarduera horietarako toki egokienak zein ziren erabakitzeko eta, haren ondorioz, aipatutakoak ez ezik beste batzuk ere kontuan hartu zituzten Nagore ondoko dikeak sortutako lakuaren ingurunean, bai eta Orotz-Beteluko dikearen ingurunekoak ere, Itoizko urtegiaren arloan indarra duen udalez gaindiko plan sektorialean jaso ez zirenak; horregatik guztiagatik beharrezkoa da egungo arauak berrikustea.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari kontsulta egin ondoren, aipatutako ondorioetarako eta egin gogo diren jarduketak inplementatzeko hautatu den prozedura udalez gaindiko plan sektoriala izan da: dokumentuko zehaztapenek proiektu sektorialean jasotakoak garatu eta osatzen dituzte, eta proposatzen diren jarduketen udalez gaindikoa izateko oinarria urtegiak berak dituen izaera eta eragina dira, udalez gaindikoak baitira biak.

II._Proposamenaren deskripzioa.

A) Esparrua.

Aplikazio esparruak bere baitan hartzen ditu urtegia bera, haren bazterrak, ur-ertzetik 50 metroko zabalera duen babes-zerrenda batean, eta Nagoreko eta Orotz-Beteluko dikeetatik goiti dauden eremuak, aurreikusitako erabilerak hartuko dituztenak, besteak beste etxebizitzak. Esparruak Artzibarko, Longidako eta Orotz-Beteluko udalerriak ukitzen ditu. Esparru horretatik kanpo daude Artzibarko udal planean hiri lurzoru gisa Nagoren sailkatutako Nagoreko lurrak.

B) Nagoreko eta Orotz-Beteluko urtegiak josteta eta turismorako egokitzeko jarduketak:

B.1. Harrera eta josteta eremuak.

Orokorrean honakoak aurreikusi dira: bainurako eremuak, arbola sakabanatuak landatzea itzala izateko, zerbitzu higienikoak, informazio eta salmenta gunea, aparkalekua, hondakinen biltontziak, arrantzarako guneak eta ostalaritzakoak eta saltokiak.

Nagoren hiru eremu hautatu dira: bat Sagarmin errekaren ondoan (AA1), 14.950 m²-koa, uretatik mendebaldeko muturrean dagoena, eta sarbideak dituena Agoitz-Auritz errepidetik nahiz Gurpegiko bidetik; bigarrena (AA2), 12.950 m²-koa, Nagoretik iparraldera, Angordoi alderdian dagoen sakan batean; eta hirugarrena (AA3), 67.800 m²-koa, Artziko Jauregiaren ondoan. Orotz-Betelun laugarren harrera eta josteta eremua aurreikusi da (AA 4), 18.250 m²-koa, herritik hegoaldera, bestaldeko ibai-bazterrean dagoena.

B.2. Bide sarea:

Aurreikusiriko eremuetako sarbide egokiak lortzeko, Nagoreren kasuan lakua inguratuko duen bide bat proiektatu da, ahal den neurrian lehendik dauden bideen gainean (Gurpegiko bidea, Usozkoa etab.), dikea erabiliz ibilbidea ixteko eta Nagoreko herrigunearen ondotik doan zatian pasealeku bihur daitekeena, gaur egun dagoenaren modukoa.

Orotz-Beteluren kasuan, berriz, ur-bazterretako edozein tokitara joateko arazorik ez dago, gaur egun dauden bideei esker eta NA-2040 errepidean eginen den banaketaz baliatuz, errepide berria dikearen gainaldetik joan eta ondoren, sigi-saga gorantz eginez, Azparrengo errepidera aterako baita.

B.3. Ur-hegaztientzako eremu mugatua.

Eremuak 58.000 m² izanen ditu eta Iltzagako erreka Nagoreko lakura isurtzen den tokia hautatu da, hori kokatzeko toki aproposena delako; urtegia inguratzen duen pistaren erabilera mugaturik egonen da eremu horretan, eta jendearentzako bidea goragotik joanen da. Eremua honela egokituko da: sarbideak zedarritu eta murriztea, landare espezie egokiak landatzea eta irla artifizial bat jartzea.

B.4. Nagoreko hiri erabilerak.

Herrigunetik iparraldera eta haren ondo-ondoan dagoen alde batean etxebizitzetarako erabilera orokorra izanen duen lurzoru urbanizagarriko sektore bat eratzea proposatzen da; bertan, lurzati bat egonen da hotel bat eraiki ahal izateko, eta eremu libre publiko bat, arboladi bat, Angordoiko harrera eremutik iparraldera kokatu beharrekoa.

Etxebizitza-eremuaren eta lakuaren artean pasealeku bat egiteko asmoa dago, gaur egun dagoena Angordoiko harrera eremu berriraino luzatuko duena; pasealekuak atxiki gabeko sistema orokorreko kalifikazioa izanen du.

B.5. Seinalizazioa eta ekipamendu orokorra.

Atal honetan ohar batzuk daude hiri-hornigarrien diseinuari eta seinalizazioari buruz (errepideetako seinaleak ez). Aipatzen da halaber, atzealdeko urtegietako kirol jarduerari dagokionez, orokorrean baimena emanen dela amarreak, buiak, pantalan mugikorrak etab. paratzeko uretan.

C) Sailkapena eta hirigintzako zehaztapenak.

Dokumentuan nabarmentzen da, lehenengo eta behin, zenbait eremu babes araubide desberdinen menpean daudela, intereseko naturgune mota desberdinen parte direlako. Hori dela eta, babes maila bat baino gehiago batera suertatzen direnean beti aplikatuko da murriztaileena, eta ulertzen da ingurumena babesteari buruzko edozein zehaztapenek plan honetakoek baina maila altuagokoa duela.

C.1. Lurzoru urbanizaezinean honakoak daude:

_Ur babestuak.

_Babes zerrenda.

_Harrera eremuak.

_Hegaztientzako eremu mugatua.

Ur babestuak:

Izendapen hori du urtegiak sortutako ur azalera osoak. Nagoreko eta Orotz-Beteluko dikeetatik beheiti debekaturik dago urtegiaren mantentze edo zerbitzu lanekin zerikusirik ez duen jarduera oro. Nagoreko eta Orotz-Beteluko lakuetan uretako jarduera ludikoak baimenduko dira, hala nola, bainua, arrantza eta ur-kiroletan aritzea. "Artzibarko Udalak baimena eman ahalko du, justifikatu ondoren, urtean egiteko modukoak diren jarduerak berrantolatu eta seinalizatzeko, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ere baimena ematen badu aurretik.

_Babes zerrenda:

Urtegiko bazterrak, 50 metroko zabaleran gehienez ere (harrera eremuak, erabilera mugatuko eremuak eta hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagarria); "gordetzeko" lurzoruaren kategoria eman zaio, babes araubide honekin:

Eraikuntzaz kanpoko jarduerak: matarrasako mozketa eta egur aprobetxamendua kenduta, gainerako jarduerak baimendu daitezke edo baimendurik daude, baina "salbuespen gisa, udal planeamenduak baimena eman dezake atzealdeko bi dikeetatik goiti dauden eremuetan josteta, turismo edo ingurumen arloko irabazi asmorik gabeko jarduerak gauzatzeko."

Eraikuntzako jarduerak: baimena jaso dezakete urtegia eraiki, mantentze lanak egin eta hari zerbitzu emateko beharrezkoak diren eraikinek eta instalazioek, azpiegitura eta jarduera didaktikoek eta zientifikoek eta horren jardunerako beharrezkoak diren azpiegitura txikiek, BILaren kontserbazio helburuekin bat baldin badatoz. Gainerako guztiak galaraziak daude. "Salbuespen gisa, udal planeamenduak zehaztu ditzake atzealdeko dikeetatik goiti dauden eremuetako josteta, turismo edo ingurumen arloko irabazi asmorik gabeko jarduerak".

Harrera eremuak:

Lau harrera eremuetarako berdina izanen den babes araubide orokorra ezarri da, bai eta zehaztapen partikularrak ere haietako bakoitzerako. Eraikuntzazko jarduerei dagokienez, berriz, baimena jaso dezakete urtegiarekin zerikusia duten turismo, kirol, ingurumen eta aisialdi arloko jarduerei lotutako eraikin eta instalazioek; urtegia eraiki, mantentze lanak egin eta hari zerbitzu emateko beharrezkoak diren ekipamendu, dotazio edo zerbitzuetarako eraikinek eta instalazioek; eta azpiegiturek. Aurreikusitako erabileretarako elementu berezi eta berariazkoak diren aldetik, baimen espresua ematen da hondartzak egokitu eta landarez hornitzeko lanetarako, arrantza-tokiak, aparkalekuak, informazio eta salmenta mugatuko etxola eraikitzeko, hiri-hornigarriak eta zerbitzu higienikoak paratzeko, eta gainerako guztiak galaraziak egonen dira, eremu bakoitzeko baldintza partikularretan adierazten diren salbuespenekin.

Hegaztientzako eremu mugatua:

Eremu honetan baimendurik daude soilik espezieak bertan kokatu eta bizitzeko behar diren egokitzapen eta mantentze lanekin lotutako eraikuntzaz kanpoko jarduerak. Berariaz baimentzen da begiratoki edo/eta behaketa eta interpretazio zentro bat eraikitzea.

C.2. Lurzoru urbanizagarrian:

Lurzoru mota horretakoak dira Nagoreko etxebizitzetarako sektorea eta sektore horretatik lakura proiektaturiko pasealekua, atxiki gabeko sistema orokorreko kalifikazioa duena, desjabetzapen bidez lortu beharrekoa. Hona hemen etxebizitzetarako sektore horren oinarrizko ezaugarriak:

_Azalera: 64.680 m².

_Eraikinen tipologia: Familia bakarreko edo biko etxebizitzak, banakakoak, binakakoak edo atxikiak.

_Sektorearen iparraldeko muturrean dagoen pinudia berdegune publikorako erabiliko da.

_Hotela egiteko lurzatia: gehieneko azalera 7.000 m² eta eraikitako gehieneko azalera, sestra gainetik, 3.000 m².

_Etxebizitzetarako eraikigarritasuna: 40 lurzati x 450 m² = 18.000 m².

_Ereduko aprobetxamendua = 0,385745 UA/m² gordin.

D. Ingurumenaren arloan.

Urtegiaren inguruan dokumentuak naturgune hauek identifikatzen ditu:

_Irati, Erro eta Urrobi ibaietako sistema (BIL) ES2200025.

_ES2200006 BIL, Artxubia-Zarikieta Mendian eta Aretako Mendietan dagoen hegaztien babesgune bereziarekin (HBB B-129) bat datorrena.

_Arralako Basa faunaren babes eremu berezia (APFS-5 Rala).

_Natur erreserbak: Iñarbeko arroila (RN-9), Txintxurreneko arroila, (RN-10) eta Gaztelu (RN-11).

III._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoetak.

III.1. Udalez gaindiko plan sektorialaren aplikazio esparrua.

Plana igortzeko idazkian eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalen arteko lankidetza hitzarmenean, aurkeztutako proposamenari "Udalez gaindiko plana, Nagoreko eta Orotz-Beteluko atzealdeko dikeetako inguruneetan" izendapena ematen zaio. Baina aurkeztutako dokumentuaren izena "Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko udalez gaindiko plan sektoriala" da; planak Nagoreko eta Orotz-Beteluko atzealdeko dikeen inguruetan egin beharreko jarduketak zehaztu eta arautzeaz gain, urtegi osoko bazterren erabilerak ere arautzen ditu, eta Artzibarko, Orotz-Beteluko eta Longidako udalerriei eragiten die.

Lurraldearen antolamenduari buruzko ikuspegi zabal eta integratzaile batetik, aurkeztutako dokumentuaren edukia, hau da, Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko plana, bere osotasunean hartu behar da, eta plan hori deklaratu behar da udalez gaindiko plan sektorial, hasieratik amaierara, bere baitan hartzen duen guztiarekin eta arautzen duenarekin.

III.2. Tresnaren hautaketa.

Dokumentuan adierazten da udalez gaindiko plan sektorialaren figura hautatzeko kontsulta egin zitzaiola aldez aurretik Lurraldearen Antolamenduko Zerbitzuari. Orduan emandako erantzunean adierazten zen udalez gaindiko plan sektorial bat egin eta tramitatzea zela jarduketa integratzaile eta bideragarriena, egin gogo ziren jarduketak gauzatzeko zeuden aukera desberdinak behin aztertu ondoren: "Udalez gaindiko plan sektorialak lurzoruaren mota guztiak sailkatu eta kalifikatzea ahalbidetzen du,... (..).. urtegiko bazter guztien erabilerak arautzea,... (..).. beharrezkoa izan daitekeen garapen instrumentala ezartzea, exekuzio proiektu zehatzen bidez, plan berezi, partzial edo xehetasun azterlanen bidez, kasuan kasuko lurzoruaren sailkapenaren eta hartutako gainerako zehaztapenen arabera".

III.3. Itoizko urtegiaren udalez gaindiko proiektu sektorialeko zehaztapenekiko lotura.

Orain proposatzen diren jarduketek eta arautzeak udalez gaindiko proiektu sektorialean jasota dauden "josteta eta kirol erabilerak" baizik ez dituzte ukitzen; aipatutako erabilera horiek, beste batzuekin batera, proiektu sektorialean jaso dira erabilera nagusiaren -57.000 hektarea ureztatzea_ "erabilera osagarri" gisa, erabilera nagusirako eta gainerako erabilera osagarrietarako proiektuan xedatu denarekin bat datozelakoan.

III.4. Jarduketak eta erabilera eta jardueretarako aurreikusten den araubidea.

Oro har, proposamena egokitzat jotzen da ezaugarri orokorrei dagokienez. Jarduerak betetzeko eremu egokienak identifikatzea, horietarako sarbideak, bide sarea, harrera eremuak, hegaztientzako aurreikusitako eremu mugatua, bai eta Nagoreko hirigintza garapena ere, urtegiaren eta haren ingurunearen esparruan arrazoiturik dauden jarduketak dira, behar bezala azaldu, landu eta justifikatu direnak dokumentuan.

Erabilera eta jardueretarako aurreikusi den araubidea bat dator, oro har, esparruaren izaerarekin. Baina gai honi buruz ohar hauek egin daitezke:

A) Ur babestuen eta babes zerrendaren eraginpeko lurrei "babes" kategoria atxiki behar zaie (babes zerrendan urtegiaren bazterrak sarturik daude, 50 metroko zabaleran, salbu eta harrera eremuak, erabilera murriztuetarako eremu mugatuak eta hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagarria).

B) Ur babestuei aplikatzekoa zaien araubidea ezartzean esaten da "Artzibarko Udalak baimena eman ahalko du, justifikatu ondoren, urtean egiteko modukoak diren jarduerak berrantolatu eta seinalizatzeko, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ere baimena ematen badu aurretik", baina ulertu behar da hori aplikatzekoa dela soilik Nagoreko eta Orotz-Beteluko dikeetatik goiti, uretako jarduera ludikoen kasuan, hau da, bainuan, arrantzan eta ur kiroletan, horiek baitira lakuetan baimendurik dauden bakarrak. Zentzu horretan argitu beharra dago motordun itsasontziak galarazirik daudela, kontuan hartu behar delako urtegiko uraren erabileretako bat pertsonentzako hornidura dela.

C) Babes zerrendei aplikatzekoa zaien araubidean, eraikuntzaz kanpoko jardueren kasuan honakoa hartzen da salbuespentzat: "udal planeamenduak baimena eman dezake atzealdeko bi dikeetatik goiti dauden eremuetan josteta, turismo edo ingurumen jarduerak gauzatzeko"; eraikuntzazko jardueren kasuan, berriz, hauxe: "udal planeamenduak zehaztu ditzake atzealdeko dikeetatik goiti dauden eremuetako josteta, turismo edo ingurumen arloko irabazi asmorik gabeko jarduerak".

Proposamen horiek onargarriak dira, baina arrazoitu eta justifikatuta zehaztu beharko dira kasuan kasuko udal planeamendua aldatzeko espedientean; "baimendu daitezkeen jarduera eta erabilerak" direnez oro har, planeamenduaren gaineko araudiak 35/2002 Foru Legearen mende, zehazki lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedurari buruzko 117. artikuluaren mende utziko du jarduera eta erabilera horien baimenaren tramitazioa (eta horrek Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak arautzen duen prozedurari ekitea ekarriko du). Organo eskudunek, haien artean Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, txostena egin beharko dute aldaketa espedienteari buruz.

D) Artzibarko Andre Mariaren ermitaren inguruko lurrak "babes" lurrak dira, ez "gordetzeko" lurrak.

E) Hegaztientzako eremu mugatuan esaten da "berariaz" baimentzen dela begiratoki edo/eta behaketa eta interpretazio zentro bat eraikitzea. Eremu horretarako ezarritako araubideari jarrikiz, ulertu behar da esan nahi dela "soilik" baimentzen dela begiratoki edo/eta behaketa eta interpretazio zentro bat eraikitzea, eta galarazita daudela gainerako eraikuntzako jarduerak.

IV._Ingurumenaren gaineko gogoetak.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen ondorioen deklarazioa egin behar zaizkie, plan sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.

Errekerimendua egin ondotik, espedienteari erantsi zaio 4/2005 Foru Lege horren 32.2 artikuluan ezarritako ingurumen ondorioen azterlana, ingurumen ebaluazio estrategikoa tramitatzeari ekiteko beharrezkoa dena. Azterlan horretan zehazten dira ingurumenaren gaineko ukipenak, Natura 2000 Sarearen gaineko ukipenei buruzko atal berariazko bat barne, eta xehetasunak ematen dira udalez gaindiko plan sektorialak honakoekin duen loturari buruz: atzealdeko urtegietako proiektuak, Itoizko urtegiaren ingurunean oinezkoentzako ibilbideak egokitzeko proiektua eta Itoizko urtegiaren ingurunean basa faunarentzako aterpe eta erakarguneen sarea egokitzeko proiektua.

Azterlanaren nahikotasuna egiaztaturik, eta foru lege horren 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, bidezkoa da jendaurrean jartzea udalez gaindiko plan sektorialarekin batera.

V._Eskatutako txostenak eta beste.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari eskatu zaizkio txostenak, eta ekainaren 14an Kultura zuzendari nagusiak emaniko 326/2006 Ebazpena helarazi zaigu; horren bitartez "Nagoreko eta Orotz-Beteluko atzealdeko dikeetako inguruneak" xede dituen udalez gaindiko plan sektoriala "baimentzen" da "ondare arkitektonikoaz den bezainbatean", eta baloratzeko daude, beraz, ondare arkeologikoaren gainean izan ditzakeen ondorioak.

Era berean, espedientea ebatzi aurretik Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena bertan egon beharko da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko plana" udalez gaindiko plan sektorial deklaratzea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen ondorioetarako.

2. Era berean, espedientea ebatzi aurretik Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena aurkeztu beharko da.

3. Udalez gaindiko plan sektorialari lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeten atalean eta ingurumenaren gaineko gogoeten atalean adierazten diren gaiak erantsi beharko zaizkio, hots, erabaki honen azalpen zatian jasotakoak.

4. Espedientea ebaztean kontuan hartuko dira Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari ondare arkeologikoari buruz eskatu zaizkion txostenen ondorioak.

5. Egin asmo diren instalazioetan eragina izan edo horiek baldintzatu ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileek behar diren baimen guztiak eskuratu beharko dituzte.

6. Espedientea jendaurrean jartzea eta proiektuaren eraginpeko udalei entzunaldia ematea, 30 egunez. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesatuen eskura Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta honakoei jakinaraztea: Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Herri Lan, Ingurumen eta Kultur Ondarearen zuzendaritza nagusiei, Itoiz-Canal de Navarra Fundazioari eta Longidako, Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko uztailaren 31n._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0613001