60. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2005eko apirilaren 4koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Nafarroako Kualifikazio Sistema eta Lanbide Heziketa garatzeko jarraibideak ezartzen dituena.

Ikusirik Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 14ko osoko bilkuran egindako erabaki proposamena.

Gertakariak:

Nafarroako Gobernuak, 2001eko abenduaren 26ko bilkuran, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak proposaturik, Lanbide heziketa garatzeko Nafarroako Plana onetsi zuen, 2001-2004 urteetarako. Denboraldia bukatu da eta bidea eman du, hondarreko urteetan, gure lurraldeko lanbide heziketa nabarmenki garatzeko.

Nafarroan lanbide heziketaren plan orokor bat sustatu beharra, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko Lege Organikoa eta hari atxikitako arauak berriki onetsi izana eta gai honen gainean Europar Batasunak emandako azken zuzentarauak (bereziki Europako Kontseiluak 2000n Lisboan emandakoak, Kopenhageko 2002ko Deklarazioan bildutakoak eta, azkenik, Maastrichtko 2004ko Adierazpenean ezarritakoak) ikusita komenigarritzat jo da Nafarroako Gobernuak honako erabaki hau sinatzea eta, horrela, balio izanen du lanbide heziketako gazteekin, langabetuekin eta langileekin daukan konpromisoa gizarteari ezagutarazteko. Halaber, erabaki honen gaiek erreferentzia izan behar dute erakundeetan lanbide kualifikazioari edo hasierako prestakuntzari, lanerako prestakuntzari edo etengabeko prestakuntzari lotutako organoek burutuko dituzten egintzetarako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza kontseilariak eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroan Lanbide Heziketa garatzeko eta Kualifikazioen Sistema Nazionala ezartzeko jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak aho batez onetsi zituen 2005eko martxoaren 14ko osoko bilkuran, eta erabaki honen eranskinean agertzen dira.

2. Jarraibideak Nafarroako Gobernuaren organoek Lanbide Heziketaren arloan edo Kualifikazioen Sistema Nazionalari lotutako lanbide kualifikazioen arloan burutuko dituzten egintzetan aplikatuko dira.

3. Erabaki hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko apirilaren 4an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

ERABAKIA, NAFARROAKO GOBERNUAK HARTUA, LANBIDE HEZIKETAREN ETA KUALIFIKAZIOEN SISTEMA NAZIONAL BERRIAREN GAINEKOA

Agiri honek Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko 5/2002 Lege Organikoa Nafarroan garatzeko markoa ezartzen du eta, halaber, gai honetan Foru Komunitateko agente sozial eta ekonomiko garrantzitsuenekin eginen diren hitzarmenen oinarriak finkatzen ditu.

Lanbide heziketa garatzeko Nafarroako Plana, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak egina eta Nafarroako Gobernuak onetsia, 2001-2004 urteetan gauzatu da eta funtsezko helburua erdietsi da: lanbide heziketaren eta kualifikazioaren sistema hobetzea. Haren ebaluazio zehatzak, indarraldiaren bukaeran eginak, erakutsi du neurri handi batean bete egin dela eta, ondorioz, agiri estrategiko horretan zehaztu ziren jarraibideekin segitu behar da. Baina Estatuak gai honi buruz berriki onetsi dituen arauetara moldatu behar dira jarraibideak eta azken urteotan Europar Batasunak eman dituen jarraibideak erantsi behar zaizkie, bereziki, Europako Kontseiluak 2000n Lisboan emandakoak eta Kopenhageko 2002ko Deklarazioan eta Maastrichtko 2004ko Adierazpenean bildutakoak.

Gobernuaren erabaki honetarako oinarri horiek Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak sustatu ditu aho batez. Organo hori parte-hartzailea eta aholku-emailea da eta kideak ditu Administrazioko, sindikatuetako eta lanbide heziketaren, hezkuntzaren eta enpleguaren arloetan diren enpresa elkarte garrantzitsuenetako arduradun nagusiak.

NAFARROAKO LANBIDE HEZIKETAREN ETA KUALIFIKAZIOEN SISTEMAREN PRINTZIPIOAK

Nafarroako Gobernuak jakin badaki gure lurraldean kualifikazioen eta lanbide heziketaren sisteman hobekuntzak eta aurrerapausuak egiten baldin badira, bistan da enpresendako eta langileendako ondorio ekonomiko eta sozial positiboak ekartzen dituela eta lurraldeko kohesio sozialari laguntza handia ematen diola. Ildo horretan, lanbide heziketak xedea izan behar du pertsonei lanbide batean modu eraginkorrean aritzeko gaitasuna ematea eta, hortaz, lanpostu duin bat erdiesteko eta hartan irauteko bidea erraztea. Era berean, enpresei eta produkzio sistemari kualifikaziorik onena bermatu behar zaie, ekonomia gero eta globalizatuago honek eskatzen dituen produktibitate eta berrikuntza helburuak bete ahal izateko. Hori dela eta, sistemaren ondoko printzipio hauei eusten die:

1. Parte-hartzea. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren bitartez, hau baita alderdi guztiek (administrazioa, sindikatuak eta enpresaburuen elkarte garrantzitsuenak) parte hartu, aholku eman eta koordinatzeko lurraldeko organoa, onetsi eginen ditu 5/2002 Lege Organikoan eta hura gauzatzen duten arauetan ezarritako kualifikazioen eta lanbide heziketaren sistema abian jartzeko, garatzeko eta kudeatzeko printzipioak. Horretarako, sektoreetan batzorde aholku-emaileak sortzea sustatuko da, agente ekonomiko eta sozialen parte-hartzea eta kontsulta bideratzeko, bai lanbide heziketari buruzko gaietan, bai eta sektoreetako lehiaren ebaluazioan ere. Batzorde horiek, orobat, Nafarroako Kualifikazioen Institutuaren eta Enplegu Behatokiaren lehentasunezko erreferentzia puntuak izanen dira, kualifikazioen nondik norakoaz eta prestakuntza premien diagnosiaz kontsultatzeko. Bereziki, agente ekonomiko eta sozial garrantzitsuenek Zentro Integratuen funtzionamenduan parte-hartzea bultzatuko da. Sindikatuek irakaskuntzaren alorreko lan kontuetan izaten duten parte-hartzea deusetan galarazi gabe eta hari kontra egin gabe, zentro horiek erabaki honen Nafarroako Lanbide Heziketaren Sistemaren Garapena izeneko atalaren 3.a) puntuan definitzen dira.

Horregatik, printzipio hauen 2. puntuan azaltzen den koordinazioa ukitu gabe, nahitaezkoa da sektoreak agertu eta parte-hartzea ekarpen bikoitza egiteko:

a) Kualifikazio sistemari, sektoreak behar dituen kualifikazioak proposatuz eta lehentasunak finkatuz.

b) Sektoreetako negoziazio kolektiboari, kualifikazio sistematik elementuak eramanez, eta hitzarmenen, kategorien eta lanbide kualifikazioen artean marko koherente bat artikulatuz.

Azken buruan, lanbide heziketa lan eskaerei, lan eskaintzei eta lan kategoriei argi eta garbi lotzea da helburua. Beraz, eragile guztiok hartu behar dute parte aktiboa sisteman.

2. Koordinazioa. Nafarroako Gobernuan Hezkuntzaren eta Lanaren arloetan eskumenak dituzten departamentuen arteko jarduketak koordinatu beharrak eskatzen du erakundeak koordinatzeko egitura egonkor bat izatea, egin beharreko jarduketak Nafarroako agente ekonomiko eta sozial garrantzitsuenekin adostuko dituena, bete beharreko lege markoa, eta alderdi bakoitzaren eskumenak eta eginkizunak kontuan harturik.

Halaber, kualifikazioen sistema nazionalaren garapena Nafarroan teknikoki koordinatu beharrak ere, berekin dakar, Estatuan egin den bezalaxe, laguntza organo gisa eta sistemaren erreferentzia tekniko gisa, Nafarroako Kualifikazioen Institutu berria izatea.

3. Baliabideen optimizazioa. Eraginkortasunezko eta eragimenezko printzipioek bere bizitza osoan lanbide heziketaren zerbitzuan Nafarroan diren giza baliabideen eta baliabide materialen gehieneko aprobetxamendua eskatzen dute, eta erraztasunak eman behar dizkiote prestakuntzaren hiru azpi-sistemetako baliabideen erabilerari.

4. Prestakuntza eskaintzen kalitatea. Erabaki honetatik sortzen den prestakuntza eskaintzak irizpide nagusia izan beharko du kalitatearen xedea, lan munduan atzematen diren kualifikazio berriak ezarriko dira eta eskaintza egokituko da gaitasun unitateetara eta gauzatzeko irizpideetara.

NAFARROAKO LANBIDE HEZIKETAREN SISTEMAREN GARAPENA

Lanbide Heziketa garatzeko Nafarroako Planak printzipio batzuk eta jarduketa sorta bat ezarri zituen, gaur egun haien indar osoarekin dihardutenak. Plan horretatik abiaturik, Nafarroako lanbide heziketaren garapenari jarraipena eman nahi zaio Europar Batasunaren gomendioei atxikiz, hau da, prestakuntza lan bizitza osoan barna aplikatuz (Lifelong Learning). Horretarako, Nafarroako Gobernuaren departamentuen eta agente ekonomiko eta sozial garrantzitsuenen artean behar diren koordinazio eta lankidetza mekanismoak sortuko dira.

Nafarroako Gobernuaren baliabide publikoekin finantzatzen diren hasierako lanbide heziketaren, okupazionalaren eta etengabearen eskaintzak planifikatzean, produkzio sektoreen kualifikazio eskaerei erantzuna emanen zaie, modu orekatuan maila profesional guztietan, eta hartzaileen beharretara eta zirkunstantzia pertsonaletara egokituko dira. Esparru honetan, sektoreka eratutako batzordeek, produkzio egituren, lan antolamenduaren eta teknologia elkartuen ezagupen sakonetik abiaturik, espazio pribilegiatuak sortzen ahal dituzte prestakuntza eskaintzak proposatzeko edo kualifikazio sistematik erantzun zuzena behar duten kualifikazio berriak atzemateko.

Gauzatuko diren prestakuntza ereduek, Batasun Europarrak bizitzan barnako ikaskuntzaz eman dituen jarraibideei atxikitzeaz gainera, prestakuntza sistema aldakorrak egin beharko dituzte, ahalik gehiena moldatzeko prestakuntzaren edukien ezaugarrietara eta prestakuntza-eskatzaileen ordutegietara, eta bereziki zainduko dituzte kualifikazio txikieneko pertsonak prestakuntza eskaintza guztietara sartu ahal izatea, "eskola-laneratzea" trantsizio programak sustatuz. Hori dela eta, ezinbestekoa da prestakuntza programak errealitate sozial berriei eta produkzio arloari egokitzea eta lan merkatuak eskatzen duenaren araberako plangintza egitea, lehentasunez premia hauei erantzuteko:

_Prestakuntza eskaintzaren espezializazio handiagoa langileen benetako defizita daukaten lanbideetarako.

_Emakumezkoendako berariazko prestakuntza eskaintza, tradizioz gizonezkoek hartutako jardueren edo lanbideen gainekoa.

_Eskola porrota izan duten gazteendako eta etorkinendako berariazko prestakuntza eskaintza.

_Programazio malgu eta koordinatu bat, egungo LHOtik ELHra pasatzen utziko duena, behin-behinekotasun handiak eta errotazioak azpisistema batean zein bestean sartzea eragozten dutela kontuan harturik.

_Moduluen araberako heziketatik abiaturik, zenbait urtetako plangintza eta finantzaketa izanik, epe luzerako egintzak behar dituzten heziketa bideak egiteko erraztasunak ematea.

Eginen diren lanbide heziketaren eskaintzek benetako kalitate maila izan beharko dute, aurreko printzipioetan ezarri den bezala, bai erabiliko diren baliabideetan, bai inplikatutako irakasleen edo hezitzaileen kualifikazio tekniko, zientifiko eta didaktikoan. Egintzak zuzenduak dauden kolektiboaren ezaugarrietara moldatuko dira eta kontuan hartuko da egoera zailean dauden kolektiboek lehentasuna izanen dutela. Horri begira, urtero bultzatuko dira irakasleak eta hezitzaileak prestatzeko programak, eta hobekuntza indartuko da lan eremuetan eta berrikuntza teknologiko eta didaktikoaren proiektuetan.

Nafarroako Kualifikazio Sistemak ondoko elementu edo agente kritiko hauek ditu:

1. Behatokia. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menean eta haren Enplegu Behatokian integraturik. Bertan azterketa estrategikoak eginen dira heziketa eskaintzen plangintza eta lan eta eskualde bakoitzaren ezaugarriak uztartzeko. Behatokiak honako jarduketa ildo hauek izanen ditu:

a) Lan munduan kualifikazioaren eskaeraren azterketa, gaur egungoa eta etorkizunekoa, heziketari lotua.

b) Testuinguru geografikoaren azterketa.

c) Heziketa eskaintzaren eta gazteen, langileen edo langabetuen eskaera potentzialaren arteko korrelazioaren azterketa.

2. Nafarroako Kualifikazioen Institutua: Kualifikazioen diseinua eta garapena. Gure lurraldeko produkzioguneetatik egiten diren kualifikazio eskaerak Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak aztertu eta definituko ditu. Horrek Nafarroako Kualifikazioen Institutuaren laguntza izanen du kualifikazio profesionalen eskakizunen eta eskaeren eboluzioa baloratzeko. Prozesu horretan sektoreetako batzordeek informazio eta aholku espezializatuak emanen dituzte.

Definituko diren kualifikazio eskaeren gauzatze teknikoa eginkizun horretan inplikaturik dauden Nafarroako Gobernuaren organoek kudeatuko dute eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak Kualifikazioen Institutu Nazionalari proposatuko dizkio kualifikazioen diseinu berriak edo egungo eskakizun profesionalen aldaketak.

Halaber, Nafarroako Kualifikazioen Institutuak, Behatokiaren txostenak, Kontseiluaren jarraibideak eta sektoreetako batzordeen proposamenak kontuan harturik, heziketa eskaintzak gorpuztuko ditu Kualifikazioen Katalogo Nazionalari atxikirik, izan daitezkeen heziketa bideak sortuz eta haiei loturik egon daitezkeen gaitasunak kreditatzeko prozesuak bideratuz. Proposamenak Kontseiluari igorriko dizkio.

3. Lanbide orientazioaren sare integratua. Kopenhageko Adierazpenak lehentasun nagusitzat jotzen du kide diren estatuetan informazio bilketarako, orientaziorako eta aholkularitzarako politikak, sistemak eta praktikak indartzea. Hori guztia hezkuntza, prestakuntza eta enplegu maila guztietan, bereziki lanbide ikasketei, heziketari eta hezkuntzari buruzko gaietan eta gaitasunak eta kualifikazioak transferitzeari eta onartzeari buruzko gaietan, Europan herritarren mugikortasun okupazionala eta geofrafikoa laguntzeko asmotan. Halaber, Europan "Gaitasunak eta kualifikazioak gauzatzeko egintzen markoa" agiria elkarrekin egin duten solaskide sozialek guztienak diren erantzukizunen artetik aipatzen zituzten kualifikazioa onartzeko informazioa eta orientazioa.

Herritarren kolektibo behartsuenak gizartean eta lan munduan integratzea, eta populazio aktiboaren hobekuntza profesionala gai garrantzitsuenetakoak dira Europar Batasunean eta gure Komunitatean. Hortaz, Nafarroako Gobernuak informaziorako eta orientaziorako kalitateko zerbitzu bat eskaini nahi du pertsonek lanbide eta heziketa bideak aukeratzerakoan laguntza emanen duena eta, aldi berean, lan merkatuaren, lan integrazioaren eta lehiakortasunaren arteko egokitzapen zuzenari bidea emanen diona.

Gaur egun, informazio eta orientazio gaietan, Nafarroak badu baliabide anitz. Ezinbestekoa da, beraz, lanbideen eremuan koordinazioa eta orientazioa izatea, sare sistema baten bitartez. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ardura izanen du lanbideen eremuko informazio eta orientazio sare integratu bat diseinatzeko, eta bere proposamenak Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuko ditu. Sare hau diseinatu eta paratzeko parte-hartze komuneko eredu bat sortuko da eta abian jartzeko jarraipena eta ebaluazio sistematikoa egiteko aukera emanen du. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua onetsi beharko du diseinu hori.

Sareak honako ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Integratua. Parte hartuko dute, eredu koordinatu batean, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak, NEZak egun homologatuak dituen agente sozial eta ekonomiko garrantzitsuenen zentro integralak ere sarearen barne daudela.

b) Deszentralizatua eta sartzen erraza. Nafarroako edozein herritar zuzena edo urrutikoa den informazio eta orientazio sistema batean sartzen ahalko da, eta parte hartzeko ereduak kalitatekoak eta estandarizatuak izanen dira edonon eta edonola tratu berdintasunari bidea emateko.

c) Elkarreragilea. Erabiltzailearen beharretara moldatzeko gaitasuna izanen du.

d) Doakoa. Sareak eskainiko dituen informazioa eta aholkuak, baliabide publikoek finantzatuak, doakoak izanen dira erabiltzaileendako.

e) Koordinatua. Autonomi erkidegoetako, Estatuko eta Europako beste sare batzuekin lotua.

4. Heziketa Ikastetxeak. Nafarroan lanbide heziketa irakatsiko duten ikastetxeen sareak ikastetxe mota hauek izanen ditu:

a) Ikastetxe integratuak. Hauetan hasierako heziketa arautua, langileendako etengabeko heziketa, graduatu ondoko heziketa eta langabetuendako berariazko heziketa emanen dira, heziketaren erreferentzia izanen diren produkzio sektore zehatzetan. Halaber, irakasleak trebatzen lagunduko dute bai eta, eskarmentuaren bidez eskuratutako gaitasuna ebaluatzeko prozesuetan ezarritako jarraibide metodologikoei men eginez, beste zentroei laguntza emanen ere. Orobat, lanbideen gaineko informazioa eta orientabideak emanen ditu, bai heziketari dagokionean bai eta gaitasuna ebaluatzeko prozesuei dagokienean ere.

Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Departamentuak eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak elkarrekin proposaturik, eta Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluari entzun ondotik, ikastetxe hauendako araudiak prestatuko ditu foru dekretu bitartez, eta bertan zehaztuko dira sortzeko prozedura eta betebeharrak, antolamendua eta funtzionamendurako araubidea. Nolanahi dela ere, agente sozial eta ekonomiko garrantzitsuenek parte hartuko dute ikastetxe hauen egintzen plangintzetan eta ebaluazioetan. Horretarako, Ikastetxe Integratuendako Gizarte Kontseilua eratuko da, zentroen zerbitzuen kalitatearen eta egokitasunaren gainean aholku eman dezan.

b) Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak eta itunduak. Ikastetxe hauek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Prestakuntza Zentroa barne, lanbide heziketako egungo ikastetxeen antzera jardungo dute eta parte hartzen ahalko dute lanbide heziketa okupazionalean eta etengabekoan, eta formalak ez diren ikaskuntzak ebaluatu eta onartzeko prozeduran laguntzen ahalko dute.

Ikastetxe hauetan, ikastetxe integratuetan bezalaxe, lanbideen gaineko informazio eta orientazio espezializatuak emanen dira, lanbide orientazioaren sistema integratuan ezarriko denari jarraituko diote eta agente sozial eta ekonomikoen parte-hartzea bideratuko dute, bai zuzenean bai zeharka, araubideetan xedatuko den moduan.

c) Erreferentziako Ikastetxe Homologatuak. Erreferentziako ikastetxe homologatuek agente ekonomiko eta sozial garrantzitsuenak izanen dituzte titular, eta produkzio alorrari eta langileei ematen dizkieten bestelako zerbitzuak deusetan ukitu gabe, Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren enplegurako lanbide heziketan arituko dira. Halaber, etengabeko heziketako, graduatu ondoko heziketako eta langabetuendako heziketako programak prestatuko dituzte, eta populazio aktiboarendako lan eta lanbide orientazio zerbitzua eskainiko dute. Ikastetxe horiek, ezarriko den koordinazioaren esparruan, gaitasuna ebaluatzeko prozesuetan laguntzeaz gainera, beste agente eta entitate batzuei informazioaren eta metodologiaren gaineko laguntza emanen diete, hain zuzen Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aipatzen diren heziketa zerbitzuetan eta gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuetan laguntzen dutenei.

Beste aldetik, ikastetxe horietatik laguntza iraunkorra emanen zaie Nafarroako Kualifikazio Sistemaren kudeaketa eta garapenean inplikatutako organo teknikoei.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak arautuko ditu, batetik, ikastetxe horiei baimena emateko prozedura eta, bestetik, eginkizunak bete ahal izateko ibilitako bidea eta eskarmentua kontuan harturik, baimenerako bete beharko dituzten baldintzak.

d) Ikastetxe Homologatuak. Etengabeko heziketan, graduatu ondoko heziketan eta/edo langabetuendako heziketan espezializatutako ikastetxeak izanen dira, eta baimena izanen dute, zenbait lanbidetan, Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren heziketa motak irakasteko. Berariazko araudi nazionalari atxikiz, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak arautuko ditu, batetik, ikastetxe horiei baimena emateko prozedura eta, bestetik, eginkizunak bete ahal izateko ibilitako bidea eta eskarmentua kontuan harturik, baimenerako bete beharko dituzten baldintzak.

Ikastetxe mota horien arteko harreman teknikoak arau argi eta malguen bidez erregulatuko dira, eta bidea emanen dute unitateen arteko lankidetza positiboa gauzatzeko. Nabarmendu behar da sare-egitura horretan, organikoki, ez dela ikastetxerik beste ikastetxe baten menpean dagoenik. Sistemaren beraren erregulazioak eta ereduak markatuko dituzte harreman horietako jarraibideak eta erreferenteak.

Berariazko lanbide heziketa arautuaren kudeaketa Hezkuntza Departamentuaren eskumena da.

Lanbide heziketa okupazionalaren eta etengabekoaren kudeaketa Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumena da. Hura gauzatzeko, eta Hezkuntza Departamentuarekin ados jarri ondotik, bere heziketa zentroetako giza baliabideak eta/edo baliabide materialak erabiltzen ahalko ditu, edo departamentu horrekin zuzenean itundu.

5. Gaitasuna kreditatzea. 2000ko martxoan Lisboan egindako bilkuran, Europako Kontseiluak bultzada handia eman zien ezagutzaren gizartea indartzeko politikei, ezagutzaren gizartea baitugu Europar Batasunaren garapen sozioekonomikoaren tresna. Estrategia hau inplementatzeko elementu garrantzitsuenetako bat kalitateko lanbide hezkuntza eta heziketa garatzea da. Horrela, estatuek populazio aktiboa trebea eta aldabera izanen dute, produkzio sektoreek eskatzen dituzten aldaketetara moldatzeko gauza. Ondotik, Europako Kontseiluak etengabeko hezkuntzaren gainean emandako Ebazpenean aipatzen da lehentasunen artean ikaskuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren kualifikazioak herrien eta sektoreen artean onartu eta baliozkotu behar direla eta ikaskuntza mota horien arteko oztopoak deuseztatzera jo behar dela. Proposamen horiek berenganaturik, Europako lanbide heziketa eta hezkuntzako ministroek, 2002an Kopenhagen egindako Adierazpenean, prest agertu ziren lanbide heziketaren alorrean gaitasunak eta kualifikazioak onartzeko prozesuei lehentasuna emateko, lankidetza indartuago baten bidez. Gur egun, zenbait herri, Espainia barne, prozesu horiek teknikoki sortzeko puntu kritikoan daude, gero gizartera zabaltzeko.

Nafarroako Gobernuak jarraibide horiek bere gain hartu ditu eta kontsideratzen du gai hau zerbitzu estrategikoa dela pertsonendako, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta kohesio soziala handiagoa izateko. Beraz, jarduketa printzipio hauek proposatzen ditu:

_Gizartearen legitimazioa. Pertsona batek lan eskarmentuaren bidez edo ikaskuntza sistema formalen, ez-formalen edo informalen bidez eskuratu duen lanbide jakintza ebaluatu, kreditatu eta onartzea ez da bakarrik teknika bat; batez ere, gizartearen eraikitze prozesua da, eta bertan ituna eta akordioa funtsezkoak dira. Ituna eta akordioa langilearen eta ebaluatzailearen artean, enpresaren eta langilearen artean edo kreditazio ofiziala ematen duen erakundearen eta enpresa eta elkarteen artean. Ziurtapen ofizialen balioak eta onarpenak zer ikusi handia dute haiek abian jartzeko eragileek izan duten inplikazioarekin.

_Ofizialtasuna. Aurrekoaren alderdi simetrikoa edo osagarria da. Lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuek behar den instituzionalizazio eta ofizialtasun maila baldin badute, kalitatea errazago bermatzen da eta ziurtapenei balio sozia ematen diete.

_Zerbitzuak integratzea. Gaitasuna kreditatzeko prozesuak harrreman estuak eta goi mailako koordinazioa izan behar ditu informazio, aholkularitza eta lanbide-orientazioko sistemekin, helburu horretarako espezializatuak izan edo egoten diren arruntak izan.

Langileen heziketa premien diagnostikoa egitean, kontuan hartuko dira eskarmentuaren bitartez eskuratutako ikaskuntzaren gaitasuna ebaluatzeko eta hari laguntzeko prozesuen emaitzak.

_Funtzionamendu eredua. Nafarroan proposatu da, dagokion arauteriaren arabera, eredu sistematikoa, kalitatekoa eta parte-hartzailea garatzea, prozedura informalen edo lan eskarmentuari lotutako prozeduren bidez egin diren ikaskuntzak ebaluatu eta kreditatzeko politika gauzatzeko.

Langileei informazioa eta aholkua emateko eta ebaluazio prozesuak kudeatzeko, Gaitasuna Kreditatzeko Agentzia sortuko da, Lan Departamentuari atxikia. Ebaluazio eta kreditazio prozesu horietan zenbait eragilek, egintzak eta prozedurak esku hartzen dute eta Agentzia horrek kudeatu eta koordinatuko ditu, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren jarraibideei loturik eta prozedura horiek gauzatzen diren ikastetxe baimenduaren arduradun den entitatearekin edo erakundearekin ados jarri ondoren. Halaber, gaitasuna ebaluatzeko eskaintzen plangintzaren gaineko azterketa estrategikoak eginen ditu, eskualde eta lanbide desberdinetan.

Agentzia berri horren eginkizunak izanen dira deialdiak egitea, gaitasuna ebaluatzeko eskaerak kudeatzea, eskaerak ikastetxeetara bideratzea eta prozesu horiekin heldu diren alderdi ekonomikoak kudeatzea. Orobat, eta legean ezarritakoarekin bat, eman diren ziurtapenen fitxero automatikoa, izenez eta lanbideez osatua, kudeatu eta mantendu eginen du agentziak.

Ikastetxeak, orientatzaileak eta ebaluatzaileak homologatzeko, indarrean dagoen arauteria aplikatuko da eta Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren jarraibideak beteko dira. Emandako kreditazioek Hezkuntza Departamentuak ematen dituen titulu ofizialak akademikoki nola edo hala ukitzen baldin badituzte, departamentu horrek behar diren homologazio baldintzak paratuko ditu.

Beste aldetik, Nafarroako Kualifikazioen Institutuak lanbide gaitasuna onartu, erregistratu eta egiaztatzeko prozedura teknikoak diseinatuko ditu, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak onets ditzan.

Halaber, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak, sektoreetako batzordeen hitzarmenen eta proposamenen bitartez, sektoreak, eskakizunak, eskualdeak eta epeak proposatuko ditu, lanbidean eskarmentu kreditatua daukaten langileei beren ezagupenak ofizialki onesteko aukera emateko. Baita ere, langile batek duen prestakuntzari dagokion ziurtapena erdiesteko sistema bat izanen da, eta enpresaburua sistema horretaz baliatuko da gaitasun eskakizun zehatz bat duen langilerik edo langabeturik ba ote dagoen jakiteko.

Azkenik, gaitasunak ebaluatzeko sistema legeari atxikiz eginen da, ondoko faseak eta zerbitzu emankizunak kontuan harturik:

a) Informazio fasea. Langilearendako informazio sistema eraginkorra gauzatzea proposatzen da, eta laguntza tresna garbiak dituena. Horretarako, Gaitasuna Kreditatzeko Agentziak prozesu hauen gaineko informazio ofizial eta publikoa emanen du. Horri begira, hitzarmenak eginen dira organo berri hau egun dauden beste informazio eta orientazio zerbitzu batzuekin, publikoak zein agente sozialenak zein beste entitate batzuenak izan, lankidetzan aritzeko.

b) Orientazio fasea. eginkizun hauek aurrera ateratzeko profesional homologatuak izatea proposatzen da eta, behar diren betebeharrak finkatu eta gero, berariazko prestakuntza jasoko dute izan behar dituzten eginbeharretara moldatua. Langile horiek Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko kide diren alderdi guztietatik etorriko dira, hots, Hezkuntza Administraziotik, Lan Administraziotik eta agente ekonomiko eta sozial garrantzitsuenen aldetik. Halaber, laguntzarako beharrezko diren agiriak eta sistema teknologiko-informatikoak garatuko dira.

c) Ebaluazio fasea. Fase hau gauzatzean beharrezkoa da ebaluatzaileek sakon-sakon ezagutzea sektorea eta lanbide bakoitza, bai eta ebaluazioaren beraren teknikak, mugak eta zenbaterainokoak ere. Gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuaren fidagarritasuna, sinesgarritasuna eta emaitzak, azken funtsean, langileen lanean datza, orientatzaileak izan edo ebaluatzaileak izan. Gaitasunak berak eta profesional horiek prestatu, kreditatu eta homologatzeko sistema zaintzea lehenbizi egin beharreko zereginetako bat izanen da. Prozesu honetan, orientatzeko eta ebaluatzeko ereduak eta ebaluatzaileak eta orientatzaileak aukeratu eta prestatzeko irizpideak Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak baliozkotuko ditu.

Izangaien gaitasunak ebaluatzen parte hartzen duten ebaluazio taldeek eskakizun osagarriak izanen dituzte: batetik, espezialitate bakoitzean homologatutako hezitzaileak egonen dira eta, bestetik, jardunean dauden profesional adituak, kasuan kasuko sektoretik etorriak eta lan eskarmentu egiaztatua daukatenak.

Iragarkiaren kodea: F0510087