54. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

498/2005 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Pablo Domingo Arenzana jaunari Ingurumen arloko Baimen Osatua ematen diona eta aurkeztu duen proiektuaz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

2004ko uztailaren 16an, zerriak gizentzeko ustiategi bat handitu ahal izateko baimen eskariaren espedientea aurkeztu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan. Instalazioak handitu nahi dira zerriak gizentzeko nabe bat eraikiz (700 toki), 700 metro koadroko azalerakoa, eta minden beste putzu bat, 780 metro kubokoa, oraingo instalazioak hartzen dituen finka berean (orain bi gizendegi daude, guztira 1.500 zerrirendako tokia eta mindak biltzeko putzu bat kanpoan, 600 metro kubokoa); hori guztia Cadreitan, La Serna alderdian, 2. poligonoko 145. eta 147. lurzatietan (U.T.M. koordenatuak: X-607.015 Y-4.675.985). Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategiek ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko 4. artikuluan ezarritakoaren menpe dago jarduera, kokalekuari dagokionez 5. artikuluan ezarritakoak ez diren baldintzak baititu. Ustiategiak, proiektatu bezala handitutakoan, 2.200 zerri (20-105 kg) gizentzeko tokia izanen du, guztira. 1. eranskinean ageri da proiektuaren deskribapena.

Jarduera sailkatu da Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 1. multzoko e) idatz-zatian (lege horrek ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zuen), bai eta kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3. epigrafean ere. Beraz, xedapen horiei loturik dago.

Espedientean izapide eta txosten egokiak egin dira, kutsaduraren kontrol eta aurreneurri integratuei buruzko 16/2002 Legean ezarritakoari jarraikiz. Ingurumen arloko baimen osatua emateko prozeduraren barnean, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak ingurumen ebaluazioaren arloan agintzen dituen jarduketak egin dira (lege horrek Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zuen).

2004ko irailaren 3an, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia argitaratuz, hasiera eman zitzaion proiektua jendaurrean azaltzeko aldiari, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko irailaren 30eko 1131/88 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa betez.

Proiektua jendaurrean egon den denboran, ez da alegaziorik aurkeztu.

2005eko urtarrilaren 19an, Cadreitako Udalari espedientearen kopia igorri zitzaion, eta instalazioak haren eskumeneko alderdi guztiei egokitzen zitzaizkien jakiteko nahitaezko txostena eskatu zen, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat; eta 2005eko otsailaren 17an jaso zen, aldekoa hain zuzen.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena._Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea Cadreitako La Serna alderdian Pablo Domingo Arenzana jaunak egin nahi duen zerritegiari buruz (gizendegia), proiektu hori ingurumenaren aldetik bideragarritzat jotzen baita, eta enpresa horri Ingurumenaren arloko Baimen Osatua ematea. Jardueran 2. eranskineko neurriak bete beharko dira.

Bigarrena._Baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino 10 hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du.

Hirugarrena._Jardueran aldaketaren bat egin nahi izanez gero, haren berri eman beharko zaio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta, 16/2002 Legearen 10.2 artikuluan adierazitako irizpideak kontuan hartuz, arrazoiak eman funtsezko aldaketatzat hartu behar den edo ez jakiteko. Bidezko frogagiriak erantsiko dira, eta aipatu legearen 10.4 eta 10.5 artikuluan adierazitakoa aplikatuko da.

Laugarrena._Jardueraren titularra behartuta dago Isuri Kutsagarrien Estatuko Erregistroan izen emana egotera jarduera abiatzen den unetik beretik, eta bere isuri kutsagarrien berri ematera jardueraren lehen urtearen ondoren eta, gero, urtean behin gutxienez, 16/2002 Legearen 8.3 artikulua eta Europako Batzordearen 2000ko uztailaren 17ko Erabakia aplikatuz.

Bosgarrena._Kokalekuari dagokionez, txosteneko jarduerari 2414/61 Errege Dekretuan ezarritako distantzien erregimena aplikatzen ahal bazaio ere, dagozkion departamentuek emandako txostenak eta espedienteko dokumentazioa aztertu ondoren, uste da haren ezarpena onar daitekeela, izan ere, proiektuan proposatutako neurriek eta departamentu honek finkatutako neuri zuzentzaileek, jarduerarako baimena emateko lotesleak direnek, ingurumena eta pertsona edo ondasunen osasuna eta segurtasuna babesteko erregimen hobea ezartzen dute jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko erregelamenduan aurreikusitako distantzia orokorra errespetatuz lortzen ahal dena baino.

Seigarrena._Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

Zazpigarrena._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Zortzigarrena._Ebazpen hau Pablo Domingo Arenzana jaunari, Cadreitako Udalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinaraztea, bidezko ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko martxoaren 15ean._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

1. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

2004ko uztailaren 16an, zerriak gizentzeko ustiategi bat handitu ahal izateko baimen eskariaren espedientea aurkeztu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan. Instalazioak handitu nahi dira zerriak gizentzeko nabe bat eraikiz (700 toki), 700 metro koadroko azalerakoa, eta minden beste putzu bat, 780 metro kubokoa, oraingo instalazioak hartzen dituen finka berean (orain bi gizendegi daude, guztira 1.500 zerrirendako tokia eta mindak biltzeko putzu bat kanpoan, 600 metro kubokoa); hori guztia Cadreitan, La Serna alderdian, 2. poligonoko 145. eta 147. lurzatietan (U.T.M. koordenatuak: X-607.015 Y-4.675.985). Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategiek ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko 4. artikuluan ezarritakoaren menpe dago jarduera, kokalekuari dagokionez 5. artikuluan ezarritakoak ez diren baldintzak baititu. Ustiategiak, proiektatu bezala handitutakoan, 2.200 zerri (20-105 kg) gizentzeko tokia izanen du, guztira.

Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen eragina duten instalazioak.

"Dena barrenean-dena kanpoan" lan sistema erabiliko da.

Energia elektrikoa izateko gasolio bidezko sorgailu bat jarriko da.

Urtean 3.650 litro gasoil beharko ditu.

Cadreitako Ureztatzaileen Elkartearen ureztaketa saretik eginen da ur hornidura. Urtean 5.163ren bat metro kubo beharko da.

Ur-kontagailua izanen da kontsumoa kontrolatzeko.

Instalazioak garbitzeko, aurretik busti eginen dira urarendako aho mikrobarreiatzaileen bidez, eta gero garbiketa eginen da presiozko ur ekipo eramangarri batekin.

Animaliek berek hartuko dute jatekoa pentsurako kalapatxetatik, eta bertan jarritako edontzietan emanen zaie edatera; zerri eta zikloko 660 litro beharko dira urtean (2,67 ziklo urteko).

Bi pentsu mota erabiliko dira, proteina gordinaren eta fosforoaren konposizio desberdinak dituztenak, eta gizentze fase bakoitzari egokituta; urteko 937.500 kg-ko kontsumoa kalkulatu da.

Abeltzaintzako nabeek parrilladura izanen dute minda biltzeko barreneko putzuen gainean, eta grabitatez hustuko dira kanpoko putzuetara kanal-sare baten bidez; azken horietan 1.380 metro kubo bil daitezke guztira.

Mindak tratatzeko sistema bat jarriko da nabeetan, astean behin produktu biologiko likidoak aplikatuz, minda fluidotu eta usainak eta amoniako igorpenak gutxitzeko.

Kanpoko minda putzuak PVCko xafla baten bidez estaliko dira.

Solidoak bereizteko sistema instalatuko da mindak tratatzeko, 100 mikrako mikroiragazpen unitatearekin. Sistema horrek hektareako 6,3 metro kubo tratatzeko ahalmena izanen du.

Sortzen den simaurra labore landetan zabalduta balioztatuko da; horretarako azalera egokia 102 hektareakoa da gehienez (67 hektarea arto landetan, 8 hektarea gari landetan eta 9 neguko barazkietan), simaurra ekoiztu eta kudeatzeko planaren arabera (espedienteari erantsia).

10 metro kuboko zisterna baten bidez eginen da nekazaritzako ureztaketa; mindak banatzeko sistema bat izanen du, horretarako atzealdean banaketarako izanen diren barra batzuei lotutako hodi esekiak erabiliz (barrak 14 metro zabal).

2. ERANSKINA

Baimenaren edukia

1._Gehieneko isuriak.

Laborantzako lurretan zabaltzen diren simaur likido edo solidoen urteko dosiak nitrogeno kopuru hauen parekoak izanen dira gehienez ere, labore motaren arabera:

_60 KgN/ha zereal landetan.

_250 kgN/ha arto landetan.

_Neguko barazkiak: Nafarroako Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean labore mota bakoitzerako ezarritako gomendioen arabera.

Jateko kalapatxetan bertan jarritako edontzietan emanen zaie edatera animaliei; emaria minutuko litro bat gehienez.

Ur kontagailu bereizia jarriko da edontzietara ura banatzeko hodi nagusian.

Pentsuetako proteina gordina eta guztirako fosforoa ez dira ondoko taulan adierazitako kopuruak baino handiagoak izanen fase bakoitzean:

PROTEINA FOSFOROA

F A S E A GORDINA GUZTIRA

(% JANARIAN) (% JANARIAN)

25-50 kilogramo 17 0,55

50-110 kilogramo 15 0,49

Kanpoko minda putzuak sistema egokiz estaliko dira, estalki zurruna edo olanak jarriz edo material flotatzaileak (pikor natural nahiz artifizialak, mintzak eta abar) edo antzeko eragina duten sistemak erabiliz, atmosferara doazen emisioak ahal den heinean gutxitzeko eta euri ur garbiaren biltontzian mindarik ez sartzeko.

2._Lurzoruaren eta lurpeko uraren babesa.

Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira une oro bermatzeko minden kanpoko putzuak egiteko erabiltzen diren elementuen iragazgaiztasuna, estankotasuna, erresistentzia eta egonkortasun mekanikoa.

Kanpoaldeko minda putzuan gerta litezkeen filtrazioak detektatzeko behaketa eta kontrol sistema jarriko da (drainatze sarea behaketarako kutxetarekin, edo antzeko eraginkortasuna duen beste sistema bat).

Laborantzako lurrak ezin izanen dira simaur likidoak erabiliz ureztatu eguraldia horretarako egokia ez bada, eta inoiz ere ez lur izoztu edo elurtuetan, urasetu edo istilduetan, larre utzietan edo lur alferretan, ez eta % 20tik gorako malda duten lurretan ere.

3._Hondakinak kudeatzeko prozedura eta metodoak.

Laborantzako lurretan simaur likidoa botatzeko erabiltzen diren bitartekoek bermatu egin behar dute simaur likidoa modu homogeneoan banatuko dela lurzatiaren azalera egoki osoan. Hartara, ez da simaurra ahurtaraka zabaltzeko ekiporik erabiliko, haizemaile gisako formak eta botatako minden atomizazioa saihesteko. Beti errespetatu behar dira ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan eta martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretuan horretarako ezartzen diren mugak. Izan ere, lehenbizikoan Nafarroako Foru Komunitateko abeltegiek bete beharreko ingurumeneko baldintza teknikoak ezarri ziren, eta bigarrenean zerritegiak antolatzeko oinarrizko arauak. Horrek ez du galaraziko hemendik aurrera araudi berrietan ezartzen ahal diren baldintzak bete edo mugak errespetatu beharra, aplikagarriak izanez gero.

Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean Nafarroarako aurreikusitako neurriak bete beharko dira.

Minda 24 orduko epean lurperatu beharko da labore garaturik gabeko lurretan, edo laborearen egoerak aukera ematen duen tokietan.

Abere hilak kudeatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 (EE) Erregelamenduan ezarritako arauak beteko dira, bai eta 2003ko azaroaren 21eko 1429/2003 Errege Dekretua ere, haren bidez arautzen baitira aipatu erregelamendua aplikatzeko baldintzak.

Sortzen diren hondakin zoosanitarioak, arriskutsuak baldin badira, esate baterako infekzioak direla-eta bildu eta deusezteko baldintza bereziak behar dituztenak (LER 180202* kodeak), objektu zorrotz eta ziztakariak barne (xiringak...), bereizi eta edukiontzi edo biltegi iragazgaitzetan gordeko dira, euritik ongi babesturik, gero haiek kudeatzeko behar den baimena duen enpresaren esku uzteko. Jarduerari hasiera eman aurretik, enpresa kudeatzaileak emandako onarpen agiria eskuratu beharko da.

4._Isuriak eta hondakinak tratatzeko sistema eta prozedurak, zehatz azalduta haiek neurtzeko metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak.

Zainketa Planaren erregistro eta kontrolerako liburua eduki behar da. Bertan honako hauek jasoko dira:

_Laborantzako lurrak ureztatzeko plana, datu hauek bilduko dituena:

.Sortzen den simaur kantitatea.

.Nekazaritzarako balorizazioa: simaurra jasotzen duten laborantzako lurzatien identifikazioa, data, lurzati bakoitzean zabaltzen den simaur kantitatea, horretarako erabilitako lurzati portzentajea, emandako dosia, simaurra zabaltzeko erabilitako sistema, lurzatiko labore mota, eta lurperatu arte iragaten den denbora.

_Mindak jaso behar dituzten lurren hasierako ezaugarrien azterketa eta haien parametro fisiko-kimikoen jarraipenaren emaitzak.

_Minda eta simaurren analisien emaitzak.

_Pentsu kontsumoaren erregistroa eta pentsuen kontrolari dagozkion analisien emaitzak (sei hilean behin).

_Mindak tratatzeko produktu biologikoaren kontsumoaren eta aplikazioaren erregistroa.

_Minden biltegietan fluidotzeko eta usainak moteltzeko produktuak erabili zireneko eguna eta dosiak.

_Edontzietara ura banatzen duen hodi nagusian ur kontsumoaren kontagailuak egunero ematen dituen balioak.

_Ura banatzeko instalazioen aldizkako azterketa eta kontrolen emaitzak, edateko uraren instalazioen kalibratzea eta ur jarioen detekzio eta konponketa barne.

_Gertaera garrantzitsuei buruzko oharrak.

Erregistro eta kontrol liburua instalazioetan eduki behar da, eguneraturik, eta jarduera kontrolatu eta ikuskatzeko lanak egin ohi dituzten langile guztien eskura.

Zainketa Planaren emaitzak urtero aurkeztuko zaizkio Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari.

5._Funtzionamendu okerreko egoeretan hartu beharreko neurriak.

Suteen kontrako babesa: indarreko arauetan xedatutakoari jarraikiko zaio (NBE-CPI/96, industri establezimenduetako suteen kontrako Segurtasun Erregelamendua eta beste xedapen berariazko batzuk), nekazaritzako ingeniariaren proiektuan (2003ko urrian ikus-onetsia) proposaturiko baldintzen arabera.

Itzalgailuen kopurua eta banaketa honako baldintza hau betetzeko moduan antolatuko da: suak hartutako sektoreko edozein puntutatik itzalgailura bitarteko distantzia gehienez 15 metrokoa izanen da. Dotazioa osatzeko, CO2ko bat (5 kg-koa) jarriko da edo suteen kontrako BC edo ABC hauts lehorrekoa (6 kg-koa), koadro elektrikoaren eta/edo ekipo elektrogenoaren ondoan.

Zoru, horma eta sabaiak estaltzeko erabiltzen diren materialak M2 motakoak izanen dira, edo egokiagoak (bazter geldituko dira sabaileihoak, exutorioak, etab.).

Nabeetatik kanpora ateratzeko oinezkoentzako ateak jarriko dira, ardatz bertikalekoak eta eskuz irekitzekoak. Edozein tokitatik ate batera 50 metro baino gehiago ez egoteko moduan jarriko dira.

6._Bestelako aginduak.

Nabearen lekuan lurra berdindu eta zimenduak jartzearen ondorioz sobran gelditzen den lurra zabortegi baimendu batera eramanen da.

Iragarkiaren kodea: F0504763