50. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ESTERIBAR

Udalaren dirulaguntzen kontzesioa arautzen duen ordenantza behin betikoz onetsirik

Esteribarko Udalak, 2004ko abenduaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren dirulaguntzen kontzesioa arautzen duen ordenantza.

Onesteko erabakia 2005eko 13. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 31n, eta jendaurreko epean inork ez baitu alegaziorik aurkeztu, bidezko da ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik ematea argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Esteribarren, 2005eko martxoaren 16an._Alkatea, Francisco Javier Borda Garde.

DIRULAGUNTZEN KONTZESIOAREN GAINEKO ARAUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Arau hauen xedea da herritarren entitate eta talde irabazi asmorik gabeei dirulaguntzak emateko eta justifikatzeko araubidea ezartzea, sektore publikoaren eta elkarteen arteko lankidetza, elkarte sareen sorrera eta herritarrek udal jarduketan parte hartzea sustatuko duten proiektuak egin beharrez.

Arau hauek aipatzen dituzten dirulaguntzak objektibotasun, lehia eta publikotasun printzipioekin bat emanen dira eta administrazio jardueren gardentasuna bermatuz. Horretarako, dirulaguntza emateko organo eskudunak ezarriko ditu kontzesioa arautuko duten oinarriak, halakorik ez bada eta kredituak xedatu aitzin.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Arau hauek herritarren elkarte eta taldeei aplikatuko zaizkie, alegia, 1. artikuluak aipatutako proiektuak udalerri honetan obratzen dituztenei, deusetan ukatu gabe halako deialdi batzuetarako oinarri berariazkoekin borobildu ahal izatea, halakorik behar bada.

3. artikulua. Zer araubide juridikori lotzen zaion.

Arau hauek toki araubideari buruzko Estatuko araudiari lotzen zaizkio, erran nahi baita, funtsean, apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legea, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretua eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea, baita ekitaldi honetako aurrekontua betearazteko oinarriei lotu ere

4. artikulua. Lehia moduan.

Arau honetako dirulaguntzen deialdia lehia moduan eginen da eta, beraz, horiek emateko beharrezkoa izanen da prozedura bakar batean konparatzea eskabide bat baino gehiago, halakorik bada, betiere arau hauetan eta behar den deialdia zuzenduko luketen oinarrietan, halakorik izatera, ezarritako irizpideei jarraikiz.

Diruz lagundu beharreko jardueraren ezaugarriak edo delako jarduera burura eraman behar duen pertsona edo entitatearen bereizgarriak direla-eta, lehia publikoa sustatzea ezina denean, dirulaguntzak emanen dira emateko ahalmena duen organoaren ebazpenaren edo haren erabaki arrazoituaren bidez; hartan jasoko da zer arrazoi dauden deialdia lehia modutik salbuesteko, baita eskuratzen diren diruen aplikazioa nola egiaztatu beharko den ere. Betiere behar den espedientea tramitatuko da.

5. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Behar diren deialdietan aurreikusitako dirulaguntzek behar bezalako kontusailak izanen dituzte udal aurrekontuan.

Lehia moduan egiten diren deialdietan, zein eskabideri eman zaien baloraziorik handiena, haiexek baiesten ahalko dira, betiere arau hauetan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte, aurrekontuko kreditua agortu arte.

Arau hauetan arautzen diren dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz onuradunak egin beharreko jardueraren aurrekontua baino handiagoa izanen, ez bakarka ez nazioko edo atzerriko bertze administrazio publiko batzuen edo bertze entitate publiko edo pribatu batzuen dirulaguntza edo laguntzekin batean.

6. artikulua. Dirulaguntza eskuratzen dutenen baldintzak.

Arau hauetako dirulaguntzak eskatzen dituzten herritarren entitate eta taldeek, irabazi asmorik ez izateaz landa, dagokien deialdian eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

7. artikulua. Dirulaguntza eskuratzen dutenen eskubide eta betebeharrak.

Dirulaguntza eskuratzen duten entitate edo taldeek eskubidea izanen dute toki entitatearen sostengu eta lankidetza eskatzeko eta erdiesteko (baimenak, lizentziak, etab.) diruz laguntzen den jarduera edo proiektua burura eraman beharrez.

Dirulaguntzen onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

1. Dirulaguntza onartzea. Hori posible ez bada, uko egin beharko diote, espresuki eta arrazoituta, eta horretarako hambortz eguneko epea izanen dute, dirulaguntza eman delako jakinarazpena jasotzen duten egunetik hasita.

2. Dirulaguntza zer jardueratarako eman zen, hura egitea proiektuan adierazten zen gisa berean.

3. Toki entitate emaileari jarduera egin dela egiaztatzea eta laguntza emateko baldintzak betetzea.

4. Entitate emaileak egiaztatzeko egin ditzaken jarduketei men egitea, eta eskatzen zaizkion datuak ematea.

5. Proiektua burura eramatean sor daitezkeen adalketen berri ematea toki entitateari, baita horiek behar bezala arrazoitzea ere.

6. Entitate emaileari jakinaraztea baldin eta, xede berarekin, nazioko nahiz nazioarteko bertze administrazio publiko batzuen edo bertze entitate publiko edo pribatu batzuen dirulaguntza edo laguntza jaso bada.

7. Dirulaguntza behar bezala justifikatzea, III. tituluan aurreikusten den maneran.

II. TITULUA

Prozedura

I. KAPITULUA

Hastapena

8. artikulua. Deialdia.

4. artikuluko bigarren leroaldean aurreikusten den kasua kenduta, prozedura abiatzeko bidea deialdia izanen da; hura ebazteko ahalmena duen organoak egina eta Udal honen iragarki oholean argitaratua.

Deialdiaren iragarkian gutienez hau zehaztuko da::

1. Dirulaguntzaren helburua eta xedea.

2. Dirulaguntza eskatzeko baldintzak.

3. Interesatuek udal bulegoetako zer lekutan eskura ditzaketen deialdiaren oinarriak.

4. Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

9. artikulua. Deialdiaren oinarriak.

Deialdia argitara eman baino lehen, prozedura ebazteko ahalmena duen organoak hura lotuko duten oinarri berariazkoak onetsi beharko ditu.

Oinarriek, betiere, arau hauek errespetatu beharko dituzte, eta gutienez ere hauek izanen dituzte:

1. Deialdiaren xedea, baldintzak eta helburua.

2. Dirulaguntza aurrekontuko zer kontusailek hornituko duen.

3. Eskatzaileek zer baldintza bete behar dituzten.

4. Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabidearekin batean joanen diren agiri eta argibideak.

6. Eskabideak baloratzeko irizpideak.

7. Dirulaguntza zer xedetarako eman den, onuradunak hura bete duela egiaztatzeko epea eta modua.

8. Prozedura eraman eta ebazteko ahalmena duten organoak.

9. Eamandako dirulaguntza ordaintzeko modua.

10. Prozedura ebazteko epea.

II. KAPITULUA

Eskabideen aurkezpena

10. artikulua. Eskabideen aurkezpena eta epeak.

Interesa duten entitate eta taldeek deialdian aipatzen den epearen barnean eskatu beharko dute dirulaguntza; horretarako bereziki ezartzen den inprimakian gauzatzen ahalko da hori. Deialdiaren oinarri berariazkoek ezar dezaketena deusetan ukatu gabe, eskabideari ondoko artikuluetan zehazten diren agiriak gehituko zaizkio.

11. artikulua. Eskaria non aurkeztu eta zein organori zuzendu.

Eskabideak eta haiekin batean doazen agiriak Udal honen erregistro orokorreko bulegoetako edozeinetan aurkeztuko dira, eta alkate udalburuari zuzenduko zaizkio.

12. artikulua. Elkarteek eta nortasun juridikoa duten bertzelako entitateek aurkeztu beharreko agiriak.

Dirulaguntza eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Elkartea zer-nor ordezkatzen duen neurtzeko.

_Udalbatzaren Idazkaritza Orokorraren ziurtagiria, Udalaren interes publikoko deklarazioa frogatzen duena, halakorik bada.

_Entitatearen ordezkaritza organoen zinpeko aitorpena, jasotzen dituena kuoten ordainketa eguneratua duten bazkideen kopurua eta urteko ekitaldian nahiz aitzinekoan egiazki kobratu direnak.

_Entitateak aitzineko urtean egin dituen jardueren oroit-idazkia.

b) Dirulaguntza zenbakietara ekartzeko:

_Zinpeko aitorpena, erakunde publiko nahiz pribatuetatik programa horretarako bildu diren dirulaguntzen gainean.

_Eskatzen den dirulaguntzaren premia azaltzeko txostena.

_Dirulaguntza zer proiektu zehatzetarako eskatzen den, eta hura burura eramateko egin beharreko gastu eta dirusarreren aurrekontu xehekatua.

_Proiektuaren bururatzearen segimendu eta autoebaluazio sistemak.

_Eskatutako dirulaguntzak hobeki baloratzeko beharrezkotzat jotzen den bertze edozein agiri.

_Orobat, aurkeztu beharko dituzte:

_Entitatearen legezko ordezkariaren zinpeko aitorpena, dioena desgaiturik ez dagoela administrazio publikoekin kontratua egiteko ez haien dirulaguntza eskuratzeko, eta dioena, orobat, entitatearen izenean aritzeko ahalmena duela.

_Ziurtagiria, ogasun publikoarekin zorrik ez duela eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko.

_Ziurtagiria, Udalarekiko zerga betebehar guztiak eguneratuak dituela egiaztatzen duena.

_Dirulaguntza onartuko balitz, zein banku entitateri egin behar litzaiokeen zenbatekoaren transferentzia, eta haren datuak.

13. artikulua. Herritarren taldeek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

_Dirulaguntza zer proiektu zehatzetarako eskatzen den, eta hura burura eramateko egin beharreko gastu eta dirusarreren aurrekontu xehekatua.

_Proiektuaren bururatzearen segimendu eta autoebaluazio sistemak.

_Eskatutako dirulaguntzak hobeki baloratzeko beharrezkotzat jotzen den bertze edozein agiri.

_Taldearen ordezkariaren datu pertsonalak (izen-deiturak, IFZ, helbidea, telefonoa, e-posta, etab.).

_Proiektua osatzen duten pertsonen izenen zerrenda, eta haien onarpen espresua.

_Entitatearen legezko ordezkariaren zinpeko aitorpena, dioena desgaiturik ez dagoela administrazio publikoekin kontratua egiteko ez haien dirulaguntza eskuratzeko, eta dioena, orobat, entitatearen izenean aritzeko ahalmena duela.

_Zenbaiten arteko banku kontua, gutienez ere hiru titular dituena.

14. artikulua. Eskabideko akatsen zuzenketa.

Eskabide idazkiak betetzen ez baditu tramitatzeko behar diren baldintzak, errekerimendu eginen zaio idatziz eskatzaileari hamabortz eguneko epean atzemandako akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskariari uko egin diola ulertuko dela eta jarduketak artxibatuko direla tramite gehiagorik gabe, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

III. KAPITULUA

Tramitazioa

15. artikulua. Administrazio prozedura erkidearekin bat.

Eskabideen tramitazioa, bidezko diren txostenak, errekerimenduak, ebazpena, jakinarazpenak, errekurtsoak eta prozedura burutzeko behar diren egintza guztiak bat etorriko dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean agintzen denarekin.

16. artikulua. Balorazio batzordeak.

Proiektuak baloratzeko, balorazio batzordeak era daitezke; haien osaera eta egitekoak bakoitzaren deialdian zehaztuko dira.

Balorazio batzordeari ebazpen proposamena aurkeztea dagokio. Proposamena ez da loteslea izanen, eta adierazi beharko du zer eskatzaileri edo eskatzaile zerrendari proposatzen den dirulaguntza ematea, haren zenbatekoa, eta horretarako segitu diren balorazio irizpideak.

IV. KAPITULUA

Laguntzen ebazpena eta ordainketa

17. artikulua. Ebazpena.

Dirulaguntza eskabideak ebazteko eskumena gastua xedatzeko eskumena duen organo berak izanen du, deusetan ukatu gabe Gobernu Batzordearen alde egin daitekeen eskuordetzea. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, dirulaguntza eskabideak ebazteko gehienez ere hiru hilabeteko epea izanen da horiek aurkezteko deialdian ezarritako epea amaitzen den egunetik hasita, eta administrazioaren isiltasuna ezespentzat hartuko da.

Dirulaguntza ebazteko erabakia entitate eskatzaileari jakiraziko zaio. Onartuz gero, hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko moldea, zer baldintzetan ematen den eta ezarri ahal izan diren kontrol bideak, halakorik bada.

Ez da inolako dirulaguntzarik emanen aitzineko dirulaguntzak behar bezala justifikatzen ez diren artean.

18. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Betiere posible bada, onartutako zenbatekoa dirulaguntza onartzen den unean ordainduko da.

Egokia juzgatzen denean, deialdiaren oinarriek ordainketa zatikatzeko sistema ezartzen ahalko dute; orduan, dirulaguntzaren bigarren atala kobratzeko baldintza izanen litzateke lehenbiziko atala _egiazki ordaindua_ justifikatzea.

III. TITULUA

Dirulaguntzaren justifikazioa

I. KAPITULUA

Justifikatu beharra eta dokumentazioa

19. artikulua. Justifikatu beharra.

Udalaren aurrekontuaren kontura dirulaguntza hauek eskuratzen dituzten elkarte edo entitateek justifikatu beharko dute betiere eta, beharrezkoa bada, zerbitzu tekniko eskudunek eskatuta, eskuratutako diruen aplikazioa; kontzesioa zein organok tramitatu duen, haretxeri zuzendu beharko zaio justifikazioa eta horretarako hiru hilabeteko epea izanen du, gehienez, dirulaguntza jaso duen proiektu edo jarduera egiteko hasiera batean aurreikusi den datatik hasita.

Proiektua edo jarduera aipatu datan burutzen ez bada, onuradunak idatziz eskatu beharko du justifikatzeko epearen luzapena haren hondar eguna zehaztuta.

20. artikulua. Proiektua burura eraman dela egiaztatzeko manera.

Baliabide hauen bitartez egiaztatuko da diruz lagundutako proiektua edo jarduera burura eraman dela:

a) Oroit-idazki zehatza, azatzen duena proiektu edo jarduera osoa aurrekontuaren arabera burura eraman dela eta espresuki aipatuz lortutako emaitzak, eskabidearekin batean proposatutako segimendu eta autoebaluazio sistemak erabiliz ondorioztatuak.

b) Hartzailearen ziurtagairia, dirulaguntza zertarako eman zen, xede hori aurkeztutako proiektuaren arabera bete dela dioena.

c) Orobat, dirulaguntzaren hartzaileek ordainagiri eta faktura guztien jatorrizkoak ekarri beharko dituzte, haien zenbatekoa emandako dirulaguntzaren kontura ordaindu bada. Nominak, tributuak, Gizarte Segurantzako kuotak, etab. ekartzen ahalko dira, halakorik bada.

21. artikulua. Fakturek bete behar dituzten baldintzak.

Fakturek Nafarroako zerga arauek orokorrean eskatzen dituzten baldintzak bete beharko dituzte.

Jatorrizkoak aurkeztu beharko dira, dirulaguntza kudeatu duen organoak konpultsatu beharko dituenak; ahalik eta lasterren itzuliko zaizkie interesatuei. Fakturetan jasoko da eskuratutako dirulaguntza egiaztatzeko erabili direla, eta horrela baliogabeturik geldituko dira haietan zigilu bat inprimatuz zehazten duena behar den deialdiko dirulaguntza justifikatzeko erabili direla.

Betiere, dirulaguntza zer ekitaldi ekonomikorako eman zen, harexen data izan beharko dute fakturek; horrez gain, hartzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia, zigiluak eta hornitzaileen sinadurak izan beharko dituzte.

22. artikulua. Bertzelako ziurtagiriak.

Jarduerak sorrarazitako dokumentazio eta publizitatearen aleak ere aurkezten ahalko dira emandako dirulaguntza behar bezala justifikatzeko.

Gastua hobeki justifikatzeko eskatzen ahal den bertze edozein agiri.

23. artikulua. Gastu arrunten jasanarazpena.

Dirulaguntza ematen duen organoak hala erabakitzen dituenetan, ulertuko da, justifikazioari baizik ez dagokionez, eskuratutako zenbateko osoaren ehuneko 8 justifikaturik geldituko dela diruz lagundutako jardueren egiturazko gastuak frogatu hutsez.

Aurreikuspen hau ez zaie aplikatuko gastu arruntetarako dirulaguntza eman zaien entitateei.

II. KAPITULUA

Justifikatzeko prozedura

24. artikulua. Zerbitzuen txostena.

Behar den dokumentazioa bildutakoan, dirulaguntza kudeatzen duen organoaren menpeko zerbitzuek txostena eginen dute, dirulaguntza zer xedetarako eman zen, haiexek noraino bete diren eta egindako gastuak haiexekin bat heldu diren azalduko duena.

25. artikulua. Udalaren Diruen kontu hartzailetzaren txostena.

Dirulaguntza justifikatzeko jarduketak Udalaren kontu hartzailetzari igorriko zaizkio, fiskaliza ditzan.

26. artikulua. Ebazpen proposamena eta organo eskudunaren esku uztea.

Udalaren Diruen kontu hartzailetzak adostasun txostena egindakoan, behar den ebazpen proposamena eginen da; hura dirulaguntza eman duen organoaren eskuetan utziko da, onets dadin.

27. artikulua. Zenbatekoen itzulketa.

Udal ogasunari itzuliko zaizkio, dirulaguntza zer xedetarako eman zen, eskuratu bai baina hartantxe erabili ez diren zenbatekoak, baita justifikatu ez direnak ere.

III. KAPITULUA

Itzulerak

28. artikulua. Zenbatekoak noiz itzuli behar.

Bildutako zenbatekoak honelakoetan itzuli behar dira:

a) Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean edo justifikazio hori okerra edo eskasa denean.

b) Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura betetzen ez denean.

c) Dirulaguntza ematean baldintzarik ezarri bazen, horiek betetzen ez direnean.

d) Eskatutako baldintzak bete gabe dirulaguntza eskuratu denean.

29. artikulua. Itzultzeko prozedura.

Itzultzeko prozedura behar den administrazio organoak edo fiskalizazio organoak eskatuta abiatuko da, eta dirulaguntza eman duen organoak manatuta.

30. artikulua. Itzuli beharreko zenbatekoen izaera.

Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko dirusarreratzat hartuko dira eta horiek kobratzeko, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorrean eta Dirubilketaren gaineko Erregelamendu Orokorrean xedatzen dena aplikatuko da.

I. ERANSKINA

Dirulaguntza eskabidea, proiektuetarako

Izena: ................... NAN zenbakia: .............. kargua: .................... elkartea: ................ IFZ: .......................... helbidea: ....................... elkarteen erregistroan data honetan inskribatua: .............. elkarteen udal erregistroko zenbakia: .................... jakinerazpenetarako helbidea, karrika: ................................ posta kodea: ...........; harremanetarako telefonoa: ............

Honako hau azaltzen dut:

Dirulaguntzen deialdia ikusirik.

Eskatzen dut:

Zenbateko honetako dirulaguntza emateko: ................. euro, proiektu honetarako: ............................... proiektuaren kostu osoa: ....................... euro. Horrekin batean, eskatutako agiriak eransten ditut, eta haien egiazkotasuna ziurtatzen.

.............(e)n, 200...(e)ko ............aren ........(e)an.

(Eskatzailearen sinadura eta zigilua)

Eransten diren agiriak:

1._

2._

3._

4._

5._

6._

II. ERANSKINA

Entitatearen txosten orokorra

Izena:

Helbidea: ................................ P.K.:

Herria: ........................ Telefonoa: ........ IFK:

Zer urtetan eratu den:

Inskripzio zenbakia udal erregistroan:

Zuzendaritza Batzordea zer urtetan hautatu den:

Jarduteko eremua

Bazkide kopurua:

Kontratatuen kopurua:

Boluntarioen kopurua:

Helburuak:

Aitzineko urtean gauzatu diren programa eta jardueren zerrenda

Entitatearen urteko dirusarreren aurrekontua:

Bazkideen kuotak:

Orokorrak:

Finantziarioak:

Administrazio publikoen dirulaguntzak nahiz beraiei eskatuak:

Bertze dirusarrera batzuk:

Dirusarreren aurrekontua, guztira:

............(e)n, 200...(e)ko ..........aren ..........(e)an.

Izenpetua: ............................

III. ERANSKINA

Dirulaguntza zer proiektutarako eskatzen den azaltzen duen txostena

Deialdiaren izena

_Proiektuaren funtsa.

_Helburuak.

_Biztanleriaren zer sektorerendako den, harexen deskripzioa.

_Hartzaile kopurua eta adinak.

_Jardueren deskripzioa eta garapena.

_Jardueren deskripzioa eta kostua:

_Epeak

_Erabili beharreko giza baliabideak eta materialak.

_Proiektua ebaluatzeko bideak.

-Emaitzak.

-Eragina.

_Aurrekontu xehekatua:

DIRUSARRERAK:

_Udal honi eskatutako dirulaguntza ............. :

_Administrazioko bertzelako entitateei eskatutako dirulaguntza:

_Entitate eskatzailearen ekarpena:

_Erabiltzaileen ekarpena:

_Bazkideen ekarpena:

_Bertze entitate batzuen ekarpena:

_Bertzelakoak:

Dirusarrerak, guztira:

GASTUAK:

MOTA UDALA ENTITATEA BERTZE ADMIN. KOSTU OSOA

Materialen erosk.

Errentamenduak

Garraioa

Hornidurak

Zerbitzu prof.

Beste batzuk

GASTUAK, GUZTIRA

Proiektuaren aurrekontua, guztira:

_Bertze dirulaguntza batzuk, eskatu, aurreikusi edo eskuratu direnak.

Proiektuaren kostu osoa:

Dirulaguntzen deialdi honi eskatzen zaion zenbateko osoa:

Bertze erakunde batzuei eskatu zaien zenbateko osoa edo haiengandik eskuratu dena:

............(e)n, 200...(e)ko ...........aren .........(e)an.

Izenpetua: .........................

IV. ERANSKINA

Zein banku entitateri egin behar zaion zenbatekoaren transferentzia, eta haren datuak

Kontuaren entitate titularra (*):

Bankua edo aurrezki kutxa:

Helbidea:............................................ P.K.:

Herria: .................................. Probintzia:

Bankuaren edo aurrezki kutxaren kodea (4 digitu):

Bulegoaren edo sukurtsalaren kodea (4 digitu):

Kontrolaren digitua (2 digitu):

Kontu korrontearen zenbakia (10 digitu):

(*) Dirulaguntza eskatzen duen entitatearekin bat etorriko da.

...........(e)n, 200...(e)ko ..............aren ........(e)an.

Izenpetua: ............................

Iragarkiaren kodea: L0504676