154. ALDIZKARIA - 2005eko abenduaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2005eko urriaren 24koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2003ko ekainaren 30ean emandako epaia betez, udalerriaren izen ofizial bakarra Orkoien dela, euskaraz zein gaztelaniaz, deklaratzen duena.

Orkoiengo Udalak, 2001eko ekainaren 27an egindako osoko bilkuran, udalerriaren izena aldatzea erabaki zuen, handik aurrera izen bakarra, euskaraz zein gaztelaniaz, Orkoien izanik.

Nafarroako Gobernuak, 2001eko abuztuaren 13ko Erabakiaren bitartez, izen aldaketaren gaineko onespena ukatu egin zuen.

Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2003ko ekainaren 30ean emandako epaian, toki entitateak paratutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onetsi zuen, 2001eko abuztuaren 13ko Erabakia deuseztatu eta Orkoiengo Udalak bere toponimoa aldatzeko eskubidea deklaratu zuen. Beraz, 2001eko ekainaren 27ko osoko bilkuran hartutako erabakia zuzenbideari atxikitzen zitzaion.

Nafarroako Gobernuak kasazio errekurtsoa paratu zuen Auzitegi Gorenean eta goi mailako erakunde horrek, 2005eko ekainaren 23ko auto baten bitartez, erabaki du errekurtsoa ez hartzea eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2003ko ekainaren 30ean emandako epaia irmoa dela deklaratzea. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak egin beharreko jarduketak egin behar ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 23. eta 25. artikuluetan xedatutakoarekin bat, izen berria ofizial bakarra izan dadin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Orkoiengo udalerriak izen ofizial bakarra, euskaraz zein gaztalaniaz, Orkoien izanen duela deklaratzea.

2. Erabaki hau Estatuko Administrazio Nagusiari igortzea, Administrazio Publikoetako Ministerioaren toki entitateen erregistroan inskriba dezan, eta, halaber, Toki Administrazioko Departamentuaren Nafarroako toki entitateen erregistroan inskribatzea.

3. Erregistro horietan sartu ondoren, Estatuko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratzea.

4. Erabakia Orkoiengo Udalari jakinaraztea eta adieraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2005eko urriaren 24an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0524169