94. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

602/2004 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" entitatearen akordio kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 3/2004-F).

Ikusirik "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" entitatearen akordio kolektiboen testua, negoziazio batzordeak izenpetua (espediente zenbakia: 3/2004-F).

Gertakariak:

1. 2004ko ekainaren 16an, Departamentu honetan sartu da Osasun Administrazioaren eta zenbait sindikaturen ordezkariek 2004ko maiatzaren 6an eta 2004ko ekainaren 4an izenpeturiko dokumentazioa, enpresaren eta langileen ordezkariek izenpeturiko hiru akordio kolektiboak erregistratu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko igorria. Akordio horietan aipatu Osasun Administrazioko langileen lan-baldintzak ezartzen dira.

2. Espediente hau izapidatzean bete beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du indarra duen Langileen Estatutuko III. Tituluan arautzen diren lan hitzarmen kolektiboak eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 84. artikuluan aipatzen diren akordio kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Akordio honek Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan arautzen diren akordio kolektiboen baldintzak betetzen ditu. Hori dela eta, bidezko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 84. artikuluko 3. idatz-zatian, abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen bidez emandako idazketan, xedatutakoarekin bat.

3. Hitzarmen eta akordio kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honen eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak uztailaren 14an eman eta 2003ko 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 18an, argitaraturiko 105/2003 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" erakundearen aipatu akordio kolektiboak erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2004ko uztailaren 5ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

2004KO MAIATZAREN 6KO AKORDIOA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAREN SAREKO OSPITALEETAN GUARDIA MEDIKOAREN BURUAREN KARGUA EZARTZEARI BURUZ OSASUN ADMINISTRAZIOAK ETA SINDIKATUEK IZENPETUTAKO HITZARMENA ONESTEN DUENA

Botere publikoek herritarrei modu iraunkorrean osasun laguntza egokia eman behar diete, eta horretarako zentroek etenik gabe funtzionatu behar dute. Horretarako, beharrezkoa da laguntza sistema jarraitu bat (guardiak), profesionalen lanalditik kanpoko denboran ere zerbitzua eskaintzeko.

Guardiako buruaren kargua errealitate bat da gaur egun osasun sare publikoan larrialdi zerbitzua dagoen ospitaleetan, ospitaleak baitira, herritar gehienentzat, osasun sistemara iristeko bide nagusia. Horregatik, kontuan hartuta nolako garrantzia duen kargu honek zentroek behar bezala funtzionatu dezaten, eta kargu hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko ospitaleetan inplantatzeko oinarrizko prozesu homogeneo bat izan dadin, hementxe ematen dira, espresuki, karguaren erantzunkizun eta eginkizunak, eskubide eta betebeharrak.

Lehenbizikoa._Guardiako buruaren karguaren definizioa.

1._Guardiako burua mediku bat da, bertan egin beharreko guardian edo lanaldi arruntean dagoen mediku lana egiteaz gain, gehigarri gisara, ospitaleko osasun zerbitzu guzti-guztiak koordinatzeko eginkizunak dituena.

Bigarrena._Izendatzeko prozedura.

1._Urtero-urtero, Zuzendaritza Medikoak, Laguntzaren Batzorde Teknikoak txostena eman ondorenean, guardiako buru izateko izangaien zerrenda eginen du. Zerrenda horretan hala nahi dutenak egonen dira.

2._Guardiako burua zuzendariak izendatuko du, Zuzendaritza Medikoak proposaturik, eta ziurtatuko da guardiako buruaren kargua esleitzen den egunak izangaien zerrendako profesionalen artean banatzen direla modu homogeneoan.

3._Guardiako buruaren karguaren eginkizunak bete nahi dituela adierazten ez duen izangairik ez badago, Zuzendaritza Medikoak erabakiko du nork egin lan hori.

Hirugarrena._Guardiako buruaren eginkizunak betetzeko betebeharrak.

1._Osasun Sistema Nazionaleko medikua izatea, salbu prestakuntzan ari diren medikuak, eta gutxienez hiru urteko esperientzia izatea. Horretarako ez da kontuan hartuko prestakuntzaldian emandako denbora.

2._Atxikita dagoen zentroan gutxienez bi urte eman izana lanean.

3._Bertan egin beharreko guardiaren txandako edo lanaldi arrunteko langilea izatea, hau da, guardiako burua izendatzen den lanaldi osoan zerbitzuak eman behar dituen txanda edo lanaldikoa izatea.

Laugarrena._Eginkizunak.

a) Ospitaleak ongi funtzionatu dezan eta baliabide materialak ongi erabil daitezen begiratzea, eta arau orokorrak eta ospitalearen arau bereziak betetzea eta betearaztea.

b) Larrialdi egoeretan eta presaz jardutea eskatzen dutenetan baliabideak antolatu eta behar diren erabakiak hartzea, ospitalean idatzita dauden planei jarraituz, edo halakorik ez dagoenean, bere irizpideari jarraituz.

c) Zentroko Zuzendaritzarentzat guardiako buru izan den bitartean izan eta nabarmentzeko modukoak diren gertakari eta gorabehera guztiei buruzko txosten bat idaztea, eta guardiako txanda bukatzen denean Zuzendaritzari ematea.

d) Honelako erakunde eta organismoekin harremanak izan eta koordinatzea: Estatuko Sergurtasun Indar eta Kidegoak, Autonomia Erkidegokoak, Udaltzaingoak, babes zibila eta hedabideak. Halaber, horiekin guztiekin larrialdiari edo gaixo ospitalizatuei buruzko informazioa koordinatzea.

e) Nahitaez, Justizia Administrazioari, epaileei eta auzitegiei laguntzea.

f) Osasun laguntzan gertatzen diren eskumen-liskarrak ebaztea. Horrelakoetan, guardiako buruaren erabakia nahitaez betetzekoa izanen da langile guztientzat.

g) Guardia tokatzen zaioenean laguntza prozesua eta ospitalearen jarduera behar den bezala egin daitezen zaintzea.

h) Erreferentzia zentroetarako lekualdatzeak, hala egin beharko balitz, ospitalean idatzita dauden planei jarraituz egiteko neurri egokiak koordinatzea. Plan idatzirik ez badago, bere irizpideari jarraituz eginen da.

i) Libre dauden oheak kudeatzea, Harrera Zerbitzuarekin batera, eta behar diren neurriak hartzea, premia izaten denean.

j) Zaintza epidemiologikoaren zerbitzuei informazioa pasatzea, kasua dela-eta hala behar denean.

k) Kasuaren larritasuna dela-eta beharrezkoa bada, zentroko zuzendaria bertan egon dadila eskatuko da.

Bosgarrena._Diru-ordaina.

Guardiako buruaren eginkizunak betetzen dituen langileak, bertan egin beharreko guardia-orduei edo lanaldi arruntari dagokien lansariaz gainera, diru-ordain bat jasoko du guardiako buru izatearen truke.

Horretarako, eginkizun horiek betetzen emandako ordu bakoitzeko, bertan egin beharreko guardiako ordu bakoitzeko ordaintzen den lansariaren % 50 ordainduko zaio da guardiako buruaren karguan aritzen den langileari. Halaxe izanen da ospitale hauetan: Nafarroako Ospitalea, Bideko Ama Birjina Ospitalea, Tuterako Reina Sofía Ospitalea eta Lizarrako García Orcoyen Ospitalea.

Seigarrena._Indarra hartzeko eguna.

2005eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 6an._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren izenean, sinadura ulertezina._Sindikatuen izenean, sinadura ulertezinak.

2004KO MAIATZAREN 6KO AKORDIOA, GUARDIETARAKO SALBUESPENARI BURUZ OSASUN ADMINISTRAZIOAK ETA SINDIKATUEK IZENPETUTAKO HITZARMENA ONESTEN DUENA

Osasun Erakundeek osasun laguntza iraunkor eta etengabea eskaini behar dietenez herritarrei, etenik gabeko laguntza ezarri behar izan da lanaldi arruntetik kanpoko orduetan atentzioa ziurtatzeko.

Horregatik, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duenak, ezinbesteko betebehartzat jotzen du langileek guardiak egin behar izatea (bertan egin beharrekoak edo lokalizatuak), hertsiki lotua baitago guardiak egitea osasun laguntzaren kontzeptuari, zerbitzu publikoa baita, aurreko atalean aipatutako premiaren ondorio zuzena. Horrela, bada, foru lege horrek ezartzen du guardiak egiten dituzten langileek, bertan egin beharrekoak izan edo lokalizatuak izan, arauz erabakitzen diren lansariak jasoko dituztela, bakoitzak duen maila edo taldearen arabera.

Aurrekoa gorabehera, 2002-2003 urteetarako sinatutako hitzarmenak zera jaso zuen: guardietarako salbuespenak ezarriko direla langileen adina edo lan osasuna direla-eta. Arrazoi horien barrenean espresuki sarturik daude bi kasuok: haurdunaldia eta amatasuna.

Horrenbestez, eta orain arteko ikusiriko egoera jakin batzuk aintzat hartuta, honako salbuespen araubidea proposatzen da guardiei dagokienez. Garbi geldi dadila, nolanahi ere, dokumentu honetan araututakoak ez duela inola ere ukitzen guardia-zerbitzuen gaur eguneko plangintza, ez eta antolamendua ere.

Lehenbizikoa._Aplikazioa eremua.

Dokumentu honen edukia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan guardiak egiten dituzten langile guztiei aplikatzen zaie.

Bigarrena._Guardietatik libratzeko arrazoiak.

2.1. 55 urtetik goitiko langileak, baldin eta azken hamar urteotan guardiak egin badituzte bost urtez, eta gaur egun lanaldi murriztua duten langileak: Salbuespena zerbitzuaren beharrak direla-eta eragozpenik ez badago emanen da. Interes publiko sanitarioak eskatzen badu, ez da emanen.

Guardietatik libratzeko 55 urteko gutxieneko adina, pixkana-pixkana, jaitsiz joanen da, 50 urteko gutxieneko adinera ailegatu arte. Urtetik urtera ezarriko zein den guardietatik libratzeko adin muga.

2.2. Haurdun dauden emakumeak edo haurrari esnea ematen diotenak, umeak urtebete egin arte.

2.3. Lan osasuneko arrazoiengatik: Mota honetako salbuespenera bildu nahi duen langileak, nahitaez lan osasuneko azterketa bat pasatu beharko du, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak egina.

Hirugarrena._Prozedura.

3.1. Aurreko puntuan aipatutako arrazoietakoren bat alegatzen duen langileak idatziz eskatu beharko dio bere zentroari guardietarako salbuespena.

3.2. Guardietatik libratzeko arrazoia haurdunaldia edo eskatzaileak esnea eman beharra denean, salbuespena automatikoki emanen da, beste tramiterik gabe.

3.3. Salbuespena lan osasuneko arrazoiengatik: Zentroko Zuzendaritza behartua dago, salbuespena eman edo ez eman erabakitzerakoan Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak emandako txosten medikoak esaten duenari kasu egitera.

3.4. Adina denean guardietatik libratzeko arrazoia, idatziak Zentroko Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio aurreko urteko azken hiruhilabeteetan, hurrengo urtean salbuetsirik egon ahal izateko. Idatzia aurkezteko epea abenduaren 15ean bukatuko da. Halaber, epe horretan aurkezten ahalko dute idatzia 55 urtera edo eskaera egiteko momentuan indarrean dagoen adinera ailegatzen ez diren langileek ere, baldin eta behar den adin hori eskaera egin ondoko urtean bete behar badute.

3.5. Zentroetako zuzendaritzak beranduenez 3 hilabeteko epean erantzunen du, eskaera aurkeztu denetik, onartzen duen ala ez duen onartzen langileak guardietatik libratzeko egindako eskaera. Epe horretan erantzunik ez badago, proposamena onartu dela ulertuko da.

Guardietatik libratzeko arrazoia adina edo lanaldiaren murrizketa denean, kasu hauetan salbuespena ez onartzeko aukerarik baldin badago zerbitzuaren beharrengatik, interes publikoko arrazoiengatik, orduan Zentroko Zuzendaritzak tokian tokiko unitate organikoen arduradunei txostena eskatu ondoren hartuko du erabakia. Txostenaren arabera eskaerari ezezkoa eman behar bazaio guardietatik libratzeko eskaerari, tokian tokiko unitate organikoak, txosten berean, nolako proposamena duen ezezkoa eman zaion eskaera horren arrazoiak aintzat hartuta soluzioa emateko. Zentroko Zuzendaritzak, arestian aipatutako txostenekin, ebazpen bat emanen du, argudiatua, Laguntzaren Batzorde Teknikoak txostena eman ondoren. Ebazpena eman eta 3 hilabeteko epean berriz aztertu beharko da eskaera.

3.6. Guardietatik libratzeko aukera adinagatik edo lanaldi murriztuagatik lortu denean, aukera hori urtero-urtero berrituko da, salbu eta:

_Interesatuak laguntza jarraituko txandetan sar dezatela eskatzen badu. Adina denean guardietatik libratzeko arrazoia, eskaera hau 3.4 puntuan ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.

_Zerbitzuaren beharrengatik zentroko zuzendaritza behartua badago guardietarako salbuespena indargabetzea, 3.5 puntuan ezarritakoari jarraikiz.

Laugarrena._Salbuespena indargabetzeko aukera.

Larrialdietan, salbuespenez eta behin-behinekoz betiere, 2.1 atalean aipatutako kasuetan guardietatik libratzeko baimena ken liteke, interes publikoagatik, eta osasun laguntza etengabea eta behar bezalakoa eskaintze aldera herritarrei. Bi hilabete pasatu eta egoerak bere horretan segitzen badu, 3.5 puntuan aipatutakoari jarraikiko zaio.

Guardiarik ez egiteko baimena kendu behar denean, unitate organiko berean salbuetsirik dauden profesional bat baino gehiago daudenean, honela jokatuko da baimena kentzerakoan:

1. Lehenbizi, borondatez onartzen duena.

2. Adinagatik salbuetsirik dauden profesionalak, gazteenarekin hasita.

3. Lanaldi murriztua izateagatik salbuetsirik dauden profesionalak, lanaldia murrizturik denbora gehiena daramaten langileekin hasita.

Bosgarrena._Jarduera gehigarri alternatiboa (11/1992 Foru Legean aurreikusitako lanaldi osagarria).

5.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzak zentroen beharrak aztertuko ditu, eta haien arabera ezarriko ditu jarduera gehigarri alternatiboaren programak, baita jatorrizko zentroa ez den batean ere, jatorrizkoan beharrezkoa ez bada 5.2 puntuan sartuta dagoen eta maila eta kualifikazio bera dituzten langile salbuetsientzat.

Jarduera hori, betiere, 4 ordukoa izanen da egunean.

5.2. Adinagatik, haurdunaldiagatik edo esnea eman beharragatik dagoenak guardiak egitetik salbu, nahi izanez gero, jarduera gehigarri alternatiboa egin dezake bere ohiko jardueratik kanpo, eta lehentasuna izanen du beste langile batzuen aurretik.

5.3. Jarduera gehigarri alternatiboaren programetan parte hartzeagatik jasotzen diren diru kopuruak produktibitate aldakorraren osagarriaren bidez ordainduko dira, horri dagokion aurrekontu-kontzeptuaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak urtero ezarriko dituen zenbatekoen arabera. Zenbateko horiek kalkulatzeko, kontuan hartuko dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen oinarrizko lansariei egindako gehikuntzak.

Seigarrena._Indarra hartzeko eguna.

2005eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, baina zerbitzuen arabera eta pixkana-pixkana 2004ko uztailaren 1etik aurrera abiaraziko da.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 6an._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren izenean, sinadura ulertezina._Sindikatuen izenean, sinadura ulertezinak.

2004KO EKAINAREN 4KO AKORDIOA, LAGUNTZA ESPEZIALIZATUKO LANGILEEN EGUTEGIA ETA LANALDIA BANATZEKO ARAUBIDEA ONESTEN DITUENA

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen eta estatutupeko langileen negoziazio mahai orokorraren Batzorde Paritarioak, 1996ko otsailaren 13ko bileran, aurreakordio bat onetsi zuen. Bertan arautzen zen nola aplikatu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentroetako langileei langileen ordutegiaren aldaketa (1996ko urtarrilaren 19an Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sinatu zen 1995eko abenduaren 1eko Akordioaren III. tituluko 4. puntuan jasoa).

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan egutegia arautzen duten foru aginduek, urtero-urtero onartuek, lanaldia banatzeko araubide orokor bat izan dute, eta araubide berezi bat lana osasun zentroetan egiten duten langileentzat. Horrela, bada, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abenduaren 19an emandako 89/2003 Foru Aginduak (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2004ko lan egutegia onesten duena), zera aurreikusten du: batetik izaera orokorrez ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaiela aplikatuko osasun zentroei atxikita dauden langileei, horiek lan egutegi berezia izanen baitute; bestetik beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko beste modu batzuk jar litezkeela zerbitzuen beharrak direla-eta mahai sektorialean negoziatu eta gero.

Laguntza Espezializatuko zentroetan lanean ari diren eta urteko 1.592 lanorduko lanaldia duten langileei dagokienez, hau da "txanda zentrala" deitu izan den lanaldia duten langileei dagokienez, arestian aipatutakoaren arabera, honako lan egutegia eta lanorduen banaketa finkatzen da:

1. Eguneko lanaldia Lehendaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izaera orokorrez ezartzen duena izanen da, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan egutegia onesten duen foru aginduak finkatzen duena. Nahitaez 7 orduko lanaldia eginen da, gaur egun ezarritako lanaldien arabera, eta gainerakoa lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko da, zentroko zuzendaritzak erabakitzen duen bezala. Zuzenaritzak zera erabakiko du: unitate edo zerbitzu bateko langile guzti-guztiek batera egin dezatela lanaldi osoa, berdin, ordutegi berarekin, salbu eta zerbitzuaren beharrak direla-eta bestela antolatzea hobe denean.

2. Astelehentik ostiralera bitartean 7 ordu horietatik goiti egiten den denbora herritarrentzako atentzio-denbora gehigarria bihurtuko da. Betiere urtean 1.592 ordu egiten direla ziurtatu beharko da.

3. Osasun laguntza berealdiko garrantzia duen zerbitzu publikoa izatearen ondorio zuzen-zuzenekoa den aldetik, ezinbestekoa da osasun laguntza etenik gabe eta jarraian eskaintzea. Horregatik, bertan egin beharreko guardiak edo lokalizaturik egin beharrak nahitaezkoak dira, zerbitzuaren ezaugarrien ondorioz. Horrenbestez, larunbatetan zerbitzuak eskainiko dira, bertan egin beharreko guardien edo lokalizaturik egin beharrekoen bidez, goizeko 8etan hasita.

4. Izaera orokorrez, larunbatetan osasun zentroetan ospitalizaturik dauden gaixoentzako laguntza ziurtaturik egonen da. Laguntza horren barrenean dago, nahitaez, solairuan mediku-erizainek egin ohi duten bisita, ospitalizaturik dauden gaixoen beharrei erantzuteko.

Solairuko bisitaldiaren iraupenak zentroko zuzendaritza bakoitzak erabakiko du, zerbitzuko buruarekin koordinaturik, betiere zenbait parametroren arabera, horien artean hauek:

_Zenbat gaixo dauden ingresaturik.

_Ingresu berririk ba ote dagoen.

_Prozesu klinikoen larritasuna.

Zerbitzu bakoitzak erabakiko du zein diren ingresaturik dauden gaixoei kasu egiteko solairuko bisita egiteko ardura duten langileak, eta nola egin behar den. Aurretik adierazitako irizpideei jarraikiz erabakiko ditu zentroko zuzendaritzak, tokian tokiko zerbitzuko buruak proposaturik. Proposamen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko zaio, ebazpen bidez onets dezan, Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzak haren aldeko adostasun-txostena ematen badu.

5. Ingresatuta dauden gaixoentzako bisita ordaindua izanen da, ospitaleetan bertan egin beharreko guardietarako ezarritako lansarien arabera (44/2003 Foru Dekretua, martxoaren 3koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuei dagozkien ordainsari osagarriak zehaztu eta esleitzen dituena. 2. eranskina, edo honen ordez ateratzen den araua).

6. Dokumentu honetan ageri diren neurriak 2004ko uztailaren 1ean hasiko dira aplikatzen.

Iruñean, 2004ko ekainaren 4an._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren izenean, sinadura ulertezina._Sindikatuen izenean, sinadura ulertezinak.

Iragarkiaren kodea: F0411227