75. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enpresa zientzietako diplomadun izateko 6 lanpostu oposizio bidez betetzeko.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ekainaren 7ko 1374/2004 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enpresa zientzietako diplomadun izateko 6 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi du.

1._Arau orokorrak.

1.1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia eta 1993ko 107. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, irailaren 1ean, argitaratua), hura garatu eta burutzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Bere xedea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enpresa zientzietako diplomadun izateko 6 lanpostu, B mailakoak, oposizio bidez betetzea da. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira eta txanda hauetan daude banaturik:

_2 txanda irekian.

_3 igoera txandan.

_1 lanpostu txanda murriztuan, % 33ko edo hortik gorako ezgaitasuna duten pertsonentzat.

1.2. Hauek dira eskaintzen diren lanpostuak:

_2 Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan, 5820 eta 6848 plantilla zenbakiak, Cordovillan aritzekoak.

_1 Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 948 plantilla zenbakia, Iruñean aritzekoa.

_1 Toki Administrazioko Departamentuan, 6369 plantilla zenbakia, Iruñean aritzekoa.

_1 Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko San José zentroan, 6941 plantilla zenbakia, Barañainen aritzekoa.

_1 Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan, 6940 plantilla zenbakia, Iruñean aritzekoa.

1.3. Hauta-probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsen bat, txanda irekikoei gehituko zaie.

Ezgaitasuna duten pertsonentzako txandako lanpostuak, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, beste txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako ordenaren arabera.

Orobat, igoera txandan edo/eta minusbaliatuentzako txanda murriztuan eskaintzen diren lanpostuak baino izangai gehiagok probak gainditzen badituzte, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean 2.1.2. atalean ezarritako eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek B mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.6. Izangaiak, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden izangaiek bertan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatutako izangaiek lanlekua duten herrian bertan bizi beharko dute, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko dute beren bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatu ahalko dute.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2._Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barrenean (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste Estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, gorakoak izanik, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean enpresa zientzietako diplomadunen titulua edo antzekoa edukitzea, edo lortzeko moduan egotea, edo Ekonomiako edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadunen titulua lortzeko ikasketetako edo bietariko edozeinen titulua lortzeko ikasketetako lehenbiziko hiru maila osoak egin eta gainditu izana.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, ez eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizirik ere.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintza berariazkoak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko idatz-zatian adierazitako betebeharrez gain, hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostuen maila berean edo baxuagoan egotea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

Nafarroako Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileen Estatutuaren xedapen gehigarrietatik zortzigarrenean ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko langileek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

2.1.3. Ezgaitasunak dituzten pertsonendako txandako izangaiek bete beharreko berariazko baldintza.

Ezgaitasunak dituzten pertsonendako txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute 100eko 33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna.

2.2. Aurreko betebeharrak izendatuak izateko proposaturiko hautagaiek egiaztatu beharko dituzte, deialdiaren 7.2 oinarrian ezarritako epean eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinetatik, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Eredua Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan eskuratu ahalko da (Karlos III.aren etorbidea, 2, ataria, Iruña) edo interneteko www.navarra.es helbidean, dela deialdia argitaratu zen aldizkari ofizialetik abiatuta, dela Zerbitzuen Katalogoan, Lan Publikoaren atalean, deialdiaren aipamenetik abiatuta. Eskaera-orrian, izangaiek adierazi beharko dute, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emandako agiriaren fotokopia konpultsatuaren bidez.

3.3. Eskabideari, behar bezala beterik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 18 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Azterketa eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko minusbaliotasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonak, jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hauta-proben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonek. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egin den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilero lanbide arteko gutxieneko lansaritik gorako errentarik ez duela interesatuaren errentaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Argibide Bulegoan adierazpenaren eredua emanen da. Interneten, lehen aipatu den webgunean ere aurkitzen ahal da, deialditik beretik.

2.2 oinarriak esanak esan, deialdian igoera txandaren bidez parte hartu nahi duten izangaiek, eskabideaz gain, 2.1.2 atalean aipatzen diren betebeharrak frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesatuak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: Miguel Angel Garatea Crelgo jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Kudeaketa zuzendariordea.

Ordezkoa: Alicia Segura Maisterra andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Ekonomia eta Administrazio Ataleko burua.

_Mahaikidea: Carmen Anaut Erviti andrea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko FEOGA-Bermearen Dirulaguntzen Finantza Kontrolerako Ataleko burua.

Ordezkoa: María Rosario Irigoyen Azparren andrea, Nafarroako Zerga Ogasuneko Administrazio Ataleko burua.

_Mahaikidea: Amaya Mateos Goñi andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Ekonomiko eta Administratiboaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Carmen Roda Movilla andrea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko burua.

_Mahaikidea: Langileen ordezkari bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak proposatu beharrekoa.

Ordezkoa: Langileen ordezkari bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak proposatu beharrekoa.

_Mahaikide idazkaria: Javier Etayo Lezáun jauna, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Plangintzaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Beatriz Esparza Azanza andrea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako Kontrol Ekonomiko-administratiboaren Ataleko burua.

Epaimahaia hautapen-probak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2005eko urtarrilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpenean berean finkatuko dira lehenbiziko proba hasteko tokia, eguna eta ordua. Ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

6.2. Ondoko ariketak egin beharko dira oposizioaldian:

Lehenbizikoa: epaiamahaiak deialdiko gai zerrendako I. zatian ageri diren gaiei buruz azaltzen dituen galdera eta kasuak garatu eta konpondu beharko dira.

Epaimahaiak ariketa hori egiteko zenbat denbora dagoen adieraziko du haren hasieran.

Bigarrena: gehienez ere 5 orduz deialdiko gai zerrendako II., III. eta IV. zatietako gai bana idatziz erantzun beharko da, hiru gai guztira, alegia, zozketaz aukeratuak.

Hirugarrena: epaiamahaiak deialdiko gai zerrendako IV. eta V. zatietan ageri diren gaiei buruz azaltzen dituen galdera eta kasuak garatu eta konpondu beharko dira.

Epaimahaiak ariketa hori egiteko zenbat denbora dagoen adieraziko du haren hasieran.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehenbizikoa: 50 puntu bitarte.

Bigarrena: 30 puntu bitarte. Gai bakoitzean gehienez 10 puntuko puntuazioa ematen ahal da.

Hirugarrena: 20 puntu bitarte.

6.4. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdira iristen ez diren izangaiak. Halaber, bazterturik geldituko da gai edo kasuetako edozeinetan 0 puntuko kalifikazioa ematen zaiona.

6.5. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

6.7. Hautapen probak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioko azkeneko probaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako puntuazioaren araberakoa, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egin diren lekukoan. Gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio probak puntuaziorik altuenarekin gainditu dituzten izangaien aldeko izendapen proposamena eta gainditu dutenen zerrenda, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketa izanez gero, lehen ariketan puntuazio altuagoa erdietsi duenaren alde jokatuko da. Hori eginda, berdinketak oraindik badirau, kontuan hartuko da beste ariketetan lorturiko puntuazioa, haien hurrenkerari jarraizkiz.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren 2 fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan egoten dela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiek nazionalitate espainiarra ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

e) Zin egite edo promesa, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

f) % 33ko edo hortik gorako minusbaliotasun aitortua izatea, baldin eta minusbaliatuentzako txanda murriztuan parte hartu nahi bada.

g) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan egoten dela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa izateko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dituen agiriak.

7.2.3. Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunak emana.

7.3. Norbaitek agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu edo kontratatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengo datozen izangaiekin beteko ditu hutsuneak, eta haiekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Hautapen probak igoera txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek, edozein kasutan, lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak betetzerakoan, txanda horretakoak ez diren izangaien aurretik.

8.3. 100eko 33ko edo gehiagoko minusbaliotasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik.

Izangai minusbaliaturik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, minusbaliotasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gainean balorazio eta orientazio talde eskudunek egindako egiaztagiri bat aurkeztu beharko du txostenaren arabera.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, Ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu, enpresa zientzietako diplomadunen lanetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epean eta behar bezain ongi arrazoitutako kasuetan izan ezik, izangairen batek ez baldin badu lanpostua bere egiten, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4. atalak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, lanpostu horiek esleituko zaizkie.

10._Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2004ko ekainaren 7an._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Alberto Andérez González.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izena: ........................................................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala (edo balio bereko beste agiriren bat): .................. Sorteguna: .................................... Sorterria: ....................................... (....................................) Nazionalitatea: ......................................... Helbidea: ......................... (kalea, zenbakia), ............. herria, ............. probintzia, ............... posta kodea, eta ........ telefonoa (........... laneko telefonoa) duena,

Adierazten du:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko .............. izateko .............. lanpostu ................... bidez betetzeko deialdian ondoko txandan parte hartzeko onar dezatela eskatzen duela (deialdia ................. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an):

f Txanda irekia

f Igoera txanda(*)

f Minusbaliatuendako txanda(*)

Karguan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela diziplinazko espediente bidez ezein Administrazio Publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan, eta, era berean, ez dutela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe dela.

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela, edo erantsitako agirien bidez frogatzen duela tasa ordaintzetik salbuetsita dagoela.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen dituela.

f Minusbaliotasuna duela eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen duela, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaltzen dira eskatutako egokitzapenak eta horien zergatia).

f Minusbaliatua dela frogatzen duen agiria aurkezten duela, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten duela(*)

f Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen duela(*)

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen du.

Iruñean, ........(e)ko .........................aren ...............(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARI NAGUSIA.

(*) Bidezkoa denean bakarrik.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. atala

1. gaia._Kontabilitatearen kontzeptua eta helburuak. Kontua kontabilitatearen tresna den aldetik. Kontusail bikoitzeko metodoa. Kontabilitateko eragiketen erregistroa. Liburuak, prozedurak eta faseak.

2. gaia._Kontabilitateko Plan Orokorra eta kontabilitateko arauak. Kontabilitateko printzipioak eta Kontabilitateko Plan Orokorreko kontuen egitura. Europako Batasuneko zuzentarauak. Kontabilitateko nazioarteko arauak. Asociación Española de Contabilidad y Administración de Empresas (AECA) elkarteko kontabilitateko arauak.

3. gaia._Kontabilitateko Plan Orokorra. Kudeaketako kontuak. Kontabilitateko emaitza. Kontabilitatearen kontzeptua, aldizkakotasuna, erregulazioa, emaitza banatzeko proposamena.

4. gaia._Kontabilitateko Plan Orokorra. Aktibo zirkulatzailea, aktibo finantzarioa eta aktibo ibilgetua.

5. gaia._Kontabilitateko Plan Orokorra. Finantzaketa iturriak, berezkoak eta besterenak.

6. gaia._Kontabilitateko Plan Orokorra. Urteko kontuak: egoera balantzea eta galera-irabazien kontua. Ereduak. Memoria: edukia. Fluxuen eta funtsen egoera orriak. Finantzaketa taula.

7. gaia._Egoera orri finantzarioen azterketa. Epe laburrerako egoera orri finantzarioa aztertzea.

8. gaia._Egoera orri finantzarioen azterketa. Epe luzerako egoera orri finantzarioa aztertzea.

9. gaia._Kostuen kontabilitatea. Kontzeptuak eta sailkapena. Kostuen eredu eta metodoak.

10. gaia._Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra. Esparru subjektiboa. Kontuen taula. Aurrekontuetako eta aurrekontuz kanpoko eragiketen erregistroa.

11. gaia._Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra. Urteko kontuak. Egoera balantzea, ondareko emaitza ekonomikoa, aurrekontuaren likidatze egoera eta memoria.

12. gaia._Administrazio publikoen kontabilitateko magnitudeak aztertu eta interpretatzea, ondareari, ekonomiari eta finantzei dagokienez.

13. gaia._Posizio neurriak: batez bestekoak. Batez besteko aritmetikoa, geometrikoa, harmonikoa, koadratikoa, mediana eta moda. Sakabanatze neurriak: ibilbidea, batez besteko desbideratzea, bariantza eta desbideratze arrunta, aldatze koefizientea, aldagai baten tipifikazioa. Asimetria eta kurtosia: bestelako neurriak.

14. gaia._Doiketaren eta bi aldagairen arteko loturaren azterketa.

15. gaia._Denborazko serieak: ezaugarriak eta autokorrelazioa. Denborazko serieen osagarriak. Mendeko joera. Urtaroetako aldaketak. Fluktuazio ziklikoak. Iragarpena.

16. gaia._Zenbaki indizeak: bakunak eta konposatuak. Serie estatistikoen deflaktazioa. Loturak eta oinarri aldaketak. Gehien erabiltzen diren indizeak: KPI bereziki aipatuko da.

17. gaia._Probabilitatearen teoria. Banaketa ereduak. Banaketa normala eta haren ondoriozko eginkizun batzuk. X2 Pearson, T Student eta F Snedecor.

II. atala

1. gaia._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko eskubide eta eginbeharrak: haien bermea eta haiek bertan behera uzteko baldintzak. Konstituzio Auzitegia eta Espainiako Arartekoa. Konstituzioaren aldaketa.

2. gaia._Estatuko burutza. Koroa. Erregearen eginkizunak Konstituzioaren arabera. Ondorengotza eta erregeordetza. Berronespena. Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren osaera eta eskurantzak.

3. gaia._Nafarroako Erresumaren egitura politiko-administratiboa. Foruei buruzko legeak. Nafarroako Foru Eraentza: haren bilakaera.

4. gaia._1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

5. gaia._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

6. gaia._Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Osaera. Eginkizunak. Haren erregelamendua. Funtzionamendua: osoko bilkura eta batzordeak. Comptos Ganbera.

7. gaia._Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua: osaera eta eginkizunak. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Bere hautaketa. Nafarroako Parlamentuaren aitzinean duen erantzukizuna.

8. gaia._Nafarroaren ahalmen eta eskumenak. Justizia administrazioa Nafarroan. Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren erreformarako prozedura. Estatuko Administrazioarekiko harremanak. Autonomia erkidegoekiko lankidetza hitzarmen eta itunak.

9. gaia._Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legea: egitura eta edukiaren azterketa.

10. gaia._Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina: egitura eta edukiaren azterketa.

11. gaia._Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoen historia: Nafarroaren eta Estatuaren arteko gaur egungo Hitzarmena: xedapen orokorrak. Nafarroaren eta Estatuaren arteko harmonizazio fiskalari buruzko arauak. Diru ekarpena.

12. gaia._Nafarroako Toki Administrazioa: antolamendua, administrazioa eta funtzionamendu araubidea. Ekitaldiak eta kudeaketako sistemak. Nafarroako Toki Administrazioen zerbitzuko langileria. Toki ogasunen kontrola eta fiskalizazioa.

13. gaia._Nafarroako toki ogasunen baliabideak. Baliabide motak: kontzeptua, kudeaketa eta funtzionamendua.

14. gaia._Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea. egitura eta edukiaren azterketa. Atariko titulua eta I. Titulua: Xedapen orokorrak. Nafarroako Ogasun Publikoaren eskubide eta betebehar ekonomikoak.

15. gaia._Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea: Nafarroako Aurrekontu Orokorrak. II. Titulua: Edukia. Aurrekontuen prozesua. IV. Titulua: Aurrekontuaren kontrola.

III. atala

1. gaia._Banakako enpresaburua: gaitasuna, ezgaitasuna eta debekuak. Merkatari bihurtzeko probaldia eta izatetik gelditzea. Enpresaburuaren laguntzaileak. Ezkontideen arteko sozietateak.

2. gaia._Merkataritza sozietatea: kontzeptua eta motak. Sozietate kolektiboa: kontzeptua, merkataritza izaera, bazkideen eskubide eta eginbeharrak. Sozietate kolektibo irregularra.

3. gaia._Sozietate komanditarioa: kontzeptua, merkataritza izaera, sozietatearen kapitala, bazkideen eskubide eta eginbeharrak.

4. gaia._Sozietate anonimoa: kontzeptua, osaera, helbidea, kapitala.

5. gaia._Sozietate anonimoa: bazkideen akzioa eta nolakotasuna, sozietateko organoak.

6. gaia._Erantzukizun mugatuko sozietatea: kontzeptua, osaera, sozietatearen kapitala, organoak.

7. gaia._Kooperatibak: kontzeptua, izaera eta araubide juridikoa.

8. gaia._Merkataritza sozietateak desegin eta likidatzea. Biltzen dituen eragiketak, desegiteko arrazoien arabera. Sozietateen eraldaketa.

9. gaia._Ordainketen etendura. Aurrekariak eta legezko kontzeptua. Etendurako kasuak. Adierazpenaren ondorioak. Etenduraren konponbidea. Hitzarmena.

10. gaia._Porrota. Zergatikoak eta motak. Porrotaren adierazpenaren ondorioak. Porroteko organoak. Aktiboa eta pasiboa likidatzeko eragiketak. Porroteko konponbideak. Hitzarmena.

11. gaia._Merkataritza kontratuak. Kontzeptua eta ezaugarriak. Gauzatze motak, era eta probaldia. Preskripzioa Merkataritza Zuzenbidean.

12. gaia._Administrazio Publikoaren nozioa. Lege formala, legegintza delegatua eta Lege Dekretua: kontzeptuak. Erregelamendu-ahalmena: kontzeptua eta mugak. Erregelamendu motak. Arauen hierarkia.

13. gaia._Administrazioaren egintzak: kontzeptua, ezaugarriak eta sailkapena. Administrazioaren egintzaren osagaiak: eskumena, edukia, xedea eta forma. Egintza tazituak eta isiltasun administratiboa. Egintza administratiboaren jakinarazpena.

14. gaia._Egintza administratiboen balioa eta betearazi beharra. Administrazioaren egintzen eraginkortasunik eza eta atzera egitea.

15. gaia._Kontratu administratiboak: Izaera juridikoa, motak eta osagaiak. Kontratuen iraungitzea.

16. gaia._Prozedura administratiboaren nozioa. Prozedura administratiboari buruzko legea. Printzipio orokorrak eta aplikazio esparrua. Prozedura administratiboaren hastapena, izapidaketa eta bukaera.

17. gaia._Bide administratiboko errekurtsoak: kontzeptua eta motak. Errekurtsoa paratzeko zilegitasuna. Errekurtsogai izan daitekeena. Inpugnatzeko arrazoiak egintza administratiboetan.

18. gaia._Europako Batasuneko Zuzenbidea. kontzeptua, izaerak. Iturburuak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak. Zuzentarauak. Erabakiak. Beste iturri batzuk. Europako Batasuneko zuzenbidea eta Espainiako Konstituzioa.

19. gaia._Europako Batasuna: Aurrekontua eta jarduteko politika nagusiak.

20. gaia._Europako Batasunaren antolaketa. Batzordea. Parlamentua. Kontseilua. Justizia Auzitegia: osaera eta eskumenak; epaien ondorioak.

IV. atala

1. gaia._Enpresaren kontzeptua. Enpresa motak. Enpresaburuei eta etekinei buruzko teoriak.

2. gaia._Erabakiak hartzeko teoria. Ziurtasunez eta ziurgabetasunez erabakitzea. Erabaki zuhaitzak.

3. gaia._Produkzio prozesua. Ekoizpenaren kostuak: haien egitura. Ekoizpenaren kostuak ezartzen dituen osagai nagusiak. Kostua ekoizpen bakunean eta konposatuan. Azpiproduktuen kostua.

4. gaia._Ekoizkortasuna enpresan. Kontzeptua. Ekoizkortasunerako neurriak. Ekoizkortasuna handitzeko faktoreak. Eraginkortasuna eta ekoizkortasuna: epe labur, ertain eta luzera hobetzea.

5. gaia._Merkaturatzea enpresan. Bizitza-zikloaren kontzeptua. Merkatuaren azterketa.

6. gaia._Enpresaren kokapena. Faktore eragingarriak. Kokapenari buruzko orotariko arauak. Kokapena garraioaren kostuaren arabera. Kokapena kostu eta etekin guztien arabera. Enpresaren eragina kokaguneari dagokionez.

7. gaia._Enpresaren egitura ekonomiko eta finantzarioa. Kapital beharrak enpresan. Enpresa finantzatzeko dirusarrerak. Batez besteko heltze aldia. Maliobra-funtsa.

8. gaia._Enpresaren kanpo finantzaketa. Baloreen merkatua. Epe labur, ertain eta luzerako kreditua. Factoring eta leasing direlakoak.

9. gaia._Enpresaren barne finantzaketa. Mantentzearen bidezko autofinantzaketa. Amortizazioen eginkizun finantzarioak. Aberastearen bidezko autofinantzaketa. Autofinantzaketaren ondorio biderkatzailea. Autofinantzaketaren abantailak eta eragozpenak.

10. gaia._Inbertsioa enpresan. Inbertsio motak. Inbertsioaren nolakoak eta zenbatekoak. Inbertitzeko denborazko prozesuak. Ekipo ondasunak berritzeko arazoak.

11. gaia._Emaitza enpresan: haren izaera. Emaitza osoa eta aldizkako emaitza. Enpresaren etekinen erlatibotasuna. Enpresaren emaitzaren osagaiak.

12. gaia._Enpresaren balorazioak. Oinarrizko printzipioak. Metodoak. Kontabilitatez kanpoko balorazioak.

13. gaia._Plangintza enpresan: Plangintzaren osagai, epe eta helburuak. Antolaketa: antolaketaren egitura, sistema eta diseinuak. Kontrola: kontrolatzeko teknikak.

14. gaia._Kapitalizazio bakuna. Deskontu komertziala eta arrazionala. Epemuga arrunta. Batez besteko epemuga. Kapitalizazio konposatua. Hitzarmen lineala. Hitzarmen esponentziala. Kapitalizazio bakunean eta konposatuak puntu baliokideak. Puntu efektiboa eta puntu nominala.

15. gaia._Errentak. Kontzeptuak eta sailkapena. Errenta egiazkoak, iraunkorrak eta aldakorrak. Errenta zatikatuak. Bizitza osorako errentak.

16. gaia._Maileguak: Amortizazio sistemak: errenboltsu bakarra, amortizazio kuota iraunkorra, urteko sari iraunkorra, aritmetikoki eta geometrikoki handituz doazen urteko sariak. Amortizazio metodoa korritu zatikatuen bidez. Kapitala osatzeko eragiketak.

17. gaia._Jesapen normal klasikoak eta alde bateko zein biko ezaugarri komertzialak dituztenak. Jesapen normalizagarriak: amortizazio prima dutenak, amortizazio lehorra dutenak, loteak dituztenak, korrituen ordainketa zatikaturik daukatenak, administrazioaren aldian aldiko gastuak dituztenak.

18. gaia._Balore higigarrien gaineko eragiketak. Merkatu finantzarioa. Sal-erosketak. Baloreen errentagarritasuna. Baloreen pignorazioa. Harpidetzarako eskubideak.

V. atala

1. gaia._Oinarrizko kontzeptuak: Hardware. Ordenadore bateko osagaiak. Software. Programa motak. Bulegoko aplikazioak. Testu tratamendua, kalkuluko orria, datu basearen kudeatzailea.

2. gaia._Windows: Ingurune operatiboa. Terminologia. Saguaren erabilera. Laguntzaren erabilera. Aplikazio batzuen funtzionamendua: eginkizunen zerrenda, komunztadura, aplikazioen artean informazioa banatzea. Artxiboen administratzailea. Inprimaketa: inprimagailuak konfiguratzea, inprimaketaren administratzailea.

3. gaia._Testu tratamendua: aurreko kontzeptuak: orriak, lerroaldeak, formatuak, iturriak. Testuen idazketa: sarrera, ikuskapena, mugitzea eta kopiatzea. Bilatzea eta aldatzea. Ortografia. Banan banako gutunak.

4. gaia._Nafarroako Gobernuaren testu tratamendu arruntaren bidezko lana (Word 97 edo Word 2002): Lan eremua. Idatzi eta editatzea. Formatuak. Estiloak. Orria diseinatzea eta konposaketa. Dokumentu zabalak: idazpuruak eta orri oinak, eskemak, edukien taulak eta aurkibideak, orri oineko oharrak. Dokumentuak inprimatzea.

5. gaia._Nafarroako Gobernuaren kalkuluko orriaren bidezko lana (Excel 97 edo Excel 2002): Oinarrizko betebeharrak: laneko liburuak, gelatxoak eta komandoak, datuak sartzea, formulak eta loturak, kalkuluko orri baten formatua, gauzaki grafikoak eta inprimaketa. Taula dinamikoak: sortu eta pertsonalizatzea. Arazoak datuak aztertuz konpontzea: Arazoak konpontzea, "Baldin eta ...", agertokien administrazioa, Solver erabiltzea eta datuen azterketa. Tresnen barra. Auditoria: ezaugarriak eta erabiltzeko modua. Beste aplikazio batzuekin datuak trukatzea.

Iragarkiaren kodea: F0409689