50. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

34/2004 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, ofizialki onarturiko Astialdiko Eskolek astialdiko zuzendari eta begirale izateko ematen dituzten ikastaroen arauak ezartzen dituena.

Astialdiko Eskolen onarpen ofiziala eta Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanak arautzen dituen ekainaren 21eko 235/1999 Foru Dekretuko bigarren xedapenetariko lehenbizikoak eta 5. artikuluak esku ematen diote kontseilariari dekretu hori garatzeko egokitzat jotzen dituen xedapen guztiak emateko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Xedea.

Foru agindu honek xede du ofizialki onarturiko Astialdiko Eskolek astialdiko zuzendari eta begirale izateko ematen dituzten ikastaroen arauak ezartzea.

2. Tipologia.

Haur eta gazteendako ofizialki onarturiko astialdiko hezitzaile eskolek haur eta gazteendako astialdiko begirale eta zuzendari izateko ikastaroak emanen dituzte.

Eskola hauek urtero astialdiko begirale izateko ikastaro bat eman beharko dute gutxienez. Eman ezik, onarpen ofiziala bertan behera utziko da.

3. Gaitasuna.

3.1. Haur eta gazteendako astialdiko begirale izateko diplomadunak gai dira astialdian haurrak eta gazteak hezi eta alaitzeko, bai hirietan, bai naturan.

3.2. Haur eta gazteendako astialdiko zuzendari izateko diplomadunak gai dira

a) Haurrak eta gazteak hezi eta alaitzeko astialdian egiten diren jarduerak prestatu, zuzendu eta koordinatzeko, bai hirietan, bai naturan.

b) Jarduera horietan diharduten lan taldeak zuzendu eta koordinatzeko.

3.3. Astialdiko begirale eta zuzendarien tituluek ez dute gaitasunik ematen arriskutsutzat jotzen diren jarduerak egiteko.

4. Betebeharrak.

4.1. Haur eta gazteendako astialdiko begirale izateko diploma lortzeko ikasketak egin ahal izateko, nahitaezkoa izanen da:

a) Eskolako Graduatua edo antzekoa edukitzea, gutxienez.

b) Ikastaroko aldi teoriko-praktikoa bukatu aitzin 18 urte beterik edukitzea.

4.2. Haur eta gazteendako astialdiko zuzendari izateko diploma lortzeko ikasketak egin ahal izateko, nahitaezkoa izanen da:

a) Bi urtez begirale diploma eduki izana edo begirale lanetan 250 orduz edo 30 egunez, udalekuetan eta kanpalekuetan, aritu izana.

b) Goi Batxilergoa, II. L.H. edo antzeko titulua edukitzea.

5. Iraupena.

5.1. Astialdiko begirale izateko ikastaroak 270 ordu iraunen du, hiru alditan banaturik. Honakoak:

a) Aldi teoriko-praktikoa: 120 eskola-ordu iraunen du gutxienez, 20 egunetik 9 hilabetera bitarte banaturik. Debeku da egun batean 8 ordu baino gehiago ematea, direla teorikoak edo praktikoak. Gutxienez eskola-orduen % 90etara doazen ikasleek gaindituko dute aldi hau, eskolak egin beharreko banakako proba idatzia ere gainditzen badute. Proba horren xedea ikasleek dakitena eten gabe ebaluatzea da.

b) Praktikaldia: aldi honek gutxienez ere 120 iraunen du, prestakuntza lanetan emanik. Haur edo gazteendako astialdiko programa bat daukan edozein entitate publiko edo pribatutan egiten ahalko da. Kanpaleku, udaleku edo auzolandegi batean ere egiten ahalko da, betiere gutxienez ere 10 egun badirau. Eskola guztiek jakinarazi beharko diote Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari non eginen dituen ikasle bakoitzak bere praktikak.

Eskola bakoitzak ebaluatuko du praktikaldia. Eskolako hezitzaileen eta praktikak egiten direneko entitatearen arduradunaren iritziz, astialdiko begirale baten gogo-ezaugarriak ez dauzkaten ikasleek ez dute gaindituko proba.

a) Azken memoria: 30 eskola-ordu bezainbat baloratuko da. Gazte elkarte baten hilabete bateko jardueren egitaraua prestatu beharko da, haren egoitzan egiteko moduan, eta naturgune baterako txango bat, asteburu baterako, antolatu, hamar gazteko talde batendako.

b) Hiru prestakuntzaldiak arrakastaz bukatzen badira, astialdiko eskolek Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari proposatuko diote ikasleei diploma bana eman diezaiela.

5.2. Astialdiko zuzendari izateko ikastaroak 340 ordu iraunen du, hiru alditan banaturik. Honakoak:

a) Aldi teoriko praktikoa: 100 eskola-ordu iraunen du gutxienez, 14 egunetik 9 hilabetera bitarte banaturik. Debeku da egun batean 8 ordu baino gehiago ematea, direla teorikoak edo praktikoak. Eskola bakoitzak ebaluatuko du aldi hau. Gutxienez eskola-orduen % 90etara doazen ikasleek gaindituko dute aldi hau, eskolak egin beharreko banakako proba idatzia ere gainditzen badute. Proba horren xedea ikasleek dakitena eten gabe ebaluatzea da.

b) Praktikaldia: 200 ordu iraunen du gutxienez. Eskola guztiek jakinarazi beharko diote Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari non eginen dituen ikasle bakoitzak bere praktikak.

Praktikak haur edo gazteendako entitate publiko edo pribatuek sustaturiko etengabeko egitarauetan eginen dira. Praktika gisa, nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 10 egunez udaleku batean zuzendari egotea.

Eskola bakoitzak ebaluatuko du praktikaldia. Eskolako hezitzaileen eta praktikak egiten direneko entitatearen arduradunaren iritziz, astialdiko zuzendari baten gogo-ezaugarriak ez dauzkaten ikasleek ez dute gaindituko proba.

a) Azken memoria: 40 eskola-ordu bezainbat baloratuko da. Gazte elkarte baten hiru hilabeteko jardueren egitaraua prestatu beharko da, haren egoitzan egiteko moduan, eta naturgune baterako txango bat, aste baterako, antolatu, hogeita hamar gazteko talde batendako.

b) Hiru prestakuntzaldiak arrakastaz bukatzen badira, astialdiko eskolek Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari proposatuko diote ikasleei diploma bana eman diezaiela.

6. Baliokidetzeak.

Begirale eta zuzendari ikastaroak egiten dituzten ikasleek, unibertsitate-titulua edukiz gero, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari eskatzen ahalko diote ikastaroaren eduki teorikoaren % 20 baliokidetu dakiela, gehienez. Baliokidetu beharreko gaiak zuzenean loturik egon beharko du eginiko ikasketekin.

7. Astialdiko begirale eta zuzendari tituluak, edo antzekoak, beste autonomia erkidego batzuek emanak, parekatzea.

7.1. Edozein autonomia erkidegotako erakunde ofizial eskudunek astialdiko begirale edo zuzendari izateko emaniko tituluek, ondorio guztietarako, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak ematen dituenen balio bera dute. Horregatik parekatu beharrik ez daukate.

7.2. Diploma bere autonomia erkidegoan ofizialki onarturik dagoen astialdiko eskola batek luzatu badu, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari eskatu beharko zaio parekatu dezala. Agiri gisa diplomaren fotokopia konpultsatua eta kasuan kasuko autonomia erkidegoko erakunde ofizial eskudunaren izkribu bat aurkeztuko dira, non diploma horren balioa adieraziko baita.

8. Kurrikuluetako edukiak.

8.1. Ofizialki onarturiko astialdiko eskolek haur eta gazteendako astialdiko begirale izateko ematen dituzten ikastaroek arlo eta iraupen hauek izanen dituzte, gutxienez:

a) Hezkuntzaren arloa: 30 ordu erabiliko dira ondoren aipatzen diren edukietarako:

_Ingurumeneko prestakuntza (naturan).

_Astialdiko prestakuntza.

_Psikologia ebolutiboa.

_Taldea.

_Jendetasunean hezitzea.

_Gizarte trebetasunak.

_Osasun eta sorospenerako prestakuntza: elikagaiak erabiltzeko gaitasunerako modulua barne.

_Gizarteratzeko prestakuntza.

b) Tekniken arloa: Iraupena: 30 ordu.

_Taldeko teknikak.

_Adierazpen plastikoa, gorputzarena eta dramatikoa.

_Aire ageriko teknikak.

_Alaitze teknikak (jokoak, musika, eta abar).

_Liskarrak konpontzeko teknikak.

_Astialdiko sormena.

c) Kudeaketaren arloa: Iraupena: 30 ordu.

_Astialdiko legezko esparrua.

_Gazte elkarteen kudeaketa.

_Jardueren plangintza eta ebaluazioa.

_Begiralearen aseguruak eta erantzukizuna.

d) Eskolan jarduteko orduak: 30 ordu. Ofizialki onarturiko astialdiko eskolek Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari astialdiko begirale izateko egin nahi den ikastaro bakoitzerako proiektua aurkeztuko diote, aldez aurretik onets dezan. Proiektu horretan agertu beharko du eskolan jarduteko orduen eta beste arloen edukiak. Jakintza-mailaren ebaluazioan bereziki baloratuko da ikasleak jarduerak planifikatu eta ebaluatzeko duen gaitasuna eta ordu horietan eginen da.

8.2. Ofizialki onarturiko astialdiko eskolek haur eta gazteendako astialdiko zuzendari izateko ematen dituzten ikastaroek arlo eta iraupen hauek izanen dituzte, gutxienez:

a) Jardueren egitaraua. Iraupena: 30 ordu. Gehienbat praktikoa izanen da. Haren xedea gazte elkarte, gizartetxe edo antzeko batean urte baterako jarduerak planifikatzea da, baita aire agerian kanpaleku edo ibilaldi bat programatzea ere, gutxienez ere astebete dirauena, 50 parte-hartzailerekin.

b) Liskarrak konpontzeko, taldeka lanean jarduteko eta begirale talde bat zuzentzeko teknikak: Iraupena: 20 ordu. Honen xedea da jarduera garatzeko den giza taldea zuzentzea eta sortzen zaizkion gorabeherak zuhurtziaz konpontzea. Astialdiko zuzendarigaiak zuzentzeko duen gaitasuna eta haren jakintza-maila praktikaldian baloratuko dira bereziki.

c) Legeria: Iraupena: 10 ordu. Astialdiko gazte jarduerei, erantzukizun zibileko aseguruei eta jardueretako aseguruei buruzko arautegia izanen da ikasgai. Zuzendariak jarduerak direla-eta izan dezakeen erantzukizun zibila eta penala.

d) Eskolan jarduteko orduak: Iraupena: 40 ordu. Haren eta beste arloen edukia adierazi beharko da, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak aldez aurretik astialdiko zuzendari izateko ikastaro bakoitzerako proiektua onets dezan, behin hau aurkezturik. Ebaluazioa ordu horien arabera eginen da.

9. Ikastaro motak.

9.1. Astialdiko begirale eta zuzendari ikastaroak egin ahal izateko, bertan egon behar dute ikasleek.

9.2. Salbuespen gisa, posible izanen da astialdiko begirale eta zuzendari ikastaro batzuetan beti bertan ez egotea, baldin eta haiek eskatu eta burutzeko berme batzuk biltzen badira:

_Bertan egoteko edukiak. Arlo hauek emanen dira nahitaez horrela:

a) Zuzendari ikastaroa: liskarrak konpontzeko, taldeka jaruteko eta begirale taldea zuzentzeko teknikak; jardueren programazioa.

b) Begirale ikastaroa: kudeaketa eta teknika arloak.

_Ohar-liburua, paperean edo euskarri informatikoan, gutxienez ere urrundik emaniko eduki guztiak biltzen dituena.

_Banakako aholkularitza, bertan egonda eta urrundik.

_Ebaluazioa egiteko modua zehaztu behar da.

_Praktikak eta azken memoria bertan egon beharreko ikastaroetakoak bezalakoak izanen dira.

10. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, bertan argitara dadin.

11. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko otsailaren 20an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, Reyes Berruezo Albéniz.

Iragarkiaren kodea: F0403337