116. ALDIZKARIA - 2004ko irailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1665/2004 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, "NA-132 errepidea zabaldu eta hobetzea, tartea: Zareko saihesbidea-Oibar/Oibarko saihesbidea" izeneko proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena. Proiektua Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak eta haren Erregelamenduak (irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak onetsiak) ezartzen dutenaren arabera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin behar da, xedapen horietako eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazioaren ebazpena eman aurretik.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2004ko maiatzaren 20an "NA-132 errepidea zabaldu eta hobetzea, tartea: Zareko saihesbidea-Oibar/Oibarko saihesbidea" izeneko proiektua aurkeztu zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedurari hasiera emateko asmoz.

Proiektuak NA-132 errepidea, 66+160 k.p.tik 69+220 k.p.ra bitarte, zabaldu eta hobetzeko behar diren obrak ekonomikoki zehaztu eta baloratzen ditu. Tarte horrek bere barrenean du Oibarko herriko saihesbidea. Aztertzen ari den obrak 3.060 metro ditu.

Proiektuak proposatzen duen soluzioa 3,5 metroko bi erreiko errepidea egitea da, 1,5 metroko bazterbide eta zola eman gabeko 0,5 metroko bermekin bi aldeetan.

Egun 12 bihurgune daude eta proiektu berriarekin 4 baizik ez lirateke izanen. Proiektatutako saihesbidearen trazaduran lotune bat sortu behar da NA-132 errepidea NA-534 errepidearen gainetik iragateko, eta bi sarbide, errepidearen maila berean, saihesbidearen muturretan.

Prestatutako lotunea pisu motakoa da, hau da, NA-535 errepidearekin elkartzen diren biribilguneak erdibanatuak proiektatu dira errepide horrek lehentasuna izateko.

Obrek ukituko dituzten sakanetan (Juntapeones eta Bizkaia), egiturak elementu prefabrikatuekin eginen dira, jarduteko denbora eta erreken ibilguaren gaineko eragina ahalik txikienak izan daitezen.

Proiektuak badu drainatzeen, nekazaritzako bideen lehengoratzearen, seinalizazioaren eta aldi baterako desbideratzeen gaineko azterlana.

Zagor artifizialak eskuratzeko (9.500 metros kubiko ) Ledeako harrobi legeztatua proposatzen da.

Aukeratu den zorua eskuratzeko (35.000 metro kubiko) Zangozako 4. poligonoko 105., 106. eta 108. lurzatiak, Gabarderalen ondoan, ustiatzea proposatzen da. Lur horiek aldi baterako desjabetzapena izanen dute ustiatzeko eta material ezegokiak biltzeko.

Okupatu beharreko lurrak Oibarko udal mugapean daude eta paisajea herrigunetik kanpokoa da. Hartan nahasten dira Oibarren hegoaldean oraindik ere irauten duten natur espazioak, hala nola, sakanak, ezpondak eta muinoak, lehorreko alorrekin, zereala gehien batean, eta, gero eta gehiago, mahastiekin.

Proiektuaren ukipen nagusiak, errepideak okupatuko duen lurzoruarenaz gainera (hau bihurtezina), sortuko diren ezponda berriak, batzuk handi samarrak, izanen dira.

Ingurumen Eraginaren Ebaluazioari buruzko Erregelamendua onesten duen 1131/1988 Errege Dekretuko 17. artikuluan xedatutakoa betez, Ingurune zuzendari nagusiak ekainaren 20an emandako 1113/2004 Ebazpenaren bitartez (76. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 2004ko ekainaren 25ekoa), proiektua jendaurrean paratu zen. Epe horretan Ingurumen Eraginaren Ebaluazioari ez zaio alegaziorik egin. Bi idazki jaso dira ukitutako alorrak erabiltzeari buruzkoak.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ahalmenak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuaren bidez eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak uztailaren 24an emandako 1054/2003 Foru Aginduaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "NA-132 errepidea zabaldu eta hobetzea, tartea: Zareko saihesbidea-Oibar/Oibarko saihesbidea" izeneko proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Deklarazioa egiten da. Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du proiektua eta ingurumenaren aldetik bideragarritzat jo da aurkeztutako proposamena, honako baldintzak betetzen baditu:

A._Okupatu beharreko lurzoruaren gaineko ukipenak: Oibarretik hegoaldean dauden natur espazio urriak baitira eta saihesbidea zuhaitz eta sastrakaz betetako eremu handienetako batean diseinaturik baitago, saihesbideak kalitate handieneko landareak ukitzen dituenean ezpondak zutagoak izanen dira eta harri lubetak, e.a. paratuko dira, ukipena ahalik txikiena izateko.

Proiektuan agertzen ez baldin bada ere, errepide zaharrean baliogabetuko diren tarte guztietan area pasatuko da, lurra egokitu eta, are gehiago, hala behar izanez gero bidezoruen materialak hondakindegira eramanen dira, eta eremu haiek landare-lurrez estaliko dira, gero landareztatzeko adina lurrez. Bide zaharraren eta berriaren arteko lur eremuak desjabetzapen proiektuan sartuko dira eta landareztatzeko aurrekontuetan agertuko.

Lur mugimenduei dagokienez, hondeatzeko eta ezpondak egiteko bolumenek (135.251 metro kubiko eta 133.037 metro kubiko, hurrenez hurren) nahikoa berdindurik ematen dute. Beraz, ez da hondakindegirik prestatzeko asmorik. Hala ere, esleipen hartzaileak material hondakindegirik erabili nahi izanez gero Ingurumen Departamentuari jakinarazi behar dio aukeratutako tokia edo modua ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana edo ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin beharra gerta litekeelakoz.

B._Materialak biltzeko eremuen gaineko ukipenak: Gabarderalen, legarrak biltzeko eremuan, bertako ezponda eta landare (bai zuhaitzak, bai zuhaiskak, bai sastrakak) guztiak errespetatuko dira: 102,103, 105, 106, 108, 144, 145, 146, 147, 148, 149, 150, 163 eta 164. lurzatien ipar-mendebaldeko mugak 100 eta 101. lurzatiekin; eta 176, 177, 186 eta 190. lurzatien ipar-mendebaldeko mugak, bai eta lurzati horien guztien barreneko eta hego-ekialdeko ezpondak eta eremu horren hego-mendebaldean, baserriaren ondoan, dagoen legar eta errekarrizko malkar txikia ere: 103 eta 400. lurzatiek elkarrekin duten hegoaldeko eta hego-mendebaldeko mugak.

Ezponda horien eta baserriaren gaineko malkar txikiaren luzeran, bi metro zabaleko lur zerrenda bat erreserbatuko da legarra erauztetik, kamioien eta makineriaren pasabideetan izan ezik. Horiek bi izanen dira gehienez eta 10 metro baino txikiagokoak.

Esleipen hartzaileak legarrak edo zagorrak biltzeko proiektuan paratutako tokia ez, beste bat erabili nahi badu, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana aurkeztu beharko du nahitaez.

Ondotik, berreskuratuko dira lurzatietako landare-lurra zabalduz eta, halakorik balego, obraren sobrakinak erabiliz.

C._Abelbideen gaineko ukipenak: Proiektua 11. Zeharbidean sartzen den tokietan, okupatutako lurraren ordainez beste hainbesteko azalera eman beharko zaio.

D._Ondare arkeologiko eta historiko-artistikoaren gaineko ukipenak: Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean ez da agertzen obraren inguruetako ondare arkeologiko edo historiko-artistikorik. Hala ere, 833 eta 836. lurzatietan badira paretatxo batzuk eta hiru gurbe edo maspilondo zahar (Sorbus domestica) eta obrak ahal den gehiena errespetatu beharko ditu eta, ukitzekotan baldin badago, ezponda-pareta bat egiteko aukera aztertuko da. Izan ere, ingurumenaren aldetik, kasko honetan eta saihesbidearen hegoaldeko desbideratzea hartzen duen muinoan, 452, 453 eta 454. lurzatietan, 1H/1V-ko ezponda bat egitea gomendatzen da, haien osaketa geologikoak ezpondaren egonkortasuna ziurtatuko lukeelakoz.

E._Landareen gaineko ukipenak: Gizakiak eremu horren eta inguruaren erabilera trinkoa egin du eta paisajea arras estepako bilakatu da. Beraz, gelditu diren natur elementuak, hau da, ur ibilguen bazterrak, ezpondak, mendoitzak, arekak, e.a. nabarmentzen dira eta jarduketa guztiak natur elementu hriek kontserbatze aldera eginen dira.

Saihesbidea Juntapeones eta Bizkaia sakonen gainetik iragaten den tokietan bada landaretza berezia, batez ere astigarrek (Acer campestre) eta lizar hostotxikiek (Fraxinus angustifolia) osatua. Landare horiei ahalik eta babes handiena eman behar zaie eta bidea egiteko behar-beharrezkoak direnak baizik ez dira botako, betiere Ingurumen Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalak baimena eman ondotik.

Paisaje soildu honetako beste elementu berezi bat zuhaitzez eta zuhaiskaz jantzitako ezpondak eta mendoitzak dira. Gabarderalen, legarrak biltzeko tokietako ezpondak eta haietako landaretza, bai zuhaitzak, bai sastrakak, errespetatuko dira hego-mendebaldeko muturrean, baserriaren ondoan, dagoen legar eta errekarrizko malkar txikiarekin batera. Ezponda horien eta malkar txikiaren luzeran bi metro zabaleko lur zerrenda bat erreserbatuko da legarra erauztetik, kamioien eta makineriaren pasabideetan izan ezik.

Lehenagoko atalean erran bezala, 833. lurzatian badira hiru gurbe edo maspilondo (Sorbus domestica) eta beste natur landare batzuk, sastrakak nagusiki, eta 1H/1V-ko ezponda bat egitea gomendatzen da haiek babesteko, eta beste bat egitea 452. lurzatiko muinoaren gainean, biribilguneetatik hurbil.

Hondeaketan erdietsitako landare-lur guztia (26.147 metro kubiko) modu egokian bilduko da eta obran erabiliko da.

F._Uren gaineko ukipenak: Obrek iraun bitartean azaleko uren berezko egoera ez aldatzen saiatuko da eta, bereziki, kontu handiz ibili beharko da kutsatzen edo uhertzen dituzten materialak edo likidoak ez botatzen, batez ere Juntapeones eta Bizkaia sakanetan.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta Oibarko Udalari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2004ko abuztuaren 24an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

Iragarkiaren kodea: F0413443