92. ALDIZKARIA - 2003ko uztailaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

4/2003 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Kultura eta Turismo kontseilariak emana, Turismoko eta Turismoaren Sustapenerako zuzendari nagusiari zenbait eskurantza erabiltzeko ahalmena ematen diona.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 37. artikuluak xedatzen du kontseilariek ahalmena dutela dagozkien eskurantzak kasuan kasuko departamentuko zuzendari nagusien esku uzteko.

Kultura eta Turismo Departamentuak Turismoko eta Turismoaren Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiari dagozkion gaietan garatzen dituen jarduerek behar bezalako dinamismoa izan dezaten, beharrezkoa da kontseilariari dagozkion zenbait eskurantza organo horren titularren esku uztea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 37. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 1. Turismoko eta Turismoaren Sustapenerako zuzendari nagusiari eskuordetzan ematea Kultura eta Turismo kontseilariari dagozkion eskurantza guztiak, eskuordetu ezin direnak salbu, eta zehazki honako hauek:

a) Orokorrak.

_Espediente administratiboen ebazpena.

_Gastuak egiteko baimena eman eta xedatzea eta ordaindu beharrak onartzea.

_Zuzendaritza Nagusiko unitate organikoen artean sor daitezkeen liskarrak konpontzea.

b) Kontrataziokoak.

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Foru Legearen 12.1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kontratuen gainean Kultura eta Turismo kontseilariari dagozkion ahalmenak, aipatu foru lege horren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten kontratuei dagozkienak izan ezik.

c) Langileenak.

Turismoko eta Turismoaren Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiari atxikitako langileei dagokienez, apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluak kontseilariei ematen dizkien ahalmenak.

2. Eskuordeturiko eginkizunak garatzeko, Departamentuko Idazkaritza Teknikoaren laguntza tekniko eta juridikoa izanen du.

2. artikulua. Kultura eta Turismo kontseilariak noiznahi eskatzen ahal du edozein espediente, haren gaineko ebazpena emateko.

3. artikulua. Foru agindu honen bidez esleitzen diren eskurantzen ondorioz ematen diren ebazpenetan espresuki aipatuko da hala dela. Ebazpen horiek kontseilariak emanikotzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta haien kontra gora jotzeko helegitea aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Indarrik gabe gelditu dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Bigarrena._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren lauan._Kultura eta Turismo kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: A0307144