92. ALDIZKARIA - 2003ko uztailaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Z E N O T Z

E D I K T U A

Zenozko Kontzejuak 2003ko maiatzaren 23an egin bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zen:

"Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hasiera batez onetsi zenetik 30 eguneko legezko epea erreklamazio, kexa eta oharrik aurkeztu gabe iragan denez, Kontzeju honek aho batez erabaki du:

a) Ordenantza behin betikoz onestea.

b) Ordenantza Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, hasiera batez onetsi zen bezala."

Zenotz-Ultzaman, bi mila eta hiruko ekainaren hamazazpian._Alkate udalburua, Emilio Izco.

ZENOZKO KONTZEJUAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1.artikulua. Zenozko Kontzejuaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Herrilurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxa ditzaketenak dira.

3. art. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. art. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Zenozko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. art. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

III. TITULUA

Herri ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. art. Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. art. Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. art. Kontzejuak Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. art. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. art. Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. art. Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. art. Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da eta zehazten den moduan eginen da. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. art. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herrilarreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. art. Kontzejua herrilurren ekoizpena hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta herrilurrek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. art. Orokorrean, Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adinez ttiki burujabea edo judizialki gaitua.

b) Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea 6 urteko antzinatasunez.

c) Herrian urtean bederen bederatzi hilabetez eta jarraian bizi izatea.

d) Kontzeju honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Kontzejuko Batzarrak, idazkariak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

17. art. Zenozko herrilarreen aprobetxamendua herriko ohiturari jarraikiz eginen da, hau da, ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Zenozko abeltzainen artean enkantea eginez. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Gainera, toki entitatearen baimena beharko dute, beren aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. art. Enkante hori egindakoan herrilurrik soberan gelditzen bada, enkante publikoa eginen da. Deialdia Entitatearen iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

19. art. Herrilarreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.

20. art. Esleipena 10 urterako izanen da.

21. art. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak kontuan hartuz (KPI).

22. art. Iragandako urte bakoitzeko ordainduko da lur-saria.

23. art. Herrilarreetan bazkatzen diren abereek osasun ziurtagiria beharko dute, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

24. art. Herriko ohiturei jarraituz, kalteak saihestearren, Kontzejuak honako baldintza hauek ezarri ditu:

1._Esleipen hartzaileak larrea zaindu beharko du belar gaizto, zuhaixka, iratze eta abarretatik.

2._Esleipen hartzaileak larrea ongarritu beharko du ezarritako denboran eta moduan.

3._Lurzatietan itxiturarik jartzekotan, Kontzejuak jarriko du, baina esleipen hartzaileak zaindu beharko du.

4._Laburtuz, esleipen hartzaileak larrearen emankortasuna mantentzeko behar diren ekintza guztiak egin beharko ditu eta larrea esleipen unean zegoen bezala egon beharko da.

25. art. Prozedura. Kontzejuak erabakia hartu ondoren, enkantearen iragarkia Zenozko iragarki oholean jarriko da. Bertan zehaztu beharko da enkantean zein lurzati esleituko diren, haien hedadura eta hasierako prezioa.

Enkantea eginda, esleipena postura onenaren egileari emanen zaio behin-behinekoz, sesta aldian postura hoberik egiten den ikusi arte.

Sesteorik ez badago, esleipena behin betikoa bilakatuko da.

26. art. Herritarren arteko enkantean banatu ondotik soberan diren larreak enkante publiko bidez esleituko dira. Enkantea behar beste denboraz iragarri beharko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Kontzejuko iragarki oholean, eta bertan zehaztu beharko da zein larre den, bere hedadura eta hasierako prezioa.

Larre bakoitzaren hasierako prezioa Kontzejuak zehaztuko du eta ezaugarri berdinak dituzten eremu horretako lurren errentamenduaren prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira KPIrekin.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

27. art. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendien Atalak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

28. art. Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

29. art. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

30. art. Egurra banatzerakoan Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren famili unitateei lehentasuna emanen dielarik.

31. art. Aurreko lerroaldean aipatutako famili unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Kontzejuak irizpide objektiboak jarraituko ditu.

32. art. Kontzejuak urtero finkatuko du etxerako egurren aprobetxamenduaren aldera ordaindu beharreko saria.

IV. KAPITULUA

Herrilurretako bertze aprobetxamendu batzuk

33. art. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Parlamentuaren 1981-3-17ko Arauan eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

34. art. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

35. art. Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrak laguntzeko.

Proiektu hauek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

36. art. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

37. art. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

38. art. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osoki ez egitea.

d) Herrilurra esleipenaren xederako ez erabiltzea.

e) Esleipenetako epeak ez errespetatzea.

f) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasun babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

g) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.

h) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

39. art. Aipatu arau-hausteek zehapen hauek izanen dituzte:

_a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

_h) arau-haustearengatik herrilurren edo larreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

_Gainontzeko arau-hausteengatik, eragindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraztea. Balio hori zehazterik ez badago, zehapena ezarriko da, hamar mila eta berrehun mila pezeta bitartekoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten ezarritako xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0306285