92. ALDIZKARIA - 2003ko uztailaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

149/2003 FORU DEKRETUA, ekainaren 23koa, fiskalizazio mugatuaren prozesuaren gaineko aldi baterako araubidea luzatzen duen abenduaren 13ko 612/1999 Foru Dekretua indargabetzen duena.

Maiatzaren 3ko 133/1999 Foru Dekretuaren bidez Foru Komunitateko Administrazioarentzat eta haren erakunde autonomo administratiboentzat betebehar ekonomikoak sortaraz ditzaketen egintzetan, agirietan eta espedienteetan kontu hartzeko prozedurak arautu ziren.

Dekretu haren xedea da, lehenbizi, kontu hartzeko ezartzen den metodologiak, hasiera batean, egintza esanguratsuenei erreparatzea, eta zenbatekoagatik, edukiagatik edo arriskuagatik garrantzi gutxiagokoak direnak kontu hartzetik salbuestea, aurrerago, haien fidagarritasuna bermatuko duten laginketa prozeduren bidezko edo auditoretza tekniken bidezko kontrol zorrotza egitea baztertu gabe.

Era berean, kontrol lanetarako baliabideak zentzuz erabiltzeko xedea du eta kontuhartzeko langileak, euren zereginetan, eragingarriagoak izatea ahalbidetzea, zeren eta kontrol lanetan, horiek araupetzen dituzten xedapenak ezarri baino lehen, lehentasuna emanen baitiete egintzarik adierazgarrienei.

Maiatzaren 3ko 133/1999 Foru Dekretuan azaldutako xedeak bete ahal izateko, beharrezkoa zen zeregin batzuk aurrera eramatea, Administrazioaren organoak prestatu eta onetsitako marko juridiko berrira egokitzeko. Horretarako, eta egokitze prozesu horretan funtzionamendu arazoak baztertzeko, ekainaren 7ko 186/1999 Foru Dekretuaren bitartez, Foru Komunitateko Administrazioarentzat eta haren erakunde autonomo administratiboentzat betebehar ekonomikoak sortaraz ditzaketen egintzen, agirien eta espedienteen aurretiazko fiskalizazio mugaturako sistema orokor bat ezarri zen.

Ondoren, abenduaren 13ko 612/1999 Foru Dekretuaren bidez, funtzionamendu araubide hori luzatu zen, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposatuta eta Kontuhartze Orokorraren txostenaren ondoren, Nafarroako Gobernuak hori indargabetzea erabaki arte.

Gaur egun, gainditu egin dira egun batean aurretiazko kontuhartze mugatuaren sistema aukeratzea aholkatu zuten zailtasunak: kontabilitate sistema berria finkatu egin da orokorrean, eta kontrolerako langile egokiak daude, maiatzaren 3ko 133/1999 Foru Dekretuan aipatzen diren zereginak aurrera eramateko, eta hortaz, bidezko da abenduaren 13ko 612/1999 foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoa betetzea.

Hori horrela, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko ekainaren hogeita hiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Indargabetu egiten da abenduaren 13ko 612/1999 Foru Dekretua, fiskalizazio mugatuaren prozesuaren gaineko aldi baterako araubidea, ekainaren 7ko 186/1999 Foru Dekretuan aurreikusitakoa, luzatu zuena.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko ekainaren hogeita hiruan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: C3204515