78. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

113/2003 FORU AGINDUA, apirilaren 15ekoa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagozkion zenbait aitorpen-likidazio telematika bidez aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezartzen dituena.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 45. artikuluari jarraikiz, administrazio publikoek ahaleginak egin behar dituzte beren jardueren eta eskumenen esparruan teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeko.

Otsailaren 16ko 263/1996 Errege Dekretuak, teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak, aipatu artikulua garatzen du, teknika horiek erabiltzeko berme, betebehar eta baldintzak finkatzeko.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigaren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari foru agindu bidez erregula dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Ildo berean, abenduaren 14ko 352/1998 Foru Dekretuak, Zerga Administrazioari informazioa emateko obligazio jakin batzuei aplikatu beharreko xedapenak garatzen dituenak, laugarren xedapen gehigarrian, baimena ematen dio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari zerga-aitorpenak baliabide telematikoez aurkezteko kasuak eta baldintzak finkatzeko.

Aipatu araudian oinarrituz, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak, azaroaren 26ko 337/2002 Foru Aginduaren bidez, Zerga Bereziei dagozkien zenbait aitorpen modu telematikoan aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri zituen, baita, aitorpenak eta jakinarazpenak aurkeztu eta kudeatzeko kanpoko lankidetzan, hitzarmen edo itunak akordioak sinatzeko prozedura eta baldintzak ere.

Aitorpenak modu telematikoan aurkezteko sistemak garatzen Nafarroako Zerga Ogasunak lortu duen esperientzia eta zergapekoek zerga administrazioarekin dituzten harremanetan teknologia berrien erabileraz erakutsi duten gero eta eskaera handiagoa kontuan hartuta, beharrezkoa da telematika bidezko sistema hori beste aitorpen eta eredu batzuetara hedatzea.

Foru agindu honetan Ekonomi eta Ogasun kontseilariak azaroaren 26ko 337/2000 Foru Aginduan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari eusten zaie.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Aitorpen-likidazioen ereduak telematika bidez aurkezteko sistemaren aplikazio eremua.

1. Foru Agindu honetan araututako aurkezpen telematikoa Balio Erantsiaren gaineko Zergako aitorpen-likidazioen eredu hauei aplikatuko zaie:

a) 308 eredua, "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia. Itzultzeko eskaera."

b) 309 eredua, "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Aitorpen-likidazio ez aldizkakoa."

c) 318 eredua, "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Noizbehinkako subjektu pasiboak (garraiobide berrien entregak erkidego barrenean). Itzultzeko eskaera."

d) 319 eredua, "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Garraiobide berriak eskuratzea erkidego barrenean. Aitorpen-likidazio ez aldizkakoa."

e) F-60 eredua, "Balio Erantsiaren gaineko Zerga, urteko aitorpen-likidazioa".

f) F-61 eredua, "Balio Erantsiaren gaineko Zerga, hiru hilabeteko aitorpen-likidazioa.

g) F-66 eredua, "Balio Erantsiaren gaineko Zergaren hilabeteko aitorpen-likidazioa."

h) F-67 eredua, "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Hiru hilabeteko aitorpen-likidazioa. Araubide erraztua."

i) F-69 eredua, "Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Hiru hilabeteko aitorpen-likidazioa. Araubide orokorra eta erraztua."

2. Hirugarren pertsonen izenean telematika bidezko aitorpenak aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateek, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak azaroaren 26an emandako 337/2002 Foru Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ahalmen hori erabili ahalko dute aurreko 1. atalean aipatutako aitorpen-likidazioen ereduetan.

2. artikulua Baldintza orokorrak, 308, 309, 318, 319, F-60, F-61, F-66, F-67 eta F-69 ereduen aitorpen-likidazioak telematika bidez aurkezteko:

1. Foru agindu honetako 1.1 artikuluan adierazitako aitorpen-likidazioen ereduak aurkeztu behar dituzten zergapekoek badute aukera inprimakian aurkezteko edo baliabide telematikoa erabiltzeko.

Dena dela, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 66. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuz, 2003ko eragiketen munta 300.000 eurotik gorakoa duten zergapekoek telematika bidez aurkeztuko dituzte 2004ko urtarrilaren 1etik aitzina hasitako epealdien aitorpen-likidazioak, baita aipatu datan Esportatzaileen eta beste Eragile Ekonomikoen Erregistroan (Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren 20. artikuluan aipatutakoa) alta emanda daudenek, baldin eta kasu batean eta bestean enpresa handiak ez badira, horiek araudi berariazkoa baitute.

2. Eredu horien aitorpen-likidazioak telematika bidez aurkezteko, baldintza hauek ezarri dira:

1. Aitortzaileak Identifikazio Fiskaleko Zenbakia izan behar du (I.F.Z.).

2. Aitortzaileak 2CA motako erabiltzaile ziurtagiri bat izan behar du, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeak emana eta bere nabigatzailean zuzenean instalatua nahiz txartel adimenduneko gailu kriptografiko batean.

3. Aurkezlea hirugarren pertsonen izenean aitorpenak aurkezteko pertsona edo entitate baimendua baldin bada, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeak emandako 2CA motako erabiltzaile ziurtagiria izan beharko du eskura bere nabigatzailean.

4. Aurkezteko modu hau hautatzen duten aitortzaileek kontuan hartuko dituzte aurkezpena egiteko behar diren arau teknikoak, foru agindu honetako I. eranskinean ageri direnak.

5. Foru agindu honetako 1.1 artikuluan adierazitako ereduei dagozkien aitorpen-likidazioak baliabide telematikoez aurkezteko, aitortzaileak Ekonomi eta Ogasun Dartamentuak prestatutako imprimakia, bere ordenagailuaren pantailan agertuko dena, erabili beharko du.

3. Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren 16/1987, 17/1999 eta 278/2001 foru aginduetan onetsitako aitorpen ereduen edukiari lotuko zaizkio ordenagailuaren pantailan agertuko den formularioan bete beharreko datu fiskalak.

4. Artikulu honen 3. atalean adierazitako foru aginduetan oro har ezarritako epeen barrenean aurkeztuko dira telematika bidez eredu horiei dagozkien aitorpen-likidazioak, baita dirua sartu ere, bidezkoa bada.

3. artikulua. Aitorpen-likidazioak telematika bidez aurkezteko prozedura.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak Interneteko zerbitzari bat jarri du aitortzaileen eskura; horretan lotu daiteke Balio Erantsiaren gaineko Zergaren aurkezpen telematikoarekin. Zerbitzu horretaz baliatzeko, Nafarroako Atariak Interneten duen helbidera sartuko da eta kontzeptu fiskala eta igorri beharreko aitorpen-likidazioaren fitxategia hautatuko ditu.

2. Prozedura hau lehen aldiz baliatzean, erabiltzaileak segurtasuneko ziurtagiri bat jaitsi beharko du, horrek adieraziko baitio zerbitzari seguru batekin ari dela lanean.

Ziurtagiri horrek zerbitzaria identifikatzen du erabiltzailea aplikazioan sartzen den une beretik, eta erabiliko diren datuen pribatutasuna mantentzen.

3. Ondoren, erabiltzailea aitorpen-likidazioaren aurkezpenean sartu ahalko da.

Datu ekonomikoak jartzeko inprimakia eskuratu baino lehen, aurkeztu behar den aitorpen mota adierazi behar da.

Ondoko datu hauek eskatzen dira:

Zerga: Aitorpena zein zergari dagokion adierazi beharko da.

Eredua: Balio Erantsiaren gaineko Zergaren zein ereduri dagokion aitorpen-likidazioa beharko da adierazi.

Aldia eta urtea: Aurkeztu behar den aitorpen-likidazioari dagozkion epealdia (hilabetea edo hiruhilekoa) eta urtea adieraziko dira.

Mota: (Arrunta/Ordezgarria). Aitorpen-likidazioa lehen aldiz aurkezten denean arrunta dela adieraziko da.

Ordezgarria jarriko da, aitorpen-likidazioari dagozkion ekitaldian eta epealdian beste aitorpen-likidazio bat aurkeztu bada telematika bidez.

Aurkezpena: aitorpen-likidazioa norberaren izenean edo beste norbait ordezkatuz aurkezten den beharko da adierazi.

Hizkuntza (gaztelania/euskara).

Aurreko datuak adierazitakoan, hurrengo inprimakira joko du aitortzaileak. Erabiltzaileak zein epealdiz egin nahi duen aitorpena, hari dagokion informazio ekonomikoa jasotzen du inprimaki horrek. Datuak Internet bidez bidaliko dira Nafarroako Gobernuaren zerbitzarira, ondoren tratamendua egin dadin.

4. Aitorpen-likidazioa bidali aurretik egiaztapenak egin ahalko dira.

5. Gero, aitorpen-likidazioa bidaliko du. Horretarako, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak eman eta nabigatzailean ezarritako 2CA motako erabiltzailearen ziurtagiria aukeratzean sortutako sinadura digitala erabiliko du. Aitorpen-likidazioa onartzen bada, Nafarroako Zerga Ogasunak inprimakia itzuliko dio, elektronika bidez egiaztatua, zein egun eta ordutan aurkeztu duen adierazita.

Aurkezpena onartzen ez bada, atzemandako akatsak azalduko dira pantailan. Kasu horretan, akatsak sarrerako inprimakian zuzendu eta aitorpen-likidazioa berriz bidaliko da.

Aitortzaileak inprimatu eta gorde eginen du aitorpen-likidazio onartu eta egiaztatua, kode elektronikoarekin batera. Aitorpen-likidazio hori izanen da aurkeztu izanaren frogagiria.

4. artikulua Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburpenaren eredu berria onestea, enpresa handiak ez direnek hilero aurkeztu beharrekoa, eta nola eta noiz aurkeztu.

Onetsi egin da Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen laburpenaren eredu berria, enpresa handiak ez izanik, hilero aitorpena egin behar dutenentzat, eta foru agindu honen II. eranskineko ereduari lotuko zaio.

Aitorpen hori bide telematikoez aurkeztuko da, abenduari dagokion aitorpen-likidazioarekin batera; jarduera uzten denean, berriz, urteko azken aitorpen-likidazioarekin batera.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion urteko aitorpenaren laburpena aurkezteko epea Zergaren araudian orokorrean ezarritakoa izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeak tributuei buruzko arauen arabera eta foru agindu honek indarra hartu baino lehen emandako X.509.V3 ziurtagiriek balioko dute, baldin eta foru agindu honetan aurreikusitako aitorpenak telematika bidez aurkezteko indarra baldin badute.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkezteko diren aitorpen-likidazioei aplikatuko zaie.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren hamabostean._Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

I. ERANSKINA

Tributu aitorpenak bide telematikoz aurkezteko arau teknikoak

Aitorpena aurkezteko modalitate hau aukeratzen duten aitortzaileek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

1. Softwareak bete beharrekoak, bidaltzeko:

Aurkezlearen ekipo informatikoak honako hau izan beharko du instalatua:

_Microsofteko sistema eragile hauetako bat: Windows 98, Windows Me, Windows NT 4.0, Windows 2000 edo Windows XP.

_Internet Explorer 5 nabigatzailea edo hobea.

2. Ondoko hauek instalatu beharko ditu nabigatzailean:

FNMT entitate jaulkitzailearen erro ziurtagiria, 2 CA motakoa, notazio hexadezimalean adierazten denean 36 F1 1 B 19 serie zenbakia duena eta honako hatz-marka hau, "hash sha 1" algoritmoarekin sortua:

43 F9 B1 10 D5 BA FD 48 22 52 31 B0 D0 08 2B 37 2F EF 9A 54

3. Ondokoak instalatu beharko ditu:

2CA motako erabiltzaile ziurtagiri bat izan behar du, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeak emana, nabigatzailean berean nahiz txartel adimenduneko gailu kriptografiko batean instalatua, kautotzeko eta sinadura digitala sortzeko.

4. Igorpen prozesuan honako prozesu hau abiaraziko da, urratsez urrats aurrera egiteko modukoa, baldin eta igorlearen ekipoak lehenago deskribatutako baldintzak betetzen baditu eta nabigatzailearen konfigurazioak javascript, javaren applet-ak eta cookie-ak exekutatzen uzten badu, eta, gainera, eskatzen ahal diren baimenak ematen badira:

Erabiltzaile eta zerbitzari ziurtagiriak erabiliz, bi muturretan "SSL-V3" protokoloaren estandarrei jarraituz konektatzen diren ekipoak kautotzea, aitorpenaren aurkezlearen eta hartzailearen (Nafarroako Zerga Ogasuna) ekipoak, alegia.

II. ERANSKINA

II. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: a0304554