73. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

620/2003 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Industriako zuzendari nagusiak emana, "Comarca II industrialdean eta Espartzako Kontzejuan gas naturala banatzeko sarea eta Galar Zendeako kontzejuetarako banaketa adarrak" proiektuko okupatu aitzineko aktak egitea onesten duena.

2003ko urtarrilaren 18an jendaurrean jarri zen "Comarca II industrialdean eta Espartzako Kontzejuan gas naturala banatzeko sarea eta Galar Zendeako kontzejuetarako banaketa adarrak" instalazioen proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Industriako zuzendari nagusiak, 2003ko maiatzaren 13ko 550/2003 Ebazpenaren bidez, proiektua onetsi zuen eta Administrazioaren baimena eman zion, baita egiteko ere. Halaber, instalazioaren onura publikoa onartu zen. Adierazpen horrek berarekin dakar ukituriko ondasun eta eskubideak presaz okupatu beharra, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52 eta 53. artikuluek agintzen dutenari jarraikiz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin bat. Hori dela eta, bidezko da ondasun haien titularrei dei egitea okupatu aintzineko aktak egiteko.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedaturikoarekin bat eta Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14an eman eta 1999ko 133. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urriaren 25ean, argitaraturiko 572/1999 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

Okupatu aitzineko aktak egiteko datak finkatzea, baldintza hauei jarraituz:

1. Proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen titularrei, Galar Zendeako Udaleko alkateari eta Zizur Txikiko kontzejuburuari edo haiek aukeratzen duten zinegotziari dei egitea, okupatu aitzineko aktak egiteko ager daitezen eta, hala bada, behin betikoz okupatzekoak egiteko.

2. Aktak eginen dira Galar Zendeako Udaletxean, Espartza-Galarren baitago, eta Zizur Txikiko Kontzejuan 2003ko ekainaren 24an.

3. Aktak egiteko hurrenkera interesatu bakoitzari jakinaraziko zaio, banakako zitazio zedularen bitartez.

4. Interesatu guztiek, baita ukituriko ondasunen gainean edozein eskubideren titular direnek ere, ekitaldi horretara agertu beharko dute, edo, bestela, behar bezala baimendutako ordezkaria bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak (eskritura publikoa, Jabetza Erregistroaren ziurtagiria eta abar) aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, perituak eta notarioa, beren kontura, ekar ditzakete.

5. Ana Cristina Díaz de Cerio Díez andrea eta Beatriz García El Busto andrea izendatzea Administrazioaren ordezkari, bata zein bestea, okupatu aitzineko, adostasun, okupazio eta ordainketa aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak izenpe ditzaten.

6. Desjabetzapen espedientean Gas Navarra, S.A. enpresa izanen da onuradun.

7. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Galar Zendeako Udalaren eta Zizur Txikiko Kontzejuaren iragarki oholetan. Argitalpen horiek Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 59. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako ondorioetarako ere egiten dira.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita zazpian._Industriako zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: C3166741