69. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 2a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Erdigune Historikoan eta Arrotxapean kokaturiko enpresei laguntzak emateko deialdi publikoa, 2003. urteari dagokiona, Urban proiektuaren barrenean (2. ardatza, 1. neurria, 2. proiektua)

Alkatetzak 2003ko maiatzaren 14an emandako ebazpenaren bidez, onetsi egin da Erdigune Historikoan eta Arrotxapean kokaturiko enpresei laguntzak emateko deialdi publikoa, 2003. urteari dagokiona, Urban proiektuaren barrenean (2. ardatza, 1. neurria, 2. proiektua). Hona hemen bete beharreko baldintzak:

1._Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Erdigune Historikoan eta Arrotxapean kokaturiko enpresa txikiei zuzeneko laguntzak ematea, 2003. urtean, Urban Iruña ekimen komunitarioaren programaren barrenean.

Aipatutako laguntzak inbertsioetarako erabiliko dira, diruz lagundutako ondoko ildoei jarraiki:

_Jarduera berri bat abiaraztea.

_Merkatariza, artisautza eta ostalaritzako lokalen instalazioak eta ekipamenduak zaharberritu eta aldatzea.

_Merkatariza, artisautza eta ostalaritzako lokalak egokitzea, teknologiari dagokionez.

2._Deialdiko laguntzen gehieneko zenbatekoa.

Gehienez ere 720.000 eurora bitarteko laguntzak emanen dira 2003. urtean.

3._Deialdian eragina duen araudia.

Deialdi hau arautzen dute, lehen lehenik, Enpresa txikiei Urban programaren 2. ardatzeko 1. neurrian jasotako laguntzak emateko oinarri erregulatzaileek, zeinak Alkatetzaren 2003-2-24ko ebazpenaren bidez onetsi baitziren eta deialdi honen eranskinean heldu baitira.

Horietaz gain, honako arau hauek ere bai:

_6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

_2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

_Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea.

_Ordezko gisa, arlo honetan indarra duen Estatuko araudia.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hamaseian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

OINARRI ERREGULATZAILEAK, ENPRESA TXIKIEI "URBAN IRUÑA" EKIMEN KOMUNITARIOAREN PROGRAMAREN 2. ARDATZEKO 1. NEURRIAN JASOTAKO LAGUNTZAK EMATEKO

Alkatetzaren 2003ko otsailaren 24ko ebazpenaren bidez, onetsi egin dira Enpresa txikiei "Urban Iruña" ekimen komunitarioaren programaren 2. ardatzeko 1. neurrian jasotako laguntzak emateko oinarri erregulatzaileak, hemen hitzez hitz ematen diren bezala.

OINARRI ERREGULATZAILEAK, ENPRESA TXIKIEI "URBAN IRUÑA" EKIMEN KOMUNITARIOAREN PROGRAMAREN 2. ARDATZEKO 1. NEURRIAN JASOTAKO LAGUNTZAK EMATEKO

Aitzinsolasa

Oinarri hauek Urban Iruña ekimen komunitarioaren programan jasota dagoen enpresa txikiendako zuzeneko laguntzen erregimena arautzen dute. Programa hori Iruñeko Udalak sustatu du, eta bera finantzatzen Eskualde Garapeneko Europako Funtsak hartu du parte; halaber, programaren xede nagusia Erdigune Historiko eta Arrotxapearen berpizte fisikoa, soziala eta ekonomikoa lortzea da.

"Urban Iruña" programaren lehentasunezko 2. ardatzean jasotako neurriek espreski laguntzen dute eremu honetan jadanik dagoen merkataritza eta ostalaritzako sektorea, bai eta arlo horietako jardueren sustapena ere. "Laguntzak, enpresa, merkataritza edota artisautza jarduerei, gizarte-ekonomiari eta enpresa txiki eta ertainetarako (ETE) kooperatiba, mutua eta zerbitzuei" 2. ardatzeko 1. neurriak eremu honetako negozio txikiendako zuzeneko laguntzen erregimena ezartzen du, haien biziraupena bermatuko duten lehiakortasun-baldintzak lortzeko gauzatu behar dituzten modernizazio-prozesuak sustatze aldera.

Laguntza hauen bitartez zuzendu nahi diren defizit-faktoreak ondokoak dira, nagusiki: teknologia-defizita, inbertsio falta _lokal eta ekipamentuetan_, eta negozio berriak irekitzeko beharra, dagoen zerbitzu-eskaintza osatze aldera. Izan ere, Udala, instituzioak eta gizarte-eragileak bat datoz eta agerian utzi dute Alde Zaharraren eta Arrotxapearen ehundura ekonomikoaren lehiarkotasuna eta biziberripena sustatu behar direla, hiri osoa eta haren eragin-aldea kontuan harturik.

I. KAPITULUA

Gogoeta orokorrak

1._Laguntzen minimis izaera.

Oinarri hauek erregulatzen dituzten zuzeneko diru-laguntzak funts galdurakoak dira.

Laguntzok minimis erregimenekoak dira; horrenbestez, oinarri hauetan aurreikusten den orok men eginen die laguntza hauek arautzen dituzten Europar Batasuneko legeei, hala nola, Batzordearen 69/2001 Erregelamenduari, zeina minimis laguntzendako EBeko Itunaren 87 eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa baita. Minimis laguntza gisara, hiru urtean edozein enpresa onuradunek jasotako diru-laguntzek ezin izanen dute 100.000 euro gainditu, behin lehendabiziko laguntza jasota.

2._Zein dira enpresa txikiak?

Oinarri erregulatzaile hauei dagokienez, enpresa txikiak ondoko baldintzak betetzen dituztenak dira, 1996ko apirilaren 3ko Europako Batzordeak hartutako Gomendioak emandako definizioarekin bat:

_50 langile baino gutxiago izatea.

_Egungo urteko negozio-bolumenak 7.000.000 euro ez gainditzea, edo urteko balantze orokorra 5.000.000 euro baino gutxiagokoa izatea.

_Independentzia irizpidea betetzea, ondoko definizioarekin bat: enpresa bat independientetzat joko da, baldin eta bere kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago enpresa txikiaren definizioa betetzen ez duen beste enpresa batena edo enpresa-multzo batena ez bada. Muga hori ondoko bi kasuetan gainditzen ahalko da:

.Enpresa baldin bada parte hartzeko sozietate publikoena, arrisku-kapitaleko sozietateena edo inbertsore instituzionalena, betiere horiek enpresaren kontrola ez badute.

.Kapitala norena den ez jakiteko moduan banaturik dagoenean, eta enpresak legez aitortzen ahal duenean kapitalaren % 25 edo gehiago ez dela enpresa txikiaren definizioa betetzen ez duen beste enpresa batena edo enpresa-multzo batena.

3._Diru-laguntzen ildoak.

Oinarri hauek erregulatzen dituzten laguntzak inbertsioetarako erabiliko dira, diruz lagundutako ondoko ildoei jarraiki:

a) Jarduera berri bat abiaraztea.

b) Merkatariza, artisautza eta ostalaritzako lokalen instalazioak eta ekipamenduak zaharberritu eta aldatzea.

c) Merkatariza, artisautza eta ostalaritzako lokalak egokitzea, teknologiari dagokionez.

4._Deialdiak.

Aurreikusita dago 2003-2006 urteen bitartean urtero argitaratzea eskaerak aurkezteko deialdiak. Aipatu eskabideak urte natural bakoitzeko irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira.

5._Aurrekontuko zenbateko erabilgarria.

Dirulaguntzak ematea, betiere, deialdi bakoitzean aurrekontuko zenbat ezarri erabilgarri eta horren pean egonen da.

6._Eskaerak.

Eskatzaileek diru-laguntzen ildo bakoitzean beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu behar dute. Eskabide eredua eta agiriak aurkezteko bete behar diren baldintzak Urban Koordinazio eta Kudeaketako bulegoetan (Zapateria k., 40-4.a eta Eslava k., 1) Hiritarrendako Laguntza Zerbitzuaren bulegoetan (Merkatu k., 5) eta laguntzen duten ondoko zerbitzuen eta entitateen egoitzetan daude eskura:

_Nafarroako Gobernuaren Merkataritza eta Turismo Departamentuaren Merkataritza Atala.

_Enpresa-Mediatekako Urban zerbitzua.

_Urban Enplegu-zentroa.

_Garapenerako Udal Agentzia.

_Urban Prestakuntza-programa.

_Alde Zaharreko Merkatarien elkartea.

_El Salvador Merkataritza eta Ostalaritza elkartea.

_Arrotxapearen Erdialdea merkatarien elkartea.

Halaber, Iruñeko Udalaren web orritik ere (www.pamplona.net) jaits daitezke aipatu baldintzak.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira, eta Iruñeko Udaleko Alkateari zuzendu.

Enpresa berberak ezin izanen du deialdi berean eskatu diru-laguntzen ildo bat baino gehiago.

7._Instrukzioko eta ebaluazioko organoak.

Ebaluazio Batzorde batek instruitu eta ebaluatuko ditu eskaerak eta aurkeztutako agiriak; ondokoek osatuko dute:

_Iruñeko Udaleko Alkatea edo berak eskuordetzen duen beste pertsona, zeina Batzordearen burua izanen baita.

_Hirigintza Alorreko zuzendaria edo berak eskuordetzen duen pertsona.

_"Urban Iruña" programaren Koordinazio Orokorrerako Unitatearen arduradun bat.

_Nafarroako Gobernuaren Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusiak izendatutako pertsona bat.

_"Urban Iruña" programaren kudeatzaile bat, idazkari jardunetan.

Batzorde honek balorazio-txosten bat emanen du, aurkeztutako eskaera bakoitzaren gainean, eta kasuan-kasuko proposamena aurkeztuko, horretaz ebazteko gaitasuna duen organoari.

8._Ebazpena.

Proposamena ikusirik, ebazpena emanen da, aurkeztutako eskaerei diru-laguntzak emateko edo ukatzeko. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan ezarriko, emandako diru-laguntzak zenbat jotzen duen. Halaber, bete beharreko baldintza tekniko edota ekonomikoak ere ezartzen ahalko dira.

9._Ebazteko epeak.

Laguntzak ematearen gainean ebazteko epea, gehienez ere, lau hilabetekoa izanen da, behin eskaera Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu eta hortik aitzina. Epe hori eten eginen da "Ebaluazio Batzordeak" argibiderik edo dokumentazio osagarririk eskatzen badu, errekerimendua noiz jakinarazi eta hartzaileak hori betetzen duen bitarte, edo halakorik ezean, horretarako emandako epeak dirauen bitarte.

10._Enpresa onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza hauek jaso dituzten pertsonek edo entitate juridikoek ondoko betebeharrak dituzte:

a) Diru-laguntzaren xedea diren jarduketak emakida-ebazpenak ezarritakoarekin bat egitea, gehienez ere lau hilabeteko epean, behin Hirigintza Zinegotzigo Delegatuak hartutako erabakia jakinarazi eta hortik aitzina.

b) Bete beharreko baldintza teknikoak edota ekonomikoak betetzea, emakida-ebazpenak halakorik ezarri badu.

c) Justifikatzea, lau hilabeteko epean, behin emakida-ebazpena jakinarazi eta hortik aitzina, diruz lagundutako jarduketak egin direla, horretarako jatorrizko fakturen fotokopia konpultsatuak eta froga-ordainagiriak aurkeztuz. Obretarako inbertsioen kasuan lau hilabeteko epe hori bi hilabete gehiagoz luza daiteke, betiere eskaera-inprimakian halakorik jasota badago.

d) Ebaluazio batzordeari jakinaraztea diru-laguntza emateko eta horren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartu ziren baldintzen aldaketa eragiten ahal duen edozein gorabehera gertatuz gero.

e) Jakinaraztea Europako Batzordearen arauek ezarritakoarekin bat minimis izaerakoa den edozein diru-laguntza lortu dela, edozein Administrazio Publikok emanda, edota edozein entitate publiko edo pribatu nazional zein nazioartekok.

f) Diru-laguntzaren xedea izan den lokalaren edo lantokiaren kanpo aldean begibistan paratzea "Urban Iruña" programaren Koordinazio eta kudeaketa unitateek emanen dieten kartel identifikatzailea, non enpresak enpresa txikiendako laguntza-programan parte hartu duela agertuko baita.

g) Men egitea Ebaluazio batzordearen egiaztapen-jarduketei eta Iruñeko Udalaren zein "Urban Iruña" programak barne hartzen dituen jarduketak ikuskatzeko baimena duen edozein organo espainiar edo europarren finantza-kontrolei.

h) Egunean izatea hala Estatu, Erkidego eta Tokiko administrazioekiko zerga betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak.

Pertsona edo entitate juridiko onuradunek ez badituzte betebehar horiek bete, espedientea berriz aztertu ahalko da, eta ebazpena aldatu, halako moduz non emandako diru-laguntzak baliogabetu eta, halakorik balitz, ordura arte erabilitako diru-laguntzen itzulera eskatu eta berandutza-korrituak exijituko bailitzaieke onuradunei.

Halaber, ondoko kasuetan zilegi izanen da hala jasotako dirulaguntzen itzulera, osorik edo hein batean, nola berandutza-korrituak exijitzea, diru-laguntza noiz kobratu eta hortik aitzina:

a) Diru-laguntza zein xedetarako eman eta hori betetzen ez denean.

b) Onuradunari egotz dakizkiokeen zioengatik, dirulaguntzak lortzeko bete beharreko baldintzak bete gabe diru-laguntza eskuratzea.

c) Jasotako funtsei emaniko erabilera justifikatzeko beharra ez betetzea.

d) Aldi berean diru-laguntza gehiago lortzea, salbu eta horiek bateragarriak badira.

e) Iruñeko Udalaren Aurrekontua betetzeko 44. oinarriaren bigarren paragrafoak aipatzen duen muga gainditzea, muga hori zenbatean gainditu eta horrenbeste.

f) Laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzea edo ez betetzea.

g) Oinarri honetan aipatu egiaztapen-jarduketei men egiteko beharrari oztopo jarri edo horiei uko egitea.

h) Berezko arau edo oinarrietan erregulatutako beste hainbat kasutan.

11._Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Onuradunek ondoko agiriak aurkeztu behar dituzte, lau hilabete igaro baino lehen, onespen-ebazpena noiz jakinarazi eta hortik aitzina, diru-laguntza jaso ahal izateko:

a) Jatorrizko fakturen fotokopia konpultsatuak eta diru-laguntzaren xede diren gastuen banku-ordainagiri frogagarriak.

b) Bankuetxeak emandako ziurtagiria, diru-laguntza zein kontutan ordaindu behar den adieraziz.

c) Ziurtagiria, Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketak egunean dituela egiaztatzeko.

d) Berariazko adierazpena, non egindako eskaera dela medio eskatu edo jasotako diru-laguntzak oro agertuko baitira, horiek edozein instituzio publiko zein pribatu, tokiko, erkidegoko, estatuko edo Europakori eskaturik ere.

Halaber, enpresa eskatzaileek ondokoak bete beharko dituzte:

_JEZen alta emanda egon eta harekiko ordainketak egunean izatea.

_Irekitzeko lizentzia eskatu izana, halakorik beharrezkoa den kasuetan.

_Egunean izatea Foru Ogasunarekiko zerga-betebeharrak.

Inguruabar horiek Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak horretarako baimendutako zerbitzuek bere kabuz egiaztatuko dituzte.

Obretarako inbertsioen kasuan, lau hilabeteko epea bi hilabete gehiagoz luzatzen ahalko da, betiere halakorik eskaera-inprimakian jasota badago.

Behin egiaztaturik gastuen baliozkotasuna eta egokitasuna, diru-laguntzaren emakida eta horren zenbatekoa xedatu zituzten baldintzetara, diru-laguntza osorik eta behin batez ordainduko da, onuradunak eman duen banku-ziurtagirian agertzen den kontuari eginiko transferentziaren bitartez.

12._Akatsak konpontzea.

Behin eskaera-prozeduran eskatutako agiriak aurkeztuta eskatzaileek zuzendu ahal dituzten akatsak atzematen badira, 10 egun balioduneko epe bakarra emanen zaie, aipatu akatsak zuzentzeko. Errekerimendu hori ez bada ezarritako epean betetzen, eskaera artxibatuko da.

13._Interesdunei jakinaraztea eta errekurtsoak.

Interesdunei beren eskubideak eta interesak ukitzen dituzten ebazpenak eta administrazio-egintzak azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 58, 59, 60 eta 61. artikuluek ezarritakoarekin bat jakinaraziko zaizkie.

Oinarri hauen eta berak betearazteko har daitezkeen administrazio-egintzen aurka ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

II. KAPITULUA

Jarduera berri bat abiarazteko laguntzak

14._Xedea, baldintzak eta helburua.

Diru-laguntzen ildo honen helburua da Urban esku-hartzeko eremura jarduera berriak ekartzen laguntzea, bai eta enpresa-munduan lehendabiziko pausoak erraztea ere, enpresa berriak sortu nahi dituzten pertsonei.

Oinarri erregulatzaile hauei dagokienez, ondoko enpresa-ekimenak joko dira abiarazitako jarduera berritzat:

_Lantokia Urban eremuan izan edo izateko proiektua edukitzea eta bertan gauzatu beharreko jarduerak JEZen alta eman izana, betiere horrek gehienez ere sei hilabeteko antzinatasuna duelarik eskaera aurkezten den unean.

_Lantokia aipatu eremura lekuz aldatzea.

15._Onuradunak.

Onuradunak lantokia Urban eremuan (Alde Zaharra eta Arrotxapea) izan edo izateko proiektua egin duten pertsonak dira.

16._Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Enpresak sortu, abiarazi eta lekuz aldatzearekin zerikusia duten gastuak hartzen dira xede diru-laguntzen ildo honetan, zehazkiago, ondokoak:

e) Jarduera abiarazteko beharrezkoak diren gastuak:

_Aholkularitza-gastuak, Notariotzakoak eta Erregistroan izen ematekoak.

_Frankiziek eragindako sarrera-kanonei dagozkien gastuak.

_Erosketa-zentralei hasierako atxikimendua eragindako gastuak.

_Negozioa abiarazte aldera izakinak eta lehengaiak erosteak eragindako gastuak.

f) Aktibo finkoko elementuetarako inbertsioak, horiek jarduera abiarazteko beharrezkoak direlarik, hala nola:

_Lokalak zaharberritu eta egokitzea.

_Makineria erostea.

_Instalazio teknikoak.

_Altzariak eta ekipamendua.

_Ekipo informatikoak eta softwarea.

_Jarduera abiarazteko beharrezko den aktibo finkoko beste edozein inbertsio.

Ez dira inoiz ere dirulaguntzen xedea izanen lokalak eta etxabeak erostea edo alokatzea, BEZa, tasak eta zergak. Halaber, ez dira diru-laguntzen xedea izanen ez ondasunen erosketak, ez enpresaren jarduerarako guztiz beharrezkoak ez diren gastuak, ezta enpresako bazkideen, zuzendarien, kudeatzaileen, jabeen edo familiakoen erabilera pribaturako xedeman daitezkeen gastuak ere.

Baldin eta enpresa eskatzaileak Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Enplegu Zerbitzuak autoenplegurako emaniko laguntzaren bat jaso badu, laguntza horiek diru-laguntzen ildo honi dagozkion laguntzekin osatzea eskatzen ahalko du, betiere 19. oinarrian ezarritako mugekin bat.

Diru-laguntzen ildo honetan inbertsioak eta gastuak laguntza eskatu baino lehenagokoak izan daitezke, betiere sei hilabete baino gehiago igaro ez direla ordainketaren unetik eskaera aurkezten denera.

17._Eskaerak eta dokumentazioa.

Eskabide ereduari, zeina behar bezala bete beharko baita, ondoko agiriak atxikiko zaizkio:

g) Eskatzailearen nortasun egiaztapena, NAN/IFZren fotokopia konpultsatuaren bitartez, pertsona fisikoa bada, eta eraketako eskrituraren eta IFKren fotokopia konpultsatuak, jadanik eraturik dauden pertsona juridikoen kasuan.

h) Memoria, enpresa berria abiarazteko proiektua azaltze aldera, bertan jasota, gutxienez ere, aurrerago balorazio-irizpidetzat hartutako inguruabarrak eta Memorian adierazitakoa egiaztatzen ahal duten agiriak oro.

i) Obra-proiektua, diru-laguntzaren xedea den jarduketak halakorik eskatzen duen kasuetan. Proiektu hori kasuan kasuko Elkargo Ofizialak ikus-onetsi beharko du.

j) Aurreikusi diren jarduketa edo inbertsio ororen aurrekontuak edo proformako fakturak. Inbertsioa jadanik egina badago, fakturak eta ordainagiriak, egindako inbertsioaren balioa egiaztatze aldera.

k) Aitorpen erantzulea, non bestelako laguntzak jaso diren adieraziko baita, bai eta horien izaera eta zenbat jotzen duten ere.

l) Urban eremuan bizi diren pertsona fisikoek eta lantokia bertan izan edo izateko asmoa dutenek Erroldatze-orria aurkeztu beharko dute.

18._Balorazio-txostena.

Behin eskaera deialdi bakoitzerako aurkezteko ezarritako epean jasota, "Ebaluazio Batzordeak" balorazio-txosten bat eginen du eskaera bakoitzaren gainean, ondoko irizpideekin bat:

1. Inbertsioa egiten den urtean zenbat lanpostu sortu diren, kontuan hartuz haien kalitatea eta egonkortasuna.

2. Zenbat lanpostu mantendu diren.

3. Inbertsioaren bolumena.

4. Proiektuaren bideragarritasun teknikoa (Negozioaren bideragarritasun-plana).

5. Inbertsioaren finantza-bideragarritasuna (Finantza-plana).

6. Lantokia non kokatu.

7. Enpresako langileen prestakuntza maila.

8. Lehentasunezko jarduera-sektorea.

9. Egindako ekarpenak, hirigintza-ornamentazioari, ingurumenari eta aukeren berdintasunari.

10. Enpresa sektoreko asoziazionismoan sartu izana.

19._Diru-laguntzek zenbat jo.

Diru-laguntzen xedea diren gastuek zenbat jo eta horren % 30 bitarte, betiere 16.a puntuko gastuen muga 3.000 eurokoa delarik, eta 16.b puntuko inbertsioen muga, 12.000 eurokoa.

Ondoko hau izanen da gutxienez eskatzen den inbertsioa: 1.000 euro, ekipo informatikoak eta softwarea erosteko; 3.000 euro, instalazio teknikoetarako eta tresnak, makinak, lanabesak, altzariak eta merkataritza-ekipamendua erosteko, eta 6.000 euro, barneko zein kanpoko obretarako.

III. KAPITULUA

Merkataritza, artisautza eta ostalaritzako lokaletako instalazioak eta ekipamenduak erreformatu eta berritzeko laguntzak

20._Xedea eta helburua.

Diru-laguntzen ildo honek Alde Zaharrean eta Arrotxapean merkataritza, artisautza eta ostalaritzan ari diren lokalen modernizazioa du xede, halako moduz non haien instalazioak eta ekipamenduak erreformatu eta berritzeko sustapen-neurriak emanen baitira.

21._Enpresa onuradunak.

Ondoko proiektuek heltzen ahalko diote diru-laguntzen ildo honi: pertsona fisiko edo juridikoak aurkeztutako proiektuak, baldin eta enpresa txikiak izan, haien jarduera Urban eremuan kokatu, eta haien jarduera nagusiaren % 70 gutxienez merkataritza, artisautza edo ostalaritzari loturik badago.

22._Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Ondoko inbertsioei dagozkien gastuak joko dira diru-laguntzen xede:

_Lokalen kanpo aldeko erreformak.

_Lokalen barne aldea egokitu eta hobetzeko obra zibila.

_Merkataritzako altzariak eta ekipamendua.

_Tresnak, makinak eta lanabesak.

_Segurtasun eta argiztapeneko instalazio teknikoak.

BEZa, tasak eta zergak ez dira inoiz ere dirulaguntzen xedea izanen. Halaber, ez dira diru-laguntzen xedea izanen ez ondasunen erosketak, ez enpresaren jarduerarako guztiz beharrezkoak ez diren gastuak, ezta enpresako bazkideen, zuzendarien, kudeatzaileen, jabeen edo familiakoen erabilera pribaturako xedeman daitezkeen gastuak ere.

Diru-laguntzen xedea izan daitezkeen eta ildo honetan kontuan hartzen diren inbertsioak eskaera aurkeztu eta gero egin behar dira, salbu eta urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik eta deialdia argitaratzen den eguna bitarte egindakoak.

23._Eskaerak eta dokumentazioa.

Eskabide ereduari, zeina behar bezala bete beharko baita, ondoko agiriak atxikiko zaizkio:

a) Eskatzailearen nortasun egiaztapena, NAN/IFZren fotokopia konpultsatuaren bitartez, pertsona fisikoa bada, eta eraketako eskrituraren eta IFKren fotokopia konpultsatuak, jadanik eraturik dauden pertsona juridikoen kasuan.

b) Memoria, enpresa berria abiarazteko proiektua azaltze aldera, bertan jasota, gutxienez ere, aurrerago balorazio-irizpidetzat hartutako inguruabarrak eta Memorian adierazitakoa egiaztatzen ahal duten agiriak oro.

c) Obra-proiektua, diru-laguntzaren xedea den jarduketak halakorik eskatzen duen kasuetan. Proiektu hori kasuan kasuko Elkargo Ofizialak ikus-onetsi beharko du.

d) Aurreikusi diren jarduketa edo inbertsio ororen aurrekontuak edo proformako fakturak. Inbertsioa jadanik egina badago, fakturak eta ordainagiriak, egindako inbertsioaren balioa egiaztatze aldera.

e) Aitorpen erantzulea, non bestelako laguntzak jaso diren adieraziko baita, bai eta horien izaera eta zenbat jotzen duten ere.

f) Urban eremuan bizi diren pertsona fisikoek eta enpresaren lantokia bertan dutenek Erroldatze-orria aurkeztu beharko dute.

24._Balorazio-txostena.

Behin eskaera deialdi bakoitzerako aurkezteko ezarritako epean jasota, "Ebaluazio Batzordeak" balorazio-txosten bat eginen du eskaera bakoitzaren gainean, ondoko irizpideekin bat:

1. Inbertsioa egiten den urtean zenbat lanpostu sortu diren, kontuan hartuz haien kalitatea eta egonkortasuna.

2. Zenbat lanpostu mantendu diren.

3. Inbertsioaren bolumena.

4. Proiektuaren bideragarritasun teknikoa (Negozioaren bideragarritasun-plana).

5. Inbertsioaren finantza-bideragarritasuna (Finantza-plana).

6. Lantokia non kokatu.

7. Enpresako langileen prestakuntza maila.

8. Lehentasunezko jarduera-sektorea.

9. Egindako ekarpenak, hirigintza-ornamentazioari, ingurumenari eta aukeren berdintasunari.

10. Enpresa sektoreko asoziazionismoan sartu izana.

25._Diru-laguntzek zenbat jo.

Diru-laguntzen xedea diren gastuek zenbat jo eta horren % 30 bitarte, betiere muga 12.000 eurokoa delarik.

Ondoko hau izanen da gutxienez eskatzen den inbertsioa: 3.000 euro, instalazio teknikoetarako eta tresnak, makinak, lanabesak, altzariak eta merkataritza-ekipamendua erosteko, eta 6.000 euro, barneko zein kanpoko obretarako.

IV. KAPITULUA

Merkataritza, artisautza eta ostalaritzako lokalen egokitzapen teknologikorako laguntzak

26._Xedea, baldintzak eta helburua.

Diru-laguntzen ildo honek Alde Zaharrean eta Arrotxapean merkataritza, artisautza eta ostalaritzan ari diren lokalen modernizazioa du xede, halako moduz non negozio horien egokitzapen teknologikorako sustapen-neurriak emanen baitira.

27._Enpresa onuradunak.

Ondoko inbertsio-proiektuek heltzen ahalko diote diru-laguntzen ildo honi: pertsona fisiko edo juridikoak aurkeztutako proiektuak, baldin eta enpresa txikiak izan, haien jarduera sei hilabetetik gorako antzinatasunez Urban eremuan hasi, eta haien jarduera nagusiaren % 70 gutxienez merkataritza, artisautza edo ostalaritzari loturik badago.

28._Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Ondoko inbertsioei dagozkien gastuak joko dira diru-laguntzen xede:

_Ordenagailuak erostea.

_Gailu periferikoak eta loturakoak.

_Programa informatikoak.

_Hardware eta softwareko beste hainbat elementu, betiere behar bezala justifikaturik.

Ez dira diru-laguntzen xedea izanen kontsumigarri edo suntsigarritzat har daitezkeen materialak oro.

BEZa, tasak eta zergak ez dira inoiz ere dirulaguntzen xedea izanen. Halaber, ez dira diru-laguntzen xedea izanen ez ondasunen erosketak, ez enpresaren jarduerarako guztiz beharrezkoak ez diren gastuak, ezta enpresako bazkideen, zuzendarien, kudeatzaileen, jabeen edo familiakoen erabilera pribaturako xedeman daitezkeen gastuak ere.

Diru-laguntzen xedea izan daitezkeen eta ildo honetan kontuan hartzen diren inbertsioak eskaera aurkeztu eta gero egin behar dira, salbu eta urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik eta deialdia argitaratzen den eguna bitarte egindakoak.

29._Eskaerak eta dokumentazioa.

Eskabide ereduari, zeina behar bezala bete beharko baita, ondoko agiriak atxikiko zaizkio:

m) Eskatzailearen nortasun egiaztapena, NAN/IFZren fotokopia konpultsatuaren bitartez, pertsona fisikoa bada, eta eraketako eskrituraren eta IFKren fotokopia konpultsatuak, jadanik eraturik dauden pertsona juridikoen kasuan.

n) Memoria, enpresa berria abiarazteko proiektua azaltze aldera, bertan jasota, gutxienez ere, planteatutako inbertsioa baino lehenagoko azpiegitura teknologikoaren nolakoa, erosi nahi diren ondasunen ezaugarri teknikoak eta ondasun horiei eman nahi zaien erabilera, bai eta aurrerago balorazio-irizpidetzat hartutako inguruabarrak eta Memorian adierazitakoa egiaztatzen ahal duten agiriak oro ere.

o) Diru-laguntzaren xedea den teknologiaren erabiltzaileen gaitasuna eta prestakuntza egiaztatzen dituzten agiriak.

p) Aurreikusi diren jarduketa edo inbertsio ororen aurrekontuak edo proformako fakturak. Inbertsioa jadanik egina badago, fakturak eta ordainagiriak, egindako inbertsioaren balioa egiaztatze aldera.

q) Aitorpen erantzulea, non bestelako laguntzak jaso diren adieraziko baita, bai eta horien izaera eta zenbat jotzen duten ere.

r) Urban eremuan bizi diren pertsona fisikoek eta enpresaren lantokia bertan dutenek Erroldatze-orria aurkeztu beharko dute.

30._Balorazio-txostena.

Behin eskaera deialdi bakoitzerako aurkezteko ezarritako epean jasota, "Ebaluazio Batzordeak" balorazio-txosten bat eginen du eskaera bakoitzaren gainean, ondoko irizpideekin bat:

1. Inbertsioa egiten den urtean zenbat lanpostu sortu diren, kontuan hartuz haien kalitatea eta egonkortasuna.

2. Zenbat lanpostu mantendu diren.

3. Inbertsioaren bolumena.

4. Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta espero diren hobekuntzak.

5. Inbertsioaren finantza-bideragarritasuna (Finantza-plana).

6. Lantokia non kokatu.

7. Enpresako langileen prestakuntza maila.

8. Lehentasunezko jarduera-sektorea.

9. Egindako ekarpenak, hirigintza-ornamentazioari, ingurumenari eta aukeren berdintasunari.

10. Enpresa sektoreko asoziazionismoan sartu izana.

31._Diru-laguntzek zenbat jo.

Diru-laguntzen xedea diren gastuek zenbat jo eta horren % 30 bitarte, betiere muga 4.000 eurokoa delarik.

1.000 eurokoa izanen da eskatzen den gutxieneko inbertsioa.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hamaseian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: a0305209