42. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2003 martxoaren 10ekoa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridiko izateko 2 lanpostu lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Martxoaren 10ean Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emandako Ebazpenez, onetsi da Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridiko izateko 2 lanpostu lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, honako oinarri hauen arabera:

O I N A R R I A K

1._Xedea.

Deialdia egin da Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridiko izateko 2 lanpostu lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko. Plantillako 14 eta 4036 zenbakiak dituzte, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Lehendakaritza Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari atxikiak dira.

2._Aplikatu beharreko arauak.

Lekualdatze lehiaketa hau ondoko arauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamendua, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak merezimenduen baremoei buruz abuztuaren 12an emaniko 130/1998 Foru Agindua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

3._Betebeharrak.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lanpostu hutsen hautaketan:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo bere erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) A maila edo taldekoa izatea.

c) Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridikoaren lanpostu baterako izendatua izatea.

Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko adjudikatuko zaie.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, lekualdatze lehiaketa honetan Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek edo Kontuen Ganberakoek ere parte hartu ahalko dute, baldin eta goian aipatutako egoera administratibo horietakoren batean badaude eta izendapenez legelari lanpostuaren jabe badira.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

4._Lansariak.

Lekuz aldatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dieten soldata jasoko dute.

5._Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

a) Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) aurkeztu beharko dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinetatik, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (Nafarroako Gobernuaren Informazio Bulegoan jasotzen ahal da, Karlos III.a, 2, atalondoan) eta bertan, izangaiek adierazi beharko dute, kasu bakoitzean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

b) Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztuko dituzte, behar bezala kautotuak, barne direlarik Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiriak.

Zerbitzu horiek dagokien unitate administratiboak luzatutako ziurtagiriaren bidez justifikatuko dira eta bertan lanpostua zein den zehaztuko da, baita lanpostu finkoa ala behin-behinekoa den ere.

Lanpostua Parlamentuan edo Kontuen Ganberan dutenek, horiez gain, 3. oinarrian eskatzen diren beharkizunak justifikatzeko ziurtagiria gehitu behar dute.

6._Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko Ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Izangai bat ere baztertu ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

7._Epaimahaiaren osaketa.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Angel Serrano Azcona jauna, Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

Ordezkoa: José Antonio Razquin Lizarraga jauna, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

2. Ildefonso Sebastián Labayen jauna, Aholkularitza Juridikoko Administrazioarekiko Auzien ataleko burua, idazkari lanetan arituko dena.

Ordezkoa: José Contreras López jauna, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Afera Zibilen Ataleko burua.

8._Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

Merezimendu guztiak, Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuenak barne, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta jatorrizko agirien edo fotokopien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hori eginda ere, berdinketak oraindik jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte hartzaileek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, eta bost eguneko epeari hasiera emanen dio, interesatuek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

9._Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkezten erreklamazioak ebatzi ondoren, Epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, eta izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan, hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

10._Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiatzaileek lanpostua hautatzen ahalko dute, lehiaketako lanpostu hutsak, edo zerbitzu beharren arabera haien ordez eskaintzen direnak, erdietsitako puntuazioaren arabera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak horretarako deituko duen ekitaldian.

Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostua hartzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xedea diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11._Izendapena, esleipena eta jabetza hartzea.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak izendatuko du, Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridikoaren lanposturako edo-ta esleituko die lehiatzaileei, ebazpen bidez, egokitzen zaizkien lanpostuak, hala bada, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Lehiatzaileek adjudikazioari buruzko Ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epearen barrenean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta ebazpen horretan deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen.

12._Aurkeztutako agiriak.

12.1. Izangaiek aurkezturiko agiriak berreskuratu ahalko dituzte, erreklamaziorik edo errekurtsorik paratu ez bada, espresuki hala eskatu eta gero. Agiriak eramateko eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztu ahalko da, lanpostuak esleitzeko Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

12.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, aurkezturiko agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Erreklamazio edo errekurtsoaren tramitazioak ahalbidetzen duenean eraman ahalko dira agiriak.

13._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri hauen eta ondoko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hasita, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hamarrean._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

............... izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko eskabidea. Deialdia ........gn. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...(e)ko .....aren .....(e)an.

1._Norberaren datuak:

Izen-deiturak:

Jaiotze eguna eta tokia.

N.A.N.:

Helbidea: ...................................... P.K.

Etxeko telefonoa: ........................ Laneko telefonoa:

2._Administrazio datuak:

a) Egoera administratiboa:

Zer lanpostutarako izendatu zuten:

f Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.

f Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa.

f Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako estatutupeko langilea.

f Lan-kontratudun finkoa.

f Nafarroako Parlamentuko edo Kontuen Ganberako funtzionarioa.

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

(X batez markatu dagokion kontzeptua).

b) Gaur eguneko destinoa:

Lanpostua:

Jabetza hartzearen eguna:

Departamentua:

Zerbitzua:

Atala:

Bulegoa:

Erakunde autonomoa:

c) Zein maila edo taldetakoa den: ............

3.-Sinatzaileak adierazten du eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

4._Eskabideari eransten zaizkion merezimendu alegatuen frogagiriak.

Horrenbestez,

Eskatzen du deialdian onar dezatela, eskabide honetan dioen bezala.

Iruñean, ......(e)ko ..............aren ...........(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1) Edozein Administrazio Publikotan, langile finko gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berean edo antzeko batean emandako zerbitzuak: puntu bat urte bakoitzeko.

2) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berean edo antzeko batean egindako zerbitzuak: 0,75 puntu urte bakoitzeko.

3) Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdikoa ez bezalako lanpostu batean egindako zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

4) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez bezalako lanpostu batean egindako zerbitzuak: 0,20 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Izendapen desberdineko enplegatuei parte hartzeko aukera ematen zaien lekualdatze lehiaketetan, guztiek izanen dute, atal honen ondorioetarako, deialdiko lanpostukoaren balorazio berdina.

3. Maila edo talde berean izendapenaren deitura bai baina lehen betetzen zituen eginkizunak aldatzen ez badira, emandako zerbitzuak kontatzerakoan, lehiaketan parte hartzeko izendapenean emandako zerbitzu gisa hartuko dira, betiere eginkizun horiek egiten zirela frogatzen den unetik hasita.

4. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntu izanen da.

5. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

6. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

7. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta Unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo haren baliokide (10 ikastordu) bakoitzeko; gehienez ere, 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

2) Kongresu edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den (tokikoa, herrialdekoa, nazionala edo nazioartekoa).

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez puntu bat, haien iraupenaren arabera Epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoak.

Oharrak b) atal osorako.

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Honako b) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 10 puntukoa izanen da.

Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik:

_Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 2 puntu gehienez.

Ondorio horietarako, hizkuntza-eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukitzeagatik aurreko atalean adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Halako titulaziorik ez dutenei, hizkuntza eskola ofizialen batean gainditutako maila bakoitzagatik guztira gehienez eman daitekeen puntuazioaren bostena emanen zaie.

Iragarkiaren kodea: A0302830