42. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 4a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

O L A Z T I

Alkatetzaren 20/2003 Dekretua

Ikusirik Candidatura Independiente de Olazti/Olazagutíako zinegotziek eta herriko zenbait bizilagunek berraztertzeko errekurtso batzuk aurkeztu dituztela lurraren gaineko kontribuzioa dela-eta Alkatetzak 2002rako agindu duen likidazioaren aurka.

Ikusirik legelari batek txosten juridikoa osatu duela eta horrek ondorio hauek agertzen dituela:

"Lehenbizikoa._Olaztiko udal mugapeari dagokionez, Lurraren Gaineko Aberastasunaren Erregistro Fiskalaren eguneratzea eta horren ondorioz udal katastroan ere egin zen eguneratzea, indarra duen legeria aplikagarriak ezartzen duenari jarraikiz egin zen (2 eta 3/1995 Foru Legeak eta 216/1984 eta 260/1988 Foru Dekretuak).

Bigarrena._Lurraren gaineko 2002ko kontribuzioa zergadunei jakinarazi zaie zergagaien onespena agintzeko administrazio egintzarik gabe. Beraz, delako likidazioa bertan behera utzi beharra dago eta berri bati ekin, legeak ezartzen duen prozedurari jarraikiz".

Ikusirik Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen a), d) eta f) artikuluak, alkateari ahalmena ematen baitiote ebazpen hau emateko.

Ikusirik Udalak 2001eko azaroaren 14ko osoko bilkuran hartutako erabakia, hirilurraren gaineko kontribuzioaren 2002ko karga tasa % 0,336 izateko.

Ikusirik Hirilurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 10eko 216/1984 Foru Dekretuaren 73.1 artikulua, 260/1988 Foru Dekretuaren bidez emandako idazketan.

Ikusirik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 86. artikulua,

Ebatzi dut:

Lehenbizikoa._Partez onartzea hirilurraren gaineko kontribuzioaren 2002ko likidazioaren aginduaren kontra paratutako errekurtsoak, Alkatetza honek erreklama daitekeen administrazio egintza onesteaz den bezainbaitean, eta berriz, ezestea Candidatura Independiente de Olazti/Olazagutíak aurkeztutako errekurtsoa, balorazio ponentziaren onespenari dagokion atalean.

Bigarrena._Berriz ere onestea lurraren gaineko kontribuzioaren 2002ko likidazioa, osotara 184.070,99 euro egiten duena. Haren banaketak Udalaren zerbitzu ekonomikoek prestatu duten zerrendarekin bat egiten du.

Hirugarrena._Errekurtso egileei ebazpen hau jakinaraztea, baita lurraren gaineko kontribuzioaren zergadunen zentsuan agertzen direnei ere, eta behar den orria eranstea, kontribuzioaren menpeko ondasunen berri ematen duena, datu hauek barne: titulartasuna, azalera, katastroko balioa, hobaria (halakorik bada), karga tasa aplikagarria eta ondoriozko kuota.

Laugarrena._Ebazpen honen edukia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta herriko iragarki oholean argitaratzea.

Bosgarrena._Udaleko zerbitzu ekonomikoei ebazpen honen berri ematea, betearaz dezaten.

Seigarrena._Borondatez ordaintzeko aldian, dirubilketarako epea hilabete izanen da ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganik, behara diren errekarguak aplikatuko dira.

Egintza edo erabaki honen kontra, errekurtso hauek para daitezke:

1. Nahi bada, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan izan ezik, halakoetan Administrazioarekiko Auzien Epaitegian aurkeztuko baitira.

Olaztin, bi mila eta hiruko otsailaren hamahiruan. Alkatea, Luis Alberto Besga Baltierra.

Iragarkiaren kodea: A0302170