42. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

321/2003 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Cadreitan (Nafarroa) gizentzeko txerri-azienda ustiatzeko proiektuari buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena. Sustatzailea Savao S.I. da.

Txerri-aziendaren ustiategiari buruzko proiektua egin da, Cadreitako katastroaren 5. poligonoko 90 eta 91. lurzatietan, Valcaldera alderdian. Bi lurzatien azalera 30.309 m2-koa da. Ustiategiak 10.000 m2 hartuko ditu eta 1.307,9 m2-ko bi nabe izanen. Abeltegiaren produkzio ahalmena: 1.560 esne-txerri/ziklo nabe bakoitzean; hots, 3.120 esne-txerri/ziklo.

Minda biltzeko ahalmenak produkzioko 2 hilabetetan sortutako kopurua gainditzen du. Abeltzaintzako Hondakinak Kudeatzeko Plan bat du proiektuak, eta proposaturiko finken gaineko ekarpen ahalmena baino txikiagoa den minda kopurua sortuko da.

Proiektuak 188/86 Foru Dekretua errespetatzen du, abeltegiek bete beharreko gutxieneko distantziei dagokienez.

Proiektuak ez du inolako habitatik edo Batasunaren Intereseko Lekurik ukitzen zuzenean; aurreikusi diren eragin guztietan neurri zuzentzaileak aplika daitezke. "Badina Escudera" (8. Lekune Naturala) eta ES22000039 Batasunaren Intereseko Lekua ez ukitzeko, lekune natural horren isurialdean edo handik hurbil dauden eremuetan ez da minda ureztaketarik eginen.

Ustiategian 3.120 abere sartzen direnez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 1. multzoko e) atalean sailkatu da jarduera.

Proiektu teknikoarekin batera, dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana aurkeztu da, non proiektua modu egokian azaltzeaz gainera, ingurumenean ukituko dituen faktoreak eta eragin horien balorazioa adierazten diren.

Ingurumen zuzendari nagusiak urriaren 17an emandako 2414/2002 Ebazpenaren bidez proiektua jendaurrean jarri zen, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedurari hasiera emateko. Tramitazioaldi horretan ez da haren aurkako alegaziorik jaso.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak uztailaren 29ko 1028/1999 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzen arabera,

EBATZI DUT:

1. Cadreitan (Nafarroa) gizentzeko txerri-azienda ustiatzeko proiektuari buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea. Sustatzailea Savao S.I. da. Proposatu den soluzioa bideragarria da ingurumenaren aldetik, eta jardueraren lizentziako aginduez gain baldintza hauek ere bete beharko dira:

_"Badina Escudera" (8. Lekune Naturala eta ES22000039 Batasunaren Intereseko Lekua) babesteko, ez litzateke minda ureztaketarik egin beharko lekune horretatik oso hurbil dauden finketan eta haren isurialdean daudenetan. Hala, aurkeztu diren aukeretatik baztertu eginen da Villafrancako 1. poligonoko 426 B izenekoa, isurialdean baitago, eta Villafrancako 8. poligonoko 72a erabili ahalko da, eremu heze horretatik hurbil egon arren beste aldeko isurialdean baitago.

_Errege Altxonbidea (5. Zeharbidea) ez ukitzeko, ez obren fasean ez ustiapenarenean, inguru horretan sartzeko ustiategiaren mendebaldean dagoen landa bidea erabiltzeko ahalegina eginen da.

_Bertako espezieak eta ustiategiaren inguruan ohikoak direnak erabiliko dira paisaiarekin bat egiteko: zuhaitzetan karraska, Alepo pinua, basolibondoa, olibondoa eta almendrondoa, eta zuhaixketan, berriz, hego-ipurua, abaritza eta erromeroa.

_Ustiategiak paiasaiarekin bat egiten laguntzeko, landaketa horien bidez (570 ale) zenbait zuhaitz gune sortuko dira, altxonbidetik hurbilekoak modu naturalizatuagoan, eta, gainerakoak, ustiategiaren inguruz inguru.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren seian._Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapen orokorra, ukipen garrantzitsuenak eta neurri zuzentzaileak

Txerri-aziendaren ustiategia Cadreitako katastroaren 5. poligonoko 90 eta 91. lurzatietan eginen da, Valcaldera alderdian. Bi lurzatien azalera 30.309 m2-koa da eta horietatik 10.000 m2 okupatuko dira. Kokaleku horrek 188/86 Foru Dekretua errespetatzen du, abeltegiek bete beharreko gutxieneko distantziei dagokienez.

Ustiategian bi nabe eginen dira lurzatien mendebaldean, bakoitza 1.307,9 m2-koa (90,2 x 14,5 metro); planta bakar errektangularra izanen dute, zabalera diafanoa, eta 3 metroko garaiera zutabean. Ustiategira N 121 errepidetik sartuko da, 67,500 k.p.tik, auzobide batetik.

Eraikinek hormigoizko portiko aurrefabriktuen bidezko egitura izanen dute, eta hormigoizko bloke huts aurrefabrikatuen bidez itxiko dira. Teilatuaren malda % 30ekoa, buztin koloreko zuntz-zementu granondazko plakez egina. Nabeen zola HA 25/B/20/IIa erako hormigoizkoa, 150 x 150 x 4 milimetroko mailazoa ezarrita. Nabe bakoitzak minda bildu eta gordetzeko putzu-zanga bat izanen du, 600 m3-koa, zola mota berarekin egina. Nabeen artean minda biltzeko putzu bat eginen da, 400 m2 eta 1400 m3-koa, eta PVCzko hodi baten bidez eramanen da minda haraino.

Ustiategia egiteko, 10.000 m2-ko eremua zelaitu beharko da lurzatien barnean. Ustiategiaren sarbideak egiteko, 25 cm-ko lodierako zagor trinkotuen geruza bat ezarriko da. Bihurdura sinpleko sare baten bidez eginen da ustiategiaren itxitura (2 metroko garaiera), eta sarrerako bi ate izanen dira, 5 metroko zabalerakoak. Gainera, paisaiarekin bat egiteko, lurzatiaren muga aldeetan landareak sartuko direla ageri da proiektuan.

Abeltegiaren produkzio ahalmena: 1.560 esne-txerri/ziklo nabe bakoitzean; hots, 3.120 esne-txerri/ziklo.

Proiektuak Abeltzaintzako Hondakinak Kudeatzeko Plan bat ere badu, 55,76 hektareako bi ureztalur eta zerealeko 10 lurzati, 57,74 hektareakoak, ureztatzeko aurkeztua; plan hori aski da sortzen diren mindak kudeatzeko. Ureztapenerako aurkeztu diren lurzatiek gutxieneko distantziei buruzko legezko baldintzak betetzen dituzte.

Laborearen aurreko ureztaketak otsailetik maiatzera eginen dira arto sailetan, irailetik abendura gari sailetan eta uztail-abuztuetan neguko barazkienetan. Laborearen ondoko ureztaketak, berriz, urritik abendura artoaren kasuan eta uztail-abuztuetan gariarenean. Putzuek biltzeko duten ahalmena produkzioko bi hilabetetik gorakoa da. Putzuetan bildutakoaren bolumena ez da inoiz ere 2000 m3-tik gorakoa izanen.

Ukipenak ahalik eta txikienak izan daitezen, obra aldiko neurri zuzentzaile batzuk proposatu dira: landare lurra zuzen kudeatzea, eraikuntzako material egokiak hautatzea sute arriskua saihesteko, makinen lanak kontrolatzea, edukiontziak erabiltzea, e.a. Ustiapen aldian, berriz, nabeen zolak iragazgaiztea, mindak nekazaritzako ureztaketarako zuzen berrerabiltzea, solidoak bereizteko ekipo bat, nabeek hartzen ez dituzten ustiategiko eremuetan, sarbideetan edo beste elementu batzuetan alpapa ereitea eta ustiategiaren inguruan landareak sartzea paisaiarekin bat egiteko.

Ingurumena zaintzeko plana ere bada, lanak ongi egiten diren kontrolatzeko, instalazioen mantentze-lanak zaintzeko eta, halaber, ureztaketa horretarako ezarri planaren arabera egiten den eta su-itzalgailuen behar bezalako mantentzea egiten den begiratzeko.

Iragarkiaren kodea: A0301541