23. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2002ko abenduaren 4an hartua, Tuterako ekialdeko saihesbidea egiteko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu duen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena, 1-a aukeraren arabera egin dadin.

I._Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 2002ko apirilaren 22an egindako bilkuran, udalez gaindiko eragineko proiektu sektorial izendatu zuen "Tuterako ekialdeko saihesbidea egiteko aukerei buruzko irizpide anitzeko azterlana", Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua. Gainera, hilabeteko epea ezarri zuen espedientearen jendaurreko aldiaren tramitea eta, aldi berean, azpiegitura berriaren eragina gehien nabarituko duten herrietako udalen entzunaldiaren tramitea egiteko, bai eta ingurumen-eragina ebaluatzeko prozeduraren ondorioetarako ere. Erabakia argitara eman zen 92 zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, 2002ko uztailaren 31koan.

Espedientearen bidez zenbait aukera definitu eta baloratu behar dira, NA-134 errepidetik (Ebroko ipar ardatza) N-232-raino (Bilbo-Bartzelona) Tuterako inguruetan lotunea nola egin erabaki baino lehen. Egokien jotzen den aukera hautatuko da, behin espedientea jendaurrean erakusteko eta toki erakundeen iritzia entzuteko tramiteen emaitza jakin eta gero. Zazpi aukera aztertu dira:

Azterlanean 1. aukera gauzatzea proposatzen da _Tuterako hirigunetik urrutienekoa_. Konparaziozko balorazioan berari eman zaio puntu gehien. Puntuazioaren araberako sailkapenean oso hurbil daude 1-a aukera _lehenaren berdina, Taustera eta Ejea de los Caballerosera doazen errepideen arteko azken tartean izan ezik_ eta 2. aukera, eta pixka bat atzerago dago 3-c aukera. Bestalde, 3. aukerari dagokionez (3-a eta 3-b aukerak haren aldaerak dira), honakoa dio azterlanak: "hura hauta daiteke baldin eta saihesbidea hiri bidetzat jotzen bada, etorkizunean zati bat Tuterako hiri barnean sarturik geratuko baita; horrenbestez, errepideko saihesbide izateari utziko lioke".

II._Aurkeztu diren alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean hiru alegazio-idazki aurkeztu dira. Hona haien edukia eta eman zaien erantzuna.

1. Tuterako Udaleko Hirigintzako zinegotzi delegatuarena.

Edukia:

Tuterako Udaleko Hirigintzako zinegotzi delegatuak, Tuterako Udalak ekialdeko saihesbideaz duen iritzia behinola Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari jakinarazi zitzaiola gogorarazi ondotik, orduan azaldu zen iritziak indarrean dirauela adierazi du. Hain zuzen ere, Udaleko Hirigintza Batzordeak gaiari buruz onartu dituen ondorioen berri eman du:

a) Saihesbidearen trazadura egokiena hiritik urrutien pasatzen dena da (1., 1-a edo 2. proposamena).

b) Nekazaritzaren gainean ahalik eragin gutxien sortu behar da.

c) Ebro ibaiaren gaineko eragina gutxitzeko, euskarri bakarreko zubia egitea proposatzen da, eta proiektatuko den zubiaren irudia berezia eta adierazgarria izan dadila.

d) Kontuan hartu behar da, proiektua idaztean, litekeena dela noizbait bidea zabaltzea, zubia barne, zirkulaziorako lau errei izateko.

e) Errepidetik Ejea de los Caballerosera joateko lotunearen eraldaketa egokitzat jotzen da, eta bai NA-134 errepidea lotune horretatik Tuteraraino atontzeko modua ere, bidegorria eta bi aldeetan bazterbideak dituela.

Erantzuna:

Erantzuna a) puntuari: Puntu horri buruz azpimarratu beharra dago 1. aukera hobetsi dela irizpide anitzeko azterlaneko balorazioan ere. Beste alde batetik, goian azaldutako oharra bat dator Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren balorazioarekin, ohar horretan aipatzen diren aukerei egin baitzaie balorazio onena.

Erantzuna b) puntuari: Irizpide anitzeko azterlanean aukerak baloratzerakoan, kontuan hartu dira, beste parametro batzuen artean, bai nekazaritzaren gaineko eragina eta bai hiri finken gainekoa ere.

Erantzuna c) puntuari: Zubiko pilareen kokaera eta hutsuneen neurriak erabaki baino lehen ibaiaren ibilguan hainbat zundaketa eta azterketa geotekniko eginen dira, azkenean hautatzen den aukerak hartzen duen ibai-zerrendan. Nolanahi ere, zubiaren proiektua egitean aintzat hartuko dira alderdi estetikoak, beti ere arrazionaltasun printzipioari eta baliabide ekonomikoak eraginkortasunez erabiltzeko printzipioari jarraituz.

Erantzuna d) puntuari: Errepide berriak lau errei izan ditzan noizbait egin litekeen bikoizketa, trazaduraren eta inguruko orografiaren ondorioz, ez dirudi proiektu berriaren garapenak baldintzatuko duenik.

Etorkizunean bideak lau errei izan ditzan egin litekeen zabalkuntzari begira zubiaren diseinua moldatzeari dagokionez, esan beharra dago gaur egun ez dela egokitzat jotzen halakorik egitea. Zubiaren diseinua guztiz baldintzaturik geratuko litzateke, eta emaitza estetikoan eta kostu ekonomikoan proportziorik gabeko ondorioak sortuko lirateke. Dena dela, zubi berriaren diseinuak ez du zertan baldintzaturik Ebro ibaia zeharkatzeko bidean etorkizunean egin litekeen bikoizketa.

Erantzuna e) puntuari: Ejea de los Caballerosera doan errepideko (NA-125) bidegurutzea egokitu eginen da eraikuntza proiektuan. Bestalde, NA-134 errepidea lotune horretatik Tuteraraino egokitzea eta bidegorria eta bazterbideak jartzea, bere eraginagatik eta garrantziagatik, honako proiektu honen definizio eremutik kanpoko ekintza dela azpimarratu behar da.

2. Fontellasko alkate udalburuarena.

Edukia:

Ekialdeko saihesbidea eta N-232 elkartzen diren tokitik hurbil, Fontellasko hirigunearen ipar-ekialdean dagoen biribilgunean, oinezkoentzako pasabidea egonen da, eta obrak egiten direnean ez da pasabide hori oztopatu eta baliogabetu behar.

Erantzuna:

Tuterako ekialdeko saihesbidea egiteko proiektuan kontuan hartuko da oinezkoentzako pasabide hori, eta jarraipena emanen zaio, maila berean, lehendik dagoen espaloiarekin bat egin arte

3. José María Fraile Sánchez jaunak eta Cecilia Eugenia Garayoa Fernández andreak aurkeztu dutena.

Edukia:

Aztergai diren aukeretako batek zuzeneko eragina du alegaziogileen lurretan, hain zuzen ere Tuterako 29. poligonoko 9. lurzatian. Jendaurrean jarri den azterlanean ageri den moduan aukera hori gauzatuz gero, lehendik dauden eraikinak baliorik gabe edo eguneroko bizitzan erabiltzeko gauza ez direla geratuko lirateke, saihesbidetik oso hurbil egoteagatik.

Alegaziogileak dioenez, honelako obrak interes publikokoak dira eta horregatik ahalik kostu ekonomiko txikienarekin egin behar dira, eta herritarrengan ahalik gutxien eragin behar dute. Hori dela eta, saihesbidearen trazadura aukeratzean eta gerora haren garapen teknikoa egitean Tuterako 29. poligonoko 9. lurzatiaren gaineko eragin horiek saihets daitezela eskatzen du.

Erantzuna:

Espedientearen tramitazio-aldi honen xedea ez da ukitutako eskubide eta ondasunen defentsarako jendaurreko informazioa, baizik eta saihesbiderako aurkeztu diren aukeretako bakoitzak ingurumenean eta lurraldean izanen lituzkeen ondorioak orokorki baloratzea, bide egokiena hautatzeko.

Aukeretako bat onetsitakoan, eraikuntza proiektua garatzeko aldia etorriko da eta orduan helduko zaio trazaduraren hobekuntzari, eraginak ahalik eta txikienak izateko moduan. Gero, eraikuntza proiektua jendaurrean jarriko da eta norbanakoen ondasun eta eskubideetan dituen eraginak aztertzeko garaia izanen da.

III._Lurraldeari eta hirigintzari buruzko oharrak.

Aztergai diren zazpi aukerak, trazaduraren arabera, bi mota nagusitan sailka daitezke: hiriaren kanpoalde urrunetik pasatzen direnak, trenbidea hiritik urrun zeharkatuz (1., 1-a eta 2. aukerak), eta hirigunera gehiago hurbiltzen direnak, trenbidea Tuterako egoitza aldeetatik gertuago zeharkatuz (3., 3-a eta 3-b aukerak). Bi aukera mota nagusi horiei 3-c aukera gehitu behar zaie; honen trazadura 1. eta 3. aukeren arteko erdibidean dago.

Nafarroako Gobernuak espedientearen tramitazioari hasiera emateko hartu zuen erabakian, 1., 1-a edo 2. aukerei buruz hau esan zuen: errepidean ohiko saihesbidea egin nahi bada, zentzu hertsian, aukera horietatik edozeinek balio du helburua behar bezala betetzeko.

Erabaki horretan gainerako aukerez (3, 3-a, 3-b eta 3-c) egin zen analisia ikusirik, ondoriotzat atera daiteke, hasiera batean, 3, 3-b eta 3-c aukerak ez direla egokiak saihesbidearen behin betiko soluzio gisa. Bestalde, 3-a aukeraren trazadura beste guztiak baino hobeki egokitzen zaio saihesbidetik Tuteraraino eta hango ekipamendu nagusietaraino sarbide hobeak izateko helburuari. Aukera hori aintzat hartzekoa izan zitekeela adierazi zen Erabakian, betiere aipatu helburu funtzional horren testuinguruan, eta beraren onarpenari loturik.

Halaber, bidezkoa da gogora ekartzea ezen aipatu erabakiaren azalpen zatian, hain zuzen ere lurraldeari eta hirigintzari buruzko oharren atalean, ondorio gisa honakoa agertzen dela: "saihesbiderako aurkeztu diren aukerak eta horien oinarri diren ikuspegi eta premisa desberdinak ikusirik, komeni da oraingoz aukerarik ez hobestea, espedientearen jendaurreko aldian eta erakundeen entzunaldian zer gertatzen den ikusi arte". Bada, espedientearen jendaurreko aldian eta erakundeen entzunaldian ikusi denez, Tuterako Udalak bakarrik azaldu du bere iritzia aztergai diren aukerei buruz, eta hiritik urrutien pasatzen den trazaduraren alde agertu da, hau da, 1. (edo 1-a) aukeraren alde. Aurreko datuak eta Tuterako Udalak azaldutako iritzia kontuan izanik, beraz, Tuterako ekialdeko saihesbidearen trazadurarako behin betiko soluzioa aukeratzeko orduan kontuan hartu beharreko aukerak bi baizik ez dira: 1. aukera (edo horren 1-a aldaera) eta 3-a aukera.

Saihesbideari dagokion eginkizun zehatza ongien betetzen duena 1. aukera da (edo 1-a), eta hori hautatuko balitz Tuterako ekialdeko saihesbidea egiteko, itxuraz ez litzateke inolako eragozpenik sortuko lurraldearen eta hirigintzaren aldetik. Bestalde, 3-a aukerari buruz, egia da aldi berean bi xede beteko lituzkeela, saihesbidea izatea eta hiriko sarbide berria izatea alegia. Hala ere, haren proiektua egin eta garatu ahal izateko bete behar diren baldintzetako batzuk eragozgarriak izan litezke:

_Soluzio horrek, hasteko, trenbidea zeharkatzen duen lekuan trenbide azpiko pasabidea behar du.

_Trenbide azpiko pasabidetik hurbil lotunea ere egin beharko litzateke, Tuterako bide-sistema osatzen duten bideetako batekin konektatzeko. Hori guztia egiteko, garrantzi handiko egiturak eremu estuan kokatu beharko lirateke; izan ere, bidea eta trenbidea elkarri hurbildu beharra legoke, hirigintzako esku-hartzeetarako gai diren lurretan ahalik kalte txikiena egin dezaten.

_Trenbidearekin parez pare joango liratekeen tarteetan, bide berriaren saihesbide funtzioa kolokan ez jartzeko, trenbidearekiko konexiorako aukera oro galarazi behar litzateke, eta, aldi berean, trenbidea babestu, arauz ezarritakoa baino distantzia handiagoa ezarriz eraikinetaraino; neurri horren ondorioz, bistan denez, handixeagoa izanen litzateke trenbidearen eraginpeko lurren azalera. Hori dela eta, ohartarazi behar da ezen, ziur aski, zailtasun faktikoa sortuko litzatekeela bidea eta trenbidea bitartean dauden lurrak baldintza berdinetan sartu ahal izateko antolamendu eta kudeaketa prozesuan, inoiz eremuan garapen urbanistikorik gertatuko balitz.

_Azkenik, eta 1. (edo 1-a) aukeraren aldean, baratzeen eta baratzeetako edo aisialdiko instalazioen gaineko eragina, dirudienez, kasu honetan handiagoa izanen litzateke.

Beste alde batetik, aurkeztu diren alegazioei buruz Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak eman duen txostenean, 1-a aukera onets dadila proposatzen da. Txostenaren ondorio hori bat dator Tuterako Udalak adierazitako iritziarekin.

Ondorio gisa: aurreko oharretatik, eta saihesbide bat, hitzaren adiera hertsian, epe laburrean, ahalik eta kostu ekonomiko txikienarekin eta ahalik eta eragin gutxien sortuz egin behar dela kontuan izanik, funtzio horri ongien lotzen zaion aukera 1-a aukera da, eta bidezkoa da, ondorioz, horixe onestea Tuterako ekialdeko saihesbiderako.

Hala ere, proiektuan garatu beharreko aukera hautatu eta gero, zilegi da ohar hauek egitea berari buruz:

_Lehenbizi, ohartarazi behar da ezen aukera horren bukaerako tartea, Ejea de los Caballerosera doan errepideko bidegurutzea baino lehenago, ardibidearekin parez pare doala, eta 600 metro inguruko tartean, Banderako parke eolikotik energia elektrikoa ateratzeko lurpeko linearen zati baten gain-gainetik doala. Inguruabar hori kontuan hartu beharko da eraikuntza proiektua egiten denean.

_Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak eman duen txostenean, Tuterako Campo de Traslapuenteko Ureztatzaileen Erkidegoak behinola aurkeztu zuen idazkia aipatzen da. Idazki hartan Erkidegoak agerian jarri zuen onentzat jo zen soluzioak bazituela zenbait eragozpen, eta hautatu zen trazadura Valdetellas alderantz desbideratzea proposatu zuen, eragozpenak ekiditeko. Bada, eragozpen horietako batzuek zerikusia dute Erkidegoaren jabetza-egiturarekin, eta beste askok, berriz, trazadurak zeharkatu behar dituen lurren ezaugarriekin; ezaugarriok, dena dela, honelako proiektu batean soluzio tekniko egokiak erabakitzeko orduan kontuan hartu behar diren inguruabarretakoak dira. Nolanahi ere, espedientea sustatu duen departamentuari dagokio hautatutako aukeraren trazadura Erkidegoak iradoki duen moduan desbideratzearen komenigarritasuna baloratzea, egoki jotzen badu.

_Beste alde batetik, komenigarria litzateke saihesbideak trenbidea azpiko pasabidetik zeharkatzeko aukera aztertzea. Era horretara, eta aukera hori gauzatu ahal balitz _ahalbidea, zer esanik ez, lurraren ezaugarrien menpe dago (maila freatikoa, uholdeak etab.)_, inguruan lubetak egin beharra saihestuko litzateke eta bertan garatu behar diren erabileretarako eremu baliagarria handiagoa izanen litzateke.

IV._Ingurumenari buruzko oharrak.

Atal honi dagokionez, gogorarazi behar da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak behar ziren txostenak egin zituela, garaia izan zenean, aztergai ziren aukerei buruz, eta ondorioztatu zuela zazpi aukerak zirela egokiak ingurumenaren aldetik.

Hautatu den soluzioa (1-a) dela eta, aipatzekoa da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak proiektua eta haren ekintzak deskribatzen dituela eta ingurune hartzailearen inbentarioa egiten duela. Ingurumen-baldintzen artean, Montes de Cierzotik Ejeara doan altxonbideak eratzen duen pasabide ekologikoa nabarmentzen da, eta bereziki Ebro ibaiak eratzen duena (LIC ES 2200040), zenbait erreserba eta lekune natural baititu barnean; hala ere, aukera horren eraginpean dagoen eremuak ez du ez intereseko ez lehentasuneko habitatik, eta uztailaren 27ko 1014/1999 Foru Aginduaren bidez onetsi zen Ebro Ibaiaren Plan Bereziak bide ematen du interes orokorreko azpiegiturak egiteko.

Bestalde, Azterlanean eraginak zertan diren eta zer ezaugarri dituzten azaltzen da, eta elkarrekin alderatzen dira, nola eraikuntza aldian sortuko diren eraginak hala ustiapen aldikoak, eta ingurumen-eragin guztiak aipatu eta ebaluatu egiten dira. Exekuzio proiektuari aplikatu beharreko zuzenketa neurriak ere zehazten dira, baina ingurumena zaintzeko programa zehaztu gabe uzten da. Zuzenketa neurrien eskakizun zorrotzenak hauek dira:

_Faunaren iragazkortasuna lortzea bai ibai-bazterretan eta bai Montes de Cierzotik Ejeara doan altxonbidean ere.

_Proiektatutako tarteko ureztatze saretik, drenajeetatik eta ur-isurketatik bereiztea.

_Inguru zaurkorretan kalitate akustikoa babesteko neurri eragingarriak jartzea

_Ondare arkeologikoaren gaineko eraginei aurrea hartzea.

_Maileguko materialak ateratzeko indusketak toki egokietan egitea, lehendik dauden ustiategiak lehenetsiz.

Beraz, espedientearen jendaurreko aldia bukaturik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa eginen du, azkenean hautatzen den aukerak ingurumenean duen eraginari buruzkoa, hain zuzen ere.

V._Nafarroako Gobernuak 2002ko apirilaren 22ko Erabakian eman zituen zehaztapenak bete beharra.

Aipatu erabaki horretan, espedientea sustatu duen departamentuari aditzera ematen zaio ezen, UPSA onetsi baino lehen, honako txosten hauek aurkeztu behar direla:

_Hezkuntza eta Kultura Departamentuarena, ondare historikoari buruzkoa.

_Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena, ureztaketa-lurren gaineko eraginari buruzkoa.

a) Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren txostena, ondare historikoari buruzkoa.

Txostena aurkeztu da, Bianako Printzea Erakundeko Ondare Arkeologikoaren Bulegoko teknikari arkeologo batek 2001eko abuztuaren 2an emana. Hartan, zonako ondasun katalogatuak, lehendik ere dokumentazio zehatza dutenak, zerrendatu eta deskribatu egiten dira, eta bakoitza non dagoen esaten da. Aukeren trazadurari buruzko xehetasun gehiagorik ezean, txostena egiterakoan aztergai diren proposamenen artean eragin txikienekoa 1. aukera dela gehitzen da (hautatutako 1-a aukerarekin bat datorrena, oro har). Hala ere, txostenean gaineratzen denez, zerrenda horretako aztarnategietatik batek ere ez du proiektua neurri handian baldintzatuko, baldin eta txostenean bertan aipatzen diren prebentzio neurri batzuk garatzen badira.

Esanak esan, eta behin hautaturik garatu beharreko aukera, 1-a hain zuzen, beharrezkotzat jotzen da eraikuntza proiektuari azterlan zehatza eranstea, ondare arkeologikoak jasan litzakeen eraginak eta horiek ekiditeko hartu behar diren babes neurriak azalduko dituena _gutxienez ere, goian aipatu txostenean agertzen diren neurriak_. Azterlan hori Kultura Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar zaio onets dezan, obrak hasi baino lehenago.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren txostena, ureztaketa-lurren gaineko eraginari buruzkoa

Txosten horretan ondorio hau ateratzen da: Tuterako ekialdeko saihesbiderako proposatu diren trazadura guztiak nahitaez egin behar lirateke ureztalurretan zehar; beraz, ezinbestean saihesbideak eragina izanen du lehendik dauden ureztalurretan. Eragina onartu beharrakoa da, aztergai den proiektuak garrantzi handia duelako gizartean, eta, txosten honen ikuspegitik, ez dago aukeren artean lehentasunik ezartzerik.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko azaroaren 13an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraiki, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak Erabaki honen azalpen zatian aditzera eman den moduan ebaztea.

2. Tuterako ekialdeko saihesbidea egiteko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu duen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea, 1-a aukeraren arabera gauza dadin.

3. Onartu den aukeraren trazadura egiteko proiektuan, kontuan hartu beharko dira Erabaki honetako III. atalean (Lurraldeari eta hirigintzari buruzko oharrak) aukera horri buruz adierazitakoak.

4. Eraikuntza proiektuari ondare arkeologikoaren gaineko balizko eraginen azterlana erantsi behar zaio, eta bai eragin horiek saihesteko hartu behar diren neurriak ere: gutxienez, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Bianako Printzea Erakundeko Ondare Arkeologikoaren Bulegoak 2001eko abuztuaren 2an eman zuen txostenean azaltzen direnak. Azterlan hori Kultura Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar zaio onets dezan, obrak egin baino lehen.

5. Hautatu den aukeraren trazadura egiteko proiektuan, eta bai obren exekuzioan ere, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioaren ondorioz ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

6. Dena dela, egin nahi den azpiegiturak uki edo baldintza ditzakeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (trenbidea, ardibideak, ubide publikoak edo beste batzuk), sustatzaileak, obrak egin aurretik, kasuan kasuko arloan eskumena duten organoen baimenak lortu beharko ditu.

7. Udalez gaindiko Proiektu Sektorial horri dagozkion obrak interes orokorrekoak direla deklaratzea, behar diren desjabetzapenak egiteko eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994ko Foru Legeko 66. artikuluan eta horrekin bat datozen xedapenetan ezarritako ondorioetarako.

8. Aditzera ematea Erabaki honen kontra bidezko dela gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Erabakia jakinarazi, edo, kasua bada, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116 eta 117. artikuluek agintzen dutenaren arabera; edo bestela Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan aurkeztu daiteke helegitea zuzenean, Erabakia jakinarazi, edo, kasua bada, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duenaren arabera.

9. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kulturakoari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurakoari jakinaraztea, baita Tuterako, Fontellasko, Arguedasko, Valtierrako, Cabanillasko eta Fustiñanako udalei eta alegaziogileei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren lauan._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0213232