16. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Noain-Elortzibarko udalerrian animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza fiskalaren eranskina. behin betikoz onetsita

Noain-Elortzibarko Udalak, 2002ko urriaren 10ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Noain-Elortzibarko udalerrian animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2002ko 130. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, urriaren 28an.

Argitaratu zenetik hogeita hamar eguneko epea iragan baita espedientearen aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, Noain-Elortzibarko Udalak, 2002ko abenduaren 4an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi du, erregelamenduzko quorumarekin. Hona hemen testu osoa:

NOAIN-ELORTZIBARREN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN OSASUN ORDENANTZA

Udal mugapean osasungintza nahiz segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzerakoan bizi-kalitate egokia izan dezaten, eta haiekin zerikusia duten jarduerak (industria, merkataritza edo zerbitzuetakoak) arautzeko, betiere udal eskumen eta betebeharren esparruan.

Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kanporatuko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

2. art. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta irauteko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak betetzen jarraitu beharko dute, eta aipatua ezezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, muntadurek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

3. art. Ukuilu, ixtegi eta, orohar, abeltzaintzako ustiategi mota guztiak, animaliak hazteko tokiak, aterpeak eta lagun egiteko animalien edo lehiaketetan erabiltzekoen ospitaleak paratzeko baimena emanen da, soil-soilik, landalur gisa sailkaturiko lurrean eta, gutienez ere, hirilur edota lur urbanizagarritik 1.000 metroko tartea uzten bada, legeriak ezartzen duen huraxe.

Aipatu muntaduretarako lizentziak, jarduera sailkatuen gainean indarra duen legerian ezarritakoari jarraikiz izapidatuko dira.

Dena dela, etxebizitzetatik aparteko tegietan egon beharko dute; zola eta paretek iragazkaitz eta garbigarriak izan beharko dute; iturriko ur edatekoa izan beharko dute, baita hustubideak kolektore nagusira ere eta, hori ezinezkoa bada, erregelamenduaren araberako putzu septikoak. Animali espezie eta mota guztientzat higiene aldetik dagozkien baldintzak bete beharko dituzte.

4. art. Debeku da errentako animaliarik etxebizitzen barrenean izatea, edozein delarik haien kopurua. Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesitu edo itxirik badaude, ordenantza honetako 1. artikuluan ezarritakoa betetzen badute eta animaliarengandik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

Ordenantza honi dagokionez, errentako animaliak dira beren jabeei halako irabazi edo baliabide batzuk ematen dizkietenak.

5. art. Animalia guztien jabeek, uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartu eta desagertarazteari buruz indarra duen arauteria. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari dagokionean agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

"Ald. 2000. Udalerrian aldi baterako bizitzen jarrita daudenek, dituzten animaliak identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta udal zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.

6. art. Kontrolik gabeko animaliek eritasun kutsagarririk zabal ez dezaten eta horiek pertsona eta ondasunei kalterik egin ez diezaieten:

_Herritarrek ustez abandonatuak diren animaliak ikusiz gero udal zerbitzuei eman behar diete horren berri, behar den moduan jardun ahal izateko. Abandonaturiko animaliek egoera horretan jarrai ez dezaten, herritarrek ez diete inoiz eta inon jaten emanen, ezta etxebitzen patio, teilatu eta antzekoetan ere.

_Hirietan askatasunean bizi diren hegaztiei (usoei, etab.) parke publikoetan baino ezin zaie jaten eman. Debeku da hiriko gainerako lekuetan jaten ematea, eta bereziki higiezinetako terrraza, balkoi nahiz leihoetan.

_Debekaturik dago, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

"Ald. 2000._Noain-Elortzibarko Udalak, hartarako udal zerbitzuen bidez, behar diren neurriak hartuko ditu, baldin eta herritarren salaketarik iristen bazaio, eremu publikoan nahiz leku pribatuetan dabiltzan animaliek eragindako beldur, estres, jazarpen edo bestelako arrazoiren batengatik.

7. art. Udalaren osasun zerbitzuek eraman eta konfiskatuko dituzte behin eta berriz arau-hauste gogaikarriak egiten dituzten animaliak. Agintaritza eskudunak eman beharko du animalia etxetik ateratzeko eta dekomisatzeko agindua, eta animaliok Udalaren esku geldituko dira.

Jabeen eritasun larriagatik nahiz haiek ospitaleratu edota kartzeleratzeagatik abandonatuak dauden animaliak bildu eginen ditu Udalaren bilketa zerbitzuak, eta zaindu eta artatu hogeita lau orduz. Epe hori iragan eta jabeek ez badituzte animaliok berreskuratu edo, haien baimena izanik, ez bazaizkie hirugarrenei ematen, Udalaren esku geldituko dira.

"Ald. 2000._9 bis. artikulua_Ordenantza honen ondorioetarako, "animalia abandonatutzat" hartzen da ez jabe ez bizileku ezagunik ez duen hura, jatorri edo jabeari buruzko identifikagarririk ez daramana, edo jabea dela egiazta dezakeen pertsona batekin ez doana. Halaberean, abandonatutzat hartuko da, behar bezala identifikaturik egonik eta jabeari abisua eman ondotik, jabe hori animalia hartzera agertzen ez den kasuan, betiere etortzeko ezartzen zaion epearen barrenean.

8. art. Animalia hilak, haien tamainak aukera ematen badu, material iragazkaitzezko poltsetan sartzen ahal dira, eta horiek behar bezala itxiko dira, garbiketa zerbitzuek eraman ditzaten. Bestelakoetan, animalia hilaren bila etxera etortzeko eskatuko zaie aipatu zerbitzu horiei.

Balditza berberetan eta betiere jabeen erantzukizunpean, animaliendako hilerrira eraman ahalko dira, halakorik bada.

Debeku da animalia hilak aire zabalean, ur-ibilguan eta gainerako eremu publiko nahiz pribatuetan uztea.

II. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

9. art. Ordenantza honi dagokionez, lagun egiteko animalia da irabazi asmorik gabe, atsegin eman edo zerbitzu egiteko (zainketa eta gidari lanak egiteko, aisialdirako...) gizonak bereziki etxean zaintzen duen animalia.

10. art. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da neurriak hartzea animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora bakarrik eta inork gidatuak izan gabe ibil ez daitezen.

Beren jabe edo edukitzaileen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen diren animaliak abandonatutzat joko dira eta udal zerbitzuak atzematen ahalko ditu. Honen ardura izanen da animaliekin zer egin, arauz kanpoko kasutean, inork erreklamatzen ez baditu legez ezarritako epean (24 ordu).

11. art. Jabeek edo edukitzaileek animaliak kendu nahi badituzte, Nafarroako Gobernuko Zakurtegira eraman beharko dituzte. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai lokal itxietan.

12. art. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debekatua daukate berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta galaraz ere maniobratu edo ikusteko ahalmena, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

13. art. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak prestatu, erabili eta biltzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Orobat, debeku da animaliak elikagaiak saldu edo kontsumitzeko establezimenduetan sartzea, salbu eta ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

14. art. Ez dago baimendurik animaliak kultur eta kirol arloko jendaurreko ikuskizunetako lokaletara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animaliak eritetxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan zehazten diren debekuetatik at egonen dira

ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

15. art. Jendeari ostatu ematen dioten eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik izanen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrentzat.

16. art. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, bertze erabiltzaileak beren hartan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude haiek eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotzik edo zikinkeriarik utzi dezaten galaraztera eta haiek gertatzen badira, garbitzera.

17. art. Lagun egiteko animalien erasoaren ondorioz inor kolpaturik gertatzen bada, Nafarroako Gobernuaren albaitari zerbitzuei emanen die horren berri, medikuaren azalpena erantsiz. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute zer-nolako osasun kontrola eramanen duten animalia erasotzailearekin.

Osasun zentroek eta medikuek Udalaren albaitari zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiete lagun egiteko animaliaren batek erasoturik kolpatuak gertatzen diren pertsonei.

III. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

18. art. Zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea, Noain-Elortzibarko udal mugapean, Udalaren eginkizuna da.

Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez.

Udal zerbitzuek edo albaitaritza klinikek edo profesinal partikularrek egin ahalko dute identifikazio hori. Azken bi horien kasuan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria (animaliaren identifikaziorako txartela).

19. art. Helburu berarekin _zakurren zentsua eguneratzea_ zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Noain-Elortzibarko udal zerbitzuei, zortzi eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Beste udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

20. art. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek agertu behar dute animaliaren identifikaziorako osasun agirian, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da. Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek eginen dute txertatze lan hori. Azken bi horien kasuan, egindako txertaketen berri eman beharko diete udal zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

21. art. Zakur batek ausikirik egiten badio inori, honek gertatutakoa jakinaraziko dio Noain-Elortzibarko Udalari, eta medikuaren azalpena aurkeztu aldi berean.

Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago aferean nahasitako animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei eta agintari eskudunei, eskatzen badituzte. Gainera, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, eta hala behar denean, Udalaren osasun zerbitzuek bil dezaten arte, espreski debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.

22. art. Zakurrak eremu publiko guztietan, herriko lorategietan, eta parke eta berdeguneetan, herritarrek aisiarako gehienbat erabiltzen dituzten eremuetan, eta eraikinen sarreretan eta jabetza komuneko tokietan (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailburuak, etab.) ibiltzen ahal dira katez edo uhalez loturik badaude eta beraiek kontrolatzeko gauza den inork eramaten baditu.

Arestian aipatu eremuetatik kanpora onartuko da animaliak, beren aise ibil daitezen, aske joatea, baina betiere inguruan animaliaz arduratuko den eta kontrolpean izanen duen inor baldin bada. Pertsona arduradun hori izanen da erantzule beti, hirugarrenei kalte eginez gero.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.

Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren zerbitzuek harrapatu eta zakurtegira eramanen dituzte pertsona arduradunik gabe ibiltzen diren zakurrak.

23. art. Aitzineko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiei begiratuko zaie identifikaturik ote dauden.

Zakurra behar bezala identifikaturik badago jabeari abisua emanen zaio eta horrek 24 orduko epea izanen du atzera eskuratzeko. Behar baldin bada, txertoaren egutegia eguneratzera beharturik dago eta sortutako gastuak ordaintzera, baita gerta daitezkeenak ere. Ondoren Nafarroako Gobernuko Zakurtegira eramanen da, eta bertan eduki legeak agintzen duen epea bete arte.

Zakurra identifikatu gabe badago, 24 orduko epea izanen du jabeak. Atzera eskuratu baino lehen, identifikatu beharko du eta nahitaezko txertoa eguneratu beharko, udal zakurtegian sortutako gastuak ordaintzeaz gain.

Ezarritako epean jabeak bertara agertzen ez badira, edo animalia berreskuratu nahi ez dutela formalki esaten badute, nahiz identifikatu gabeko zakurrak 24 orduko epean jasotzen ez badira, Udalak bere esku hartuko ditu.

24. art. Udalaren esku gelditu diren zakurrak Nafarroako Gobernuko Zakurtegira eramanen dira.

Nafarroako Gobernuko Zakurtegiak egungo legeriari jarraikiko dio, animaliak hil, esleitu edo gordetzeari buruzko afera guztietan.

25. art. Bildutako zakurra jabeari itzuliz gero, animaliaren identifikazioa eta txertaketak eguneratu beharko dira.

Aurreko artikuluen ondorioz edo Epizootien Erregelamenduak eskatzen dituen beharkizunak direla medio edo agintaritzaren xedapenen aurka jotzeagatik Udalaren Zakurtegian sartzen diren zakurren elikadura eta zainketa gastuak, jabeen edo hartzaile berrien kontura izanen dira, dagokiena ordaindu gabe ezin izanen baitute animalia eskuratu.

Modu berean ordainduko dira, hori egitea beharrezkoa bada, identifikazio eta txertaketa gastuak. Udalak ezin izanen du dirurik jaso artikulu honetan ezarritakoengatik ez beste kontzeptuengatik.

26. art. Zakurrekin ibiltzen diren pertsonek galarazi behar dute horiek kaka egitea espaloi, galtzada, parke, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerrokadan zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso, bere hartatik kendu eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan bereziki horretarako dauden paperontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

"Ald. 2000._26. bis artikulua._Espresuki debekatu da animaliek erabilera publiko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edan dezaten. Debeku honi kasurik ez egitea osasungintzako udal ordenantzaren aurkako arau-hauste arintzat hartuko da eta 90 eurotik 480ra bitarteko isunarekin zehatzen ahal da.

27. art. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bestelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaberean, debeku da balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

28. art. Ikusmen urriko pertsonen "gida-zakurtzat" hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gida-zakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gida-zakurra bere lana egiteko ez-gauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, orohar, pertsonentzat arriskugarri izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berekin eramanen du gida-zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gida-zakurra inora sartzeagatik ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.

29. art. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da.

Finka eta lokal irekietan katez loturik egonen dira, salbu eta, haren jabe edo arduradunaren zainpean, animalia askatzen denean behar bezala bere aise ibil dadin.

Esparru itxietan aske egoten ahalko dira, betiere itxiturak bermeak ematen baditu barnetik ez dutela erasorik eginen haustura, irekidura, eta abarretatik.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikusteko duten jarduerak

30. art. Honako hauek dira Ordenantza honi atxiki beharreko industri, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

_Animalien haztegiak

_Animalien gordelekuak.

_Saldu-erosteko dendak.

_Apaindegi zerbitzuak oro har.

_Animaliendako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.

_Animalien hilerriak.

_Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentziarako jarduera sailkatuen gaineko arauei loturik tramitatu beharko da, aplikagarri diren gainerako xedapenak bete behar direla ukatu gabe.

Lizentzia horrek modu ikusgarrian egon beharko du instalazioetako toki nagusian.

31. art. Alkatetzak lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko Erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa ezertan ukatu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

_Jardueraren izena:

_Tokia:

_Arduradunaren izena, helbidea eta telefonoa.

_Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

_Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

_Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskripzioa. Bertako planoak.

_Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta nola dagoen banaturik.

_Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

_Animaliendako haztegiak, gordetegiak eta salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta hirian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin. Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da bertze albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barnean, eta hala egin duela Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraztera.

32. art. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

_Beste etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko oineko lokaletan jarri ahal baitira.

_Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

_Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazkaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

_Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drenajea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

_Gela hauetan, lurzoru eta pareten arteko elkarguneak biribilduak edo biselatuak izanen dira, hobeki garbitzeko.

_Gela guztiek aireberritze sistema izanen dute, bakoitzak dituen sarbideetakoaz gain.

_Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek. Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

_Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, ongi itxitako boltsa iragazkaitzetan.

_Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien araberakoa izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren zerbitzu teknikoek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

_Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

_Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

_Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren muntadurak berezirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haientzat ezarri diren baldintza berariazkoak.

_Jarduera hauetan edozein eritasun zoonosiko agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

33. art. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

Jarduera horietan liburua izan beharko dute eta bertan honako zera hauek zehaztu: animalien espezie eta arraza, inportazio baimena, sarrera eta irteera datak, animalien zertarakoa, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Zenbait muntadura izanen dituzte, honako hauetarako: umatzeko gela, ugaltzeko gela, ariketak egiteko leku irekia eta sukaldea.

34. art. Lagun egiteko animaliak gordetzeko tokitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak, halako denbora aldi batez, ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu hauek erregistro liburua izanen dute, honakook zehazteko: animalien espezie eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Zenbait muntadura izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak isolatzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta bertze animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpideari eginen zaio kasu.

35. art. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren xede nagusia animaliak saldu edo erostea duten haiek.

Lokalak erakuslekua izan beharko du eta hotz-beroa erregulatu eta kontrolatzeko modua.

"Ald. 2000._Jarduera hauek Erregistro Liburu bat izanen dute, bertan zehazteko animaliaren sarrera eta irteera datak, haren espeziea, adina eta sexua, eta nondik datorren jakiteko behar diren datuak, bai eta legezko xedapenetan eskatzen den bestelako edozein gauza. Haztegietatik zuzenean ez datozen animaliak hartzeko, animaliaren osasun agiriak erregistratuko dira.

Animaliak saltzen direnean erosleari egiaztagiri bat emanen zaio non zehaztuko baitira animaliaren arraza, adina, jatorria bai eta, hala behar bada, osasun agiriak ere.

Debeku da ugalketa kontrolaturik burutzea halako lokaletan.

36. art. Animaliak apaintzeko zerbitzuak emateko establezimendutzat hartuko dira, animaliarendako garbiketa zerbitzuak emateko xede nagusia daukaten haiek, baita ikuzketa, ileapaintze eta estetika zerbitzuak dituztenak ere.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

37. art. Ordenantza honi doakionean, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek guttienez:

_Kontsultategia: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.

_Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela espezifikoa, indarra duen legeriaren araberako erradiologi muntadura, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

_Ospitaleak: kliniketakoak esandakoak gehi gau eta eguneko zaintzako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak etenik gabea izan beharko du.

38. art. Animalien hilerriak partikularrei hilotzak edo hildako animalien hondarrak lurperatzeko zerbitzua emateko egokituta dauden instalazioak edo eremuak dira.

Haien kokapena, egitura eta erabiltzen diren guneen banaketa behar bezala sartuko da hirigintza ingurunean.

Gorpu eta gorpuzkinen biltegi bat izan beharko dute, haien higiene baldintzak bermatzeko, izozketa kutxa edo hozkailuak erabiliz soilik ehorzteko unerarte kontserba daitezen, eta bere tamainak ematen diren zerbitzuen edo arrazoiz aurrikusten direnenaren araberakoa izan beharko du.

Ehorzketa, nitxo, hilobi, kripta edo antzekoetan eginen da. Zuzenean lurrean egiten denean, gorpu edo gorpuzkinak kisu biziko geruza baten gainean utziko dira eta gainean gai bereko beste batez estali, lur azaletik 65 cm.ra bederen.

V. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten bertze jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak xedetzat dauzkaten jarduerak, aldi baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

39. art. Izaera iraunkorrez egin gogo diren jarduera guztiek, lokal itxietan nahiz aire zabalekoak izan, behar den udal lizentzia beharko dute, indarrean den araudiaren arabera tramitatu beharko dena.

Alkatetzak aipatu lizentzia eman dezan, eta kontuan hartu gabe Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan horri buruz agindutakoa, beharrezkoa izanen da Ordenantza honetako 32. eta 33. artikuluetan zehaztu baldintzak betetzea.

40. art. Aldi baterako izaeraz egin gogo diren jarduerek, bai leku itxietan bai leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Alkatetzak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

_Jardueraren deskribapena:

_Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

_Tokia:

_Jarduera zenbat luzatuko den.

_Animalien kopurua eta espeziea.

_Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

_Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

_Instalazio elektrikoen boletina, behin-behineko loturarako.

41. art. Aldi baterako izaeraz gauzatzen diren jarduerek, funtzionatzen hasteko, udalaren osasun zerbitzuei honakook aurkeztu beharko dizkiete:

_Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki antolatu direla dioena.

_Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartila, C.I.T.E.S., animaliaren identifikaziorako txartela, e.a.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hartunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak.

Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna akitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

VI. KAPITULUA

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak. Ald 2000

42.art. Definizioa.

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2. Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, pitbull terrier, staffordshire bull terrier, Mallorcako harraparia, Kanarietako harraparia, fila brasileiro, mastin napolitarra, dogo argentinarra, rottweiler, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak.

3. Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

4. Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

43. art. Animalia arriskugarri bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskugarri gerta daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

Lizentzia eskatu beharko da animalia eskuratu baino lehen, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau-hausterik egin ez izana.

c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

d) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 30 milloi pezetako zenbatekoa duena.

d) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Noain-Elortzibarko Udalerrian bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Noain-Elortzibarren egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Noain-Elortzibarren egon behar badu.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalia horien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Noain-Elortzibarko Udalari mota honetako animaliak dituzten jabeak edo edukitzaileak badirela, Noain-Elortzibarko Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Aurrekoa ukatu gabe, Noain-Elortzibarko Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

44. art. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

a) Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Ordenantza honetako 45. artikuluko 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskugarri gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, bai eta hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko dituzte, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Noain-Elortzibarrera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskugarri gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik edo hiritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak kunplitu beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egunekoa izanen da.

45. art. Erregistroa.

Erregistroan sar daitezen, arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek Noain-Elortzibarko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Erreseina edo erreseina erdia.

f) Jaioteguna.

g) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

h) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

i) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskugarria bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

k) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

l) Eraso kasuak.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

46. art. Animalia arriskugarriak erregistratzeko liburua.

Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro-liburu bat eduki beharko dute, zeinetan paratu beharko baitituzte 47. artikuluko a, b, c, d, e, f, g eta h puntuetan aipatzen diren datuak, arriskugarri gerta daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

47. art. Debekuak.

Abenduaren 24ko 50/1999 legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debekaturik daude:

1. Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.

2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasun motari, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, aldez aurretik edo erasoa gertatzen denean halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3. Noain-Elortzibarko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

4. Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 legearen aurkako arau-haustetzat.

48. art. Zehapenak.

50/1999 legean ezarritako zehapenez gain, aurreko artikuluko 1, 2, 3 eta 4. ataletan aipatzen diren arau-hausteak, Ordenantza honen aurkako arau-hauste oso larritzat hartuko dira eta, ondorioz, 991,67 eurotik 1.502,53ra bitarteko isuna paratuko da, eta erantzulea izanen da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

49. art. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Fitxategia eginen da Noain-Elortzibarko Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien obligazioak. Fitxategia Noain-Elortzibarko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztu eta aurka egiteko eskubideak erabiltzeko.

Datuak deusezteko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskugarria edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

Datu pertsonal hauen arduraduna Idazkaritza Zerbitzua izanen da, Noain-Elortzibarko Errege kalea, 62-A.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan ondoko arauetan xedatutakoari lotuko zaio: Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea; Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea eta animalien osasunari, ingurumenari eta animalien ekoizpenari buruzko xedapen orokorrak nahiz aplikagarriak diren gainerako guztiak.

Bigarrena._Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo ttikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Hirugarrena._Ordenantza honetako manuak betetzen ez badira, agintaritzako agenteek salaketa jarriko dute. Bigarrena._Lakiolariak, ondorio guztietarako, agintaritzako agenteen pareko izanen dira lanean dihardutelarik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena._Ordenantza honetan arautzen diren jardueren titularrek sei hilabeteko epea izanen dute honako arautegi honi egokitzeko.

Epe hori beste urtebetez luza dezake Alkatetzak, egin behar diren aldaketen izaera eta konplexutasunak hala eskaturik, betiere udalaren zerbitzu tekniko eskudunek aurretiko txostena eginik.

Bigarrena._Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, Ordenantza honen VI. kapituluak indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

NOAIN-ELORTZIBARKO UDALERRIAN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAREN ERANSKINA

_Zakur deslaiak eramatea: 18 euro.

Eremu publikoetan, poligonoak.

_Udalaren zakurtegian egotea, 3 euro egunean.

Gehienez ere 3 egun.

6 ordutik goiti egun osoa kontatuko da.

Jakinarazten da, orok jakin dezan.

Noain-Elortzibarren, bi mila eta biko abenduaren bostean. Alkate udalburua, Miguel Elizari Reta.

Iragarkiaren kodea: A0213350