152. ALDIZKARIA - 2003ko abenduaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

2327/2003 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Cepsa Elf-Gas, S.A.ri administrazio baimena ematen zaio, Oltza Zendeako udal mugapeko Asiaingo herrigunean etxe, denda eta industria txikietarako propano gas kanalizatuaren sarea egin eta ustiatzeko; instalazioetarako baimena ere ematen da, eta instalazioaren onura publikoa onartzen.

Cepsa Elf-Gas, S.A. enpresak administrazio baimena eskatu du, Oltza Zendeako udal mugapeko Asiaingo herrigunean etxe, denda eta industria txikietarako propano gas kanalizatuaren sarea egin eta ustiatzeko, instalazio proiektuak deskribatzen duen aldera mugaturik. Horrez gain, instalazioetarako baimena ere eskatu du, bai eta haien onura publikoa onets dadila ere.

Instalazioen ezaugarriak honako hauek izanen dira:

Banaketa-sarea 48.700 litroko GLP biltegi batetik elikatuko da; lur gaineko bi biltontziz osatua izanen da, bakoitza 24.350 litrokoa, beren erregulazio eta segurtasun balbulez hornituak. Asiaingo udalaren 127. lurzati publikoan jarriko da, eta lurruntze naturala izanen du.

Aurreikusi inbertsioen kostua laurogeita hiru mila bostehun eta hogeita hamar euro eta laurogeita bost zentimokoa da (83.530,85 euro).

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak bete eta Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 1983ko apirilaren 11ko Foru Legearen 362.b artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitateari transferitutako zerbitzu eta eginkizunak Industria, Merkataritza eta Lan Departamentuari esleitzen dizkion urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretuak emandako ahalmenak ere erabiliz.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak uztailaren 14an eman eta 2003ko 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 18an, argitaraturiko 105/2003 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Cepsa Elf-Gas, S.A. enpresari administrazio baimena ematea Oltza Zendeako udal mugapeko Asiaingo herrigunean etxe, denda eta industria txikietarako propano gas kanalizatuaren sarea egin eta ustiatzeko eta biltegi eremua egiteko.

Administrazioaren baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Cepsa Elf-Gas, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 1.670,62 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da Departamentu honetako Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren esku, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan bete beharko da GLPren biltontzi finkoen instalazioei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa, 1986ko urtarrilaren 29an Industria eta Energia Ministerioaren Aginduaren bidez onetsia, eta Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18an Industria Ministerioaren Aginduaren bidez onetsia, zeina, gero, Industria eta Energia Ministerioaren 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko aginduen bidez aldatu baitzen. Gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko prestatu beharko dira instalazio horiek.

Bigarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena._Cepsa Elf Gas, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Cepsa Elf Gas, S.A. beharturik dago, baimen honen esparruan zerbitzua eskatzen duen edonori gas hornidura ematera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena._Repsol-Butano S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena._Baimen honek ez du erabateko eskubiderik ematen eta ez du monopoliorik onartzen.

Seigarrena._Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria _eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia_ kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Kontzesioko instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena._Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko moduan eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta eraikitzeko baimena ematea; eraikuntza proiektuari lotuz burutu beharko da, indarra duen legeria betez, urtebeteko epean; eskariaren arabera epea luzatzen ahal da. Proiektuan Aisiaingo herrigunean egitekoa den hornidura sarea ageri da. Eremu horretan hedapenen bat egin nahi bada, instalatzeko baimena eduki beharko da horretarako.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko IV. Tituluko 103., 104., 105., 106. eta 107. artikuluekin bat.

Baimen hau ematen bada ere ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa, kontuan izanik beharrezkoak diren udal, probintzia edo beste maila bateko kontzesio eta baimenak. Baimenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen hau Cepsa Elf Gas, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta hiruko azaroaren bostean._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: C3368244