152. ALDIZKARIA - 2003ko abenduaren 1a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Lurzatien lagapena Nafarroako Gobernuari

Iruñeko Udalak, 2003ko azaroaren 6an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

PLE 03-AZA-06 (7/CU)

"Ikusirik espedientean dagoen dokumentazioa, eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren eta Iruñeko Udalaren artean 2002ko otsailaren 26an sinaturiko hitzarmena bete nahirik, zeinaren xedea baita aparkaleku bat eraiki eta kudeatzea ospitaleen ingurunean, eta 2003ko irailaren 4ko osoko bilkuran hartutako erabakia (15/CU) 2003ko irailaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik, iragan baita jendaurrean egon beharreko epea inork hari buruzko alegaziorik aurkeztu gabe, Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuko 133, 124, 134, 135, 136 eta 140. artikuluei jarraituz, honako hau erabaki da:

1. Dohainik lagatzea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari hemen deskribatzen diren lurzati hauen jabetza:

a) Iruñeko Irunlarrea poligonoko 12. lurzatiaren gainerakoa. 1.818,23 metro karratu ditu, eta aparkaleku publikorako erabilera du. Mugak: iparraldean, 11. lurzatia, ospitalerako erabilera duena; hegoaldean, 13. lurzatia, gizarte-laguntzarako erabilera duena; ekialdean, hartatik banandutako finka; eta mendebaldean, 19. lurzatia, Irunlarrea kalea osatzen duena.

b) Iruñeko Irunlarrea poligonoko 13-b lurzatiaren gainerakoa. 4.980,99 metro karratu ditu. Mugak: iparraldean, jatorrizko finkatik banandutako lurzatia; hegoaldean, 19. lurzatia, Irunlarrea kalea osatzen duena; ekialdean, 13. lurzatia, Inmobiliaria Universidad de Navarra, S.A.rena baita; eta mendebaldean, Bideko Ama Birjina ospitaleak okupatzen duen lurzatia.

Hori dena, ebazpen honi erantsita doan planoan ageri den bezala.

2. Erabaki honen izenburuan aipatzen den hitzarmenean xedatzen denez, lagatzen diren lurzatiek izan behar dute lurpeko aparkaleku bat eraiki eta kudeatzeko ospitaleen ingurunean, Nafarroako Klinika Unibertsitarioaren, Bideko Ama Birjinaren Ospitalearen eta Nafarroako Ospitalearen artean dagoen gunean, eta karga nahiz zama guztietatik salbuetsirik daude, non ez diren bete beharrreko urbanizazioko obligazioak, hirigintza planeamenduko determinazioak eta xedeari dagokion baldintza; izan ere, xedea aldatzeko nahitaezkoa da lagatzaileak esanbidezko eta idatzizko baimena ematea, zeren Udal honen eskura itzuliko baita bestela eginez gero, bai eta, halaber, hitzarmenean ezarritako xedea bost urteko epean exekutatzen ez bada. Doako lagapen honi atxikiko zaio haren gainean ezartzen den kontzesio administratiborako zehazten den epe bera, eta dohainik itzuli beharko du Iruñeko Udalaren eskura denbora hori iragandakoan, baina batere ukatu gabe eraiki gogo den aparkalekuak eratzen duen ondare unitatea, eta itzuliko da, beraz, lagatako jabetzei dagokien azalaren proportzioan.

3. Doako lagapen hau eskritura publikoan formalizatu beharko da, bertan jasota Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak onartzen duela, eta Jabetza Erregistroan inskribatu beharko da. Lagapen honen ondoriozko gastu eta zerga guztiak lagapen hartzailearen kontura izanen dira.

4. Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 140. artikuluari jarraituz, erabaki honen berri ematea Nafarroako Foru Komunikateko Administrazioari."

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina; edo bertzela,

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, bi mila eta hiruko azaroaren hamahiruan. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0310865