152. ALDIZKARIA - 2003ko abenduaren 1a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Udal ordenantza, Tuterako Montes de Cierzo II alderdiko ureztalurretako ur kontsumoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2003ko uztailaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen "Tuterako Montes de Cierzo II alderdiko ureztalurretako ur kontsumoa arautzen duen Udal Ordenantza".

Delako ordenantzaren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2003ko 115. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, irailaren 8an, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, Tuterako Udalak behin betikoz onetsi zuen aipatu udal ordenantza, 2003ko urriaren 31n eginiko osoko bilkuran.

Horiek horrela, aditzera ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Tuteran, bi mila eta hiruko azaroaren lauan. Zinegotzi delegatua, María Isabel Echave Blanco.

ORDENANTZA, MONTES DE CIERZO II ALDERDIKO UREZTALURRETAKO UR KONTSUMOAREN BARNE ARAUBIDEARI BURUZKOA: UR KONTSUMOA KONTROLATZEKO NEURRIAK ETA GEHIEGIZKO KONTSUMOAREN GAINEKO ZIGORRAK

1. artikulua. Aplikazio esparrua.

Honako erregelamendu hau aplikatuko da bakar-bakarrik Montes de Cierzo IIko ureztaketa tradizionaleko eremuan, hain zuzen ere zonaldeko Oinarrizko Proiektuko jarduketa perimetroaren barrenean berrantolatzen diren haietan.

Montes de Cierzo II alderdiko ureztalurretako ur erabilera arautzea du helburu, baita gehiegizko kontsumoa zigortzea ere.

2. art. Kontsumoak finkatzea.

Montes de Cierzo IIko ureztalurretan sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Tuterako Udalaren Gobernu Batzordeak ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

_Ureztatzeko arauak ezartzea.

_Matxuren berri ematea. Nori, nola eta noiz.

_Obra, sistema eta instalazioetako mantentze lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Gobernu Batzordeak, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzatik Riegos de Navarra, S.A.ren bitartez ematen diren jarraibide teknikoekin bat, erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu, Montes de Cierzo IIko ureztalurretako laborantza mota bakoitzarentzat.

Erreferentziako kontsumo horien ariora, Gobernu Batzordeak ureztatze kanpainan dagoen jabe bakoitzari adieraziko dio, jarri dituen laborantzekin bat, lurzati bakoitzean (I. blokea) zenbat metro kubiko dagokion kanpaina zehatz horretarako.

3. art. Kontsumoak, arau-hausteak eta zehapenak

Lurzati batean laborantza mota bat baino gehiago ezarri bada, erreferentziako kontsumoak lurzati horretan azalera gehien hartzen duen laborantzari aplikatzen zaizkionak izanen dira.

Eskura diren metro kubikoekin bat, Gobernu Batzordeak beren egiazko kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturatzerako orduan, I. blokean sartuko da, hots, ureztatzaile bakoitzak ordaindu beharreko oinarri finkoan, kontsumituriko metro kubikoaren prezioa, Montes de Cierzo eta Valdetellasko ureztalur berrietan presioko ureztapen zerbitzua erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren arabera kalkulatua; hau da, ureztatzaileek nork bere mugaren barnean kontsumitu duena, edo muga hortik gorako kontsumoak ere, baldin eta metro kubikoek ez badute % 10ean gainditzen aipatu muga.

Era berean, II. blokean sartuko dira -eta, hortaz, fakturazio prezio ezberdina izanen dute-nork bere mugatik goiti, % 11tik % 20ra bitartean, egiten dituen kontsumoak; eta gehiegizko kontsumoa zigortzeko nork bere prezioaren % 300 gehiago ordainduko ditu metro kubiko horiek.

Azkenik, III. blokean sartuko dira -eta, hortaz, fakturazio prezio ezberdina izanen dute-nork bere mugatik goiti, % 21etik goiti, egiten dituen kontsumoak; eta gehiegizko kontsumoa zigortzeko nork bere prezioaren % 500 gehiago ordainduko ditu metro kubiko horiek.

Gobernu Batzordeak ureztatze kanpaina bakoitzean ezarriko ditu I. blokeko ur kontsumoari dagozkion prezioak, prezio kubikoko emanak, betiere Montes de Cierzo eta Valdetellasko ureztalur berrietan presioko ureztapen zerbitzua erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren arabera (egungo 12. ordenantza); hori guztia xedatu da, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2202 Foru Legea garatzen duen erregelamenduko 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (59/2003 F.D., martxoaren 24koa).

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean, osoko bilkurak behin betikoz onetsi ondoren.

Tuteran, bi mila eta hiruko azaroaren lauan. Zinegotzi delegatua, María Isabel Echave Blanco.

Iragarkiaren kodea: A0310442