152. ALDIZKARIA - 2003ko abenduaren 1a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B U Ñ U E L

Administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

Buñuelgo Udaleko alkate udalburuak, gaurko egunarekin, ebazpen hau eman du:

"Buñuelgo Udalean D mailako administrari laguntzaile bat hartu behar denez, lan araubide finkoan eta mandatari lanak ere egiteko; eta 2003ko plantilla organikoaren eta lan eskaintza publikoaren aldaketarekin bat, 2003ko irailaren 1eko osoko bilkuran onetsi baitziren.

Horiek horrela eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 21. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

Ebatzi dut:

1. Hasiera batez onetsi dira ondoko deialdiko oinarriak: Buñuelgo Udalean D mailako administrari laguntzaile bat hartzeko deialdia, lan araubide finkoan eta mandatari lanak ere egiteko. Honako ebazpen honi atxiki zaizkio.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta iragarki oholean argitaratuko da.

Tuteran, bi mila eta hiruko urriaren hogeita hamaikan. Alkate udalburua, Santiago Mayayo Chueca.

DEIALDIA, ADMINISTRARI LAGUNTZAILE IZATEKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

O I N A R R I A K

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honetako xedea da Buñuelgo Udalean D mailako administrari laguntzaile bat hartzea, lan araubide finkoan eta mandatari lanak ere egiteko.

1.2. Izendapenak lan araubideko langile finko bilakatuko du izendatua, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko eta hartan izena emanen, jabetza hartzen duenetik, eta aipatu araubidearen babespean egonen da.

1.3. Lanpostuak D mailari dagozkion lansariak izanen ditu uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuak onetsitako Ordainsarien behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoaren arabera.

1.4. Lanorduen banaketa zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

2. oinarria. Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Adinez nagusi izan eta Espainiako edo Europako Batasuneko hiritarra izatea.

b) Eskola-graduatuaren titulua, lehen graduko Lanbide Heziketarena edo baliokidea izatea.

c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izana.

2.2 Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak aitzineko baldintzak betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honetan ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko ditu, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko du izan hautapenaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1 Deialdian parte hartzeko eskabideak Buñuelgo Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean eta azken eguneko arratsaldeko hirurak arte. Epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea.

Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondokoekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidea.

b) Deialdi honetako 2.1.b) atalean eskatutako tituluen kopia kautotua edo fotokopia, konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera aurkeztuko dena.

c) Lehiaketaldiko baremoaren arabera baloratu ahal diren merezimenduen egiaztagiriak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia konpultsatuarekin egiaztaturik ez dauden merezimenduak.

d) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 12 euro ordaindu izanaren ziurtagiria.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean nahiz Buñuelgo Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.

Deialdian izangai bazterturik ez bada, iragarkian horren berri emanen da eta zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Iragarki berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.2. Izangai bazterturik bada, horiek hamar eguneko epe balioduneko izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazio epea akiturik, eta horiek ebatzita, Buñuelgo Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.

5. oinarria. Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Santiago Mayayo Chueca jauna, Buñuelgo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: José Luis Huguet Huguet jauna, Buñuelgo Udaleko alkateordea.

1. mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziok izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziok izendatutako teknikaria.

2. mahaikidea: Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

3. mahaikidea: Maite Jordán Marchite andrea, Fustiñanako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: José Luis Romano Blasco, Ribaforada, Buñuel eta Fontellasko Udaletako kontu-hartzailea.

Idazkaria: Juan Antonio Echeverría Echarte jauna, Buñuelgo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Udaleko idazkaria.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartu ahal izanen ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta esparru horretan baino ez diete lagunduko epaimahaikoei.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren gainean sor daitezkeen gorabeherak oro.

6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehenik lehiaketaldia izanen da eta ondoren oposizioaldia

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

6.1.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak II. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu.

Merezimendu guztiak oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiterakoan aurkeztu eta egiaztatu beharko dira agirien bidez. Agiriok jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak izan beharko dute, bestela aurkeztu gabetzat joko dira.

Epaimahaiak ezingo du inola ere aurkeztu gabeko edo agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendu bat kontuan hartu.

6.1.2. Oposizioaldia.

Oposizioak hurrengo ariketak izanen ditu:

Lehenengo ariketa._Bi proba hauek osatzen dute:

a.1) Ortografia. Proba hau egiteko ezingo da hiztegirik erabili eta ordu erdi iraunen du. Gehienez ere 5 puntu lortzen ahal dira eta baztertua ez izateko gutxienez 2 puntu eta erdi lortu beharko dira.

a.2) Matematika. oinarrizko lau erregeletan, zatikietan, hiruko erregela bakunean zein konposatuan eta korrituaren erregelan oinarrituriko buruketak egin beharko dira. Ariketa hau egiteko izangaiek ezingo dute kalkulagailurik erabili eta ordu erdi iraunen du. Gehienez ere 5 puntu lortzen ahal dira eta baztertua ez izateko gutxienez 2 puntu eta erdi lortu beharko dira.

Bigarren ariketa_Hona hemen:

b.1) Teorikoa: deialdi honen III. eranskineko programan agertzen diren gaien inguruko galdera labur edo test moduko galderak idatziz erantzutea, ordubetean. Gehienez ere 10 puntu lortu ahalko dira eta baztertua ez izateko, gutxienez, 5 puntu.

b.2) Praktikoa: bi dokumentu egin beharko dituzte (ofizioak, bandoak, iragarkiak, eskabideak, egiaztagiriak, etab.), toki administrazio bateko administrari laguntzaile lanpostuan egin behar izaten direnak. Ariketak ordu erdi iraunen du. Gehienez ere 10 puntu lortu ahalko dira eta baztertua ez izateko, gutxienez, 5 puntu.

Hirugarren ariketa._Bi kasu praktiko garatu beharko dira:

c.1.) Epaimahaiak zehazturiko bi ariketa praktiko ebatzi beharko dira, deialdi honetako gai-zerrendarekin lotutakoak. Gehienez ere 20 puntu, 10 bakoitzean, lortu ahal dira eta gutxienez 10 baztertua ez izateko.

c.2) Informatika._Informatika proba, ordanagailua erabilita, windows inguruneari buruz: testu prozesadorea, kalkulu-orria eta datu-basea. Gehienez ere 10 puntu eta gutxienez 5, baztertua ez izateko.

Proben balorazioa:

Oposizioaldiko ariketak baztergarriak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.

Izangaiak ariketa bakoitzaren lehenengo proban gutxieneko puntuazioa ez badu eskuratzen, epaimahaiak ez ditu ariketa osatzen duten gainerako probak kontuan hartuko

6.2. Ariketa bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak, gainditu dutenen zerrenda jendaurrean paratuko du haien kalifikazioekin, Buñuelgo Udaleko iragarki oholean eta oposizioko hurrengo ariketa egiteko eguna, tokia eta ordua ere zehaztuko ditu, gutxienez 48 ordu arinago.

6.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek NANa aldean dutela agertu beharko dute.

7. oinarria. Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1 Azken ariketa zuzendurik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina, paratuko du jendearen aitzinean Vianako Udaleko iragarki oholean. Horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldiko fase bakoitzean eta oposizioko ariketetan lortutakoak batuko ditu eta zerrenda horrekin batera, puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio Buñuelgo Udaleko alkate udalburuari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.2 Proposaturiko izangaiaren aldeko izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeanan argitara eman ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Buñuelgo Udaleko bulegoetan:

a) Jaiotagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Eskatutako tituluaren jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

c) Udalak izendatzen duen mutua patronalak egin beharrako txostena, karguaren eginkizunetan jardutea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duena.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zinpeko aitorpena edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguko eginbeharrak zintzo beteko dituela.

7.3. Izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ez da izendatzen ahalko eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.

Aurreko idazatian aurreikusitakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

8. Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1 Hautapen prozedura bukatuta eta izangaiak aurreko 7.2 oinarrian zehaztutako agiriak aurkezturik, organo eskudunak proposaturiko izangaia izendatu eta kontratatuko du, eskatutako baldintzak ezarritako moduan eta epean bete baditu.

Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetzarik hartzen ez badu epe horretan, izendapenak lekarzkiokeen eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 atalean ezarritako moduan eta ondorioekin.

9. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondorengo errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu ondoko hilabetean.

Buñuelen, bi mila eta hiruko urriaren hiruan. Idazkaria, Juan A. Pérez Rodríguez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .........................., adinez nagusia. NAN zenbakia: .............., jaioteguna: ............, jaioterria: (..............) helbidea: ............ kalea: ...................... zenbakia: ........................, posta kodea: ..........., telefonoa:

Zure aurrean agertu eta adierazten du:

Onartua izatea eskatzen dudala Buñuelgo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat, mandatari lanak ere atxikiak dituena, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian (.......... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, data: ............).

Orobat, karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisikorik edo psikikorik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ezta desgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa badudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau onartu eta Buñuelgo Udalerako administrari laguntzaile izateko lanpostu bat, mandatari lanak ere atxikiak dituena, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

BUÑUELGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A) Laneko esperientzia.

A.1) Nafarroako 1.000 biztanletik gorako edozein toki entitatetan administrari laguntzaile gisa kontratuarekin betetako zerbitzuengatik, urteko 5 puntu, gehienez 15 puntu.

A.2) Gainerako administrazio publikoetan administrari gisa kontratuarekin betetako urte bakoitzeko 1 puntu, eta gehienez ere 5 puntu.

Emandako zerbitzuak kreditatzeko, izangaiak lan egin dueneko enpresak edota administrazio publikoak luzatutako agiriak aurkeztuko dira. Aintzat hartuko dira lan araubidean, aldi baterako nahiz finkoan, eta araubide administratiboan, bitarteko gisa eta lanpostuaren jabe izanik, emandako zerbitzuak. Atal ezberdinetan sailkaturiko zerbitzuak aldi berean egin badira, puntu gehien ematen dituena besterik ez da kontuan hartuko.

Kreditatutako lanaldia urtebeteari ez badagokio, proportzioaren araberako kalkulua eginen da.

Aurreko ataletako batura ez da 20 puntu baino handiagoa izanen.

B) Prestakuntza ikastaroak:

B.1) Lanpostuarekin lotutako hobekuntza ikastaroak, hala nola informatika, administrazio prozedura zein epaimahaiak baloratu beharreko bestelakoak, baldin eta 1995 baino geroago egin badira -bestela ez baitira aintzat hartuko-, behar bezala kreditatzen badira, jatorrizko tituluaren nahiz fotokopia konpultsatuaren bidez. Honela puntuatuko dira:

_20 ordu edo gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,50 puntu.

_20 ordu baino gehiago eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,75

_50 ordu baino gehiago eta 100 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 1,5 puntu.

_100 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 2 puntu.

Ikastaro guztien baturak ez du 10 puntu baino gehiago eginen.

Lehiaketaldian 30 puntu eskuratu ahalko dira gehienez ere.

Epaimahaiak Buñuelgo Udaleko iragarki oholean emanen ditu aditzera izangaiek lehiaketaldian eskuratutako puntuazioak.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1._Udalerria. Kontzeptua eta osagaiak. Ahalmenak eta eskumenak. Udal administrazioa. Udal organoak.

2._Administrazio prozedura. Ezaugarriak eta printzipioak, hasiera, antolamendua, instrukzioa, bukaera. Administrazioaren isiltasuna. Toki entitateen egintzen eta erabakien aurkako errekurtsoak.

3._Toki Ogasunei buruzko legea. Nola aplikatzen den udaletan. Udalen baliabideak. Tasak. Kontribuzio bereziak.

4._Lurraren gaineko kontribuzioa.

5._Diru-bilketa. Borondatezko epea eta betearazteko epea.

6._Biztanleen udal errolda.

7._Erregelamendua: Kontzeptua: Udal ordenantza eta erregelamenduak: kontzeptua eta motak. Alkatetzaren bandoak.

Eginbidea: Buñuelgo Udaleko alkate udalburuak 2003ko urriaren 31ko ebazpenaren bidez onetsi zituen oinarriak.

Iragarkiaren kodea: A0310553