152. ALDIZKARIA - 2003ko abenduaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

2328/2003 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, Ledeako mugapean (Nafarroa) gas naturala banatzeko sarearen instalazio proiekturako administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onartzen duena.

2003-06-11n, Angel Boillos Romera jaunak, Gas Navarra, S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz (ordezkatzeko aski ahalmen duela frogaturik), eskatu zuen Ledeako mugapean aipatu proiektuko instalazioetarako administrazio baimena eta haren onura publikoa onar zedila. Lan hori zehaztuta dago Angel Luis Gómez González bide-ingeniariak prestatutako proiektuan; haren Elkargo Ofizialak ikus-onetsitako proiektua da eta 2003ko maiatzaren 29ko 124551 zenbakia du.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Hornidura-hodiak Industria Cales de Liskar delakoari _udalaren ipar aldean kokatua_ gasa eramateko Ledeako udal mugapetik pasatzen den APA mailako adarrean izanen du hasiera.

Banaketa sareak APA/MPA erregulazio armairu batean izanen du abiapuntua, Mártires eta Camino del Molino Viejo kaleetatik hurbil kokatuko baita, udalaren jabetzako lurzati batean, eta bi adar nagusi izanen ditu, 110 eta 160ko DNkoak. 110eko DNko adarrak hirigunerantz egiten du, iparralderantz, eta udalak Irati ibaiaren hegoaldeko bazterrean duen luzapenerantz, N-240 errepidearen parez pare, ibaia altzairuzko hodi zorrodun baten bidez gurutzatzen du eta azkenik aipatu errepidea gurutzatzen, Zangozako bidean bukatzeko. 160 DNko adarrak etorkizuneko auzoberritarako proiektatutako aldeetarantz gurutzatzen du.

Trazadurak guztira 6.907 ml ditu, eta horietatik 459 metro luze 160 mm-ko diametrokoak dira; 831, 110 mm-koak; 2.210, 90 mm-koak eta 3.407, 63 mm-koak, guztia PE100 eta PE80 motako polietilenozkoak, UNE 53.333/90 arauaren arabera.

Aurrekontuak guztira hirurehun eta hogeita bost mila seiehun eta hogeita bederatzi euro eta berrogeita sei zentimo (325.629,46 euro).

Proiektuak betetzen du Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia (74-12-6ko "Estatuko Aldizkari Ofiziala") eta 1983ko apirilaren 26ko Aginduak (83-11-8ko "Estatuko Aldizkari Ofiziala"), 1984ko uztailaren 6koak (84-7-23ko "Estatuko Aldizkari Ofiziala"), 1994ko martxoaren 9koak (94-3-21eko "Estatuko Aldizkari Ofiziala") eta 1998ko maiatzaren 29koak (98-6-11ko "Estatuko Aldizkari Ofiziala") aldatua.

Gas Navarra, S.A., administrazioaren baimen batzuen titularra da, Nafarroako zenbait herritan gas naturala banatu eta hornitzeko, etxe, denda eta industrietan erabiltzeko.

Enpresak baimena eskatuko die eraginpeko erakundeei eta telefonoa, ura goi eta behe tentsioan ematen duten zerbitzu publikoko enpresei, eta onartuko du erakunde eta enpresa horiek ezartzen dituzten baldintzak.

Horretarako ireki den espedientean arauzko izapidaketak beterik, Industri Segurtasuneko Zerbitzuak luzaturiko adostasun txostena ikusirik eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak uztailaren 14an eman eta 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 18an, argitaratu zen 105/2003 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, "Ledeako (Nafarroa) mugapean gas naturala banatzeko sarea" izeneko gas naturaleko instalazioen proiektua gauzatzeko.

Administrazioaren baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Gas Navarra, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 6.512,59 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetako batean. Berme hori instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta beren muntaketan Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruz Industri Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako agindu baten bitartez onetsiriko Erregelamenduan xedaturikoa bete beharko da (Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu zen Erregelamendu hura). Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Laugarrena._Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago, baimen honen esparruan zerbitzua eskatzen duen edonori gas hornidura ematera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere, deusetan galarazi gabe lege horren hamabosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoa (ekainaren 27ko 6/2000 Errege Lege Dekretuak aldatu zuen hori).

Bosgarrena._Gas Navarra, S.A.k abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuko 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

Seigarrena._Gas Navarra, S.A. beharturik dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan eta urtarrilaren 16ko ECO/32/2003 Aginduan ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena._Baimen honek ez du erabateko eskubiderik ematen eta ez du monopoliorik onartzen.

Zortzigarrena._Industri Segurtasunerako Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia-kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Kontzesioko instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, kontzesio-hartzaileak haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du.

Bederatzigarrena._Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko moduan eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

2. Gas Natural S.A.k "Ledeako udal mugapean (Nafarroa) gas naturala banatzeko sarea" izeneko proiektua onestea, eta hura egiteko baiemena ematea. Lanak indarra duen legeriari jarraikiz egin behar dira eta 3 hilabeteko epean, lurren egiazko okupazio egunetik hasita.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52 eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko V. Tituluko 103., 104., 105., 106. eta 107. artikuluekin bat.

4. Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Navarra S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta hiruko azaroaren bostean._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: C3368258