144. ALDIZKARIA - 2003ko azaroaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

676/2003 EBAZPENA, urriaren 27koa, Herri Lan zuzendari nagusiak emana, Zaragoza-Altsasu lineako 148/148 k.p.an, Barasoaingo udal mugapean, dagoen trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza proiektuaren jendaurreko informazioaldia ebatzi eta hura behin betikoz onesten duena.

Otsailaren 6ko 98/2003 Ebazpenaren bidez onespen teknikoa eman zitzaion "Zaragoza-Altsasu lineako 148/148 k.p.an, Barasoaingo udal mugapean, trenbide pasagunea kentzea" izeneko eraikuntza proiektuari eta jendaurrean jarri zen. Ebazpen hori 2003ko 25. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, otsailaren 26an.

Ebazpen horren bitartez, ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze espedienteari hasiera eman zitzaion eta proiektua jendaurrean jarri zen, bidezko oharrak eta alegazioak egin zitezen.

Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzuak aditzera eman du alegazio aldian honako hauek aurkeztu direla:

1. alegazioa, Barasoaingo Udalak aurkeztua. Honako hau eskatzen du:

a) Trenbide-pasagunea kentzeko proiektuaren barrenean diren bideak egokitzea eta asfaltatzea, luzaro irauteko moduko tratamendua erabiliz.

b) Kendu behar den pasagunetik "Oianzarra" SATaren instalazioetaraino doan bide-tartea ere asfaltatzea.

Erantzuna:

a) Proiektuak ukitzen duen aldeko bideen errodadura-geruza zagor trinkotuarekin egina da. Dena dela, bai egin beharreko bide berrian, bai egokitu behar diren bide-tarteetan, zoladura lanekin batera azalaren tratamendu hirukoitza aplikatuko da, izan ere, horri esker, obraren aurrekontua neurriz handitzen bada ere, hobekuntza nabarmenak lortuko dira, bai errodadurari dagokionez, bai bidearen balio-bizitza luzatzeari begira.

7 cm-tik gorako lodierako nahasketa bituminosoa eman ezean -eta horrek nabarmen handituko luke obraren gastua-, nahasketa bituminosoaren egitura ez da nahikoa ibilgailuen indar-kargari eusteko, eta epe labur samarrean urratzen da. Azalaren tratamendu hirukoitza, berriz, askoz malguagoa da, azpiko geruzen deformazioei hobeki egokitzen zaie eta, horrenbestez, ez da urratzen. Bestalde, nahasketa bituminosoa erabiliz gero, konponketak zailagoak eta garestiagoak izanen lirateke.

Horrenbestez, alegazioa ezestea proposatzen da, izan ere, tratamendu hirukoitza erabilita emaitza bikainak lortzen dira, hala nekazaritzako ibilgailuen errodadura kalitateari dagokionez, nola bideen balio-bizitzari dagokionez. Gainera, tratamendu horren kostua neurrizkoa da.

b) Proposatzen den jarduketa proiektuaren eragin eremutik kanpora badago ere, bide-tarte horren egokitzapenaren inguruan alegaturikoa baiestea proposatzen da, betiere bidearen zabalera aldatu gabe. Izan ere, jarduketa horri esker, obra egokiago integratuko da oraingo bide sarean eta ez da lur desjabetzapen gehiago egin beharko.

2. alegazioa, Pedro José Erice Navalaz jaunak aurkeztua, Barasoaingo 1. poligonoko 13. lurzatiaren jabeak hain zuzen. Finka horren zati bat, erdialdekoa, behin betikoz okupatuko da (759 metro koadro) eta gainerako zatia aldi baterako, lur pilaketak egiteko.

Behin betiko desjabetzapenaren muga lurzatiaren iparraldeko mugaraino eramatea eskatzen du, gero batean finka bi puskatan zatitua geldi ez dadin. Horietako bat 183 metro koadro ingurukoa izanen litzateke.

Erantzuna:

Eskaera onartuz gero, beste konponbide bat hartu beharko litzateke eta proiektuan erabilitako parametroak murriztu beharko lirateke.

Horri dagokionez, adierazi beharra dago horrelako kasuetan baliojustua finkatzearekin batera, zilegi dela finkaren desjabetzapenaren ondoriozko kalte-ordaina ere finkatzea.

Horrenbestez, alegazioa ezestea proposatzen da.

3. alegazioa, Lorenzo Galmacci Aldaz jaunak aurkeztua, Barasoaingo 1. poligonoko 12. lurzatiaren jabeak hain zuzen. Finka horren zati bat, erdialdean, behin betikoz okupatuko da (938 metro koadro) eta gainerako zatia aldi baterako, lur pilaketak egiteko.

Obren eremua metro bakar batzuk iparraldera eraman ote daitekeen aztertzea eskatzen du, desjabetzen den puska lurzatiaren muga-lerroarekin bat egiteko eta lurzatiaren gainerako lurrak eremu bakar batean bildu ahal izateko.

Erantzuna:

Proiektaturiko trazadura irizpide tekniko batzuei segituz finkatu da, eta hori aldaezina da.

Horri dagokionez, adierazi beharra dago horrelako kasuetan baliojustua finkatzearekin batera, zilegi dela finkaren desjabetzapenaren ondoriozko kalte-ordaina ere finkatzea.

Horrenbestez, alegazioa ezestea proposatzen da.

4. alegazioa, Pablo Liberal Izco jaunak aurkeztua, Barasoaingo 1. poligonoko 18. eta 205. lurzatien jabeak hain zuzen. Honako hau eskatzen du:

a) Proiektuan ez dira inon azaltzen bideak ukitzen dituen finketarako sarbideak egiteko obrak (areka gaineko pasabideak, etab.). Bide berria egin ondoren, 205. lurzatia hiru puskatan geldituko da eta 18. lurzatia bi puskatan. Sortzen den azpilurzati bakoitzak bere sarbidea izan beharko luke.

b) Arizpeleta errekan gainezkabide berria proiektatu da, uholdeei aurre egiteko. Kalkulu hidraulikorako aintzat hartu diren datuak ez dira benetakoak. Ur etorria gertatuz gero, uraren abiadura proiektuan ezarritakoa baino askoz handiagoa izanen da. Gainezkabide horrek 18. lurzatira eta Cidacos ibaira daramatza urak norabide perpendikularrean. Horrenbestez, litekeena da Cidacos ibaian higadura eta alterazioak gertatzea.

Erantzuna:

a) Finketan sartzeko bideak mantentzen dira, baina oraingo bidea -partikularra-desjabetzen da, proiektaturiko konponbidearen parte delako. Bidea egokitu ondoren, eskualdeko bide sarearen barrenean sartuko da.

Bide horren desjabetzapenaren ondorioz ateratzen diren azpilurzatiei dagokienez, gehien-gehienak nekazaritzarako ezin aprobetxatu daitezkeen ezpondak dira.

Horren ondorioz, alegazioa ezestea proposatzen da, eta desjabetuaren esku geldituko da desjabetzapen prozeduran azpilurzati horietako hondarreko lurrak behin betikoz okupatu daitezela eskatzea.

b) Proiektuaren eranskinean azaltzen den kalkulu hidraulikoari dagokionez, bai ur-emaria, bai abiadura zuzenak dira, horrelakoetan erabili ohi den prozeduraren arabera kalkulatu baitira.

Gainezkabide horrek urak perpendikularrean bere finkari buruz igortzen dituela-eta adierazten duenari dagokionez, esan beharra dago ubide horrek Cidacos ibaira eramanen dituela goraldietako urak. Hortaz, erabiltzen denean, Cidacos ibaiko ur-emaria ere, berez, handia izanen da eta horrek indargetzaile-lana eginen du.

Bestalde, maiatzaren 5ean, Ebroko Uren Konfederazioak, hots, organo eskudunak, obra egiteko baimena eman du. Horrek adierazi nahi du ados dagoela egindako kalkulu hidraulikoekin eta gainezkabidea Cidacos ibaian bukatzeko proposatutako konponbidearekin.

Horrenbestez, alegazioa ezestea proposatzen da.

5. alegazioa, José Flamarique Liberal jaunak aurkeztua, Barasoaingo 3. poligonoko 10-A finkaren jabeak hain zuzen.

Gainezkabidearen trazadura zertxobait aldatzea eskatzen du, bere finka ixteko landare-hesia ez okupatzeko.

Erantzuna:

Gainezkabidea egiteko lurren okupazioa albait txikiena izateko eta finkak zatitu behar ez izateko, oraingo ubide baten trazadura erabiltzea erabaki da.

Gainezkabidearen zeharkako profilak ikusita, litekeena da landare-hesia kendu behar ez izatea. Hala ere, jabea desjabetzapen espedientearen barrenean sartu da, egokia zelakoan.

Horren ondorioz, alegazioa ezestea proposatu da, baina, hala ere, obraren exekuzio fasean landare-hesi hori ez kentzeko ahaleginak eginen dira.

Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzuak adierazi du eraikuntza proiektuaren obra aurrekontuan aldaketa txiki bat gertatu dela, 1.227.312,56 eurotik 1.250.335,57 eurora igo baita, hots, 23.023,01 euro. Hori Barasoaingo Udalaren alegazioa onestearen ondorioz gertatu da, zehazki 550 metroko bide bat egokitu beharraren ondorioz.

Horiek horrela, Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzuak adierazi eta proposaturikoarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak uztailaren 29ko 800/2003 Foru Aginduaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan adierazitakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Zaragoza-Altsasu lineako 148/148 k.p.an, Barasoaingo udal mugapean, trenbide-pasaguneak kentzeko proiektuaren jendaurreko aldia ebaztea, ebazpen honen azalpen zatian alegazioei emandako erantzunetan adierazitakoarekin bat.

2. Zaragoza-Altsasu lineako 148/148 k.p.an, Barasoaingo udal mugapean, trenbide-pasaguneak kentzeko lanen eraikuntza proiektua eta ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda behin betikoz onestea. Aurrekontua 1.250.335,57 eurokoa da, eta lanak 8 hilabetean egin behar dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari, Barasoaingo Udalari eta gainerako alegazio-egileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko urriaren hogeita zazpian._Herri Lan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: C3346002