121. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 22a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

O L T Z A

Asiaingo frontoiaren erabilera arautzen duen ordenantza fiskala behin betikoz onetsirik

Oltza Zendeako Udalak, 2003ko otsailaren 27an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Asiaingo frontoiaren erabilera arautzen duen ordenantza fiskala.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak ematen dion idazketan, xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2003ko 37. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 26an, baita Oltza Zendeako Udalaren iragarki oholean ere.

Jendaurrean egoteko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 326. artikuluari jarraikiz.

Aditzera ematen da, aipatu aginduari jarraituz eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.r) artikuluan emandako eskumena erabiliz, Oltza Zendean, bi mila eta hiruko irailaren hiruan. Alkate udalburua, Juan Antonio Erburu Anchaño.

ASIAINGO FRONTOIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluko 7. ataleko 1. azpiatalean xedatutakoari jarraituz, eta haren 100. artikuluan ageri den baimenaren babesean.

2. art. Ordenantza honen helburua da aipatu frontoiaren erabilera arautzeko arau batzuk ezartzea; honako hauek, hain zuzen:

1._Pilota, frontenis, futbito eta saskibaloian aritzeko aukera dago. Hala ere, Udalak bestelako erabilerak baimentzen ahal ditu, betiere instalazioen hondaketa ez badakarte.

2._Debekatuta dago animaliak instalazioetan sartzea.

3._Frontoia orduka erabiliko da. Ordua bukatzen denean kantxa utzi behar da, hurrengo erabiltzaileei lekua uzteko.

4._Aurrekoa ezertan ukatu gabe, instalazioen erabiltzaileek uneoro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa erabiltzekoak, ikusgai baitaude horretarako.

3. art. Frontoia astelehenetik igandera bitarte erabiliko da, ordutegi honetan: 9:00etatik 21:00etara arte.

Aurrekoa ezertan ukatu gabe, asteazkenetan eta larunbatetan, 16:00etatik 21:00etara instalazioa gordeta dago, Oltza Zendeako biztanleak aritzeko, eta hauek argi kontsumoaren tasa ordainduko dute, ez besterik.

4. art. Instalazioak erabiltzen dituzten pertsona natural edo juridiko guztiak behartuta daude tasak ordaintzera.

5. art. Instalazioak erabiltzeko erreserba egiten den unean berean sortuko da tasa ordaindu beharra.

6. art. Frontoia erabiltzeko, eguna eta ordua erreserbatuko dira, aldez aurretik ordenantza honetako 7. artikuluan zehazten den tasa ordainduta, gutxienez 24 ordu lehenago egin ere.

7. art. Frontoia erabiltzeko ordaindu behar diren tarifak:

_Argia: frontoian, 1 euro/ordua.

_Argia: instalazio guztian, 2 euro/ordua.

_Alokairua: 4 euro/ordua.

8. art. Udalak frontoia erabiltzeko baimena ukatzen ahal die beren jardunean arauak edo Udalaren oharrak aintzat hartzen ez dituzten pertsonei, orobat instalazioetan kalteak egiten dituztenei.

9. art. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

10. art. Erabiltzaileek egokiro baliatuko dituzte instalazioak, eta, kalterik egin edo bestelako gorabeherarik izanez gero, Udalari edo, kudeaketaren adjudikaziorik izan bada, zerbitzuaren kudeaketa bere esku duenari jakinaraziko diote.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: A0308530