109. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2003ko uztailaren 15ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua; haren bidez "N-121-A errepidearen trazadura berria, tartea: Bera-Endarlatsa" izeneko informazio azterlana, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta jendaurrean jartzen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean agindutakoa betetzeko eta ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozeduraren ondorioterako.

2003ko ekainaren 6an, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak "N-121-A errepidearen trazadura berria, tartea: Bera-Endarlatsa" izeneko informazio azterlana aurkeztu du, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanarekin batera, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu dadin eta ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egiteko.

I._Aurrekariak.

Nafarroako errepideen 1998-2005eko Plan Zuzendarian aurreikusita dago Iruñetik Frantziara Behobian zehar doan N-121-A errepidea handitu eta hobetzea. Handitze eta hobekuntza lanak errepide-tarteka egiten ari dira. Espediente hau Bera-Endarlatsa tarteari dagokio.

Aurrekari teknikoetan, "N-121-A errepideari buruzko aurretiazko azterlana, tartea: Bera-Behobia", 1998ko iraileko azterlana aipatzen da. Hartan kostu txikieneko soluzioa proposatu zen, oraingo errepideko plataforma ahal den heinean baliatzen duena.

Aurrekoarekin bat, eta administrazio jarduketa egokien ondotik, deskribatutako tarteari buruzko informazio azterlana egin da, hainbat aukera aztertuz eta baloratuz, eta aukera horietako bakoitzak ingurumenean izanen lukeen eraginari buruzko azterlana ere bai. Bi azterlan horietan oinarritu da honako espediente hau.

II._Azpiegituraren udalez gaindiko eragina.

Azpiegiturak udalez gaindiko eremuan izanen duen eraginaren balorazioa, alde batera utzirik azpiegiturak kasu honetan bi udalerri ukituko dituela, testuinguru zabalagoan kokatu behar da, hots, Iruñetik Irunera eta Behobian zehar Frantziara doazen konexioen testuinguruan. Aztergai dugun errepide-tarteko handitze eta hobekuntza lanei esker _handitze eta hobekuntza horiek N-121-A-ren beste tarte batzuetan eginikoei gehituko zaizkie_, nabaria denez, hobetu eginen dira ibilgailuen trafikorako baldintzak, trafikoa ugarituz doan garai honetan _batez ere ibilgailu astunena_, eta inguruko herriak onuratu eginen dira, Bera eta Lesaka, bereziki. Hori guztia nahikoa arrazoia da azpiegiturak udalez gaindiko eragina duela deklaratzeko.

III._Proposamenaren deskripzio orokorra eta ukitutako udalerriak.

Informazio azterlanak abiaburuko zenbait datu eta irizpide jasotzen ditu, honako gai hauek direla eta: jarduketen esparrua eta jarduketak berak; ordezko trazaduren planteamendua; aintzat hartzen diren hautabide guztien azterketa, zenbait osagairen eta balorazio-parametroren arabera egina (horien artean, aukera bakoitzak ingurumenean izanen lukeen eraginari buruzko azterlana); aukera bakoitzaren aurrekontua; aukera bakoitzaren balorazioa eta balorazioen arteko alderaketa; eta ondorioak, ustez onuragarriena izanen den aukera gauzatzeko gomendioarekin.

N-121-A errepidean oraingoan handitu eta hobetu nahi den tartea Berako saihesbidearekiko elkargunean hasten da, Bidasoa ibaiaren ezker ertzetik doa eta Endarlatsako zubia baino lehenago amaitzen da. Hala ere, aurreikusirik eta proiektaturik dago jarduketak Gipuzkoako lurralderaino hedatzea, Endarlatsako zubiak trazadurari sortzen dizkion oztopoak saihesteko. Zubi horren ordez bidezubia egiteko asmoa dago.

Aztertu diren trazaduren bitartez, hobetu beharreko tarteari ohiko errepide baten ezaugarriak eman nahi zaizkio, 80 km/orduko abiaduraz ibiltzeko egokia izan dadin, eta plataforma zabalagoa egin, 3 errei izanen baititu, bakoitza 3,50 metro zabal _haietako 2 norabide berekoak_, eta 1,50 metroko bazterbideak, aurreratzeko ahalik eta tarte luzeena egon dadin. Tuneletako "azpitarteetan" sekzioa 2 erreira murriztuko litzateke (errei bat norabide bakoitzean).

Hona hemen zer nolako lan irizpideak erabili diren:

_Ingurune naturalaren gaineko eragina ahalik txikiena izan dadin.

_Ahal den heinean aprobetxatu gaurko bide azpiegitura edo, bestela, dauden bideetako zelaiguneak.

_Oraingo sarbideak mantendu edo berritu, kontuan izanik, aldi berean, hirigintzako udal planeamenduan etorkizunerako aurreikusten diren sarbideak.

_Bidasoa ibaiaren ibilguan zutoinak jarri behar direnean, izokinaren habitateko eremu zaurkorrenei kalterik ez egin.

_Zubietako estribuak ibaiaren ibilgutik ahalik urrunen paratu, landaretza autoktonoa epe ertainean birsortu ahal dadin.

_Egiturak ingurune ekologikoan eta paisaian egoki txertatzeko neurri zuzentzaile eta konpentsatzaileak ezarri.

Aintzat hartu eta garatu diren aukerak bost dira. Kontuan hartu da, gainera, "0 aukera" deitua: oraingo errepidea mantentzea, han hemenka trazadurari hobekuntzak eginez, baina obra edo inbertsio ekonomiko handirik egin gabe. (0 aukera baztertu egin da, hasieratik lortu nahi diren ezaugarrien araberako hobekuntzarik ekarriko ez duelakoan).

A-1, A-2 eta A-3 aukerek trazadura oso antzekoak aurkezten dituzte. Denak ere Bidasoaren ezker aldetik doaz _oraingo galtzada ahal den neurrian aprobetxatuz, beraz_, salbu eta erdiko tartean. Erdiko tarte honetan ibaiak 90 graduko angelua egiten du eta beharrezkoa da, esan beharrik ez dago, errepidearen bihurguneari erradio egokia ematea. Horregatik, ezinbestean errepideak ibaia zeharkatu behar du bi tokitan. Aukera horien garapenak argindar eta telefono linea bana ukitzen ditu eta linea berriak jarri beharko lirateke. Elkarren antzekoak badira ere, badute elementu bereizgarririk:

_A-1 aukera: Goian aipatu dugun 1998ko azterlanean aukera hau hautatu zen. Tunel bat dauka, 200 metro luze, Bidasoa ibaia zeharkatzen duten bi bidezubiren artean. Bidezubi batek 140 metro ditu eta besteak 180. Tunelean bi errei baizik aurreikusten ez direnez, egoera hori egitura-tunela-egitura tarte osora hedatu behar da. Oztopo nagusia obrak egin bitartean trafikoak jasanen lukeen eragina da.

_A-2 aukera: Aukera hau aurrekoari hobekuntza puntuala egiten saiatzen da. Lurrerauzketa batzuk ekiditen dira, tunela 20 metro laburragoa da eta bigarren bidezubia 80 metro laburragoa, baina hemen ere egitura_tunela_egitura tarteak bi errei baizik ez ditu. Laburpen horiek bihurgunearen erradioa ere laburtzera behartzen dute.

_A-3 aukera: Aukera hau, oraingo errepidea ahalik gehien aprobetxatu nahi badu ere, 600 metroko tartean errepidearen albotik doan bide batean garatzekoa da. Hori dela eta, obrak egiten diren bitartean trafikoa zati horretan errazago bideratuko litzateke. Bestalde, tunelaren ordez lurrerauzketa eginen litzateke eta errepide berriaren hiru erreiko sekzioa mantenduko, baina horren ondorioz bidezubiak luzeagoak izanen lirateke. Bide Berdea izanen den trenbide zaharrarekin bi tokitan gurutzatzen da maila ezberdinetan eta ez dago trenbidea ukitu beharrik.

A-4 aukera ibaiaren bihurgunetik aitzina ezkerreko ertzetik garatzen da, gorago aipatu "bide berdeko" zelaigunea aprobetxatuz. Badu tunela, 240 metrokoa, eta 160 metroko bi bidezubi. Aukera honen garapenak eragina izanen luke zuntz optikoaren instalazioan eta Lesaka-Irun gasbidean, bi azpiegitura horiek "bide berdeko" plataforman zehar doazelako.

A-5 aukera beste guztiei kontrajarria da, oraingo errepidetik erabat aldentzen baita. Trazatuaren soluzio nagusia tunela da, 1.300 metro luze. Tunelak eta ibaiko angelu zuzenaren bi aldeek triangelua osatzen dute, tunela bera hipotenusa delarik. Aurreko aukeretan bezala, errepideak bi tokitan zeharkatzen du ibaia bidezubi banaren bitartez.

Beste eragin aipagarri batzuen artean ondokoak azpimarra daitezke:

_Aurkeztutako dokumentazioan bada txosten bat, 2002ko abenduaren 9ko data duena, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Bianako Printzea Erakundeko Ondare Arkeologikoaren Bulegoko buruak egina. Bertan, zenbait datu aipatu ondoren, datu horien arabera inguruan erromatarren garaiko bizigune ugari egon litekeela adierazten da eta jarraian neurri batzuk azaltzen dira, ondare arkeologikoa babeste aldera ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean sartu beharrekoak.

_Halaber, Nafarroako Museo Etnologikoko teknikari etnologo batek 2002ko abenduaren 18an eta 2003ko urtarrilaren 29an izenpeturiko bi txosten aurkeztu dira. Lehenbizikoan interes etnografikoko zenbait higiezin eta horiek babesteko hartu beharreko neurriak aipatzen dira. Bigarrenean Endarlatsako Guduaren oroigarria aipatzen da eta, besteak beste, hura desmuntatu eta beste toki batean jartzeko baldintzak azaltzen dira, aurreikusitako obren ondorioz lekuz aldatu beharko baita.

Hona hemen aukera bakoitzaren eraikuntza kostuak:

_A-1 aukera: 10.971.338,96 euro.

_A-2 aukera: 10.384.846,13 euro.

_A-3 aukera: 10.461.348,73 euro.

_A-4 aukera: 11.818.621,85 euro.

_A-5 aukera: 19.388.647,85 euro.

Azterlanean, irizpide anitzeko analisiaren eta sentikortasunaren analisien ostean, ondoriotzat ateratzen da ingurumenaren, ekonomiaren eta funtzioaren aldetik A-3 dela aukera egokiena: ahalik gehien aprobetxatzen du N-121-A errepidea eta lehendik dauden bideetako zelaiguneak, eta bigarren inguruabar horri esker trafikoaren gaineko eragina arintzen du; ez dauka tunelik, eta horrek eraikuntzaren kostua beheratzen du; errepide osoaren funtzionalitateari eusten dio, hiru erreiko sekzio etenik gabea ahalbidetzen baitu; eta etorkizuneko "bide berdea" ukitzen ez duen aukera bakarra da, azpiegitura berriak ikuspegian izanen duen eragina alde batera utzita.

Proposatu diren jarduketek udal mugape hauek ukitzen dituzte: Bera eta Lesaka.

IV._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Espediente honetan proposatzen diren jarduketak lurraldearen eta hirigintzaren ikuspegietatik aztertzean hiru alderdi hauek hartu behar dira kontuan: a) proposatzen diren jarduketen xedea oraingo errepidearen funtzionalitatea hobetzea dela; b) jarduketak non hasi eta noraino hedatuko diren; c) jarduketak garatzeko hartu nahi den eremua malda handien arteko sakana dela.

Hiru alderdi horiek kontuan izanik, ondorioztatzen ahal da jarduketa hauek ezin direla izan, lurralde-zentzu zabalean, "pasabide" alternatiboen multzoa, baizik eta areago direla _eta, deskribatutako testuinguruaren arabera, ezinbestez izan behar dutela_ trazadura-alternatiben multzoa, "pasabide" posible bakar baten barnean (nahi bada, A-5 aukerak aurkezten duen ñabardurarekin, haren trazadura "urrundu" egiten baita besteen aldean). Horren ondorioz, lurraldearen eta hirigintzaren arloko azterketak izan lezakeen interesa apaldu egiten da.

Aurrekoa esanda, eta aukera guztiak ikusirik, honako hau azpimarratzen ahal da:

_Hasiera batean, eta atal honetan hartu dugun ikuspegitik begiratuta, zentzuzkoa dirudi A-5 aukera baztertzeak, besteak beste, funtzionalitateagatik eta ezarpenaren zein mantentze lanen kostuagatik, nahiz eta, ingurumenaren aldetik, besteak baino egokiagoa izan.

_Orobat zentzuzkoa dirudi A-4 aukera ere baztertzeak, itxuraz ez lukeelako onura gehiago ekarriko A-1, A-2 eta A-3 aukerek baino, eta bai ordea eragozpen batzuk: etorkizuneko "bide berdeko" plataforma ukitzen du, eta bai zuntz optikoaren azpiegitura eta Lesaka-Irun gasbidea ere. Horren ildotik, espedientean badago Lesakako Udalaren idazki bat, Bidasoako trenbide zaharraren trazadurari eutsi behar zaiola dioena, "bide berdea" izan behar duelako.

_Beste hiru aukerei dagokienez (A-1, A-2 eta A-3), esan daiteke, lurraldearen eta hirigintzaren ikuspuntutik, bata nahiz bestea hautaturik ere emaitza berdintsua izanen litzatekeela, haien arteko antzekotasun funtzionalarengatik. Hala ere, bakoitzak bereizgarri dituen elementuak eta informazio azterlanean atera diren ondorioak kontuan izanik, azterlan horrekin bat etorriz esan daiteke A-3 aukera dela egokiena.

_Informazio azterlanak dioenez, aintzat hartu diren aukera guztietan ere trazaduraren zati batek Berako udal mugapean industriarako lurzoru urbanizagarriko zerrenda bat ukituko luke. Bada, bildutako datuen arabera, errepidearen eskuin aldean Iruñeko norabidean dagoen zerbitzugunetik hasita sortuko den trazadura berriak "nekazaritza edo abeltzaintza produkzio ertaineko lurzoru urbanizaezina" ukituko du, halaxe ematen baitu aditzera Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren martxoaren 26ko 284/1997 Foru Aginduak, Berako Arau Subsidiarioetako 1. poligonoko 2. lurzatian aldaketa egiteko espedientea behin betikoz onetsi zuena (1997ko 45. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, apirilaren 14koa).

Hori guztia gorabehera, gauzatu beharreko aukera behin betikoz hautatu aurretik espedientearen jendaurreko azalpenaren eta azpiegiturak ukitzen dituen herrietako udalen entzunaldiaren emaitza jakin behar da.

V._Ingurumenaren gaineko gogoeta.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren txostenean espedientearen xedea aipatzen da, zehatz-mehatz aztertzen dira ikertutako aukerek ingurune hartzailearen gainean izanen lituzketen eraginak, eta bereziki ingurune naturalaren gainekoak, eta hautatutako aukeraren eragin nagusiak jasotzen dira. Azkenik, ondorio hauek azaltzen dira:

Hautatutako aukerak ingurumenean eragin handia izanen luke eta konponbide zaileko ondorioak ekarriko lituzkete.

Obrak Bidasoaren bazterretan eginen dira eta hainbat tokitan ibilgua edota ibai ertzeko landaretza gurutzatu edo ukituko dituzte. Ibaiaren egitura eta funtzionalitate ekologikoari eusteko ez da aski izanen toki horietan egindako kalteak konpontzea. Obraren eragina osotara aztertu behar da, kontuan izanik ibaiko ekosistemak ez duela etenik eta han hemenka egin litezkeen kalteen ondorioak ibaian gorago eta beherago ere nabarituko liratekeela (inoiz, baita tarte osoan ere). Gainera, ibaia ez bakarrik luzetara, baizik eta zeharretara ere kontsideratu behar da, ibilguak eta ur ertzeko basoek inguruko hariztiekin duten loturak ere baduelako garrantzia, ibaibideko prozesu ekologikoek (adibidez, uretako landare eta animalien lekualdaketak edo elikagai eta sedimentuen fluxua) duten bezainbestekoa.

Aukera horren eragina egoki ebaluatzeko, zehaztu egin behar dira alderdi hauek:

_1+900 k.p.tik 2+500 k.p.ra bitartean informazio zehatza aurkeztu behar da LICen sartutako eremuaren gaineko benetako eraginari buruz. Ukitutako habitaten kalitatea eta azalera jakinaraziko dira.

_Egokitzat jotzen dira Natura Sarearen eta Bidasoa ibaiaren arroaren gaineko eraginak konpentsatzeko proposatzen diren neurri zuzentzaile eta konpentsatzaileak. Neurri horiek zehaztu egin behar dira, kokaera, diseinua eta aurrekontua direla eta, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa onetsi aurretik.

_Errepidearen diseinua zehaztu eginen da, kalterik ez egiteko, edo behintzat ahalik kalterik txikiena egiteko, ezpeldiei, harizti-ezpeldiei eta IEAn laurifolio deitzen den basoari. Era berean, adieraziko da zein diren landaredi autoktonoko landare espezie berezi, bakan edo monumentalak, aipatutako babes neurriak aplikatzerakoan kontuan hartu beharko direnak.

_Aurkeztu den informazioan, informazio azterlana denez gero, ez da agerian jartzen zein xede izanen duten A-3 aukerako trazaduraren eta oraingo errepidearen bitartean geratuko diren eremuek. Gai horri buruzko informazio zehatza aurkeztu beharko da.

_Animalien gaineko eragina garrantzi handikoa izanen da, bi azpiegitura paraleloek langa-efektua eginen dutelako. Hori dela eta, animalientzako pasabide bereziak arretaz diseinatu eta kokatzeaz gain, proposamena egin beharko da gehiago erabiliko ez diren errepide tarteak ezabatu eta habitat naturala lehengoratzeko. Hartara, ibaiaren ibilgutik gora eremu natural etengabea eratuko da eta ibaiak korridore ekologikoaren funtzioa betetzen segituko du.

_Errepideak zeharkatzen duen eremuaren topografia dela eta, A-3 aukera gauzatzeko behar diren zabortegien kokaerak ingurumenaren gaineko eragin handiak izateko arriskua sortzen duen alderdia da. Aurreikusitako eremuari buruzko informazio kartografikoa eta ustiapen eta lehengoratze proiekturako irizpideak aurkeztu behar dira.

Hori horrela, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2003ko ekainaren 24an emandako txostena ikusirik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta aplikatu behar diren gainerako arauak aintzat harturik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposatuta, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. "N-121-A errepidearen trazadura berria, tartea: Bera-Endarlatsa" izeneko informazio azterlana, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean agindutakoa betetzeko.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea ezen ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin aurretik, erabaki honen azalpen zatiko V. atalean ("Ingurumenaren gaineko gogoeta") azaltzen diren gaiak garatu beharko dituela.

3. Ondare historikoaren babesari dagokionez, gaiari buruz eman diren txosten teknikoetan adierazitako jarduketak eta neurriak egin eta hartuko dira. Txosten horiek erabaki honen azalpen zatian aipatu dira.

4. Espedientea, gutxienez hilabeteko epean, aldi berean jendaurrean eta proiektaturiko trazatuak mugapea ukitzen dien udalen entzunaldian jartzea.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña), eta zilegi izanen da epe horretan nahi adina alegazio idatzita aurkeztea.

5. Era berean, espedientea jendaurrean jartzea, epe eta toki berberetan, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozeduraren ondorioetarako, legez indarra duten zehaztapenei jarraituz.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kulturakoari eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoari jakinaraztea, baita Berako eta Lesakako udalei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hamabostean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3229056