104. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2003ko uztailaren 15ean hartua, "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko aldaketaren espedientea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onesten duena.

Nafarroako Gobernuak, 2003ko apirilaren 22ko bilkuran, "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko Aldaketaren espedientea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, izapidatzen hasi eta jendaurrean jartzea erabaki zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusi ondorioak eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioarenak izan zitzan.

Espediente horren xedea "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" aldatzea da, 8. k.p.an, espedienteko planoetan ageri den kilometroen zenbakien arabera, Los Arcostik ipar-ekialdean eta Vianako loturan, hori baita autobiaren azken puntua. Trazadurako gainerakoak, hots, Lizarrako saihesbidetik 8. p.k.ra bitartekoak, bere horretan dirau ia-ia.

Aldaketa nagusiak Los Arcos inguruan gertatu dira. Izan ere, trazadura berria udalez gaindiko plan sektorialean onetsi zenetik hegoaldera kokatzen baita, herrigunetik urruntzen delarik. Elizagorri inguruan ere aldatzen da, hor proposaturiko trazadura indarra duen udalez gaindiko plan sektorialetik hegoaldera doa, Elizagorriko hiri barrenera hurbiltzen delarik. Gainera, autobian hasiera batean aurreikusiriko tunelaren ordez lubaki moduko pasabide bat eginen da.

I._Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egoteko epean bi alegazio aurkeztu dira. Epe hori Nafarroako Gobernuaren Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenean hasi zen, 2003ko maiatzaren 12an alegia. Alegazioen edukia eta erantzunak ondoren ematen dira:

1._Agustín Leunza Labeaga eta Ausencio Crespo Pérez jaunek aurkeztua. Desojoko bizilagunak dira eta ukituriko eremuko 421 herritarren izenpeen sostengua dute.

Edukia:

Eskatu dute autobiako trazadura aldatu dadila, N-111 oraingo errepideko trazaduran oinarriturik, ukituriko herrietara ahalik eta gehin hurbildu dadin. Bestela, azpiegituratik eta honek dakarren garapenetik sobera urrun geldituko lirateke. Horrek areagotuko luke Aguilar haraneko eta Bargotako eta ondoko herrietako depresioa.

Erantzuna:

Alegazio honek ez du zerikusirik "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketaren jendaurrealdiarekin. Beraz, ezin da kontuan hartu.

2._Elizagorriko Udalak aurkeztua:

Zabortegiei dagokienez.

6.1 planoan marrazturik ageri den zabortegia, "Santsolgo lotura" puntuaren ondokoa, lehengoratu egin beharko da, eremua gaur bezalatsu ikus ahal dadin.

Erantzuna:

Los Arcos-Viana tartea egitek proiektuak kontuan hartuko ditu harrobiak eta zabortegiak lehengoratzeko lanak.

Harrobiei dagokienez:

6.2 planoan marrazturik ageri den harrobia kokatzeko tokia ez da bideragarria, produktuak Elizagorriko hiri barrenetik eraman beharko bailirateke. Udalak hitz ematen du materialak eman ditzaketen auzo lurrak aztertuko dituela.

Erantzuna:

Udalaren proposamena aintzakotzat hartzen da auzo lurretan harrobi berriak bilatzeko.

Zerbitzugunearen kokaguneari dagokionez:

Eskatu dute 13+300 k.p.rako aurreikusiriko zerbitzugunea 20+000 k.p.an kokatu dadila, Udalera lehen igorririko agirietan ageri zen bezala. Izan ere, eremuaren ikuspegia paregabea da. Gainera, betetze-lanek zabor-meta gutxitu lezakete, Los Ocijuelosko lubakian industean sortuko dena.

Erantzuna:

Aurreikusiriko tokia eremu hurbileen arteko erdibide bat da. Ez da bidezko Elizagorrirantz hurbiltzea, oreka galduko bailitzateke. Bestaldetik, kontuan hartuz toki horretan bi aldeen artean ez dela pasabiderik izanen, zerbitzuguneak on eginen dio Elizagorriari, alegazioan proposatzen den tokian eginen liokeen adinakoa.

Trazadurari eta Santsolgo loturari dagokienez:

Proposatu du loturak "Elizagorriko Lotura" izena hartu dezala, herrigunetik gertu dago eta.

Proposatu du aztertu dadila lotura horren inguruan eskultura bat kokatzeko aukera.

Eskatu du lotura hori hirigintzari dagokionez ia hiriko lurtzat jo dadila eta argiteria eman dakiola.

Erantzuna:

Udalaren lehenbiziko proposamena zentzuzkoa da. Kontuan hartuz lotura Santsolgo mugapean "Elizagorria-Santsolgo Lotura" izena hartu dezala proposatzen da.

2. eta 3. proposamenak ez dagozkio jendeaurrealdi honi.

II._Gobernuak 2003ko apirilaren 22an harturiko Erabakiaren zehaztapenen betetzea.

Erabakiaren 2. puntuan Departamentu sustatzaileari adierazten zaio Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena aurkeztu beharko duela, azpiegiturak ondare horretan duen eraginari buruz, espedientea onetsi baino lehen.

Apirilaren 29an txosten bat aurkeztu zuen Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeko Ondare Arkeologikoaren Bulegoak, 2003ko apirilaren 11koa, espedienteko ondarearen gaineko eraginaren azterlanari buruzkoa. Funtsean, hiru jarduketa zehaztu ditu:

Lehenbizikoa La Atalaya, Adeoniz, Panalebreda, Intzurain eta La Rochako aztarnategiei dagokie. Azterlanean haien gaineko eragina larri-larritzat jotzen da. Zundaketa arkeologiko sistematikoak egin beharko dira proiektuak ukitzen duen eremuan. Zundaketa horien emaitzak zehazten ahalko du eragina larri-larritzat jotzetik gelditzen den edo horri eusten zaion. Kasuan-kasuan bidezko diren neurriak hartuko dira (bigarren kasuan, trazadura aldatu liteke). Txostenaren arabera, Kultura zuzendari nagusiak emanen du baldintza horien gaineko ebazpena. Baldintza horiek bildu eta onartu beharko dira eraikuntza proiektuan.

Bigarren jarduketa azterlanaren arabera eragin larrikoak, bigunekoak edo bateragarrikoak diren aztarnategiei dagokie. Txostenak dioenez, aurreikusiriko neurriak ondare arkeologikoaren babesarekin bat datoz eta haien aplikazioa ondarea babesteko eskudun den erakundeari jakinaraziko zaiola, betiere arlo horretan indarra duten xedapenen menpe.

Hirugarren jarduketa harrobiei eta zabortegiei dagokie. Haien kokaguneak adostasun txostena beharko du, ondare arkeologikoaren gaineko eraginari dagokionez. Horretarako aurkeztu beharreko agiriak zehaztuko dira.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2003ko ekainaren 24an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioen gainean ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. "Iruña-Logroño Autobiaren 2. tartea: Lizarra-Logroño" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko aldaketaren espedientea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea.

3. Ondare arkitektonikoaren babesari dagokionez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua edo, bestela, autobidearen kontzesioa duen sozietatea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Arkeologikoaren Bulegoak 2003ko apirilaren 11n eman txosteneko edukiaren arabera arituko dira.

4. Obrak egitean ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenaren ondoriozko jarduketak burutuko dira.

5. Betiere, obrek ukitzen dituzten edo exekuzioa baldintzatzen ahal duten azpiegitura edo zortasunei dagokienez, departamentu sustatzaileak edo, bestela, sozietate kontzesionarioak organo eskudunen baimen guztiak eskuratuko dituzte, kasuan kasuko arloaren araberakoak.

6. Aditzera ematea erabaki honen kontra zilegi dela, aukeran, berraztertzeko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluek agintzen dutenaren arabera; edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan inpugnatzea, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duenaren arabera.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kulturakoari eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoari jakinaraztea, baita Villamayor de Monjardin, Los Arcos, Piedramillera, El Busto, Santsol, Elizagorria, Torres del Río, Armañantzas, Bargota eta Vianako Udalei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hamabostean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3229069