95. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko uztailaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Cascante-Tarazona gasbidearen eta bere instalazio osagarrien Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari dagokion espedientea, Gas Aragón, S.A.k sustatua, behin betikoz artxibatzen duena, Nafarroako zatiari dagokionez, eta, horrekin batera, 1999ko azaroaren 30ean haren inguruan hartutako Erabakitik etor litezkeen ondorio guztiak iraungi direla deklaratzen duena.

Nafarroako Gobernuak, 1999ko azaroaren 30ean egindako bilkuran, erabaki zuen Cascante-Tarazona gasbidearen eta bere instalazio osagarrien proiektua, Gas Aragón, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Nafarroako zatiari dagokionez. Horrekin batera, espedientea behin betikoz onetsi aurretik bete beharreko zenbait determinazio finkatu ziren. Erabaki hori 2000ko urtarrilaren 7ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen eta enpresa sustatzaileari jakinarazi zitzaion. Haren aurka ez zen inolako alegazio-idazkirik aurkeztu.

Sustatzaileak proiektu hori UPS gisa tramitatu eta onesteko aurkeztu badu ere, aipatu erabakiaren azalpen zatiko aurrekarietan adierazten da Cascanteko udalerria zeharkatzen duen tarteari dagozkion obrak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiaren ekainaren 23ko 883/1999 Ebazpenaren bidez baimendu zirela eta Barillas eta Tulebrasko udalerriei dagozkienak Nafarroako Gobernuaren 1999ko uztailaren 19ko Erabakiaren bidez, izan ere, obrak ezesteko Ebazpenen aurka jarritako errekurtso arrunta baietsi zen.

Nafarroako Gobernuaren 1999ko azaroaren 30eko Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta jakinarazi zenetik bi urte baino gehiago igaro direnez eta epe horretan Erabaki hartan ezarritako determinazioak bete ez direnez, ondorioztatu daiteke espedientearen sustatzaileak UPS hori behin betikoz onesteko interesik ez duela jada edo, bestela, egin asmo diren obrak eginak daudela aipatu administrazio egintza horien indarrez. Horregatik guztiagatik, bidezkoa da UPSari dagokion espedientea behin betikoz artxibatzea eta, hortaz, haren inguruan hartutako Erabakitik etor litezkeen ondorio guztiak iraungi direla deklaratzea.

Horrenbestez, kontuan harturik Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko ekainaren 19an emandako txostena, eta ikusirik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Cascante-Tarazona gasbidearen eta bere instalazio osagarrien Udalez gaindiko Proiektu Sektorialari dagokion espedientea, Gas Aragón, S.A.k sustatua, behin betikoz artxibatzea, Nafarroako zatiari dagokionez, eta 1999ko azaroaren 30ean haren inguruan hartutako Erabakitik etor litezkeen ondorio guztiak iraungi direla deklaratzea.

2. Adieraztea Erabaki honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Bestela, Administrazioarekiko Auzien jurisdikziora jo daiteke zuzenean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak xedatu bezala.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Cascante, Tulebras eta Fontellasko udalei, Fundación de Ferrocarriles Españoles delakoari eta Gas Aragón, S.A.ri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0207848