91. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

649/2002 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana. "Nafarroa etorbidea (Iruñeko mendebaldeko saihesbidea). IV. fasea: Barañain etorbidearen eta Nafarroako Etorbidearen arteko bidegurutzeko biribilgunea" berritzeko proiektua teknikoki onetsi eta Ebazpen honen eranskinean ageri den ondasun eta eskubide ukituen zerrenda jendaurrean jartzen du.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak onesteko aurkeztu du "Nafarroa etorbidea (Iruñeko mendebaldeko saihesbidea. IV. fasea: Barañaingo Etorbidearen eta Nafarroako Etorbidearen arteko bidegurutzeko biribilgunea" berritzeko proiektua.

Nafarroako Gobernuak, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren bitartez, 2002ko martxoaren 1ean Iruñeko Udalarekin "Iruñeko sarbideak eta bide-sarea eraiki eta berritzeko hitzarmena" adostu zuen. Hitzarmen horren egitasmoen artean Nafarroako etorbidea berritzea dago.

Eginkizunen artean gaurko Mendebaldeko Saihesbideari tankera urbanoa ematea dago: horretarako, gaur egun dauden bidegurutze semaforodunen ordez biribilguneak egingo dira, betiere, orain duen zirkulazio-ahalmena gutxitu gabe eta Iruñearen hirigintza-planeamendua bereziki kontuan hartuz.

Nafarroako Etorbidean egitekoak diren obrak lau tartetan banatu dira:

1. tartea: Azpilagaña eta Eneko Aritza kaleko biribilguneak.

2. tartea. Ermitagañako ingurubideko eta Arcadio Larraona kaleko biribilguneak.

3. tartea: Irunlarreko biribilgunea.

4. tartea. Barañaingo etorbideko biribilgunea.

Barañaingo etorbidean gaur egun dagoen bidegurutze semaforoduna, zeinaren perimetroa ez den biribila, albo bat bestea baino handixeagoa baita, aldatu, eta biribilgune itxi bat eginen da haren ordez.

Biribilgunearen funtzionamendurik hoberena erdian babesgune biribil baten bidez egiten denez, alde urrunenetako espaloiak zabaldu egin dira, zirkulazioari zuzeneko mugimenduak egitera bultzatzen dioten zonak ez uzteko, horrela galtzadan diren ibilgailu guztiak behartuak baitira biribilgunearen eraztun gisako galtzadan sartzera.

Biribilguneari 35,0 metroko barne-diametroa eman zaio, eraztun-erako 11,0 metro zabaleko galtzada batekin; beraz, kanpoko diametroak 57 metro ditu.

Nafarroako etorbidea eta Barañaingo etorbidea, Iruñeko hiriguneranzko norabidean, ia ez dira aldatzen. Franko aldatzen da, ordea, Barañaingo etorbidea Barañaineranzko norabidean, erdiko erdibitzailea 1,0 m estutzen baita, biribilgunera sartzeko sarrera-adarrari metro bat gehiago emateko. Halaber, Iparraldeko norabideko iriste-ardatza biratu egin da.

Biribilgunearen funtzionamendu egokirako, Barañaindik helduz Barañaingo etorbidera sartzeko bide-adarra zabaldu egin da, eta orain hiru errei izanen ditu (lehen bi zituen). Horretarako, erdibitzailea estutu egin da, eta bidearen ardatzaren bukaerako aldea biratu egin da, gaur egun anbulantziek Bideko Ama Birjina Ospitaleko Larrialdietarako dituzten sarbide eta aterabideak ahalik eta gutxien ukitu behar izateko.

Zirkulazioaren azterlanak adierazten du beharrezkoa dela bertako oinezkoen pasabideak atzeratzea; izan ere, biribilgunetik hurbil daudenez, funtzionamendua oztopatzen duten "ilarak" sortzen dira.

Proiektuan sartutako obrak lur-azalean egiten direnez, ez dute inolako eraginik zerbitzuetan, bertan dauden kanalizazioak babestea salbu. Jabe partikularren lurrik ere ez da ukitzen. Udalaren jabetzako lurrak okupatzea aski da.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposatutakoarekin bat, eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/99 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz, Zuzendaritza Nagusi honek,

EBATZI DU:

1. "Nafarroa etorbidea berritzeko proiektua, IV. fasea: Barañain etorbideko biribilguneari" onespen teknikoa ematea.

2. Aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, Eranskinean datorrena, jendaurrean jartzea 20 egun baliodunean, edozeinek bidezkotzat jotzen dituen ohar edo alegazioak egin eta zerrendako okerrak zuzentzeko behar diren datuak idatzita eman ditzan. Horretarako, interesatuek eskura izanen dituzte lurzatien planoak Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuan eta Iruñeko udaletxean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari eta Iruñeko Udalari, zeinari lurzatien planoen kopia bat bidaliko zaion, bidezko ondorioetarako.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren lauan. Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

E R A N S K I N A

Ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehaztua

Iruñeko udalerria.

Finka zk.: PA-10. Jabea: Iruñeko Udala. Helbidea: Udaletxeko, plaza, 2. Azalera: 53 metro karratu. Katastroa: 3. poligonoa 8.185 lurzatia. Lur mota: bidea.

Iragarkiaren kodea: A0207787