65. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1099/2002 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, NA-2040 errepidea berritzeko proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzkoa, Herrilan, Itoizko urtegia dela-eta Nagore/Orotz-Betelu tarterako Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua.

Maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta hura garatzeko Erregelamendua -irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsia- aldatu zituenak, ezartzen du beharrezkoa dela Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea, xedapen horietako eranskinetan azaltzen diren obra, instalazio eta jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik.

Itoizko Urtegiaren Proiektu Sektorialak (Nafarroako Gobernuak 1990eko uztailaren 31ko erabakian behin betikoz onetsia; 105. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 1990eko abuztuaren 31koa) eta Itoizko Presaren 02/89 Proiektuak aurreikusia dute urtegiak ukitu errepideak berritzea bi tarte berri eraikiz: 1. tartea, NA-172 errepidean Agoitz eta Nagore artean, eta 2. tartea, NA-2040 errepidean Nagore (Artzibar) eta Orotz-Betelu artean, tarte horien trazadurak zehaztuta baitituzte. Horren ondorioz, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura iragan du Itoizko urtegia dela-eta NA-2040 errepidea, Nagore eta Orotz-Betelu artean, berritzeko proiektuak, Itoizko Urtegiaren aurreproiektuarekin batera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziori buruzko irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren arabera. Ingurumenaren Antolamendu eta Koordinaziorako Zuzendaritza Nagusiak 1990eko uztailaren 20an eman Ebazpenaren bitartez egin zen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu 1990eko irailaren 6an. Itoizko Urtegiaren eraginaren gaineko deklarazioaren baldintzetan, 15 eta 16. ataletan, irizpideak ezartzen dira berritu gogo den errepideko neurri zuzentzaileen proiektua prestatzeko. Herrilan eta Hirigintza Ministerioaren 1990eko azaroaren 2ko Ebazpenak, Itoizko Presaren 02/89 Proiektuari behin betiko onespen teknikoa ematen dionak, zehazten ditu errepide tarte horien ezaugarriak eta Nafarroako Foru Komunitateak gauzatuko dituela dio, M.O.P.U.k eta Nafarroako Gobernuak 1988ko urriaren 19an sinatu hitzarmenaren arabera.

Eraikuntza proiektua prestatu aurretik eta kontuan hartuz errepideko eremua ES2200006 BIL eta HBB proposamenean sartua dagoela (Artxuba, Zarikieta eta Aretako mendiak), eta inguruan ES2200025 BIL dagoela (Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema), Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2001eko ekainaren 13an, Itoizko urtegiak ukitu NA-2040 errepideko Nagore (Artzibar)/Orotz-Betelu tartea berritzeko aukeren laburpen txostena aurkeztu du, alternatiben Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta trazadura aukeratzeko irizpide anitzeko analisia barne dituela. 92/43/EE habitatei buruzko zuzentarauaren 6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egin da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana. Aukera bakoitzean, bereziki aztertu dira Natura 2000 sarean sartzeko proposatu lekuen gaineko eragina eta haien taxonen gainekoa. Urtegiaren proiektuarekin batera hasieran proposatu aukera izan da azterlanak hoberentzat jo duen aukera, orohar egokiena delako. Azterlanean, luzera, funtzionaltasuna, ingurumenaren gaineko eragina, onarpen soziala eta guztirako kostua hartu dira kontuan.

Gaur egungo NA-172 errepidean, Artziko sarbidea baino lehentxeago, abiatuko da Nagore eta Orotz-Betelu arteko 2. tartearen trazadura, eta NA-2040 errepidean amaituko, Orotz-Beteluko sarreran; 8.897 metro, guztira. Hasieran Urrobi ibaia iragaten du eta, 733 metroko kota ez gainditzeagatik, Otsako mendia zeharkatuko du 700 metroko tunel baten bitartez. Bigarren zatian, 2.500 metro, ur bazterrari jarraituko dio, uraren eta Iñarbeko arroilaren Natur Erreserbaren artean, presa egin baino lehen ibai ondoko errepideak egiten zuen zerbitzua berreskuratzeko. Azkeneko tartea ia horizontala da, 590 metroko kotatik gora eta antzinako errepidearekin paraleloan.

Ingurumenaren gaineko ondorio garrantzitsuak dituen edo ez jakiteko, aipatu proiektuak berriz ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura arautua iragan behar ote duen zehazteko, Zuzendaritza Nagusiak analisi eta kontsulta prozesua ezarri zuen. 2001eko irailaren 12ko datarekin idatzi zitzaien urtegiaren inguruko 29 udal eta erakunderi, Itoizko Koordinakundeari eta Ebroko Ur Konfederazioari. Aldi berean, kontsulta egin zitzaien Ingurumen Ministerioko Natura Zaintzeko Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumenaren Kalitate eta Ebaluaziorako Zuzendaritza Nagusiari. Ez dute ezer iradoki.

Espedientea osatzen duen dokumentazioa azterturik, proposatu trazadura eta Itoizko Urtegiaren Proiektu Sektorialean aurreikusia berdinak direla ikusi da, baita Itoizko urtegiaren aurreproiektukoa ere, eta ez du eragin adierazgarririk Natura 2000 sareko eremuetan; beraz, ez dirudi muntako ondorio kaltegarririk izan dezakeenik ingurumenean eta, horrenbestez, ez du ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko beste prozedura arauturik iragan behar.

Horregatik guztiagatik, Ingurumenaren Antolamendu eta Koordinaziorako Zuzendaritza Nagusiak, 1990eko uztailaren 20ko Ebazpen bidez, ingurumenaren gaineko eraginari buruz egindako deklarazioan babestu egiten da Itoizko urtegia dela-eta Nagore eta Orotz-Betelu arteko tartean NA-2040 errepidea berritzeko proiektua, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aurkeztua. Haren eraikuntzan, proiektuko baldintzak beharko dira bete, baita 2001eko ekainean aurkeztu eraginaren azterlaneko neurri zuzentzaileak ere.

Horrenbestez, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.-Itoizko urtegia dela-eta, NA-2040 errepidea Nagore/Orotz-Betelu tartean berritzeko proiektuak, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aurkeztuak, ez du zertan iragan behar ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura arauturik, Ingurumenaren Antolamendu eta Koordinaziorako Zuzendaritza Nagusiak 1990eko uztailaren 20an Ebazpen bidez Ingurumenaren gaineko Eraginari buruz egindako Deklarazioan (Estatuko Aldizkari Ofizialean, 1990eko irailaren 6an argitaratua) babesten baita errepide tarte horren berrikuntza.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazio horretako trazadurari jarraituko dio errepideak, haren 15 eta 16. ataletan ezarri baldintzak eta 2001eko ekainean aurkeztu alternatiben eraginari buruzko azterlanean adierazi neurri zuzentzaileak betez. Honako neurri zuzentzaileoi beharko zaie jarraitu:

-Iñarbeko arroilaren barrenean, Natur Erreserbaren eta uraren mugetaraino iritsiko da lur-berdinketa. Horretarako, hormak eta egiturak egin beharko dira trazaduran, hegitik ahalik eta urrutien egon dadin, aurreikusi bezala. Bidea utziko zaio faunari urtegitik Iñarbeko arroilaren hegira pasa dadin.

-Hartzen den oihan lurra berreskuratuko da, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, jende orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Herrilan Zuzendaritza Nagusiari eta Europako Batzordeko XI. Zuzendaritza Nagusiari, bere ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bederatzian.-Ingurumen Zuzendari Nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

Iragarkiaren kodea: A0205470