60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko apirilaren 22koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Oliba-olioaren Ekoizpenaren Kalitatea Hobetzeko 2001/2002 ekitaldirako Programan bilduriko ekintzetarako laguntzen zenbatekoa handitzen duena.

1999ko martxoaren 10eko Batzordearen 528/1999 EE Erregelamenduan, olioaren ekoizpenaren kalitatea hobetzeko neurriak ezartzen dituen horretan, oliba-olioaren ekoizpenaren kalitatea eta lan horrek ingurumenean duen eragina hobetzeko eskualdeetan egin beharreko ekintzak zehazten ditu. Halaber, 2001eko apirilaren 2ko Batzordearen 673/2001 EE Erregelamenduak elkartekide diren estatuek 2001/2002 ekoizpen-aldian izanen dituzten finantza-mugak zehazten ditu.

Horien ondotik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta oliba-olioa ekoizten duten autonomi erkidegoek, sektore horrekin lankidetzan, Europako Batasunaren aipatu arautegiarekin bat datorren ekintza-programa bat prestatu dute. Programa horrek 2001eko apirilaren 26ko Agindua "EAO"n argitaratzearekin batera hartu zuen indarra. Agindu horren bidez, Oliba-olioaren Kalitatea Hobetzeko 2001/2002 ekitaldirako Programa onetsi zen.

Oliba-olioaren Ekoizpenaren Kalitatea Hobetzeko Programan bilduriko ekintzetarako laguntzak arautzeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko abuztuaren 6an eman zuen Foru Aginduaren arabera, 2001/2002 ekitaldirako laguntzaren gehieneko zenbatekoa 50.988,86 eurokoa da.

Nekazaritza eta Nekazaritzaren Finantzaketaren Zerbitzuak txosten bat egin du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta autonomi erkidegoek 2001/2002 ekitaldirako ekintza eta aurrekontuen doitzeaz lorturiko Itunaz.

Doitzearen ondorioz Nafarroari 24.762,05 euro transferitu zaizkio FEOGA fondoetatik. Zenbateko hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko abuztuaren 6an emaniko Foru Aginduaren bidez ezarri zuen laguntzari gehituko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da Oliba-olioaren ezaugarriak aztertzeko laborategiak instalatu eta kudeatzeko Europako Batasunak ematen dituen laguntzen handitzea. Laguntza horiek Oliba-olioaren Ekoizpenaren Kalitatea Hobetzeko Programako VI. Azpiprograman finkatu ziren. Programa hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 2001eko apirilaren 26ko 8356 Aginduaren bidez onetsi zen 2001-2002 ekitaldirako.

2. artikulua. Zenbatekoa.

1. 2001eko abuztuaren 6ko Foru Aginduaren laguntzaren muga 24.762,05 eurotan handitzen da. Laguntzak FEOGA-Bermearen Ataleko aurrekontuaren "Olioaren kalitatea hobetzea" izeneko B01-1211-005 lerroaren kargura emanen dira.

Dirulaguntza ordainduko da onuradunak hartutako betekizun eta konpromisoak bete direla egiaztatu ondoren, gastuak justifikatu eta aginduzko dokumentazioa aurkeztu eta gero.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehena.-Foru Agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 1997ko urriaren 13ko Foru Aginduari jarraikiko zaio, haren bidez ezarri baitzen FEOGA-Bermearen Ataleko laguntza eskaerak aurkeztu eta laguntzak baimendu eta ordaintzeko prozedura.

Bigarrena.-Foru Agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka gora jotzeko helegitea jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegitearen xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0204589