60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

53/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 17koa, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Nafarroako Ospitalearen egitura organikoa osatu eta aldatzen duena.

Urriaren 22ko 443/1991 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Ospitalearen eta Bideko Ama Birjina Ospitalearen egitura organikoa garatu eta beren kudeaketa-organoen egiturako zuzendaritza, zerbitzu eta atalak zehaztu ziren. 443/1991 Foru Dekretua abenduaren 26ko 605/1995 Foru Dekretuaren bidez parte batean aldatu zen.

Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia-Onkologia zerbitzuan sortu diren laguntza eskaerak direla-eta, beharrezkoa da lehenbailehen laguntza zerbitzuen egitura eginkizun eta antolamendu berriei egokitzea. Hori dela-eta Onkologia Medikoa Erradioterapiatik bereizi eta unitate bakoitzari bere baliabideak ematea.

Abenduaren 25eko 604/1995 Foru Dekretuaren Laugarren Xedapen Gehigarriak dioenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura behar bezala garatzearren unitate organikoak sortu edo kentzea Osasun kontseilariari dagokio.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Honako unitate organiko hau sortuko da Nafarroako Ospitalean:

-Onkologia Medikoaren Zerbitzua, Zuzendaritza mediko-asistentzialari atxikia.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Onkologia Medikoaren Zerbitzuaren menpe egonen dira, organikoki nahiz eginkizunei dagokienez, Onkologia Medikoaren Atala eta atalaren laguntza jarduera garatzeko baliabide guztiak, orain arte Erradioterapia-Onkologia Zerabitzuaren menpe baitzeuden.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Foru Agindu honen ondorioz Gastuen Aurrekontuko I. kapituluan gertatzen den gorakada Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen proposamenez konpentsatuko da.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hamazazpian.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0204466