60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

995/2002 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Baztango 3306 zk.ko "Arritxuri" ustiategiaren proiektua handitzeari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena. Aipatu proiektua Canteras Acha S.A.k sustatu du, Almandozen (Baztan).

Maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta hura garatzeko Erregelamendua -irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsia- aldatu zituenak, ezartzen du beharrezkoa dela Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea, xedapen horietako eranskinetan azaltzen diren obra, instalazio eta jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedurari hasiera eman nahian, Baztango Udalak espedientea aurkeztu zuen eta hartan biltzen ziren, batetik, proiektu teknikoa eta, bestetik, Baztango 3306 zk.ko "Arritxuri" ustiategiko (Canteras Acha S.A.k sustatua) ofita saila leheneratzeko proiektua. Hark aipatzen zuen Arritxuri Ustiatzeko Proiektuari buruz 1996an egindako Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa, haren bitartez ustiatzeko kontzesioa lortu baitzen 2000ko maiatzaren 20an, Industria zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez.

Ingurumen zuzendari nagusiak irailaren 6an emandako 2054/2001 Ebazpenaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunez. Ebazpena 2001eko urriaren 12ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (124 zk.a). Epe horretan ez da alegaziorik jaso.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak Belateko ES2200018 BILen gaineko eraginen berri eman du:

-Mendixkaren ipar aldeko larre-iralekua, oso hurbil badago ere lehentasunezko 6230 habitatetik (Mendi larre mesofitiko azidofilo (zerbunal) orokantabro-atlantikoak), ezin da habitat harekin asimilatu, haren banaketa eremutik ia kanpora baitago eta baldintzak ez baitira zerbunalei berez dagozkienak.

-Mendixkaren hego aldeko txilardi-otadia EEE 92/43 Zuzentarauaren araberako intereseko habitat bati dagokio, hots, "4030 Txilardi-otadi atlantikoak". Proiektuak 11.000 m2 ukitzen ditu EEE 92/43 Zuzentarauko "4030 Txilardi-otadi atlantikoak" izeneko intereseko habitatean. Ez da beharrezkotzat jotzen habitat konpentsaziorik egitea; "Belate" ES2200018 BILen barnean behar besteko azalera inbentariatua dagoela uste da.

-Ustiategiaren perimetro barneko arboladi txikietan intxaurrondoa da nagusi, arboladi horiek ez dira intereseko habitat batekoak eta ez dute sortzen zuhaitz formazio garrantzitsurik.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren uztailaren 29ko 1028/1999 Foru Aginduak emandakoez ere baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazio hau egin da, Baztango 3306 zk.ko "Arritxuri" ustiategiaren kontzesioko ofita sailari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanari eta Leheneratze Proiektuari buruz. Aipatu proiektua Canteras Acha S.A.k sustatu du. Proposaturiko soluzioa ingurumen aldetik bideragarria dela uste da, eta baldintza hauek betetzen dituela:

a) Ustiategiaren inguruz inguru zanga bat eginen da, euri urak ustiategian sar ez daitezen.

b) Urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua aplikatuz, leheneratze planaren exekuzioa bermatzeko, sustatzaileak abal solidarioa aurkeztu beharko du (uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuaren araberakoa), edo bermea eskudirutan, Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuan. Bermea 41.064,64 eurokoa (6.829.587 pezetakoa) izanen da, hots, leheneratze planeko aurrekontuaren zenbateko berbera. Udalean horren froga aurkeztu beharko da, hark irekitze lizentzia eman aurretik. Hautaturiko bermea bost urtean behin eguneratuko da, kontsumoko prezioen indizeak izaten duen gorabehera kontuan izanda.

c) Ke eta gasei dagokienez, Atmosfera Babesteari buruzko Legean eta harekin bat datorren araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

d) Eginen den tratamendu plantan hauts asko samar sortzen dela ikusten bada, hautsa biltzeko neurriak hartzeko eskatuko da, proposatu diren halako beste neurriez gain.

e) Isurketei eta hondakin solidoei dagokienez, udal ordenantzetan eta indarra duen araudian ezarritakoa beteko da.

f) Hotsak eta dardarak: ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15, 16 eta 18. artikuluen araberako funtzionamendu baldintzak eta dardaren hots mailak beteko dira beti.

g) Ustiapen eta leheneratze proiektuek habitaten gainean duten eraginari dagokionez, aditzera ematen da ustiapenak berak eta ondoko leheneratzeak honako hau bete beharko dutela:

-Harrobiaren okupazio maila Leheneratze Proiektuko planoetan zehaztutakoa izanen da.

-Ez da obra hondakinik utziko Leheneratze Proiektuan zehaztutako ustiapen perimetrotik kanpo. Guzti-guztiak Arritxuri izeneko kareharri harrobira eramanen dira eta han utziko, horretarako eremu berezietan.

-Ereiteetan eta hidroereiteetan erabiliko diren nahasteek gramineoen espezieak izanen dituzte batik bat: Festuca rubra, Agropyrum repens, Lolium perenne, Dactylis glomerata eta Poa pratensis. Espezie horiekin batera, proportzio txikiagoan, honako hauek ere izan daitezke: Trifolium repens, Lotus cornicolatus eta Melilotus alba, bai eta zurezko landareak ere, hala nola Ulex galii edo Ulex europaeus. Ingurumena leheneratzeko proiektuan aipaturiko espezieak ez dira egokiak, haien banaketa eremutik kanpo daudelako.

-Leheneratze proiektutik kanpo utziko da Pinus radiata espeziea, eta haren ordez lizarra sartuko (Fraxinus excelsior).

-Landatzen diren zuhaitz eta zuhaixkei tubex erako babesa jarriko zaie. Leheneratze lanak bukatutakoan hesitu eginen da leheneratutako eremuaren inguru guztia.

-Lehen urtean berritu eginen dira landaketako hutsarteak.

h) Ofita izeneko saila ustiatzen hasi aurretik, titularrak txosten tekniko bat aurkeztuko du, Kontrolerako Erakunde Baimenduak sinatua. Txosten horretan ustiapenaren plan eguneratua deskribatuko da, bai eta ustiapenak ingurumen aldetik duen egoera eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioari egokitzen zaion ere; horretaz gainera, aurreikusitako neurri zuzentzaileak eta beste neurri batzuk, beharrezkoak badira ingurumenaren gainean izan daitekeen eragina murrizteko.

Txosten hori ikusirik, Ingurumen Departamentuak neurri zuzentzaile gehiago agindu ahalko ditu; jarduketa hori hartuko da ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko 16/89 Foru Legearen 8. artikuluan aipaturiko neurri zuzentzaileen berraztertze gisa.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea sustatzaileari, Industri zuzendari nagusiari, Ingurumen zuzendari nagusiari eta Baztango Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hamaseian.-Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Arritxuri harrobia Almandozen (Baztan) dago, eta harria ateratzen da eraikuntzarako eta ornamentaziorako.

Interesa duten meatoki berriak daude kontzesioan (ofitak), 2000. urtean egindako zundaketa mekanikoek erakutsi zuten bezala; horrek justifikatu du Arritxuri harrobian beste sail bat irekitzea, harri ofitikoetatik askotariko granulometriako agregakinak ateratzeko.

Sail berri hori, Ofita saila izenekoa, Almandozen mendebaldean dago, 450ren bat metrotara, iparraldeko Arritxuri sailaren eta hego-mendebaldeko Apurtxi sailaren tartean.

Aire zabalean eginen dira lanak, hasieran zulaketa eta leherketak eginez; bankadak 4 bitarte, gainjarriak eta kontzentrikoak. Jarduera berriek 23.600 m karratu hartuko dituzte; ebaketa gunea 190 m luze eta 125 m zabal gehienez ere. Ustiapenaren gehieneko kota 572 m-koa izanen da eta ebaketaren sakonera 507 m-koa. Laneko bankuek 15 m-ko garaiera izanen dute eta 70º-ko inklinazioko ezpondak, 8 m-tik 10era bitarteko bermez bereiziak. Azpiko bi bankuetara jaisteko % 12,5eko maldak eginen dira.

Eremu hori "Belate" izeneko ES2200018 BILen barnean dago (Europako Natura 2000 Sareko Batasunaren Intereseko Lekua). Justifikazio agirien 6. atalean, "BILen barneko eta inguruko eragin eta jarduerak", ez da aipatzen Almandozko meatokia; orokorrean adierazten da egiten ari diren prospekzioen kasuan segitu beharreko prozedura.

Aurkeztu den dokumentazioan ageri da, alde batetik, proiektu teknikoa, Arritxuri harrobia legeztatzeko 1996an egindako Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa aipatzen duena, eta, bestetik, ofita saila Leheneratzeko Proiektua, Baztango 3306 zk.ko "Arritxuri" ustiapen kontzesioari, Canteras Acha S.A.k sustatuari, dagokiona.

II. ERANSKINA

Eraginari buruzko Azterlanaren laburpena

Adierazi denaren arabera, 1996ko IEAk aztertu zuen Arritxuri harrobia ustiatzeak naturgunean eta gizakiengan izanen zuen eragina. Horregatik, harrobia handitzeko proiektu teknikoak eta ingurua leheneratzeko proiektuak modu espezifikoan soilik hartzen dute honako hau: paisaiaren gaineko eragina, proiektatutako ekintzen ondorioz airean izanen den hautsak atmosferaren kalitatea txartzea, eta landaredia eta lurzoru erabilgarria galtzea ustiatuko den sail berriaren ondorioz. Ikusi da, halaber, ustiapenaren oinarriko zelaiguneak beharbada ez duela euri ura drainatuko eta, beraz, 4 m arte pila daitekeela ura eta horregatik ondorio gehiago izan.

Airean izanen den hautsari dagokionez, ondoko neurri zuzentzaile hauek adierazi dira:

-Makinek berek hautsa biltzeko sistemak izatea.

-Bilketa tokiak haizetik babestuta egotea.

-Hautsa sortzen duten guneak aldian-aldian ureztatzea, batez ere udan edo garai lehorretan.

-Azpiegiturak (bideak, zelaiguneak, e.a.) mantentzea, hondatzearen ondorioz hautsa sortzen baitute.

-Arduradunak harrobiko ustiapen lanak zaintzea, aipatu diren neurriak betearazteaz arduratuko baita.

Goialdeko uzte-bermaren ezpondan, hegoaldeko zelaigunean eta goialdeko ebaketa gunera iristeko bi eremuetan soilik izanen da paisaiaren gaineko eragina. Landareen bidez ezkutatu nahi dira toki horiek:

-Goialdeko ezpondan hidroereitea eginen da.

-Zuhaitzak eta zuhaixkak landatu eta ereite lanak eginen dira, goialdeko berma landareztatzeko modu berberaz, 552 berman bertan, 537 bermara iristeko maldan eta hegoaldeko zelaigunean.

Gainerako ebaketa gune, berma eta zelaiguneak landareztatu eginen dira, harrobia ustiatu ondoren landare estaldura errekuperatzeko. Horretarako:

-Goialdeko berman (552) material esterilak botako dira bermaren profila aldatzeko eta landare kolonizazioa errazteko. Material horien gainean 0,25 m-ko landare lurreko geruza zabalduko da. Tokiko zuhaitz eta zuhaixken hesi bat landatu (goiko ezponda estaltzen laguntzeko) eta belarkiak ereinen dira.

-537 berman 552 berman bezala jokatuko da, baina zuhaitz lerroa landatu gabe.

-522 berman eta haren maldan, 507 zelaigunean eta haren maldan eta goialdeko iristeko pistan 537 berman bezala jokatuko da.

-537 kotara iristeko malda aurreko eremuak bezalatsu landareztatuko bada ere, zabalgune erantsian zuhaitz zerrenda bat landatuko da, nahiz ez lerroan (552 bermakoaren antzekoa), bigarren ezpondako iparraldeko angelua ezkutatzeko.

-Hegoaldeko zelaigunean 537 bermara iristeko maldaren zabalgunean bezala jokatuko da eta, horrela, bigarren ezpondako hegoaldea ezkutatuko.

537 kotatik gora ur pilaketa gertatzen bada, leheneratze planean konponbide bat aurreikusiko da: 90 m-ko drainatze horizontala egitea, ondorio gehiago izan ez dadin.

Iragarkiaren kodea: a0204407