60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

990/2002 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, "Atabo" kare-harrobia handitzeko proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena. Aipatu proiektua Lázaro Echeverría S.A.k sustatu du Altsasuko udalerrian.

Maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta hura garatzeko Erregelamendua -irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsia- aldatu zituenak, ezartzen du xedapen horietako eranskinetan azaltzen diren obra, instalazio eta jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik, beharrezkoa dela Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedurari hasiera eman nahian, Lázaro Echeverría S.A. enpresak "Atabo" kare-harrobia handitzeko proiektuaren espedientea aurkeztu zuen, dagozkion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana, Lehengoratze Plana eta Ingurumena Zaintzeko Programa barne zirela, Ingurumenaren gaineko Eragina ebaluatzeko prozedura erregulatzen duen 1131/88 Errege Dekretuko 15. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Altsasuko Udalak 1998ko ekainaren 24ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (75 zk.) argitaraturiko iragarkiaren bidez, espedientea jendaurrean paratu zen hilabete batez.

Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

1999ko otsailaren 24ko errekerimenduaren ondorioz, agiri osagarriak erantsi zitzaizkion espedienteari. Horien ondorioz neurri zuzentzaile berri batzuk sartu ziren, bai eta Ingurumena Lehengoratzeko Planaren aurrekontua handitu eta Ingurumena Zaintzeko Programa zehaztu ere.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren inguruko eginkizunak esleitzeko abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren uztailaren 29ko 1028/1999 Foru Aginduak esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lázaro Echeverría S.A.k Altsauko Atabo parajean sustatu duen "Atabo" kare-harrobia handitzeko proiektuari dagokionez, ondoko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten da: ingurumenaren aldetik bideragarria da, betiere baldintza hauek betetzen baldin badira:

a) Ustiapenean proposaturiko azken perimetroa mugarri finkoen bidez markatuko da.

b) Lehengoratze planeko jarduerak epe laburrean eginen dira eta 2002ko abenduaren 31 baino lehen bukatuko.

c) Epe laburreko neurri gisara landare-hesi bat jarriko da, N-1 errepidetik tratamendu planta eta bilketa eremuak ikus ez daitezen. Horretarako gutxienez 3 metro gora den hesi bat osatuko da zuhaitz espezie batekin. Zuhaitzak ustiategiaren eta aipatu errepidearen arteko mugan lerrokaturik landatuko dira, 2 metrotik bat. Oinarritik adarrak eta hosto iraunkorrak dituen espeziea aukeratuko da, haziera ertain-handikoa, kimatu ahal dena, Arizonako nekostaren (Cupressus arizonica-ren) edo gerezi-erramuaren (Prunus laurocerasus-aren) antzekoa. Hautsaren aurkako sistemaren bidezko ureztaketa bermatuko da.

d) Harrobiko plazan egin beharreko ereite lanetarako, Ingurugiroa Lehengoratzeko Planean epe ertain eta luzeko jarduera gisara ageri baitira, belar espeziez gain, ametz ilaunduneko (Quercus humilis-eko) ezkurrak erabiliko dira, gutxienez ezkur bat 4 metro karratuko.

e) Egin gabe dauden neurri zuzentzaileak 2003ko martxoaren 31 baino lehen eginen dira.

f) Urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretuarekin bat, harrobiaren lehengoratze plana eginen dela bermatzeko, sustatzaileak abal solidario bat aurkeztu beharko du Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuan, uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuan horrelako kasuetarako ezarritakoari egokitua, edo, bestela, diru bidezko fiantza bat, lehengoratze planaren aurrekontuaren adinakoa (2002rako eguneratua: 92.200 euro). Hori Altsasuko Udalean egiaztatu beharko da, Udalak irekitzeko lizentzia eman aurretik. Berme hori bost urtetik behin eguneratuko da, kontsumoko prezioen indizearen bilakaeraren arabera.

g) Ingurugiroa Zaintzeko Programan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean aurreikusitako jarduerez gain, ondoko hauek sartuko dira:

1. Dardaren neurketak eginen dira urtero, ustiategitik hurbilen den etxebizitzan. Lehen neurketa 2002ko abenduaren 31 baino lehen eginen da.

2. Tratamendu plantetako hauts iragazkietatik zenbat hauts irteten den neurtuko da urtero. Horri buruzko lehen txostena 2022ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztuko da, eta instalazio guztia ongi dabilela berariaz ziurtatu beharko da.

3. Urtero, urtarrilaren 30a baino lehen, hurrengo urteko lanen plana aurkeztuko da eta, horrekin batera, berritze planarekin duen koordinazioa.

4. Erregistro Liburu bat izanen da, honakoak biltzeko: dardara neurketen emaitzak, irtetzen den hautsaren neurketak, hondakinak ateratzeko lanak, dekantazio baltsak garbitzekoak, egindako leherketen datuak (lehergai kopurua, kokalekua, e.a.) eta ustiapenean izandako gorabeherak.

h) Ke, gas, lurrin eta hautsen jaulkipenari dagokionez, Atmosfera Babesteari buruzko Legean eta horrekin bat datorren arautegian ezarritakoari jarraituko zaio.

i) Aspertsiozko ureztaketarako ura 1 eta 2. dekantazio baltsetatik hartuko da. Alzania ibaitik behar denean baino ez da urik hartuko, baimena lortu ondoren betiere.

j) Isurketa eta hondakin solidoei dagokienez, udal ordenantzetan eta arau indardunetan ezarritakoari jarraituko zaio.

k) Makinen mantentze lanek sorturiko hondakin likidoak (olioak etab.), kudeatzaile baimenduaren bidez deseginen dira.

l) Hots eta dardarak: ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15, 16 eta 18. artikuluek dardaren hots mailei eta funtzionamenduari buruz ezarritako baldintzak beteko dira.

m) Leherketa bakoitzean erabiltzen den lehergai kopurua ez da izanen aurkezturiko dokumentazioan kalkulaturiko gehienekoa baino handiagoa, eta dardaren maila ezin daiteke izan 5 mm/seg.tik gorakoa jendea bizi den eraikinetan.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betearazteko Erregelamenduaren 22. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Ebazpen hau sustatzaileari, Industri Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuari eta Altsasuko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren bian.-Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren azalpena

"Atabo" harrobia kareharrien ustiategi bat da, eraikuntzarako eta herrilanetarako erabiltzen diren agregatuak ateratzen dituena. Sakana, Araba eta Gipuzkoako bezeroak ditu eta meatzeen sailkapeneko A Sailean dago. Altsasuko udaletxean dagon (Nafarroa), Madril-Irun N-1 errepidearen ondoan, 400 k.p.an eta Altsasutik 2 kilometrora.

Altsasuko Udalak eta Lázaro Echeverría S.A. enpresak hitzartutako kontzesioa da, hasierako kontratuan, 1994ko hasieran berritua. Ustiategia martxan egon da azken 40 urteetan, aire zabaleko ateratze lanetarako eta agregatuak eraldatzeko prozedura berei eutsirik. Harrobi horrek biltze eremu batzuk ditu, hala nola hormigoiak fabrikatzeko instalazio bat, harria birrindu eta merkataritzako granulometriara txikitzeko eta merkataritzan modu orekatuan aritzeko behar diren izakinak. Gainera, bi zulagailu pneumatiko, pala kargatzaileak, iraulkiak eta makinak zaindu eta mantentzeko tailerrak eta materialak ditu.

Ustiapenaren frontea erdi maldan hasi zen eta ustiatzeko modua, berriz, alboko aitzinapena izan da; izan ere, ustiatu den eta ustiatzeko dagoen lurra Ataboko irtengune morfologikoaren luzera osoan hedatzen den kareharri-zerrenda bat baita. Plazak 4 ha-ko azalera du eta kilometro bateko luzera. Etorkizunean, 10,8 ha-ko azalera eta 1,650 km gehiago izanen dituela uste da.

Ustiatze modua banku bakarrekoa da; sortu den frontea irtengunearen isurialdean egin dena da, kareharrien zerrenda ia osorik aprobetxatzen duena N 110º E norabidean, 625 eta 700 koten artean; operazio-basea harrobi plaza bakarra da, N 600.

Zerrendaren banku bakarreko ustiapenaren ezaugarriak direla eta, horien ondorioz kareharrien geruza bat, 6-8 m lodi, ustiatu gabe uzten baita, ustialekua bere iparraldeko isurialdearen ondoan dagoen tuparri geruzaz babesteko, alboko aitzinatzearen sistemak bide ematen du kareharria modu erregular eta seguruan ateratzeko, eta aprobetxamendua ia osoa da.

Leherketak bankada bakarrean kokaturiko frontean egiten dira; bankada bi zatitan banatua da, goikoa eta behekoa, eta leherketak segidakoak dira. Ondoko lehergaiak erabiltzen dira: Nagolita eta Goma 2 EC. Barreno-zuloen mota eta sakonera ez da 80 m baino gehiagokoa eta maldaren hegoaldeko isurialdean egiten dira, plano hastialarekiko perpendikularra bilatuz. Horrela, kareharrien estratifikazioa modu normalean zeharkatzen da eta haustura koefiziente egokiagoa lortzen.

Proiektatutako harri zatiak ustiapenaren zulora bideratzen dira. Leherketen ondoko isurtzeak zulo aldera botatzen dira, plazaren basearen gainean, brozel-kamioietan edo pala kargatzaileetan zamatzeko behar den altuerarekin.

Ekoizpen prozesua ondokoa da: frontearen leherketa, materialak plazaren basean pilatzea, pala kargatzailearen bidez brozel-kamioian zamatzea, biltegiratze primarioa, birrintze primarioa, tratamendu sekundarioa (errotetan txikitzea) eta dardara bidezko bahetzeak, nahi diren granulometriak lortzearren.

N-1 errepidetik ustialekura joateko, bi norabide dituen pista zabal bat dago, ikuspen onekoa. Hortik plazara joateko, errei bakarreko pista bat dago, arauen araberako maldak dituena.

II. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren laburpena

Lázaro Echeverría S.A.k "Atabo" kareharri harrobia handitzeko sustatu duen proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean (I.E.A.), ongi azaldurik daude jarduera egiten den alderdiaren ingurumenari buruzko elementuak, bai ingurune fisikokoak (inertea eta biotikoa), bai sozio-ekonomikokoak. Halaber, azterlan horretan ustiategian egiten diren ekintzen eta haien eraginaren azalpen zehatza egin da. Hortik abiatuta, proiektuko ekintzek ingurumenean sortuko dituzten eraginak finkatu, eta azaldu dira. Gero, neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk ezarri dira, bai eta Berritzeko Plan bat, aurrekontua eta guzti, eta Ingurumena Zaintzeko Programa bat ere.

I.E.A.n balorazio bat egin da ustiategirako alternatiba teknikoari buruz, Industria eta Meatzeetako Departamentuaren gaur egungo arauei jarraikiz egin den horri buruz. Alternatiba horren arabera, gaur egun dagoen frontea luzetarako hiru bankadatan banatuko da. Egun dagoen banku bakarreko sistemarekin alderatu da, bakoitzaren egokitasun tekniko-ekonomikoa eta segurtasunean eta ingurumenean izanen dituzten eraginak baloratzeko. Kontuan harturik meategiaren ezaugarriak, uste da egungo sistema dela egokiena. Handitzea sistema horri jarraikiz eginen da, behar den baimena lortu ondoren.

1999ko otsailaren 24an, Ingurumen, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak agiri batzuk eskatu zizkion sustatzaileari, "Atabo" kare-harrobiak ukituriko eremuak integratzeko.

99/06/15ean, erregistroko sarrera zenbakia 1999/12047, sustatzaileak agiri osagarriak aurkeztu zituen errekerimendu horri erantzun eta erreklamatutako 6 puntuak azaltzeko.

1. Ureztapen finkorako azterlana eta aurrekontua aurkeztu ditu (eskuzko ureztapen sistema eta lurrazpiko sarea). Ustiategian hauts produkzioa urria dela baloratu da.

2. N-1 errepidearen ondoan dagoenez, alegatu da ezinezkoa dela haren birlandatzea. Eginen den Madril-Frantzia autobiatik ez dela ikusiko esaten da.

3. Meategiari eta ustiatze moduari dagozkien arrazoiengatik, gainaldeari metro batzuk kentzearen ondorioz, materialak desorekatuko dira eta kareharrien erauzketa tuparriekin kutsatuko. Bestalde, bai ustiategi barruko eta inguruko segurtasun arrazoiengatik (trafikoa, maniobrak, aurretiko leherketen ondoriozko jaurtiketak), bai arrazoi ekonomikoengatik (meategiaren bizitza murriztea), ezinezkoa da 10-15 metroko plataforma egitea. Harrobiak paisaian izanen duen eragina bertako gailur naturalek dutena bezalakotzat hartzen da. Gainaldea landareztatuz gero, uste da gaizki geldituko dela.

4. Gaur egun dauden dekantazio baltsen eraginkortasuna ontzat hartu da eta aurreikusten diren handitzeen neurriak azaldu dira. Kontuan hartu dira gaur egungo egoera eta istripuz gerta litezkeen supersaturazioak.

5. Lehengoratzeko aurrekontuari 2.771.250 pezeta (16.655,55 euro) gehitu zaizkio (guztira 14.028.636 pezeta/84.313,80 euro), instalazioen eraispena hobeki tratatu delako eta baterako prezioak eguneratu direlako.

6. Zainketa Programa bat ezarri da, eta bertan mantentze, zainketa eta seinalizazioko ohiko neurriak eta dardaraen, aire uhinaren, zarataren eta hautsaren kontrol ofizialerakoak sartu dira.

Eraginak harrobiaren jardueraren fase guztietan baloratzen dira: lanen hasieran (erauzketa, leherketak eta azpiegiturak sortzea), eragiketak (zama-lanak, garraioa, birrintzea, biltzea), instalazioen mantenimendua, jardueren bukaera eta lehengoratzea; neurri zuzentzaileak ere proiektuaren ataltzat hartu dira.

1.-Ingurumenaren gaineko eragin nagusiak, I.E.A.n bilduta daudenak:

Hasiera fasean, atmosferaren gainekoa bat-batekoa eta jasangarria da. Eragiketen fasean moderatua da. Uren gaineko eragina ere jasangarritzat jo da, hasiera eta eragiketen faseetan txikia delako.

Lurzoruaren eta topografiaren gaineko eragina larritzat jo da hasiera fasean eta moderatua eragiketen fasean. Lehengoratzearen ondoren moderatua eta jasangarria da. Higadura prozesuen gainekoa moderatua da.

Hasierako faseko dardaraen eragina puntuala, txikia eta aldian-aldikoa dela uste da, eta, hortaz, moderatua. Eragiketa fasean jasangarria da.

Landarediaren gaineko eragina kritikoa da, hariztiaren galera konponezinarengatik. Utzi eta lehengoratu ondoren, berriz, moderatua da. Iparraldeko pagadiak bere horretan iraunen du, ustiapenak ez baitu ukitzen. Eragiketen faseko hautsaren eragina jasangarritzat jo da. Instalazioek eragin moderatua dute landareen gainean.

Faunaren gaineko eragina larria da espezie babestu batzuen kasuan, baina eragin lokalizatua eta etena da, eragotzitako animaliak beste toki batean jartzeko bidea ematen duena. Utzi ondoren geratzen den hutsunea birkolonizatuko da. Eragiketen fasean eragina moderatua da, sortzen diren hautsa eta zaratengatik.

Paisaiaren gaineko eragina larria-moderatua da, ustialdian eten bat dagoelako erdi-maldan eta ustiapena bukatu ondoren, efektu bisuala eremu horretako harri formazioenaren antzekoa izanen da. Bideak egiteak eragin larria ekarriko du. Kontuan harturik harrobi-plazaren berezko pantailatzea, eragiketen faseko paisaiaren gaineko eragina moderatua-larria da, eta lehengoratu ondokoa, berriz, jasangarria. Instalazioek eragin modeatua ekarriko dute.

Eragin sozio-ekonomikoa positiboa eta jasangarria da.

2.-Neurri zuzentzaile nagusiak:

Hautsaren eta gasen eragina zuzentzeko ondoko neurri hauek hartuko dira: brozel-kamioien abiadura motelduko da, dutxa hotzak paratuko dira produktuak transferitzeko tokietan, sekundarioko makinak osorik itxiko dira goiko kanpai librearen bidez, hautsaren maila onargarriak lortzeko behar diren neurri teknikoak hartuko dira, entitate espezializatuek lantokiak kontrolatuko dituzte, ureztapen finkoa jarriko da biltze eremuetan eta ibilgailuak ibiltzen diren aldeetan, azken produktuetarako kamioiak ureztatu edo dutxatuko dira eta makina eta ibilgailuak zainduko dira.

Makina berri bat jartzen denean, kontrolatu eginen da zarata-emisioaren maila eta, hala behar izanez gero, sorburua isolatuko da. Leherketen bat-bateko zarata kontrolatzeko, lurraren gaineko danbada-kordoia estaliko da eta ahalik eta gehiena luzatuko da mikroatzerapenen segida.

Baltsak, errekak eta kanalizazioak aldian behin kontrolatu eta garbituko dira eta lurrak destrinkotuko dira, isurketari laguntzeko. Dekantazio baltsak handituko dira.

I eta H ezponden eta abian den frontearen egonkortasuna bere horretan mantenduko da. Ustiapena planifikatuko da ustialekuaren peko belardietan isuri edo jaurtiketarik ez izateko. Lurra destrinkotuko da hala behar izanez gero. Leherketen segida egokituko da aire-uhina murrizteko eta aldian behin neurtuko dira dardarak eta aire-uhina. Leherketek istripurik sor ez dezaten, trafikoa moztuko da N-1 errepidean, harrobiaren inguruko zatian.

Landare-hesi bat jartzearen ondorioz, tratamendu planta eta biltze eremua ez dira N-1 errepidetik ikusiko.

3.-Ingurumena Zaintzeko Programa.

-Hautsaren, zarataren, dardaren eta aire-uhinaren urteko kontrol ofiziala. Dardaren urteko neurketak eginen dira ustiapenaren frontetik hurbilen dagoen etxebizitzan eta gauza bera eginen da tratamendu plantako hauts-iragazkien emisioei buruz.

-Urtero, hurrengo urteko zereginen plana aurkeztuko da, eta Lehengoratze Proiektuarekin dituen loturak azalduko.

Erregistro Liburu bat izanen da, honakoak biltzeko: neurketen emaitzak, hondakinak ateratzeko eta dekantazio baltsak garbitzeko lanak, egindako leherketen datuak (lehergai kopurua, kokalekua, e.a.) eta ustiapenean izandako gorabeherak.

-Azpiegiturak eta instalazioak mantentzeko lanak, hala nola ezpondak egonkortzekoak eginen dira, neurri zuzentzaileetan azaldu bezala. Ibilgu publikoetara egiten den transferentziaren uhertasunaren ohiko kontrola ere eginen da.

-Leherketak egiteko proiektuan ezarritako neurriak eta proiektuan azaldutako Meatze Segurtasunerako Plana beteko dira.

-Jendearentzako eta langileentzako informazio eta agintze seinaleak jarri eta zainduko dira.

4.-Lehengoratze Plana.

Epe laburrean, dekantazio baltsen perimetroko 2 metroko zerrenda batean belarkien nahasketa bat landatuko da, 20 gr/m2, (Lolium perenne % 40, Poa annua % 20, Agrostis capilaris % 15 eta Trifolium repens % 25). Bi lerro zentrokidetan sahats iluna-Bardaguera motako zuhaitzak (Salix atrocinerea) landatu eta ongarrituko dira. Landare hesi bat landatuko da N-1 errepidetik, tratamendu planta eta biltze eremua ez ikusteko (neurri zuzentzaileen artean ere sarturiko ekintza).

Epe laburrean (12 urte bitarte), 0,8 hektareatan jardunen da, ustialekuko mendebaldean, eta epe luzean (12-20 urte), 10 hektareatan, plazako mendebaldean, kontzesioa bukatzen denean.

Lur ekarpenak eta birlandaketa egiteko, plaza lur begetaleko geruza batez, 30 cm lodi, estaliko da eta udaberrian edo udazkenean landatuko da belarkien nahastura batekin (30 gr/m2), ongarria eman eta ureztatu eginen da (1 l/m2). Ondoko hazien nahasketa erabiliko da: Lolium perenne (% 20), Festuca rubra (% 35), Agrostis capilaris (% 10), Trifolium repens (% 5) eta Medicago lupulina (% 20). Quercus humilis ezkurrak erantsiko dira, ezkur bat 4 metro karratuko.

Epe luzean, egiturak erautsi eta kentzea aurreikusi da, hala nola lurra iraultzea, okupazioaren ondoren ingurumenaren aldetik egokitzeko.

Iragarkiaren kodea: A0204406