60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko apirilaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Jurramendiko Mankomunitatearen Ipar-mendebalderako Ur Horniduraren Proiektua, Jurramendiko Mankomunitateak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta jendaurrean jartzen duena, hilabete batez.

2002ko otsailaren 15ean, Jurramendiko Mankomunitateak Jurramendiko Mankomunitatearen Ipar-mendebalderako Ur Horniduraren Proiektua aurkeztu du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, ingurumen eta hirigintza aldetik behar diren baimenak lortzearren.

Proiektuaren helburua 27 herritarako ur-hornidura segurtatzea da, kalitatez eta kantitatez, izan ere hornidura hori, gaur egun, iturburu txiki batzuetatik egiten da, baina osasun egoera eskasekoak dira, eta gorabehera handikoak agorraldietan.

Bestalde, horniduraren banaketa hobetu nahi dute Mankomunitatearen menpeko eremu osoan, etorkizunean eskaera handituz gero, erantzun ahal izateko, eta Lizarra-Aiegiko hornidura ere bermatzeko, eskualde horren egungo hornidura sistemak huts egiten badu.

Orobat, ur hornidura segurtatzearekin batera, Proiektuak eskualdeko industria, turismo eta aisialdiaren sektoreen garapen ekonomikoari lagunduko dio.

Espedienteak proposatu den instalazioaren interes publikoa eta onura soziala justifikatzen du.

Proiektaturiko azpiegitura honako udalerri hauen lurrak hartuko ditu: Mendaza, Piedramillera, Mues, Sorlada, Antzin, Legaria, Oko, Murieta, Abaigar, Metauten, Iguzkitza, Allin, Aiegi eta Lizarra.

Nagusiki, hodiak zereal-alorretan barna joanen dira, basobera, artadi eta ibai-bazterretako landaredi batzuk kenduta. Orobat, hainbat bide, errepide eta ibai-bide gurutzatzen ditu.

Proiektaturiko sareak elementu ezberdinak ditu: ur-hodiak, eraikinak eta kanalizazio elektrikoak.

Ur hoditeria berria, guztira, 41.836 metro luze da. Honako tarte-hauek proiektatu dira: "Mendaza P-2" izeneko putzutik abiatuko den hodia, hegoalderantz, egungo sarearekin bat egin arte; Antzingo erregulazio-biltontzitik Itxakoko hodira arteko tartea; hortik abiatu eta Iratxe auzoberritik hurbil eginen den biltontzirainoko hodia; Iratxeko biltontzi berritik Aiegiko goi-alderainoko tartea; hortik Lizarrako Merkatondoa industrialderainoko hodia; Labeagako errepideko bidegurutzean dagoen 400 mm-ko hodi nagusitik abiatuko den adarra, Ganuzako erregulazio-biltontzi berriraino; hornidura hodi horretatik Metautengo ibarrerainoko adarrak, zehazki, Zufia, Arteaga, Metauten eta Ollogoienera; 400 mm-ko hodi nagusitik Labeagan dagoen biltontzirainoko adarra eta, azkenik, Murietan, 400 mm-ko hodi nagusitik abiatuta, Murieta, Antzin, Mendilibarri eta Mendilibarri-Murietako biltontzi berria hornituko dituen adarra.

Proiektuan zazpi eraikin berri egitea aurreikusi da, biltontziak eta ponpaketa estazioak, hain zuzen. Hona proiektaturiko eraikinak: Murietako biltontzia, Metautengo biltontzia, Ganuzako biltontzia, Mendazako biltontzia, Ganuzako biltontzirako ponpaketa, Iratxeko ponpaketa eta Mendazako ponpaketa.

Argindarraren linea berriak lur azpitik proiektatu dira. Honako tarte hauek proiektatu dira: Ganuzako erregulazio-biltontzitik Ganuzako herriguneraino, behe tentsiokoa; Ganuzako erregulazio-biltontzitik Ollobarrendik hurbil dagoen Ganuzako ponpaketa estaziora, behe tentsiokoa; Mendazako ponpaketa estaziotik Mendazako erregulazio-biltontziraino eta hortik Mendazako herriguneraino, behe tentsiokoa; eta Iratxeko ponpaketa estaziotik eta biltontzitik Iratxeko kanpineraino, behe tentsiokoa.

Obrak egiteko 24 hilabete aurreikusi dira eta aurrekontua, obraren exekuzio guztia, lansariak eta kalteordainak barne, 12.485.876,45 eurokoa da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko apirilaren 17an emandako txostena kontuan harturik eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Jurramendiko Mankomunitatearen Ipar-mendebalderako Ur Horniduraren Proiektua, Jurramendiko Mankomunitateak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean ezarritako ondorioetarako.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta proiektaturiko instalazioek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia ematea, egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal ditzaten. Bi izapide horiek aldi berean eginen dira eta hilabete bat iraungo dute, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik hasita.

Horren ondorioetarako, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan egonen da ikusgai (Alondegi kalea, 1, 2. solairua).

3. Sustatzaileari adieraztea, espedientea onetsi aurretik, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiak 2002ko apirilaren 12an emandako txostenean, zehazki, "hirigintza eta lurralde zehaztapenak" eta "ingurumen arloko zehaztapenak" izeneko ataletan ezarritakoa justifikatu eta, beharrezkoa bada, zuzendu beharko duela. Txosten hori espedienteari erantsi zaio. Gainera, honako erakunde hauen txostenak aurkeztu beharko ditu:

-Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarena, zirkulazio bideen gaineko eraginari buruzkoa.

-Hezkuntza eta Kultura Departamentuarena, ondare historikoaren gaineko eraginari buruzkoa.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena, ureztaketa-lurren gaineko eraginari buruzkoa.

-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuarena, altxonbide eta babestutako mendien gaineko eraginari buruzkoa.

4. Deklarazio hau eginda ere, proiektua burutzeko behar diren baimen guztiak lortu behar direla adieraztea.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Jurramendiko Mankomunitateari eta Mendaza, Piedramillera, Sorlada, Antzin, Legaria, Oko, Murieta, Abaigar, Metauten, Iguzkitza, Allin, Aiegi, Lizarra eta Muesko udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0204746