60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko apirilaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Urrobiko Industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Erroibarko Udalak sustatua, jendaurrean jarri eta ukituriko toki entitateei entzunaldia ematen diena.

Erroibarko Udalak Urrobiko Industrialdeko (Aurizperrin) Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Hirigintza Arauen 15. artikuluaren bigarren lerroaldea kentzea eskatu du, honela dioena: "bulego eta etxebizitzetarako lokalen aurrealdeek bide publikora emanen dute, kasuan kasuko lurzatiaren nahitaezko lerrokaduran".

Lerroalde hori kentzeko argudiatu du arau horrek zenbait industriaren garapenerako arazo larriak ekarriko dituela, aurrealdean bi ate handi behar baitituzte materialak sartu- ateratzeko.

Proposamena aztertu delarik eta kontuan harturik funtsean formala den zehaztapen batek industrialde horretan industriak ezartzeko aurreikuspenak baldintzatu ditzakeela, aski justifikatua dagoela ondorioztatu da. Bulegoak -edo instalazioari loturiko etxebizitza- zein tokitan jarri enpresaburuaren esku uzten da, garatzen duen jardueraren behar funtzionalen arabera.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko martxoaren 26an emandako txostena kontuan harturik eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikagarri diren gainerako arauak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. Urrobiko Industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Erroibarko Udalak sustatua, jendaurrean jartzea eta ukituriko eremuko toki entitateei entzunaldia ematea. Bi izapide horiek aldi berean eginen dira eta hilabete bat iraungo dute, gutxienez.

Horren ondorioetarako, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan egonen da ikusgai (Alondegi kalea, 1, 2. solairua), epe horretan interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Urrobi Partzuergoari eta Erroibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0204743