60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

440/2002 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "A-15 Nafarroako Autobidean Tafalla hegoaldeko lotunea partez berritxuratzea" izeneko proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat eman eta behin betikoz onesten duena.

Otsailaren 28ko 234/2002 Ebazpenaren bitartez, onespen teknikoa eman zitzaion "A-15 Nafarroako Autobidean Tafalla hegoaldeko lotunea partez berritxuratzea" izeneko proiektuari, eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zen. Zerrenda hura 2002ko martxoaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara (32. zk.).

Ebazpen haren bidez ukituriko ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedurari ekin zitzaion eta proiektua jendaurrean paratu zen, bidezkotzat jotzen ziren ohar eta alegazioak aurkez zitezen.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi du alegazioak aurkezteko epean hauek hartu direla:

1. alegazioa.-Luis Valero Erro Tafallako Udaleko alkate-udalburuak aurkeztua, Udalaren izenean:

1. Alegazioaren 1. puntuan aipatu da aurkeztutako dokumentazio grafikoaren bidez ezin direla baloratu proiektuak Tafallako udalerriarentzat dituen ondorioak, desjabetzapenen planoa besterik ez delako.

2. Udalaren ustez, 2. puntuan ageri diren gaietan ez da konponbide egokirik eman. Zehazki:

a) N-121 errepidearen parez pare luzatzen den sakan txikia estaltzea; planoan ez da baloratzen sakan osoa estali beharra, eta ez partzialki bakarrik.

b) Planoan ez dago eremu hori argiztatzeari buruzko informaziorik; eremua bide lotunea ez ezik bi industrialderekin elkartzeko gunea ere badenez, Udalak uste du beharrezkoa den argia jarri behar dela bertan.

c) Lotunea berritxuratzeko proposamenean ez da aipatzen lotunearen ondoko industrialdeetan dagoen bigarren mailako bidearekin koordinatu beharra, trafikoa zuzentzeari begira.

Erantzuna:

1. Eraikuntza proiektua jendaurrean jarri da, eta behar besteko informazio idatzi eta grafikoa ematen du egin nahi den obra osorik deskribatzeko.

2.a) N-121 errepidearen ondoko sakan txikia estaltzea.

Glorieta berritxuratzeak ez du inolako ondoriorik izanen sakanean, lehendik estalita dagoelako. N-121 errepidearen eremuan eginen den lana oraingo glorieta berritxuratzea besterik ez da; toki berean jarriko da eta ez dira ukituko aipatu sakan/arekaren beste tarte batzuk.

2.b) Eremua argiztatzea.

Alegatzaileak kontrakoa adierazi badu ere, berritxuratutako glorietako argiak proiektuko 9.1 eta 9.2 planoetan ageri dira.

2.c) Industrialdeko bidearekin koordinatzea.

Biribilgune berria industrialdeko bide biltzailearekin elkartuko da, biribilgunearekin zuzenean lotuta. Tafalla aldetik etorrita industrialdean sartzeko bidea orain dagoen bezala utziko da, alboko adar zuzen baten bidez, biribilgunetik pasatu behar izan gabe. Beste toki batzuetatik iristen diren ibilgailuek bide biltzaile horretan sartzeko biribilgunea erabili beharko dute; industrialdetik irteteko ere erabili beharko da. Beharbada alegatzaileak esan nahi du proiektuan ez dela aipatzen jada egina dagoen bide biltzaile horren gaineko jarduketarik; esan behar da hori ez dela proiektu honen xede. Laburbilduz, industrialdearekin lotzeko modua proiektuan azaldu da eta espresuki adierazi proiektatutako seinalizazioan.

2. alegazioa.-Jesús M.ª Pérez Leoz jaunak, Víctor Pérez S.A. ordezkatuz, honako hau alegatu du:

"Nafarroako Autobidean Tafalla hegoaldeko lotunea partez berritxuratzea" izeneko proiektuan ez dela jaso errepidearen (Zaragozaranzko norabidean) eskuinaldean eta haren parez pare luzatzen den erretena estali eta kanalizatu beharra. Erretena Barranquieleko industrialde osoaren aurrealdetik pasatzen da, "La Tafallesaren" instalazioetatik Auto Tafalla (Nissan) arte.

Erantzuna:

Glorieta berritxuratzeak ez du ukituko aipatu erretena. N-121 errepidearen eremuan aurreikusita dagoen lana bertako glorieta berritxuratzea besterik ez da; oraingo toki berean jarriko da berriz, eta ez da ukituko sakan/arekaren beste tarterik.

Proiektua hirilurrean gauzatuko denez, landa eremuan ez da aldaketarik eginen eta, beraz, ez da ingurumena ukituko.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi eta proposatuarekin bat, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/1999 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenak erabiliz eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedaturikoarekin bat, Zuzendaritza Nagusi honek,

EBATZI DU:

1. "A-15 Nafarroako Autobidean Tafalla hegoaldeko lotunea partez berritxuratzea" izeneko proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat ematea, ebazpen honen azalpen zatian alegazioei emandako erantzunetan adierazitakoarekin bat.

2. "A-15 Nafarroako Autobidean Tafalla hegoaldeko lotunea partez berritxuratzea" izeneko proiektua behin betikoz onestea. Haren kontrata bidezko aurrekontuak 1.137.438,00 euro egiten du.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitara ematea.

4. Ebazpen honen berri ematea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari, Tafallako Udalari, Audenasari eta alegaziogileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita seian.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: a0204858