55. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Deialdia, Tuterako Udaleko udaltzain izateko hamar lanpostu oposizio bidez betetzeko

Alkatetzaren 2002ko apirilaren 5eko 41-P zenbakiko ebazpenaren bidez onetsitako oinarriak.

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udaltzaingorako 10 udaltzain lanpostu oposizio bidez betetzea ondoko txanda hauetan banaturik:

a) Bortz lanpostu txanda librean.

b) Bortz lanpostu txanda murriztuan.

Igoera txandako lanpostu hutsak bete gabe gelditzen badira izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutienekoa lortzen ez dutelako, txanda irekiari gehituko zaizkio.

Orobat, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda librean, txanda horretako izangaiekin lehia garbian, eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Tuterako Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen dira. Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean izena eta bertan alta emateaz gain araubide horren babespean geldituko dira. Otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legean eta hura garatzeko arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.

1.3. Izangai izendatuek aipatu Foru Legean ezarritakoetatik, C maila izanen dute.

1.4. Izendatuek organo eskudunek haien gain utzitako eginkizunak beteko dituzte, Udaltzaingoari dagozkionak badira.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Izendatuek beren destinoan bertan beharko dute bizi, eta horretarako, Tuterako Udalerrian finkatuko dute egoitza.

2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta 35 urte baino gehiago ez izatea.

c) Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako 2. mailakoa edo baliokideren bat edukitzea.

d) Beren eginbeharra betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean agertzen diren bazterbide medikorik ez izatea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko altuera bederen izatea eta emakumezkoek, berriz, 1,65 metrokoa.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

g) Ibilgailuak gidatzeko B.T.P. eta A motako baimenak izatea.

Igoera txandako izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean, lehen aipatu baldintzez gain, honako hauek ere beharko dituzte bete:

h) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea eta borondatezko zein nahitaezko eszedentzian ez egotea.

i) Lanpostu hutsen maila berekoa edo txikiagokoa izatea.

j) Nafarroako Administrazio Publikoetan bortz urtez zerbitzu egiten ari izana frogatzea.

2.2. Aurreko baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dira, g) letrako baldintza salbu, hori oinarrizko prestakuntzaren ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.3 oinarrian ezartzen den bezala.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Herriko Etxearen eraikina) beharko dira aurkeztu, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, eta azken eguneko 14:00ak arte. Azken eguna baliogabea bada hurrengo egun baliodunera arte luzatuko da epea. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu eta ereduak Tuterako Udaleko bulegoetan biltzen ahalko dira. Haietan, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean oposizio honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek.

3.2. Eskabidearekin batera, ziurtagiri mediko ofiziala beharko dute aurkeztu, izangaia 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gai dela dioena.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, jaun alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta akatsik egin badute, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik eta behin horiek ebatzita daudela, jaun alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. oinarria.-Oposizioa nola eginen.

5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean finkatuko da zein toki, egun eta ordutan hasiko diren oposizioaren ariketak. Horiek deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabetera hasiko dira. Lehenengotik aurrerako probetarako iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe jarriko dira jendaurrean, baita Herriko Etxeko iragarki oholetan ere, betiere, proba egin baino 48 ordu lehenago.

5.2. Oposizioak urrats hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapenaldia, ondoko proba hauekin:

Altueraren neurketa:

Probak hasi baino lehenago, izangaien altuera neurtuko da, 2.1.e) oinarriko baldintza frogatzeko.

A) Lehen proba.

1. eranskinean agertzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertu eta puntuatzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko duen ordenan eginen dira ariketak eta egun bakarrean edo gehiagotan egitea erabaki dezake.

Edozein izangai antidoping kontrola egitera behartuta egonen da, ariketak egin bitartean edo bertze edozein unetan, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak, dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. "E.A.O."n argitaratua) heldu diren substantzia, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Baztertuta geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

B) Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egitea izanen da:

a) Deialdi honen 2. eranskinetik zozketaz aukeratutako gaiak edo test moduko galderei erantzun edo biak batera egin beharko dira, epaimahaiak zer erabaki eta halaxe.

b) Matematika, Fisika edo Kimikako hamar problema egitea. Horretarako, aski izanen dira Batxilergoan, Lanbide Heziketako 2. mailan edo baliokideren batean hartutako ezagupenak.

c) Ortografiako ariketa bat.

Ariketak epaimahaiak erabakitzen duen ordenan eginen dira. Epaimahaiak berak erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egitea.

C) Hirugarren proba.

Ariketa psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren eskakizunei zenbateraino egokitzen zaizkien zehazteko. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

5.2.2. Hautapenaldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira erraten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

5.2.3. Oinarrizko Prestakuntzaren Ikastaroa.

Oinarrizko Prestakuntzaren Ikastaroak gutienez ere sei hilabete iraunen du eta NAPIren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Hautapenaldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua, eta kopurua ez da deialdiko lanpostuena baino handiagoa izanen.

Prestakuntza Ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangai onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean paratzen denetik hamabortz egun naturaleko epean, izangaiek frogatu egin beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako 2.1 oinarriaren a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela eta Oinarrizko Prestakuntzaren Ikastaroan behin-behinekoz onarturiko izangaien zerrenda argitaratzen denean, oinarri hartako g) baldintza betetzen dutela. Horretarako dokumentazio hau aurkeztuko dute:

-Jaiotze aktaren ziurtagiria, Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

-Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako 2. mailakoa edo baliokidea.

-B.T.P. eta A motetako gidatze baimenen fotokopia konpultsatua.

-Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

Epaimahaiak izangai horien osasun azterketa egiteko agindua emanen du, 3. eranskinean zehaztutako gaitasun fisikoa frogatzeko. Tuterako Udalak zehaztuko du hala behar denean zein medikuntza zerbitzuk eginen duen osasun azterketa hori. Mediku eskudunak sinaturiko txostenean "ez gai" deklaratzen diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du Prestakuntza Ikastarora onartutako izangaien behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangairen batek ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu dituztenen artean puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, behar den dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondoan.

Lehendakaritza kontseilariaren apirilaren 3ko 40/1996 Foru Aginduak, Nafarroako Segurtasun Eskolaren funtzionamenduaren Erregelamendua onetsi zuen horrek, 1996ko apirilaren 15eko 46. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman baitzen, arautuko du Udaltzainen Oinarrizko Prestakuntzaren Ikastaroa. Ikastaroa uzteak deialdian segitzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Ikastaroak dirauen bitartean, hara onartutako izangaiak Tuterako Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionarioak izanen dira, erregelamenduz dagozkien dirusariak eskuratuko dituzte eta praktiketako funtzionario gisa dagozkien gainerako eskubideez baliatuko dira.

Prestakuntza ikastaroa amaiturik, NAPIren menpeko Segurtasun Eskolak izangaien kalifikazio proposamena igorriko dio epaimahai kalifikatzaileari.

(Segurtasun Eskolaren Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, ikastaro puntuagarria da eta ikastaroko gaur egungo programak 0tik 800 puntu bitarte finkatu du puntuazioa).

6. oinarria.-Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketa bakoitzaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, 1. eranskinean ezarritako gutienekoak gainditzen diren ala ez. Edozein ariketatan "gai" kalifikazioa eskuratzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.2. Bigarren probako ariketa bakoitzak 0tik 25 puntu bitarte jasoko du. Proba gainditzeko, ariketa bakoitzean 12,5 puntu atera beharko dute, gutienez.

6.3. Hautapenaldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoek 0tik 20 puntu bitarte jasoko dute eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 10 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.4. Gaiak azaldu behar badira, epaimahaikide bakoitzak bere aldetik emanen du kalifikazioa eta ariketaren puntuazio osoa kalifikazio guztien banaz-bertzeko aritmetikoa izanen da.

Epaimahaikideek emandako gehieneko eta gutieneko puntuazioen artean, ariketaren baldintzetan aurreikusi puntuazioaren % 20 baino tarte handiagoa badago, bi muturretako puntuazioak alde batera utziko dira; gainerako puntuazioak erabiliko dira banaz-bertzeko aritmetikoa ateratzeko.

6.5. Prestakuntza Ikastaroak 0tik 700 puntu bitarteko kalifikazioa izanen du. Bazterturik geldituko da ikastaroa osatzen duten alorretariko bat gainditzen ez duen izangaia, Segurtasun Eskolak ezarritako arauen arabera.

6.6. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa oinarrizko prestakuntzaren ikastaroko eta hautapenaldiko puntuazioak batuz ateratzen dena izanen da.

7. oinarria.-Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduketa.

7.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: alkate jauna edo berak eskuordetzen duen zinegotzia.

Mahaikidea: José Angel Santamaría Suso jauna, Tuterako Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Tuterako Udaltzaingoko sarjentu bat.

Mahaikidea: Segurtasun Eskolak proposatutako teknikari bat.

Ordezkoa: Segurtasun Eskolak proposatutako teknikari bat.

Mahaikidea: Tuterako Udaltzaingoko sarjentu bat.

Ordezkoa: Tuterako Udaltzaingoko sarjentu bat.

Mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Idazkaria (hizpidea duela, baina botorik gabe): José Huguet Madurga jauna, Tuterako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Jesús Ollo Idoate jauna, Tuterako Udaleko funtzionarioa.

7.2. Epaimahaia eratzeko, mahaiburuak egin beharko du deia, probak hasi baino lehen.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen bertan agertu gabe.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak ekartzen ahalko ditu, proba guztietarako edo batzuetarako bakarrik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.

8. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, denetara ateratzen duten puntuazioaren ordenan, eta izendapen proposamena igorriko du probak gainditu dituzten izangaien alde.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi eta ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, izendaturiko izangaiek zin egin edo hitz eman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Aipatu epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbertzekoak salbu, zin egin edo hitz ematen ez duena ezin izanen da izendatu.

9. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

9.1. Jaun alkateak Tuterako funtzionario eta udaltzain izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposamenean sartutako izangaiak, baldin eta 8.2 oinarrian xedatutakoa betetzen badute, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izangai izendatuek hilabeteko epean hartu beharko dute karguaren jabetza, izendapena jakinarazi eta hortik aitzina. Izangairen batek, aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbertzekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu, funtzionario izateko.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epearen barnean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkate jaunari zuzendua, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo hilabetean.

Tuteran, bi mila eta biko apiriluaren bortzean. Alkatea, Luis Campoy Zueco.

I. ERANSKINA

Lehenbiziko probaren ariketak

1.-Uretan aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Hasierako posizioa: zutik, igeritokiaren kanpoaldeko ertzean. Urpean igeri egiteko betaurrekorik nahiz bertze tresnarik ezin da erabili, bai ordea, igeri egiteko betaurrekoak.

Nola egin: ateratzeko seinalea entzun ondoren, izangaia uretan murgildu eta 50 metro ur azalean nahiz urpean igerian egitea, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrotara bi metrotan urpean eginen du igeri, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du ur azalean, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriro ere urpean eginen du igeri bi metrotan, eta paretaraino segituko du gero.

Ondokoak izangaiak baztertzeko arrazoiak izanen dira:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haien bidez bultzatzea.

b) Igerilekuaren hondoan indar egitea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean ibiltzeko tartean burua uretik ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dutenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

Gizasemeak: 55"tik goiti. Emakumeak: 58"tik goiti. Kalifikazioa: ez gai.

Gizasemeak: 55" edo gutiago. Emakumeak: 58" edo gutiago. Kalifikazioa: gai

Marka kalkulatuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2.-Erresistentzia proba: Course Navette Testa.

Izangaiek ahalik eta denbora laburrenean korritu beharko dute joan-etorrian 20 metro luzera duen tarte batean, magnetofoiaren bidez agintzen zaien erritmoan. Tarteko bi muturrak markatzen dituzten lerroak zapaldu beharko dituzte izangaiek, seinalea entzuten dutenetik hasita. Birak oin baten gainean buelta emanez eginen dituzte, beti ere lerroa zanpatuz. Magnetofoiak erritmo erregularrean aterako du hotsa; probaren hasieran mantso, baina abiada igoz joanen da emeki-emeki.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia berari dagokion kaletik ateratzen bada.

c) Izangaiak bazterreko lerroak zanpatuz tarte osoa korritzen ez badu.

d) Izangaiak hiru aldiz jarraian ez badu lerroa zanpatzea lortzen seinale akustikoak agintzen dionean (metro bateko margina onartuko da marratik seinaleak jotzen duen unean).

Kalifikazioa: iraganiko aldien arabera emanen da. Grabazioan, izangaia gelditu aitzin, aditzen den azken aldia arte kontatuko da.

Gizasemeak: 10 baino gutiago. Emakumeak: 8 baino gutiago. Kalifikazioa: ez gai

Gizasemeak: 10 edo gehiago. Emakumeak: 8 edo gehiago. Kalifikazioa: gai

3.-Besoetako indarraren testa.

Hasierako posizioa: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak tolestuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinek lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitu gabe. Eskuak hutsik, eskularrurik edo bertze inolako lagungarririk gabe.

Nola egin: helburua da hasierako posizioan eskatzen den gutieneko denboran egotea. Kronometroa abiaraziko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaia baztertzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak tolestzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera emanen dira puntuak:

Gizasemeak: 40" baino gutiago. Emakumeak: 25" baino gutiago. Kalifikazioa: ez gai

Gizasemeak: 40" edo gehiago, Emakumeak: 25" edo gehiago. Kalifikazioa: gai

Denborak hartuko dira ehunenak kontuan hartu gabe.

4.-Gorako jauziaren testa.

Hasierako posizioa: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Nola egin: izangaiak ahal duen jauzirik altuena egin behar du, airean ahalik eta denbora gehien mantenduz, eta zutik erori beharko du plataforma barruan, orekari eutsiz eta punpa egin gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaiaren oin bat edo biak plataformatik kanpora gelditzen badira erortzen denean.

b) Izangaiak plataforma ukitzen badu oinak ez diren gorputzaren bertze edozein atalekin.

c) Izangaiak erortzean punpa egiten badu plataformatik.

Izangaiak nahi dituen saioak egin ahal izanen ditu bi jauzi teknikoki baliagarriak lortu arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

Gizasemeak: 0"57 baino gutiago. Emakumeak: 0"47 baino gutiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizasemeak: 0"57 edo gehiago. Emakumeak: 0"47 edo gehiago. Kalifikazioa: gai

Denbora hartzean milarenak ez dira aintzakotzat hartuko. Kalifikazioa, betiere, plataformak neurtutako denboraren ariora emanen da. Izangaiek jakin dezaten, baliokidetze teorikoen taula hau eransten da, jauzia lortutako garaieraren ariora neurtuta:

Gizonak: 0.39 metro baino gutiago. Emakumeak: 0.27 metro baino gutiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonak: 0.39 metro edo gehiago. Emakumeak: 0.27 metro edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

5.-Zalutasun proba (Barrow testa)

Hasierako posizioa: zutik, zutoinaren ondoan eta irteera-marraren atzetik.

Nola egin: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Zirkuitua zoru lerragaitz baten gainean ezarriko da (porlan zimurtsua, asfaltoa, ez lerratzeko tratamendua duen parkea, etab.). Izangaiek bi buelta eman beharko dizkiote zirkuituari, bata alde batera eta bertzea bertzera (grafikoko A eta B ibilbideak).

Proba baliogabekoa izanen da:

a) Zutoinetako bat botatzen bada.

b) Izangaia ibilbidetik kanpora ateratzen bada.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek osatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

Gizasemeak: 25"8 baino gehiago. Emakumeak: 27"8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizasemeak: 25"8 edo gutiago. Emakumeak: 27"8 edo gutiago. Kalifikazioa: gai.

II. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1.-Europar Batasuna: jatorria eta bilakaera. Europako Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta bertze hainbat organo. Europar Batasuneko zuzenbidea: bere iturriak. Amsterdamgo Ituna: ideia orokorrak.

2.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: bermeak. Auzitegi Konstituzionala. Erregearen betebehar konstituzionalak. Gorte Orokorrak. Estatuaren lurralde antolamendua.

3.-1841ko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta amaiera. Bere edukiaren azterketa. Bere itun izaera.

4.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Lanketa prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

5.-Nafarroako Foru Erakundeak. Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Gobernua edo Diputazioa. Nafarroako Gobernuko Lehendakaria. Erakundeen eskumenak eta osaketa.

6.-Nafarroako Kontuen Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa.

7.-Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

8.-Toki entitateak. Motak eta antolaketa. Toki entitateen beregaintasuna. Toki entitateen eskumenak.

9.-Nafarroako toki entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketa, administrazio eta funtzionamenduari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

10.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua. Egitura eta edukiaren azterketa. Funtzionarioak, estutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

11.-Administrazio xedapen eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Guztiendako administrazio prozeduraren urratsak. Prozedura bereziak.

12.-Administrazio errekurtsoak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

III. ERANSKINA

Baztertze taula

1.-Altuera.

Gutieneko altuera: 1,70 metro gizonezkoek, 1,65 emakumezkoek.

2.-Loditasuna.

Pisu teorikoaren ehuneko 15etik goitiko loditasuna, pisua ondoko formula honen bidez kalkulatua: Pisu teorikoa = (taila cm-tan - 100) x 1,1.

3.-Behin-behineko bazterbideak.

Ondoriorik izaten ahal duten eritasun edo lesio larriak, azterketa momentuan aktiboak, polizi lanetan galarazi edo traba egin dezaketenak. Kasu hauetan, eritasuna nolakoa den eta hautapen prozeduraren arabera, azterketarako bertze epe bat ematen ahalko da.

4.-Behin-betiko baztertzeak.

4.1. Begiak eta ikusmena.

4.1.1. Begi zolitasuna, zuzenketarik gabe, ohikoa den ikusmenaren bi herenak baino guttiagokoa bi begietan.

4.1.2. Keratomia radiala.

4.1.3. Erretina erortzea.

4.1.4. Estrabismoa.

4.1.5. Hemianopsiak.

4.1.6. Diskromatopsiak.

4.1.7. Bertzelako prozesu patologikoak, epaimahai medikoaren ustetan, begi zolitasunari nabarmenki traba egiten diotenak.

4.2. Belarria eta entzumena.

Belarri zolitasunari dagokiolarik, 35 dezibeletan 1.000tik 3.000 hertziora bitarteko galera izatea eta 45 dezibeletan 4.000 hertziokoa.

4.3. Bertzelako baztertzeak.

4.3.1. Ibiltze aparatua: ibiltze aparatuaren aldaketak, polizi lanetan aritzea galarazten badute, edo lanpostuan aritzearen ondorioz, epaimahai medikoaren ustetan, areagotzen ahal direnak (gorputzadarretako hezur patologia, giltzadura edo giharretan sorburu duten uzkurdura edo funtzio mugapenak, bizkarrezurreko okerrak eta bertzelako hezur, gihar edo giltzadurako gaitzak).

4.3.2. Digestio aparatua: epaimahai medikoaren ustetan, lanpostuan aritzea galarazten duen edozein digestio-gaitz.

4.3.3. Bihotz-hodietako aparatua. Edozein motatako arteri hipertentsioa, lasai egonik honek ez baitu presio sistolikoan 145 mm/Hg zifratik goiti egin behar ez eta presio diastolikoan 90 mm/Hg zifratik goiti ere; barizeak edo azaleko zainen gutiegitasuna, baita edozein patologia edo zirkulazio-gaitz ere, epaimahai medikoaren ustetan lanpostuan aritzea galarazten badute.

4.3.4. Arnas aparatua: bronkioetako asma, bronkopatia kroniko trabatzailea, biriketako tuberkulosi aktiboa, eta arnas aparatuko edozein gaitz, polizi lanean aritzea eragozten badu.

4.3.5. Nerbio-sistema: epilepsia, depresioa, txaketenak, edozein motatako daldarak, alkoholismoa, toxikomaniak eta polizi lanean aritzea eragozten ahal duten bertzelako gaitz patologikoak.

4.3.6. Larrua eta fanerak: psoriasia, ekzema, funtzio murriztapena dakarten orbainak eta bertzelako gaitz patologikoak, polizi lanpostuan aritzeko galarazi edo mugatzen badute.

4.3.7. Bertzelako gaitz patologikoak: diabetea, aktibo dauden eritasun kutsakorrak, sexu bidezko eritasunak, eritasun inmunologiko sistemikoak, intoxikazio kronikoak, hemopatia larriak, sortzetiko malformazioak, psikosiak eta epaimahai medikoaren ustetan polizi lanpostuan aritzea galarazi edo oztopatzen duten bertzelako prozesu patologikoak.

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................., N.A.N.: ........, helbidea: ..........., karrika: .........., zk.a: ...., solairua: ....., telefonoa: ...........

Azaltzen dut:

Tuterako udaltzain izateko 10 lanpostu betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskabide honi osasun ziurtagiri ofiziala eransten diodala, non frogatzen baita gauza naizela deialdian adierazitako proba fisikoak egiteko.

Eskatzen dut:

Eskabide hau denboraz eta moduz aurkeztua izanik, onartua izan nadila udaltzain lanpostuak betetzeko oposizio horretan.

........(e)n, 2002ko .......aren .....(e)an

TUTERAKO UDALEKO JAUN ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: A0204323