55. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Tuterako Udalaren lantaldeko zerbitzuetako ofizial izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia (Alkatetzak apirilaren 15ean eman 2/2002 ebazpenaren bidez onetsiak)

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udalaren lantaldeko zerbitzuetako ofizial izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Lanpostua, D mailakoa baita, maila horri dagozkion lansariez hornituko da, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan xedatutakoari jarraituz. Horrez gain, hartan aritzeko izendatzen denak Tuterako Udaleko langileei eta plantilla organikoari buruz egungo xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

1.3. Izendatzen den izangaiak Tuterako Udal mugapean bizi beharko du, eta hortaz, bertan izanen du benetan bizilekua.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara moldatuko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

1.5. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatua, lanpostuaz jabetzen denetik eta ondorio guztietarako. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta bertan alta hartuko, abenduaren 30eko 13/1993 Foru Legeak ezarri bezala.

2.-Bete beharreko eginkizunak.

-Askotariko zerbitzuak, obra-lantaldeak berezko dituen jarduerekin ikusteko dutenak, bereziki sail hauetako lanak: zurgintza, metal arotzia, sarrailagintza, oinarrizko kristalgintza, oinarrizko elektrizitatea, oinarrizko iturgintza, soldadura...

-Ibilgailuak eta makineria gidatzea eta maneiatzea (furgoneta, dumperra, konpresorea...).

-Hiri altzariak jarri eta artatzea: zutoinak, seinaleak, farolak, jarlekuak, iturriak eta abar.

-Apaindurak, horma-iduriak eta gainerako apaingarriak jartzea.

-Altzariak eta tresnak tokiz aldatzen laguntzea.

-Eszenategiak, hesiak eta jaietako nahiz ekitaldi publikoetako gainerako elementuak jartzen laguntzea.

-Bere maila eta kategoriaren barnean manatzen zaizkion gainerako guztiak.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nazionalitatez espainiarra izatea edo Europako Batasuneko beste edozein Estatutakoa, edo Europako Batasunak egin eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera izaten ahal diren Estatuetakoa.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea, edo hura lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

d) Eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, ez eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ere.

f) B kategoriako gidabaimena.

3.2. 4. oinarrian xedatutakoa salbu, probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek egiaztatu beharko dituzte aurreko beharkizunak, deialdiko 10. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako betetzen dituztela ulertuko da, baita oposizioaldian zehar eta izendapenak egin arte ere.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusitako bideetarik edozein erabiliz, eta horretarako hogeita hamar egun naturaleko epea izanen dute, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdiko I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio, eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Izangai minusbaliatuek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskatzea, eta hartarako, eskabidean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten, eta minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, erakunde eskudunek emana.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun baliodunen barruan, erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte eta egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta erreklamazioak ebatzita, alkateak ebazpena emanen du onartu-baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

6.-Epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Luis Casado Oliver, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumenaren alorreko zinegotzi delegatua.

Ordezkoa: María Victoria Castillo Floristán, Langileen alorreko zinegotzia.

Mahaikidea: Juan Pablo Galán.

Ordezkoa: Ignacio López Burgaleta.

Mahaikidea: Jesús Tobajas Láinez.

Ordezkoa: Jesús Enciso Zardoya.

Mahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Mahaikide-idazkaria: Inmaculada Sanz Sopeña, administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Santiago Lázaro Antón, administrari- ofiziala.

Epaimahaiak hautapen probak baino lehen eratuta egon beharko du.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua, behintzat, biltzen ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, bai eta gutienez kideen erdiek ere.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren afera guztiak.

6.4. Epaimahaiak zilegi izanen du proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egitea. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

7.-Oposizioa nola eginen.

7.1. Oposizioa uztailean hasiko da, betiere deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabete igaro badira ordurako.

7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioa non, noiz eta zer ordutan hasiko den.

Ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, egoki denean jarri ere, gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

7.3. Oposizioko balorazio osoa 100 puntukoa izanen da.

8.-Oposizioa.

8.1. Oposizioaldian ondoko ariketak egin beharko dira:

-Lehen ariketa: lanpostuko egitekoekin zerikusia duten kontzeptuen definizioei buruzko hainbat galdera erantzun beharko da idatziz. Epaimahaiak prestatuko ditu.

Proba gehienez ere ordubetean eginen da.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere, 25 puntukoa izanen da eta 12,5 puntu beharko dira gainditzeko.

-Bigarren ariketa: lanpostuko egitekoekin zerikusia duten hainbat kasuren eta hipotesiren gaineko azalpenak eta konponbideak eman beharko dira. Epaimahaiak eginen du planteamendua.

Ariketa osoa ahozkoa izanen da.

Probaren iraupena: 30 minutu oposiziogile bakoitzarendako.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere, 25 puntukoa izanen da eta 12,5 puntu beharko dira gainditzeko.

-Hirugarren ariketa: praktikoa, ariketa bat edo gehiago egin beharko dira, lanpostuko egitekoetan jarduteko izangaiek dituzten jakinduria eta trebezia neurtzeko.

Ariketaren iraupena: oposiziogile bakoitzak ez ditu lau ordu baino gehiago emanen.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere, 50 puntukoa izanen da eta 25 puntu beharko dira gainditzeko.

8.2. Epaimahaikide bakoitzak banaka puntuatuko ditu ariketak eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da kasuko ariketaren emaitza.

8.3. Ariketa bakoitza amaiturik eta hamar eguneko epean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Udaleko iragarki oholean, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.4. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Azaltzen ez diren izangaiak oposiziotik kanpo geldituko dira.

9.-Gainditu dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Udaleko iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan, izangai onartuen zerrenda, ariketetan lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

9.2. Epaimahaiak puntuazio altuena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio Alkatetzari. Proposamen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak Udaletxeko Langileen Departamentuan honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) 3. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua luzatzeko eskubideen ordainagiria.

c) Osasun txostena, lanpostuan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko-psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

9.3.1. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatu baldin badu, minusbaliotasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu behar du, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek luzatua.

9.3.2. Ezarritako epean, behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, interesatuak aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da bere izendapena egin eta bere egintza guztiak deuseztuko dira, hasierako eskaeran egindako iruzurragatiko erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 9.1. atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Alkateak, ebazpen bidez, aurreko atalean ezarritakoa betetzen duen izangaia Tuterako Udalaren lantaldeko zerbitzuetako ofizial izendatuko du.

10.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaren jabetza hartu beharko du hilabeteko epean, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Tuterako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri eta aplikazio egintzen kontra errekurtso hauetakoren bat jarri ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, organo egileari berari zuzendua, jakinarazpenaren edo argitalpenaren biharamunetik hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, jaun alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetean.

Tuteran, bi mila eta biko urtarrilaren hamabostean. Alkatea, Luis Campoy Zueco.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................. adin nagusikoa. N.A.N. zenbakia: ..... jaioteguna eta tokia: ..............., helbidea: .............., karrika: ........., Zk.: ......, posta-kodea: ..........., telefonoa: .........

Honako hau diot:

Tuterako Udalaren lantaldeko zerbitzuetako ofizial izateko lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun nahiz akats fisiko nahiz psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiaren 2. oinarrian aipatzen den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Badudala minusbaliotasuna, eta horregatik eskatzen dudala ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik (bertze orrialde batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak).

f Ez dudala minusbaliotasunik.

(X bat ezarri, behar den laukitxoan)

Horiek horrela:

Eskabide hau ontzat hartu eta Tuterako Udalaren lantaldeko zerbitzuetako ofizial izateko lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Tuteran, 200...(e)ko ........aren .....(e)an.

(Sinadura)

TUTERAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: A0204322