55. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

63/2002 FORU DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura organikoa partez aldatzen duena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak sortu egin zuen "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" erakunde autonomoa, eta izaera administratiboa eman zion, baita nortasun juridiko propioa eman ere, eta bere helburuak betetzeko ahalmen osoaz hornitu. Helburu horiek batean bildu daitezke, hain zuzen ere: oinarrizko osasun laguntzaren eta laguntza espezializatuen arloan berari galdatzen zaizkion zerbitzu eta prestazioen kudeaketa modu deszentralizatuan eramatea.

Haren egitura organikoa arautzeko hainbat Foru Dekretu eman dira, berriena abenduaren 26ko 604/1995 Foru Dekretua, eta kontuan harturik geroko erregelamenduzko arauen bidez egindako aldaketak, gaur egun beharrezkotzat jotzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentralen eta Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritzaren egitura egokitzea, jarduera berriak sartzeak ekarriko dituen helburuak lortzeko eta egun dauden baliabideak esleitu eta sailkatzeko.

Halaber, kudeaketa azkarragoa eta deszentralizatuagoa erdiestearren, bidezko da Odol Bankuaren zerbitzuburuari langileri arloko eskumen batzuk, orain arte Laguntza Espezializatuaren Zuzendaritzan zentralizaturik zeudenak, ematea.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko martxoaren hogeita bostean egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. 1. Programen Zerbitzua sortzea. Zerbitzu hori Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritzako Adimen Osasuneko zuzendariordearen pean egonen da eta ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Adimen Osasuneko Zerbitzuen Multzoa erredaktatzeko laguntza ematea eta aldian behin berrikusi eta eguneratzea.

-Adimen Osasuneko programak erredaktatu eta abiaraztea.

-Adimen Osasuneko Zuzendariordetzarekin elkarlanean aritzea, zentroetako osasun laguntzako jardueren jarraipena egiteko.

-Adimen Osasuneko Kudeaketa Klinikoko Plana abiaraztea.

-Adimen Osasuneko Zuzendariordetzari laguntza ematea, Kudeaketa Klinikoko Planak zuzendu, jarraitu eta eguneratzeko.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura aldatzen duen abenduaren 26ko 604/1995 Foru Dekretuko 39. artikuluko 3. idatz-zatia indarrik gabe uztea.

2. artikulua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzaren egitura organikoan ondoko Unitate Organikoak sortzea:

a) Erradiologia Anbulatorioko Atala, Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordearen menpean.

b) Zerbitzu Zentralen Atala, Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzako Kudeaketa Zerbitzuari atxikia, ondoko eginkizun hauek izanen dituena:

-Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzaren zerbitzu orokorren kudeaketa, kontrola eta jarraipena egitea, bereziki eraikinak garbitzekoak, telefono bidezko komunikaziokoak, arropa zuria, txosten klinikoen zentroa, lorazaintza, salmenta makinak, jendearentzako telefonoak, posta bidezko komunikazioak, hondakin klinikoak eta klinikaz kanpokoak.

-Zerbitzu orokorren kudeaketatik heldu diren ekintza propio edo azpikontratatuei loturiko lan arriskuei aurrea hartzearen alderdien jarraipena eta kontrola egitea.

-Kudeaketa zerbitzuburuak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

c) Langileri Atala, Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzako Kudeaketa Zerbitzuari atxikia, langileak administratu eta kudeatzeari buruzko ondoko eginkizun hauek izanen dituena:

-Langileen nominak, aseguru sozialak, osasun laguntza eta bestelako prestazio ekonomikoak prestatu eta kudeatzea. Langabezi subsidioak kobratzeko behar diren agiriak formalizatzea.

-Bere eskumeneko gaiak modu eguneratu, eraginkor eta etengabean kudeatu eta informatzeko behar diren prozesu administratiboak eta arauak diseinatu, ezarri eta gaurkotzea.

-Lan arloko agiri ofizialak eguneratuak edukitzea.

-Nomina eta aseguru sozialen arloko gastuak informatu eta aldian behin ebaluatzea, harreman juridikoa, kategoriak, ordainsariaren kontzeptuak eta abar aipatuta.

-Langilea Gizarte Segurantzan eta dagokion Lan Mutualitatean afiliatzea, hala nola eritasuna dela eta hartzen diren alta eta baja agiriak INSSen tramitatzea.

-Langileen erregistro integratua, espediente pertsonalak, plantilla organikoa eta langileen zerrenda ireki, mantendu eta eguneratzea.

-Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzari atxikiriko unitate eta zentroek ongi funtzionatzeko behar diren kontratazioak kudeatzea.

-Langileari laguntza ona ematen zaiola bermatzea eta haren eskariak bideratu eta erantzutea.

-Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzako Kudeaketa zerbitzuburuak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

3. artikulua. 1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako Biltegiak Kudeatu eta Produktuak Kodetzeko Unitatea kentzea. Unitate hori Kudeaketa Ekonomiko eta Administratiboaren Zuzendariordetzako Hornidura Zerbitzuari atxikia da.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentralen egitura organikoaren barruan Biltegietako eta Produktuak Kodetzeko Atala sortzea. Atal hori Kudeaketa Ekonomiko eta Administratiboaren Zuzendariordetzako Hornidura Zerbitzuari atxikia egonen da eta ondoko eginkizun hauek beteko ditu:

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren hornitzaileen fitxategia egin eta mantentzea.

-Biltegiak kudeatzeko sistema bat prestatu eta mantentzea. Sistema hori zentroetan jartzeko laguntza ematea. Zentroen arduradunekin koordinatzea, sistemaren mantenimendurako. Sistema modu sistematiko eta homogeneoan aplikatzeko ekimenak bultzatzea.

-Zentroetako erosketa batzordeekin koordinatzea, produktu eta saltzaileei buruzko informazioa homogeneizaturik mantentzeko.

-Produktu, saltzaile eta erosketei buruz egin behar diren azterlanak egitea. Estatistika txostenak egitea eta datu-baseak eta fitxategiak ustiatzea. Kostuak, prezioen bilakaera, saltzaileen araberako erosketak eta abar aztertzeko behar den informazioa ematea.

-Bere eskumeneko gaietan Hornidura zerbitzuburuak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

4. artikulua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura organikoa aldatzen duen abenduaren 26ko 604/1995 Foru Dekretuaren 26. artikuluko 2 idatz-zatia aldatzea, ondoren azaldu bezala:

"26.2 artikulua. Laguntza Espezializatuaren zuzendariak ondoko eginkizun hauek izanen ditu Prestazio eta Itun Zerbitzuko langileei dagokienez:"

5. artikulua. 3. idatz-zati berri bat sartzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura organikoa aldatzen duen abenduaren 26ko 604/1995 Foru Dekretuaren 31. artikuluan. Hortaz, egungo 3. idatz-zatia 4.a izatera pasako da, eta gaurko laugarrena eta bosgarrena, bosgarrena eta seigarrena izanen dira, hurrenez hurren.

"31.3 artikulua. Odol Bankuko zerbitzuburuak 26.2 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako eginkizunak beteko ditu Odol Bankuko langileei buruz.

6. artikulua. Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzako Kudeaketa Administratiboaren Unitateari izena aldatzea, hemendik aurrera Erientzako Liburutegien Programa Koordinatzeko Unitatea izanen baita, ondoko eginkizun hauekin: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleetan liburutegiak sortzea, bertan dauden eriek erabiltzeko, haien funtzionamendua koordinatzea eta, oro har, zentro horietan irakurketa eta dinamizazio sozio-kulturaleko jarduerak abiaraztea, Laguntza Ez-sanitarioak Ebaluatu eta Kontrolatzeko Zerbitzuko buruaren menpekotasun funtzionalpean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0203901