54. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 3a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A L D A T Z

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Aldazko Kontzejuko Batzarrak Aldazko (Larraun) Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hasiera batean onetsi zuen, 2001eko apirilaren 17an, baita 2001eko 85. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ere, uztailaren 13an. Jendaurrean egoteko epea iraganik hasiera batean onesteko erabakiaren kontra inork alegaziorik aurkeztu gabe, indarra duen legeriak xedatzen duenari jarraikiz, aipatu ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da.

Aldatzen, bi mila eta biko otsailaren hogeita zortzian. Kontzejuburua, sinadura ulertezina.

ALDAZKO (LARRAUN) KONTZEJUAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea arauak ezartzea da, Aldazko udalerri/kontzejuerri honen herri ondasunak administratu, defendatu, berreskuratu eta baliatzeko.

2. art. Herri ondasunak dira bizilagun guztiek erabil eta aprobetxa ditzaketenak.

3. art. Herri ondasunak ezin dira besterendu ez eta bahitu ere, ez dira preskribitzen eta ez daude inongo tributuri loturik.

Ez dute aldaketarik izanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek erabili eta aprobetxatzeko era.

4. art. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. art. Herri ondasunen gaineko xedapen, administrazio, aprobetxamendu araubide eta antolamendurako ahalmenak Aldazko Udal/Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Aldazko Udal/Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute herrilurrei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. art. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa eman dadin, beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuak erabilgarritasun publiko edo sozialeko deklarazioa egitea, aurretik Aldazko Udal/Kontzejuak erdietsi nahi den helburu hori bestela -lagapenaren edo kargaren bidez- lortzea ezinezkoa dela egiaztatu ondoren, bi bide horiek lehentasuna izanen baitute.

Herri ondasunak laga edo kargatzeko erabakiek, behin ondasun horiek desafektaturik, berritzultzeko klausula izanen dute beti, arrazoitu zituzten helburuak edo atxikirik leudekeeneko baldintzak desagertzen edo betetzen ez badira.

Itzulketa hori eman ondoren, Aldazko Udal/Kontzejuaren ondarearen herri ondasun izanen dira.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. art. Aldazko Udal/Kontzejuak begiratuko du herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobe daitezen, eta kontra eginen die haiek pribatizatzeko edo haiei kalte egiteko ahalegin guztiei.

8. art. Aldazko Udal/Kontzejuak bere kabuz berreskuratzen ahal du edozein unetan herri ondasunen jabetza, legelariak txostena egin eta interesatuari entzutea eman ondotik, eta ekintza zibilak sustatu, horien beharra dagoenean aipatu herri ondasunak berreskuratu eta zaintzeko.

9. art. Aldazko Udal/Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dituen ediktuak Nafarroako Gobernuari jakinaraziko dizkio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Horretarako, Udal/Kontzejuak, osoko bilkuran, beharko du erabakia hartu.

10. art. Aldazko Udal/Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren, eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. art. Aldazko Udal/Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. art. Aldazko Udal/Kontzejuak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratu horiek interpretatu eginen ditu, eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. art. Aldazko Udal/Kontzejuak herri ondasunak zaintzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarrek bultzatu ahalko dituzte, zehaztuko den moduan. Horiek aitzina egiten badute, Aldazko Udal/Kontzejua behartua izanen da herritarrei sortutako gastuak ordaintzera.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. art. Ordenantza honek jasotzen dituen aprobetxamenduak ondoko hauek dira:

a) Herrilurretako larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. art. Aldazko Udal/Kontzejua herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duen izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. art. 1. Orokorrean, Aldazko Udal/Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaitutako adin txikikoa izatea.

b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urteko antzinatasunarekin.

c) Herrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Udalerri/Kontzeju honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Dena den, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, nahiz eta familikoekin bizi, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino ttikiagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Aldazko Udal/Kontzejuak osoko bilkuran batzarturik, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

17. art. Aldazko Udal/Kontzejuaren herrilurretako larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da eta lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Herritarrendako esleipen zuzena eginez.

b) Usadioaren ariora.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

18. art. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako tilularrak izanen dira herrilurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

19. art. Larreak zuzenean aprobetxatuko dira eta ez da zilegi izanen haien azpierrentamendua edo lagapena.

20. art. Esleipenaren epea Kontzejuak ezarriko du.

21. art. Herrilurretako bazkak aprobetxatzen dituen aziendak ziurtagiria izan beharko du, hain zuzen ere, Herrilurretan Bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatuko duen hori; aipatu Foru Lege horretan eta hori garatzen duten Erregelamenduetan ezarrita dauden baldintza guzti-guztiak bete beharko ditu.

22. art. Herriko usadioari jarraikiz eta nezakari eta abeltzanei kalterik ez egiteko, Aldazko Udal/Kontzejuak urtero finkatuko ditu aziendak larreetara sartu eta ateratzeko epeak.

23. art. Prozedura. Udal/Kontzejuak aldez aurretik erabakita, 30 eguneko epea irekiko da, eskubidea izan uste dutenek larreen esleipena eska dezaten, Udal/kontzejuaren iragarki oholean ediktua paratuta.

24. art. Behin-behineko esleipena eginda, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko, eta hura iraganik, halakorik ez bada, behin-betikoz onetsitzat joko dira.

25. art. Herritarren artean banatutako soberan gelditzen diren larreak enkante publikoan eskeituko dira, 5 urterako, beti ere egungo arautegiari jarraikiz, baita ordenantza honetan aurreikusitakoari ere, aplikatzekoa den heinean.

III. TITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

26. art. Oihanean aski izan eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak seinalatu ondotik, Aldazko Udal/Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

27. art. Aldazko Udal/Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei esleitzeko epaitzen bolumena, oihanean dagoen egurraren ariora. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

28. art. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, betiere Aldazko kontzejuerriaren barrenean, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu ezta Kontzejutik kanpora erabili ere.

29. art. Udal/Kontzejuak urtero finkatuko du, aurrekontu arruntean, epaitzen aprobetxamenduaren aldera ordaindu beharreko saria.

30. art. Aldazko Kontzejuaren epaitzen banaketan, irizpide sozialei jarraituko zaie, eta lehentasuna emanen zaie diruz apalen dauden famili unitateei.

31. art. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoan hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Beti ere Udal/Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, etxerako egur aprobetxamenduaren esleipena ukatuko zaie.

Herrilurretako bideak ez hondatzeko, epaitzak Kontzejuak urtero finkatzen dituen egunetan aterako dira, nahitaez. Urteko aro lehorrarekin izanen da, ekainetik irailera arte, funtsean.

IV. KAPITULUA

Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk

32. art. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

33. art. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Aldazko Udal/Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

V. KAPITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

34. art. Aldazko Udal/Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

35. art. Proiektu hauek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

36. art. Hau da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udal/Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabetez jendaurrean jartzea eta Udal/Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

37. art. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

38. art. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

39. art. Hauek arau-hauste administratiboak dira:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea.

b) Udal/Kontzejuak finkatzen dituen epeetan aprobetxamenduen lur-sariak ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua arras gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari esleipeneko erabilpena ez dena ematea.

e) Lurrak Udalaren esleipenik gabe lantzea, landu gabeak edo larre utziak izan arren.

f) Laborantza iraunkorren landaketak egitea (frutarbolak, zain-zuriak, etab.), Udalaren baimenik gabe.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez betetzea.

h) Herrilurretan Bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Artzaintzarako aldeak ez errespetatzea.

j) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

40. art. Arau-hauste horiek honela zehatuko dira:

-a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa bertan behera utziko da, Nafarroako Gobernuko organo eskudunek jar ditzaketen isunak galarazi gabe.

-g) arau-hausteagatik, herrilurren edo herrilurretako larreen esleipen hartzaile izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordaindu beharko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10etik 1.202,02 euro bitarteko isuna ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: A0203081