26. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

151/2002 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidea zabaldu eta hobetzea, tartea: Espartza-Ezkaroze" eraikuntza proiektua jendaurrean egoteko aldia ebatzi eta proiektua behin betikoz onesten duena.

Uztailaren 4ko 581/2001 Ebazpenaren bidez, "Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidea zabaldu eta hobetzea, tartea: Espartza-Ezkaroze" eraikuntza proiektuari onespen teknikoa eman zitzaion eta jendaurrean jarri zen.

Ebazpen horren bidez, proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideak desjabetzeko espendienteari hasiera eman zitzaion eta proiektua jendaurrean jarri zen, jendeak bidezko ohar eta alegazioak aurkez zitzan.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi du alegazioak aurkezteko epean honako hauek aurkeztu direla:

1. alegazioa.-Fabiola Azcoiti Cabodevilla andrea.

1. Lur azpitik doan ur-hodi bat mantentzea eskatu du. Hodia errepidearen eskuineko arekan abiatzen da, Errotaldea iturburua sortzen den tokian, eta errepidea zeharkatu ondoren, OR-18 finkan, errepidearen bazterrean, dagoen ur biltegi batean amaitzen. Finka hori alegazio-egilearena da. Gainera, obretan biltegi hori ez hondatzea eskatu du.

2. Lurzati horretan desjabetuko den eremua ureztaketako baratze gisa har dezatela eskatu du, ez alor gisa, horrela agertzen baita zerrendan.

Erantzuna:

1. Alegaturikoa baietsi da. Errepidearen zabaltzea, puntu horretan, eskuineko bazterretik eginen da eta, horrenbestez, ezkerrean, OR-18 finkan, dagoen biltegia ez da ukituko. Bestalde, iturburu horretako ura bideratzen duen fabrikako obra handitzea aurreikusi da proiektuan.

2. OR-18 finka, 2. poligonoko 36. lurzatikoa, katastroaren arabera, larreen sailean dago. Dena dela, okupazio aurreko aktan ukituriko eremua eta hango labore-motak zehaztuko dira eta zehaztapen hori geroago, desjabetzapen espedientearekin batera, eginen den balorazioaren oinarri izanen da.

2. alegazioa.-Luis Pena Arguedas jauna.

1. OR-47 finka (109 A eta B lurzatiak) Juan Luis Pena Barberena jaunaren izenean ageri dela dio, baina Luis Pena Arguedas jaunaren izenean ageri beharko litzateke, lurzatiaren zedulan azaltzen den bezala. Zedularen fotokopia erantsi du.

2. Luis Pena Arguedas jaunari bidali beharreko jakinarazpenak eta Pedro Pena Pena jaunari egin beharrekoak ondoko helbidera igor ditzatela: Miluze zubiko errepidea, 4, 31008, Iruña.

Erantzuna:

1. eta 2.a: alegaturikoa baietsi da.

3. alegazioa.-Espartza-Zaraitzuko Udaleko alkateak, Udala ordezkatuz.

1. Honako hau eskatu du: 1) Murkuzuriako kanpalekuaren eremua osorik kontserbatzea. 2) Hotsa moteltzeko landarezko barrera bat jartzea. 3) Erabiltzaileekin segurtasun neurriak manten ditzatela. 4) Ingurumen arloko neurri zuzentzaileak har ditzatela eta obrak turismoko denboraldi baxuan egitea.

2. Zabalkoa mugapean dagoen iturria eta ura eramateko hodia mantentzea.

Erantzuna:

1. Alegaturikoa baietsi da. Errepidea zabaltzearen ondoriozko lur okupazioa kanpalekuan txikiagotu da, harri-lubeta bat eginen baita. Gainera, jabari publikoko eremua kendu egin da eta, horrenbestez, okupatuko den eremua 438 metro koadro txikiagoa da. Bestalde, obrek ukituriko segurtasun barrera eta itxiturak lehengoratuko dira eta obrak ingurumenari kalterik eragin gabe burutuko dira, proiektuan aurreikusi bezala.

2. Alegaturikoa baietsi da. Iturria mantenduko da eta obrek ukituriko hodiak berriz jarriko dira.

4. alegazioa.-Carlos Mancho Layana jauna.

Errepide ondoan dagoen iturria, "Fuente del abuelo" delakoa, Ezkaroze eta Orontze arteko mugan kokatua, toki garbi eta sartzen erraz batera eramatea eskatu du, egungo ezaugarriak mantenduz.

Erantzuna:

Alegaturikoa baietsi da. Iturria errepide ondora eramanen da eta ezaugarri bertsuak izanen ditu.

5. alegazioa.-Tomasa Iriarte Napal andrea.

1. Errepide ondoan dagoen iturria, "Fuente del abuelo" delakoa, Ezkaroze eta Orontze arteko mugan kokatua, toki garbi eta sartzen erraz batera eramatea eskatu du, egungo ezaugarriak mantenduz.

2. Errotaldeko iturria, Orontzetik hurbil azaleratzen baita, egun bezala mantentzea, hots, hodi bakarrarekin.

Erantzuna:

1. 1. eta 2.a. Alegaturikoa baietsi da. Errepide ondoan diren iturriak lehengoratuko dira, egungo ezaugarriak edo antzekoak mantenduz.

6. alegazioa.-Areceli Eseverri Barber andrea.

EZ-68 finka, 2. poligonoko 1. lurzatikoa, alorren sailean sartu dela, baina alorraz gainera, "lurzorua" ere bada hantxe. Egiaztatzea eskatu du eta, oker badago, zuzentzea.

Erantzuna:

Alegaturikoa baietsi da. Egiazki, katastroaren arabera, ukituriko 386,00 metro koadro horietan, 40 metro koadro lurzoru dira eta 346 metro koadro alorra.

7. alegazioa.-Carlos Mancho Layana jauna (Ezkarozeko Udaleko alkatea).

Ukituriko lurzatien zerrendan Ezkarozeko 2. poligonoko 216. lurzatiko EZ-55 finka ageri da eta lurzati horren titularra aldatu egin da.

Lurzati horren puska bat (krokisa erantsi du), Francisco Mancho Zubialde jaunarena da, eta jabetza hori Udalak onartu du berriki, oraindik katastroan jaso gabe badago ere.

Espedientea erantsi du, lur horren titulartasuna zuzentzeko.

Erantzuna:

Alegaturikoa baietsi da. Dena dela, Ezkarozeko 2. poligonoko 216. lurzatiaren puska hori, hots, Francisco Mancho Zubialde jaunari dagokiona, ez da ukituko.

8. alegazioa.-Rodolfo Pena Eseverri jauna, Pena Eseverri senideak ordezkatuz.

OR-30 lurzatian kamioiendako aparkaleku bat duela adierazi du eta eremu hori oso-osorik desjabetuko diotela. Hortaz, aparkatzeko tokirik gabe geldituko da. Egungo errepideko 200 metro koadro eskatzen ditu. Lur hori bere lurzati batekin mugakide da, OR-28 lurzatiarekin hain zuzen, eta errepide berria egitearekin batera libre geldituko da, tarte horretan saihesbidea eginen baitute. Hortaz, lur hori desjabetuko dioten eremuaren truke ematea eskatu du.

Erantzuna:

Obra bukatu eta egungo errepidearen tartea erabilerarik gabe gelditu ondoren, jabari publikotik desafektatzea proposatu ahalko da eta eskatutakoa onartu.

Alegazioak ebaztearen ondorioz, proiektuan honako aldaketa hauek egin behar izan dira:

Lurzatiketa:

-Ukituriko lurren zerrendaren arabera, Espartza-Zaraitzuko 3. poligonoko 121. lurzatitik 2.708 metro koadro desafektatu behar ziren, baina azkenean 438 metro koadro gutxiago desafektatuko dira, guztira 2.270 metro koadro hain zuzen. Lurzati horren jabea Espartzako kanpalekua (Murkuzuria) da.

Ingurumen zuzendari nagusiak proiektuarekiko adostasuna azaldu du 2001eko abuztuaren 23ko txostenaren bidez.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak azaldu eta proposaturikoarekin bat, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/99 Foru Aginduaren bidez eskuordetu dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. "Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidea zabaldu eta hobetzea, tartea: Espartza-Ezkaroze" eraikuntza proiektua jendaurrean egoteko aldia ebaztea, aurkezturiko alegazioei erantzuna emateko Ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala.

2. "Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidea zabaldu eta hobetzea, tartea: Espartza-Ezkaroze" eraikuntza proiektua behin betikoz onestea. Kontrata bidezko aurrekontua 2.276.080,30 eurokoa da (378.707.896 pezeta).

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen hau Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzura, Bide eta Eraikuntza Zerbitzura, Desjabetzapen Atalera eta Espartza, Orontze eta Ezkarozeko udaletara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren lauan.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: A0201762